Durango
Durango Bizkaiko hego-ekialdeko udalerri bat da, Durangaldea eskualdekoa. 10,79 km² ditu, eta 2023. urtean 29.767 biztanle zituen.
- Artikulu hau Bizkaiko herriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Durango (argipena)».
Durango | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Bizkaia, Euskal Herria | |||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Espainia | ||||||||||
Erkidegoa | Euskal Autonomia Erkidegoa | ||||||||||
Lurraldea | Bizkaia | ||||||||||
Alkatea | Mireia Elkoroiribe (EAJ) | ||||||||||
Posta kodea | 48200 | ||||||||||
INE kodea | 48027 | ||||||||||
Herritarra | durangar | ||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Koordenatuak | 43°10′01″N 2°37′56″W | ||||||||||
Azalera | 10.91 km² | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 29.767 (2023) 158 (2022) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 2.728,41 bizt/km² | ||||||||||
Hazkundea (2003-2013)[1] | % 11,49 | ||||||||||
Zahartze tasa[1] | % 22,73 | ||||||||||
Ugalkortasun tasa[1] | ‰ 36,45 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera tasa[1] | % 78,33 (2011) | ||||||||||
Genero desoreka[1] | % 4,55 (2011) | ||||||||||
Langabezia erregistratua[1] | % 10,62 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak[1] | % 49,48 (2010) | ||||||||||
Kaleko erabilera [2] | % (2016) | ||||||||||
Etxeko erabilera [3] | % 33.22 (2016) | ||||||||||
Datu gehigarriak |
Geografia
Bizkaiko barnealdean, eta Ibaizabal ibaiak sortutako lautada txiki baten kokatuta, Durangoko udalerriak 10,70 km² hartzen ditu. Ibaizabal ibaiak, udalerritik pasatzean, Mañarierrekaren eta Larrinagatxu errekaren urak jasotzen ditu.
Udalerriaren barnean, Mugarra (960 metro) eta Neberondo (453 metro) mendiak nabarmentzen dira, karezko mendikate bat osatzen dutenak. Mugarra da Durangaldeko mendizerraren hasiera, Bizkaiko eskualde honetan zehar hedatzen dena. Bertan, Alluitz, Untxillatz edota Anboto mendiak kokatzen dira; guzti-guztiak Urkiolako Parke Naturalaren barruan daudela.
Udalerri mugakideak
Mugakide ditu iparraldean Iurreta, hegoaldean Izurtza, mendebaldean Amorebieta-Etxano eta Dima, eta ekialdean Abadiño.
Historia
Durangoko merinaldea Nafarroako erresumako parte izan zen, 1200 urtean behin betiko Gaztelako erresuman sartu zen arte. Hamabi urte geroago, Henrike erregeak Diego Lopitz I.a Harokoari eman zion Durangaldeko tenentzia, Navas de Tolosako guduan emandako zerbitzuarengatik.
XII. mendearen erdialdean, Villanueva de Durango izenarekin Nafarroako erregeak hiribildua fundatu zuen, Tabira herriaren gainean.
Jatorrizko herrigunea Uribarriko Andra Maria eta Santa Ana elizen artean zegoen kokatuta, eta gaur egun ere jatorrizko egitura bera mantentzen du, lau kale paraleloz (Barrenkalea, Artekalea, Goienkalea, eta, geroago, Kalebarria) eta hauek zeharkatzen dituen kale perpendikular batez (Zeharkalea) osatuta. Harresi batez inguratuta zegoen, eta Kurutziaga, San Pedro, San Martin, Pietatearen Andra Maria, eta Santa Ana ateen bidez zuen sarrera. Gaur egun, azken hau baino ez da kontserbatzen[4].
Erdi Aroan, leinu gerrek presentzia aktiboa izan zuten Durangon. Merinaldeko nobleak bi bandoen (ganboatarrak eta oinaztarrak) artean banatu ziren. XV. mendean zehar, hainbat gatazka izan ziren Ibarguren, Zaldibar eta Unzueta familien artean. Garai honetan hainbat dorretxe eraiki ziren, nahiz eta gaur egun ez den haien arrasto handirik geratzen. Henrike III.a Gaztelakoak udalerria bisitatu zuen 1393. urtean; Henrike IV.ak, berriz, 1457an. 1483. urtean Isabel Katolikoak egin zuen bisita, merinaldeko eta udalerriko foruen zina egitera. Udal artxiboaren arabera, Lariz Dorrean hartu zuen ostatu.
