Durangoko Surrandiak

Durangoko Surrandiak Gerra Zibilaren aurreko urteetan, aratusteak ospakizun handiak ziren Durangon, beste herri askotan legez. Durangoko aratuste egunak hauek izaten ziren: Eguen-zuri, egun honetan ohikoa zen eskola umeak kalerik kale eskean ikustea, gaur egun ere herriko hainbat eskolatan mantentzen da abesteko ohitura hau.[1][2]Ondoren, bariku argi, zapatu erregular, domeka karnabal, astelehen karnabal eta martitzen karnabal.ospatzen ziren.

Durangoko Surrandiak
Irudia
MotaInauteri
KokalekuDurango
HerrialdeaEuskal Herria
AbiapuntuDurango
Surrandiak dantzan

Historia

Durango Uriko Aratusteen lehenengo aipamen ezagunak XVII. mendekoak dira. Udaleko akta eta kontu liburuetan jasotzen da horren berri. “Carnestolendas” izenaz gain, egun horietako sokamuturrean soltatzen zen bigantxaren berri ere agertzen da aipatutako aktetan. Andra Mariko plazan egiten ziren erromeriak zein sokamuturrak eta astelehen karnabalez irteten zen hartzak ere protagonismo berezia izaten zuen. Pablo Apella eta Vicente Zabalaren Cien años del Orfeón Durangués liburuan honelako deskribapena aurkitzen dugu arestian aipatutakoaren lekuko: “1884ko otsailaren 12an, Alejo Eguidazuk baimena eskatu zion Udalari inauterietako astelehenean, Hartzaren konpartsa herriko kaleetan zehar ibilzeko".

Hurrengo mendeko argazki batean berriz, 1930.eko aratusteetako hartzaren konpartsa dugu ikusgai.

Maskara tailerra
Surrandi maskarak
Surrandi maskarak

Edozein modutan, Durangoko aratusteetako bereizgarri nagusia, Surrandien Konpartsa dela esan daiteke. Pertsonaia hauen nondik norakoa edo jatorriaren zehaztasunik ez dugun arren, funtsean badauka antzik beste inauteri batzuetan ikusten ditugun pertsonaien janzkera eta rolarekin: abarkak, arranak, animalia irudikatzeak eta batez ere, gehiegikeria basatiekin.

Durangoko pertsonaiak “Maskarita” edota “Surrandi” izenez ezagutzen ziren erabiltzen zituzten karetek zeukaten sudur handiagatik. Horixe zen euren bereizgarri nagusia. Oraindik bizirik diren durangarrek gogoratzen dutenez, herriko umeek kopla hau kantatuz tentatzen zituzten mozorrotuak: “Mascarita ya te conozco, por tu cara de morrosco”. Aitatutako karetaz gain, alkandora zuria, mahoizko praka urdinak, abarkak, galtzerdiak praka gainetik eta ikusleak astintzeko puxika edo txalekoek osotzen zuten Surrandien janzkera.

Manuel de Lekuonak honelaxe deskribatu zituen Surrandien konpartsakoak:

Han ibiltzen dira kale guztietatik arineketan, abarkak oinetan eta artzain-galtza motzetan; atorraren hegalak airean eta arranak gerrian, eta aurpegian sudur itzel bat... bidean aurkitzen dituzten pertsona guztiak astintzen dituzte; eta korrika egiten dute, deabru gisa korrika egiten dute.

Kalean harrapatuz gero, erraza zen Surrandiek puxika edota txalekoaz emandako ipurdikoren bat jasotzea. Halan zein holan, euren desordena eta kaos horretan ere, bazituzten bete beharreko arau batzuk, esate baterako Andra Mariko elizpera sartzea debekatua zuten eta hura zen durangar beldurtientzat ia gordeleku bakarra. Aurrekoaren adierazgarri Bernardino de Ercilla Durangoko alkateak 1893. urtean botatako bandoa dugu betebeharrak adieraziz eta zigorrak iragarriz.

Surrandiak, martitzen karnabalez irteten ziren eta sasoi baten Tomas Arana izaten zen euren buruzagia. Buruzagiaren zeregina, zenbait durangarrek diotenez, “maskaritak” asko aldentzen zirenean, berriro batzea izaten zen. Antza denez, pregoilarien antzeko metalezko turuta edo adartxo batez deitzen zien maskarita edo surrandiei buruzagiak.[3]

