Ecce Homo (Borja)
Borja herriko Ecce Homo margolana (latinez, “hau da gizona” edo “hona hemen gizona”) bertako Miserikordia Santutegian (Zaragoza) erakusgai dagoen margolana da, Ecce homo irudi bat irudikatzen duena. Margolanaren jatorriko bertsioa Elías García margolariak egin zuen, XIX. mendearen bukaeraren inguruan, eta balio artistiko eta ekonomiko eskasekoa zen. Gainera, Elias Garciaren Ecce Homo hori ez zen originala: Guido Renik egindako beste Ecce Homoarekin antzekotasun handia zuen edo William Frenchek egindakoarekin.
Errestaurazio kaskarra
2012ko abuztuan, margolanaren kontserbazio-egoera kaskarra zela eta, 80 urteko Cecilia Giménez herriko margolari afizionatuak gainetik margotu eta jatorriko Ecce Homo irudia guztiz desitxuratu zuen. Herriak egindako salaketa bat zela eta, haren aldaketek mundu zabaleko arreta erakarri zuen denbora gutxian, Internet fenomeno irrigarri moduan eta irudi berria beste irudien muntaiarako baliatuz. Gertaerak nazioarteko ospea hartu zuen: adibidez BBC telebista eta The Independent aldizkari britainiarrek eta Libération egunkari frantsesak eman zuten haren berri; albistea Atlantikoaren beste aldera iritsi zen, TBS kanalean Conan O'Brien izeneko programan parodia bat egin zutenean. Denbora pasa ahala, hasierako isekek irudiarekiko sinpatiari tokia utzi zioten.
Herriko agintariek bertsio berria desegiteko egindako iragarpenen aurrean, Interneten kanpaina zabala abiarazi eta Pop Artearen ikono moduan Ecce Homo berria gordetzeko eskatu zen. Milaka lagun joaten da urtero Borjara Ecce Homo horren argazkiak egitera. Cecilia Giménez andreak ziurtatzen du elizgizonaren baimena zuela hartarako eta herritarrek lanean ikusi zutela, ez zuela inoiz ezkutuan egin.