Udalerria bera ez zein inoiz Durangaldeko Merinaldearen parte izan, azken honetan elizateek baino ez baitzuten hartzen parte. Hauek Lur lauaren zuzenbidea jarraitzen zuten, eta Abadiñoko Gerediaga auzoan biltzen ziren haien ordezkariak. Hiribilduek, berriz, bere foru propioa zuten, eta Gernikako batzar nagusian biltzen ziren.
Gertakari ezagunenetako bat Durangoko heresia izan zen (1442-1445), Fray Alfonso de Mellak bultzatutako erlijio-disidentzia mugimendu bat. Bibliaren irakurketa pertsonala eta ondasun eta pertsonen askatasun osoa aldarrikatzen zuen. Eliza katolikoak herese izendatu zuen Fray Alfonso, eta haren aurka Inkisizioa bidali. Ehunetik gora heriotza zigorra ezarri ziren, eta hamairu erre zituzten Kurutziagan, Santo Domingo de la Calzadan eta Valladoliden. Kurutziagako gurutzea gertakari hau barkatzeko eraiki omen zen.
1937ko martxoaren 31n, Francoren agindupeko italiar hegazkinek hiria bonbardatu zuten, eta 400 bat lagun hil.
1939-1940 bitartean Durangoko Emakumeen Kartzela egon zen Karidadeko (Ospitaleko) mojen zaintzapean, 5 emakume eta 6 ume hil ziren bertan.
1965eko azaroaren 1ean, Durangoko Azoka antolatu zuten lehenengo aldiz.
Demografia
Bizkaiko beste toki askotan bezala, Durangoko populazioa asko handitu zen XX. mendeko bigarren erdialdean, Espainiatik etorritako jendearen ondorioz. Mendearen amaieran biztanleria egonkortu egin zen, baina XXI. mendearen hasieran berriro hazi zen, ordukoan mundu osoko etorkinen ondorioz.
1990ean Iurreta Durangotik banandu zen; ordutik haren biztanleak ez dira Durangoko estatistiketan agertzen.
Durangoko biztanleria |
---|
Politika
Udal hauteskundeak
2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz, EAJko Aitziber Irigoras hautatu zuten alkate berriro. Irigoras (EAJ) Bildu koalizioaren hautagai Urdaspal Bolinagari gailendu zitzaion, nahiz eta biek 8 boto eskuratu udal bilkuran (Bilduren hautagaiak Aralarren botoak ere jaso zituen), EAJ alderdirik bozkatuena izan baitzen.
2015eko hauteskundeen ondoren, Aitziber Irigoras (EAJ) berriro hautatu zuten alkate EAJren (8) eta PSE-EEren (2) zinegotzien babesarekin eta PPren (1) abstentzioari esker.
2019ko hauteskundeen ondoren, Ima Garrastatxu Urbaneja (EH Bildu) hautatu zuten alkate, EH Bilduren 7 boto eta Herriaren Eskubidearen 4 botoei esker.
Durangoko udalbatza | |||||
Alderdia |
2015 |
2019 | |||
Zinegotziak | Boto kopurua | Zinegotziak | Boto kopurua | ||
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) | 8 / 21 |
8 / 21 |
|||
Euskal Herria Bildu | 7 / 21 |
7 / 21 |
|||
Herriaren Eskubidea (SQ-2D) | 3 / 21 |
4 / 21 |
|||
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE)) | 2 / 21 |
2 / 21 |
|||
Alderdi Popularra (PP) | 1 / 21 |
0 / 21 |
|||
Datuen iturria: Udal hauteskundeen emaitzak euskadi.eus webgunean |
Auzoak
Estadistikoki hitz egiten, Durangoko herriko kaskoak hauek ditu[5]:
- Aramotz
- Aldezaharra/Casco Viejo
- Ensanche
- Erretentxu
- Landako
- Magdalena
- San Fausto
- San Ignazio
- San Roke
- Tabira
Eta baserri auzoei dagokienez[6]:
- Santa Luzia
- Eguzkitza
- Larrinagatxu
Garraioa
Araba Bus sareko lineak zerbitzua ematen dio udalerri honi:
|
Kultura
Euskara
Herriko eta inguruko jatorrizko euskalkia Mendebaleko euskararen aldaera bat da, durangaldekoa[8][9]. Gaur egun, Eustaten datuei erreparatuta, Durangoko biztanleen %52,91 (2016. urtean) euskalduna zen.
