Durango-Elorrio burdinbidea

Durango-Elorrio burdinbidea Durango Elorrio eta Arrazola herriekin (hiruak Bizkaian) lotzen zituen trenbide estuko burdinbidea zen. Burdinbide honek Y forma zuen, erpinak Durango, Elorrio eta Arrazolak osatzen zutelarik, erdiko puntua, aldiz, Apatamonasterion zegoen.

Lehen lurrun lokomotorra 1905ean iritsi zen Elorriora

Lehen lurrun-lokomotorra iritsi zen Elorriora 1905eko uztailaren 16an. Gerraostean, 1946an tren elektrikoak ordezkatu zuen, harik eta 1975eko martxoaren 1ean behin betiko itxi zen arte.

Elorrio-Apatamonasterio burdinbidean, berriz, gaur egun bidegorri bat egiteko asmoa dago, lotuko duena Apatamonasterio-Arrazola bide berdearekin.

Historia

Burdinbidea Arrazolan zeuden burdin mea garraiatzeko helburuarekin eraiki zen eta proiektua Luis Goikoetxea ingeniariak gauzatu zuen. Durango eta Apatamonasterio arteko lehen zerbitzua 1903ko irailaren 20an hasi zen eta Apatamonasterio eta Arrazola artekoa 1904ko otsailaren lehenean. Elorriorako bidea, aldiz, ez zeukan horrenbesteko lehentasun ekonomikorik eta beraz, bertako alkateak proiektuaren aldeko diru-partida bat agindu ondoren, 1905ko uztailaren 15ean heldu zen lehen trena Elorriora.[1]

Burdinbidea luzatzeko egitasmoa

Elorrioko tren-geltokia ez zen kokatu burdinbidearen amaieran, baizik eta albo batean, etorkizunean posible izan zedin burdinbidea bera Arrasateraino luzatzea, Kanpazarren tunel bat eginda. Izan ere, ordurako bazegoen egitasmo bat, luzatzeko Bilbo-Durango-Elorrio linea Bergara eta Zumarragaraino, Vasco-Navarro linearekin lotze aldera. Egitasmoak Arrasateko Unión Cerrajera enpresaren oniritzia omen zuen, hartara eskura izango zituelako Bilboko portua eta Bizkaiko burdina. Hala ere, proiektua hogeigarren hamarraldian hil zen.[2]

Apatamonasterio-Arrazola trenaren heriotza

Hasieran burdinbidea eraikitzeko arrazoi nagusia izan zen burdinaren garraioa, 1916. urtera arte osasuntsu mantendu zen, 50.000 tona mea garraiatuz. Jatorrizko enpresak ordainketa-etenduran sartu zen, linea Sociedad Anónima del Coto Minero de Axpe-Arrazola enpresaren esku geratuz. Baina, Lehen Mundu Gerraren ondorioz krisian sartu zen meatzaritza, 1917an ustiapena geldituz. Hori dela eta, Apatamonasterio eta Arrazola arteko adarra, bidaiariak, posta eta inguruko basoetatik jasotako zura garraiatzeko erabili zen, azken hau 1950. hamarkada erdi inguruan bukatuz. Nahiz eta Apatamonasterio eta Arrazola arteko linea ez zen itxi, burdinbidearen adar hau utzita geratu zen 1960tik aurrera.

Tren elektrikoa

Gerraondoan, Durango-Elorrio zatia elektrifikatzeko premia ikusi zen, Arrazolako zatia alde batera utzita. 1.500 volteko katenaria bat eraiki zen, Durangoko azpiestazioak elikatuta. 1946ko urtarrilaren 28an lehen probetako trena (Ganz MCD-1 automotor bat) ibili zen Durango-Elorrio burdinbide elektrifikatuan. Urte bereko otsailaren 2an tren elektrikoa lanean hasi zen publikoarentzat.

Durango-Elorrio trenaren heriotza

60. eta 70. hamarraldietan ugaldu egin ziren errepide bidezko salgaien garraioa eta baita automobilen salmenta ere. Horrek tren txikien heriotza ekarri zuen zenbait lekutan.

1975eko martxoaren 1ean Feve erakundeak itxi egin zuen, behin betirako, Durango-Elorrio tren-zerbitzua. Guztira 70 urte baino ez zuen iraun lanean.

Iruditegia

Bidegorria

XX. mende hasieran Elorrio eta Apatamonasterio lotu zituen burdinbidearen ordez, gaur egun bidegorri bat egiteko asmoa dago, lotuko duena Apatamonasterio-Arrazola bide berdearekin, hori ere orduko trenaren burdinbidean eraikia. Azken honek 5 km. ditu, eta iristen da Errotabarriko meatzetaraino.

Geltokiak

Hasieran

Km Geltokia
0 Durango
6,6 Apatamonasterio (gurutzea)
11,5 Arrazola (adar amaiera)
10,2 Elorrio (adar amaiera)

Arrazolarako adarra itxi ondoren

Km Geltokia
0 Durango
3,5 Abadiño (geralekua)
4,2 Andra Mari (geralekua)
6,6 Apatamonasterio
(gaur egun gaztetxea da)
8,7 San Agustin Etxebarria (geralekua)
10,2 Elorrio (amaiera)

Bibliografia

  • Agirre Kerexeta, I. Bizkaiko herrien monografiak: Elorrio. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo. (1992)
  • Ajuria, R. Elorrio, próxima parada. Gráficas Lizarra.L.G. ISBN 84-8181-227-7
  • Basterretxea Kerexeta, I. Elorrio, topalekua. Punto de encuentro. Elorrioko Udala. Bilbao. (2006)

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) «Spanish Railway  » Blog Archive  » Ferrocarril de Durango á Arrazola y Elorrio» www.spanishrailway.com (Noiz kontsultatua: 2018-09-01).
  2. (Gaztelaniaz) Agirre, Iñigo. (1992). Pueblos de Bizkaia. Elorrio. Bizkaiko Foru Aldundia, 107 or..

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.