Berreskuratze lana

Lehen urratsak

Gerra garaian eta gerraostean, beste herri askotan bezala, ez zen aratuste girorik, ez eta horretarako baimenik. Diktadurak ez zituen begi onez ikusten horrelako jaiak eta herritarrek ez zuten seguru asko ospakizunetarako animo handirik ere izango. Halandaze, zenbait urtez Surrandiak lozorroan egon ziren, harik eta ekintzaile batzuk ohituren berreskuratze lanetan hasi arte. 70. hamarkadan Jose Javier Abasolo “Tiliño” datuak biltzen hasi zen. Julian Altube izan zuen berri emaileetariko bat. Bildutako datuetatik abiatuta, asko arakatu ostean, Bilboko denda batean Surrandi (sudurra bera) eta Klementina (aurpegi estalkia) disfrazak aurkitzea lortu zituen. Mozorroak lortu ez eze, Kurutziaga Ikastolako Andoni Barreñaren ikasleekin kalera irten ziren 1978. urtean. Herriko liburudenda batean surrandien irudia erakusgai ere jarri zuten. Hurrengo urteetan Kurutziaga Ikastolako irakasleek Euskal Herriko historia eta pertsonaiak lantzen zituzten ikasgaian Durangoko Surrandiak eta Hartza txertatu eta surrandien maskarak egin zituzten. Egitasmoko partaideek Tiliñok Julian Altuberengadik ikasitako abesti bat ere kantatu zuten eta koreografia gehitu zioten. Ikastolako andereñoei esker eskuratu ziren orduko abestien letrak:

Aupa denok dantzan Durangoko plazan hemen dago hartza rau, rau, rau Hankaz gora hartza buruz be(he)ra hartza beti dantzan hartza rau, rau, rau Amaitu dira iñauteriak goazen danok orain udaletxera Agur hartzari, agur danori hurrengo urtean alkartuko gara.

Hartza surrandiekin

Jasotako datuen arabera, esan dezakegu beraz, Durangoko Surrandien berreskurapenean Kurutziaga Ikastola izan zela aitzindaria Tiliñoren laguntzaz. Halere, herri mailan ez zuen oihartzun handirik izan, bai ordea ikastola barruan. Harrezkero Kurutziaga ikastolatik igarotzen diren ikasle guztiek jasotzen dute ohitura honen berri, 3. mailako haur guztiek lantzen baitituzte pertsonaia hauek urtero. Gainera 2005eko Ibilaldirako egin zuten CDan ere bilduta daude Surrandien janzkera zein gainontzeko hainbat xehetasun. Halaber, 1980. urteko Ibaizabal aldizkariko Editorialgileak aratusteen galera eta errekuperatzearen inguruan agertzen duen ardura, baita Tiliñok aldizkari berean “El carnaval una fiesta popular” izenburupean idatzitako artikulua.

1985ean Gerediaga Elkarteak “Aratosteak Durangaldean” argitaratu zuen Bittor Kapagana, Antton Mari Aldekoa-Otalora eta Iñaki Irigoienen ekarpenez osoturik. 1995ean berriz, Gerediaga eta Berbaro Elkarteek Jon Irazabal eta Izaskun Ellakuriagak egindako “Durango uriko Aratosteak direla eta ...” argitaratu zuten.

Surrandiak kalera

Surrandi goiztiarrak kalean
Jaizale txistulari taldea surrandietan

2000. urtean, Kriskitin dantza taldeak Surrandien konpartsa eta Hartza kaleratu zituen, Durangaldeko txistularien laguntzaz. Aurretik aipatutako argitalpenak, garrantzitsuak izan ziren berreskurapen bidean, bertan agertzen diren elementuak baliatu baitzituzten Kriskitinekoek ohitura berpizteko ahaleginean.

Surrandiak

Orduko hartan txistulariek beste zenbait lekutako karnabal musikak jo zituzten. Hurrengo urtean ordea, musika propioaren gabezi horretaz jabeturik, Ander Ertzilla eta Jesus Egiguren herriko musikagileek doinuak sortu zituzten eta musika haientzat letrak jarri zituzten Unai Iturriaga eta Ixone Aromak.

Horrela bada, 2001. urtean Durangoko Aratuste-Karnabalek abestiak estreinatu zituzten Durangoko zenbait taldetako kantarien laguntzaz kaleetan barrena abestuz. 2002an berriz, Ane Belaustegik Baltseo doinuak sortu zituen, letra eta guzti.[4][5]

Zenbait urte geroago, 2013. urtean, Jaizale Durangaldeko Txistulariak taldearen ekimenez, aratuste doinu hauek disko batean grabatu ziren inguruko hainbat musikari eta abeslariren partaidetzaz.[6] Diskoa eskualdeko ikastetxe guztietara banatu da eta hainbat herritarrek ere eskuratu dute.

2024an Surrandien dantza izeneko musika sortu zuen Jose Mari Bastida "Txapi" txistulariak eta koreografia atondu zuten Kriskitin taldeko Oier Sarobe, Jaione Fernandez de Retana eta Aritz Lasarguren dantzariek. [7][8]

Ohitura sustraitzea

Kalejira Jaizale txistulari taldearekin
Surrandi pastorala. San Antonio ikastetxekok ikasleak, 2023
Tabira Musika Banda
Surrandien konpartsa, 2023
Surrandi goiztiarrak eta trikitilariak, 2023

Harrezkero, Kriskitin dantza taldeko partaideak, Jaizale Durangaldeko Txistulariekin[9] eta Tabira Musika Bandarekin batera irten dira kalez kale zapatu karnabalez,[10] pandemiak eragotzi zuen 2021ean izan ezik. Aurretiaz Kristitin taldeak tailerrak antolatu ditu, herritar orori irekiak, kareta edo maskarak egiteko. 2022. urtean protokolo arauak betetzearren tailer berezia antolatu zuen, maskara egiteko azalpenak bideo batez emanez[11]eta aurreko urteetan bezala, kalejirara deia zabaldu zen.[12][13]

Durangoko ikastetxeetan ere lantzen da gaia, bai plastika ikasgaian karetak eginez, bai musikakoetan abestiak ikasiz eta kantatuaz.[14] XXI. mendean Durangon gordetzen den aspaldiko ohitura honen berri emanez.[15]

2013.urtean jaso zuen Labayru ikastegiak Aratusteak Bizkaian liburuan. Bertan, gaur egun mantentzen den usadioa deskribatzeaz gain, argazkiak eta koplak ere biltzen dira.[11] Askoren iritziz antzinako inauteriak galbidean daude, beste batzuen ustez ostera, inauteri tradizionalak galdu dira dagoeneko, berezko izaera galdu dutelako. Esaterako, Julio Caro Barojaren hitzetan “Inauteria hil egin da, hil egin da, eta ez urtero berpizteko garai batean bezala”.

Durangon oraingoz bizirik dirau aspaldiko ohiturak. Berreskuratze lana, neurri batean behintzat, eginda dago.

Pastorala

2023ko ekainean Durangoko San Antonio ikastetxeko 70 ikaslek Surrandi, surrandi, gaur Durangon nagusi pastorala taularatu zuten San Agustin Kultur Gunean, Ainhoa Urien abadinar idazleak sortutako testua jarraituz.

Erreferentziak

  1. Eguen Zuri. Zabalarra eskola. Durango. (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
  2. Eguen Zuri. San Jose Jesuitak. Durango. (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
  3. Durangoko Aratusteak. Gerediaga. Astola, 62-70 or..
  4. «Los Carnavales locales ya tienen banda sonora» durangon.com 2013-02-07 (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
  5. «Durangoko aratusteak» www.soinuenea.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
  6. «jaizale txistulari elkartea: Durangoko aratusteak» jaizale txistulari elkartea (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
  7. DURANGON. (2024-01-26). «Surrandien konpartsarentzat sortutako doinu eta dantza berriak estreinatuko ditu Kriskitinek» durangon.com (Noiz kontsultatua: 2024-01-27).
  8. «Surrandien dantza berria aurkeztu dute Durangon, Bastida txistulariak sortutakoa | dotb Durangaldeko Telebista» dotb.eus 2024-01-27 (Noiz kontsultatua: 2024-01-28).
  9. «Surrandiak y txistularis en los carnavales de Durango. Bideoa» Txistulari (Noiz kontsultatua: 2022-02-17).
  10. «20. urteurrena beteko du zapatuan Surrandien konpartsak» durangon.com 2019-02-28 (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
  11. «Durangoko surrandiak. Bideoa» Herri Ondarea (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
  12. «Durangoko Surrandiak kalez-kale izango dira berriro, bi urteko etenaldiaren ondoren» durangon.com 2022-02-15 (Noiz kontsultatua: 2022-02-17).
  13. dantzancom. «Surrandiak» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  14. ZabalarraIGE. (2020-02-18). «INAUTERIAK 2020» Zabalarra IGE (Noiz kontsultatua: 2022-02-17).
  15. «Jaione Fernandez de Retana, Kriskitin Dantza Taldeko kidea: "Sorpresa handia hartu genuen erantzunagaz, surrandiak egiteko materiala agortu zitzaigun"» Kurutziaga Ikastola 2022-02-16 (Noiz kontsultatua: 2022-02-17).

Bibliografia

  • Durango Uriko Aratosteak direla eta...Apuntes en torno al carnaval en la Villa de Durango. Jon Irazabal Agirre. Itzul: Izaskun Ellakuriaga (Gerediaga Elkartea eta Berbaro Elkartea).
  • Aratosteak Durangaldean (...el carnaval en la Merindad de Durango). Gerediaga Elkartea
  • Gerediaga elkartearen Astola Aldizkaria 62- 69
  • Kriskitinek 25 urte. ISBN 84-695-6438-2

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.