Kulturaguneak
- San Agustin Kultur Etxea.
- Etxezarreta Jauregia: Durangoko Arte eta Historia Museoa.
- Plateruena Kafe Antzokia.
- Andragunea
Ekitaldiak
Elkarteak
- Cultural Durango, futbol taldea.
- Berbaro, euskara elkartea.
- Kriskitin dantza taldea.
- Andereak talde feminista
- Bilgune talde feminista
- Doinu Zahar abesbatza
- Bogoroditsie abesbatza
- Durangoko orfeoia
Hedabideak
Antzerki taldeak
- Karrika antzerki taldea
- Atara Zarata antzerki taldea
- Gora ta gora antzerki taldea
Ondasun nabarmenak
Durangon, ondorengo eraikin edo monumentu garrantzitsuak daude:
- Garay jauregia: 1895. urtean Pedro Jose Astarbe arkitektoak Justo Garairentzat eraikitako jauregia.
- Kurutziagako gurutzea: 1440. urte ingurukoa da. Alonso de Mella fraidearen omenez eraiki zuten, Inkisizioak gogor zapaldu zuenekoa.
- Lariz dorrea: 1483. urtean Elisabet Katolikoak ostatu hartu zuen eraikin honetan, Durangora Uriko eta Durango Merindadeko foruak sinatzera etorria.
- Mikeldiko idoloa: Erromatarren garaia baino lehenagokoa da, eta irudikatzen duenari buruz teoria asko daude. Jatorrizkoa Bilbon dago (Euskal Museo Etnografikoan). Kopia bat, Ezkurdi plazan ikus daiteke.
- Santa Anako arkua: 1566. urtean eraiki zuten, estilo barrokoan. Durangok izan zuen harresiko sei ateetatik geratzen den bakarra da.
- Tabirako San Pedro eliza: Bertakoen ustez, Bizkaiko zaharrena. XII. mendekoak dira aurkitutako aztarnarik zaharrenak.
- Udaletxea: 1570. urtean eraiki zuten. Estilo klasikoa dauka.
- Uribarriko Andra Mariaren basilika: estilo gotikoa eta pizkundetarra du. XIV. mendean eraiki zuten. Elizpean egin zuten lehenengo Durangoko Azoka.
- San Frantzisko komentua: Durangoko komenturik zaharrena eta eskuladeko lehenengo ikastetxea hartu zuena.
- Santa Susana komentua: XVII. mendeko komentua, agustindarren ordenakoa, Gerra Zibilean ia guztiz suntsitutako eraikina.
Durangar ospetsuak
Herritar ezagunen artean Juan Zumarraga fraidea dugu, Mexikoko unibertsitatea XVI. mendean sortu zuena; Xabier Castillo, Athleticeko jokalaria; Pablo Pedro Astarloa apaiz euskaltzalea; eta Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariak, besteak beste.
Argazki galeria
- Durangoko Santa Ana elizaren plazako arkuaren argazki zaharra.
- Santa Anako arkua eta plaza gaur egun.
- Lariz dorrea. Andragunea.
- Zabala jauregia.
- Etxezarreta jauregia Arte eta Historia Museoa
- Garai jauregia.
- Durangoko udaletxea.
- Arribi jauregia Goienkalen.
- Kurutziaga kaleko jauregia.
- San Fausto eliza.
- Santa Ana eliza.
- Andra Maria Madalena ermita.
- San Jose ikastetxea.
- San Agustin Kultur Gunea, izen bereko komentu ohia.
- Balbino Garitaonandia plaza.
- Ezkurdi plaza.
Erreferentziak
- Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- «Santa Ana Arkua. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-20).
- Eustat. «Euskal AEko biztanleak, 10.000 biztanle baino gehiagoko auzoen arabera, jarduerarekiko harremanari jarraiki.» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-04).
- «Durangoko toponimia : Emaitzak» www.durango-euskaraz.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-07).
- «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
- «Durangaldekoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-30).
- «Durango - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-30).
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |