Dublin
Dublin (NAF: [ˈdʌblɪn]; irlanderaz, Baile Átha Cliath [bˠalʲə aːha klʲiəh] edo Duibhlinn) Irlandako Errepublikako hiriburua eta Irlandako hiri nagusia da, herrialdearen ekialdeko kostaldean kokatuta dagoena. Leinster probintzian dago, Dublingo konderrian.
Dublin Baile Átha Cliath | |
---|---|
Irlanda | |
Fitxategi:Dublin lead image.jpg | |
Administrazioa | |
Estatua | Irlandako Errepublika |
Probintzia | Leinster |
Konderria | Dublin konderria |
Postakodea | D01 to D18, D20, D22, D24 eta D6W |
Geografia | |
Koordenatuak | 53°20′59″N 6°15′37″W |
Altuera | 20 metro |
Demografia | |
Biztanleria | Hiria: 553.16 Hirigunea: 1.110.627 Metropolia: 1.904.806 |
Bestelako informazioa | |
Telefono aurrizkia | 01 |
2016. urtean, 553.165 biztanle zituen hiriak, baina inguruak kontuan hartuta, biztanleria 1.173.179koa zen, eta Dublingo konderri osoan, 1.347.359 biztanle ziren. Bestalde, Dublin Handiaren Eremua delakoan (hau da, Dublin Hiria, Dublin Hegoaldea, Dún Laoghaire–Rathdown eta Fingal, Meath, Kildare eta Wicklow konderriak barne), guztira 1.904.806 biztanle bizi dira, esandako urteko datuen arabera.
Etimologia
Hiriaren izena irlandera zaharreko Dubh Linn izendapenaren hiberno-normanderatiko eratorria da: haren esanahia euskaraz Putzu beltz da, hots, dubh ("beltz") eta linn ("putzu"). Historikoki, irlanderazko grafian gaur egungo bh digrafoa antzina b letraren gaineko puntu batez idazten zen, hau da, Duḃ Linn edo Duḃlinn. Normandiarrek —frantsesez hitz egiten zuten— puntua kendu eta Develyn edo Dublin izenekin ordezkatu zuten.
Irlanderazko Baile Átha Cliath izena —euskaraz, "Ibiko gotorlekuaren hiria"— Áth Cliath Father Mathew zubitik hurbil zegoen Liffey ibaiko ibi bat zen. Irlandar mitologiako Táin Bó Cúailnge izeneko kondairan Dublind rissa ratter Áth Cliath esaldia aipatzen da ("Áth Cliath deitua da Dublin").
Geografia
Dublin Irlandako ekialdeko kostaldean dago, Liffey ibaiaren bokalean, eta denera 115 km2-ko azalera du. Hegoaldean garaiera txikiko mendiz inguratuta dago, eta mendebalde eta iparraldetik, berriz, soroz eta alorrez. Liffey ibaiak hiria bitan banatzen du: Dublingo Iparraldea eta Dublingo Hegoaldea. Bi ertz horiek beste bi ibai txikiagotan banatzen dira: Tolka ibaia, Dublingo badiaren ipar-mendebaldean itsasoratzen dena, eta Dodder ibaia, hego-mendebaldean. Gainera, hiri barnean, mendebaldera Shannon ibaiaren lotzen diren beste bi kanal ere badaude: hegoaldeko Grand Canal eta iparraldeko Royal Canal.
Liffey ibaiak Leixlip udalerrian ekialde-mendebaldetik hego-ekialderako norantzara biratzen du: leku hori soroen eta hirigunearen arteko muga da.
Kultur eta ekonomi banaketak
Ipar-hegoaldeko eremuen arteko usadiozko banaketa bat egon da eta Liffey ibaia bi eremuen arteko muga da: bion artean, herri-lehia ere badago. Dublingo Iparraldea ohituraz langileen bizilekua da; aldiz, Dublingo Hegoaldea erdi eta goi mailakoena. Banaketa hori hiriburuko "azpikulturen" estereotipoen adibide garbia da; horrez gain, hirian mintzatzen den ingelesaren dialektoa ere bitan banatzen du: hegoaldekoa, goi mailako heziketa eta modu onen parekidea dena, eta iparraldekoa, hiriko langileen ohiko ingelesa.
Hegoaldeko eremuko Dublingo gaztelua denbora luzean hiriko britainiar boterearen ikurra izan zen, bai eta bi katedralak ere.
Bestalde, ekonomiaz ere ekialde-mendebaldearen eta ipar-hegoaldearen arteko banaketak ere badaude. Gainera, hiriaren kostaldeko auzune eta ekialde edo iparraldeko auzuneen arteko maila sozialen arteko banaketa ere badago, bai eta mendebaldeko auzunekoen artean ere, askoz ere berriagoak izan arren.[1]
Klima
Europako ipar-mendebaldeko eremu guztian bezala, klima atlantikoari esker, hiriburuak negu xamurrak eta uda freskoak izateaz gain, ez du muturreko tenperaturarik jasaten. Urtarrileko tenperatura beroena 8.3 °C-koa da; aldiz, uztaileko beroena 19.6 °C-koa da. Bestalde, urte osoko hilabeterik eguzkitsuenak maiatza eta ekaina dira; euritsu eta hezeena (73 mm. euri kopurua izaten du), abendua; eta idorrena, uztaila, 43 mm. euri kopuruarekin. Dena den, euri-jasak urte osoan zehar gerta litezke.
Irlanda guztian euri gutxien egiten duen lekua da Dublin: hiriaren erdigunean, urte osoan 695 mm. euri jaso izan dira. Neguko urtaro gehienak euritsuak dira; halere, azaroa eta martxoaren artean noizbehinka elurra ere izan da, baina txingorra ohikoagoa da. Udan egunak luzeak dira; neguan, ordea, motzak. Udazkenean Ozeano Atlantikotik datozen haize indartsuak jasaten ditu, baina hiria uhartearen ekialdean dagoenez, ez ditu herrialdeko mendebaldeko leku askotako haize bolada bortitzak jasaten. Nolanahi ere, ekialdetiko haizeen ondorioz, neguan uharteko beste leku batzuetan baino maizago izaten da elurra.
Datu klimatikoak (Merrion Square plazako datuak, Dublin) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) | 18.5 | 18.1 | 23.6 | 22.7 | 26.8 | 28.7 | 31.0 | 31.0 | 27.6 | 24.2 | 20.0 | 18.0 | 31.0 |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 8.3 | 8.1 | 10.1 | 12.0 | 14.9 | 18.0 | 19.6 | 19.1 | 17.1 | 14.1 | 10.5 | 9.0 | 13.4 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 3.5 | 3.5 | 4.4 | 5.8 | 8.3 | 11.2 | 12.9 | 12.7 | 11.0 | 8.8 | 5.5 | 4.3 | 7.7 |
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) | -15.6 | -13.4 | -9.8 | -7.2 | -5.6 | -0.7 | 1.8 | 0.6 | -1.7 | -5.6 | -9.3 | -15.7 | -15.7 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 69 | 51 | 52 | 49 | 54 | 51 | 43 | 64 | 62 | 65 | 62 | 73 | 695 |
Eguzki orduak | 55.8 | 70.0 | 111.6 | 156.0 | 207.7 | 201.0 | 167.4 | 158.1 | 129.0 | 96.1 | 72.0 | 52.7 | 1,477.4 |
Iturria (1): Met Éireann | |||||||||||||
Iturria (2): Climatetemp |
Historia
Dublingo badia inguruak historiaurreko garaietatik egon dira populatuak, baina lurralde honetako biziguneen lehen aipamena Klaudio Ptolomeo greziar astronomo eta kartografoaren idazlanetan agertzen da. 140. urtean, Eblana polis izeneko kokaleku bat aipatu zuen: beharbada Dubh Linn bizigunea I. mendean datatu liteke, nahiz eta hiria 841. urte inguruan bikingoek eratua izan.[2] Garai hartan zehar eta 1014an Clontarfeko gudua jazo zen arte, Dublin kokalekua bikingoen mende egon zen.[3] Dena dela, Dublin hiriak 1988an ospatu zuen bere "milurteko ofiziala", horrela Irlandako gobernuak aditzera ematen zuelarik 988. urtean sortu zela hiria, edo garai hartan eratutako bizigune bat izango zela geroago Dublin hiria bihurtu zena.[4]
Gaur egun uste da[5] bikingoen bizigunearen aurretik bazegoela eliz bizigune kristau bat Duibhlinn deitzen zena, zeinetatik hartu baitzuten bikingoek beren kokagune bati ipini zioten Dyflin izena. IX. eta X. mendeetan, leku honetan bi bizigune omen zeuden, geroago Dublin modernoa bilakatu zirenak. Bikingoen bizigunea Poddle izeneko errekaren ondoan kokatu omen zen, gaur egungo Wood Quay inguruan. Dubhlinn delakoa itsasontziak amarratzeko erabiltzen zen laku txiki bat-edo zen. Gaur egun lurpeko ubide batean sartuta dagoen Poddle errekak lakua Liffey ibaiarekin konektatzen zuen; lakua estalita geratu zen XVIII. mendearen hasieran, hiria handitu zenean. Dubhlinn hori gaur egungo Castlen Garden dagoen lekuan zegoen, Chester Beatty Library aurrean, Dublingo Gazteluan. Aintzira hura Poddle ibaia gaur egun
Egungo hiriaren izena irlandera zaharraren jatorrizko Dubh Linn izenaren ingelesezko aldaera da. Irlandako normandiar inbasioaren ondoren, Dublin hiria botere militar eta legegilearen gune garrantzitsua bilakatu zen. Botere hori 1922an Irlandako Estatu Askea sortu arte, Dublingo gazteluan zegoen. Garai hartan, Dublinek eta normandiarren menpe zegoen inguruko lurraldeak The Pale ("Oholesia") izena jaso zuten. XIV. mendetik XVI. mendera, Dublin eta inguruak Irlanda osoko ingelesen menpeko lurralderik handiena osatu zuten. Mende askotan zehar Irlandako Legebiltzarra zena Drogheda hirian egon zen, baina Henrike II.a Ingalaterrakoak Kildareko konderria konkistatu zuenean, Irlandako Legebiltzarra Dublinera eraman zuen.
Erdi Arotik hasita, Dublinek berezko hiri agintaritza bazuen. XVII. mendean, Wide Streets Commission erakundearen laguntzaz, azkar hedatu zen. Denbora laburrean, Dublin Britainiar Inperioko bigarren hiririk handiena izan zen (Londres hiriburuaren ondoren), bai eta Europa osoko bosgarrena ere. Hain zuzen ere, bertako eraikin nabarmenenak garai hartakoak dira; horregatik, hiriko arkitekturaren urrezko arotzat jotzen da. Arkitekto garrantzitsuena James Gandon izan zen, Custom House, Four Courts eta King's Inns eraikin nabarmenak diseinatu zituena. Guinness garagardotegi ospetsua ere garai berekoa da, bai eta Grafton Street kale ospetsua ere.
1800eko Batasun Agiriaren ondoren, Dublinen ekonomia eta politika gainbehera izan zen; horren ondorioz, ordu arte bertako Irlandako Legebiltzarra ezeztatu eta Londres hiriburuko Erresuma Batuko Legebiltzarrera eraman zen. Industria Iraultzak Dublin hiriak ez zuen paper garrantzitsurik jokatu; hala ere, uharte osoko administraritza eta garraio gune nagusia izan zen, oraindik ere. XIX. mendean, hiriaren demografia eta ekonomia geldiunea izan zen. Bestalde, ikatz askorik ez zegoenez Irlandan —garai hartako erregai nagusia zen—, portuan ez zen itsas garraio edota ontziola garrantzitsurik ezarri, hots, Britainia Handian industriaren eraketa motor nagusiak zirenak. Aldiz, urte haietan iparraldean Belfastek, nazioarteko merkataritza, arropagintza eta ontzioletan oinarrituta, Dublinek baino bilakaera askoz azkarragoa izan zuen.
1916an, Pazko matxinadaren ondorioz, Sackville Street (egungo O'Connell Street) etorbideko Dublingo Postetxe Nagusiakn eta beste hainbat eraikinetan sekulako kalteak izan ziren. Ondoren, Irlandako Independentzia Gerra eta Irlandako Gerra Zibilak hiriaren erdialdea are gehiago suntsitu eta kaltetu zuten.
1974ko maiatzaren 7an, Dublingo erdialdea Ipar Irlandako loialistek egindako atentatuen kokagunea izan zen, aurretik Irlandako Armada Errepublikarrak bere gain hartutako atentatu batzuen aurkako erantzun gisan. Horren ondorioz, egun hura Ipar Irlandako gatazkako egunik odoltsuena izan zen, denera bai Dublin hiriburuan nahiz Monaghan hirian 30 lagun hil eta beste 300 zauritu baitziren.
1922. urtetik aurrera, Irlandako Estatu Askearen hiriburua bihurtu eta gobernu berriak hiriaren erdialdea berreraiki zuen. Oireachtas edota estatu berriaren legebiltzarra Leinster etxean ezarri zuen eta 1949an, Irlandako Errepublikako hiriburu bilakatu zen.
1997. urtetik aurrera, Dublingo paisaia asko aldatu zen, Zelta Tigrea zeritzon ekonomia oparotasun garaian Irlandako Errepublikaren ekonomia garapen azkarraren motor eta gune nagusietako bat izan baitzen. Hamarkada horretan, sektore pribatuek nahiz gobernu erakundeek bultzatuta, etxegintza, garraio, negozio eta merkataritza enpresa ugari ipini zituzten.
Demografia
Dublingo Hiri Kontseiluak kudeatzen du hiria, baina "Dublin" izenaz normalki inguruko hirigune osoa izendatzen da: haren barnean Dún Laoghaire–Rathdown, Fingal eta Hego Dublin barrutiak daude. Horiek guztiek Dublingo konderria osatzen dute. Eremuari Dublin eskualdea esaten zaio. 2011ko erroldaren arabera, Hiri Kontseiluaren kontrolpean zegoen eremuak 525.383 biztanle zituen; aldiz, hiriguneak 1.110.627 biztanle zituen. Dublingo konderriak 1.273.069 biztanle zituen eta Dublin Handia Hiriguneak, 1.804.156 biztanle. Hiriaren biztanleria azkar handituz doa, eta Irlandako Estatistika Bulegoaren arabera 2020an 2,1 milioi inguruan egongo omen da.[6]
1990eko hamarkadatik aurrera, Dublin hiria etorkin ugariren helmuga da, gehienak Europar Batasunetik etorriak, bereziki Erresuma Batua, Polonia eta Lituaniatik.[7] Bestalde, Europatik kanpotikoak ere badaude, bereziki Txina eta Nigeriakoak. Hiriburura Irlandako edozein hiri eta eskualdetara baino etorkin askoz ere gehiago iritsi dira. Irlandako asiar jatorriko biztanleen % 60 Dublinen bizi da, haietako % 40, Dublingo hirigunean.[8] 2006ko erroldaren arabera, atzerrian jaiotako Dublingo hiritarren kopurua %15 ingurukoa zen.[9]
Hizkuntzak
Dublingo eskualde osoan 31 gaelscoil edo irlanderazko lehen-mailako hezkuntza ikastetxe eta 8 gaelcholáiste bigarren-mailako hezkuntza ikastetxe daude, 10.469 ikaslerekin.[10] Dublin hiriak herrialde osoko irlanderazko ikastetxe kopuru handiena du, gainera Dublin hirian Gaeltacht eremuetako 10.000 irlandera hiztun bizi direla uste da. Hirian irlanderazko bi irrati kate daude: Raidió na Life eta Raidió na Gaeltachta: biek hirian estudio bana dute. Beste hainbat irratik euren programazioetan gutxienez irlanderazko ordubeteko irratsaioak dituzte astero.
Bestalde, irlanderaren inguruko hainbat erakundek euren egoitza ofizialak hirian dituzte: Conradh na Gaeilge erakundeak irlanderazko ikastaroak eskaintzen ditu, liburutegiak eta irlanderazko mintza-praktiketako hainbat talde ditu. Dublin hiritik hurbilena dagoen Gaeltacht edo irlandera hiztunen eremua Meatheko konderriko Ráth Cairn eta Baile Ghib udalerriak dira, hiritik 55 km ipar-mendebaldera.
Politika
Udal gobernua
Dublingo Hiri Kontseilua bost urtetik behin udal hauteskundeetan aukeratutako 52 kidez osatutako biltzarra da. Haren burua alkatea da: urtero aukeratua izateaz gain, Mansion House egoitzan bizi da. Udal biltzarrak Dublingo udaletxean egiten ditu bilerak; aldiz, erakunde horren administrazio jarduerak Wood Quay barrutiko Hiri Bulegoetan egiten dira. Udal biltzarrean eserleku gehien dituen alderdiak edo alderdien koalizioak batzarreko kideak hautatzen ditu, politika ekimenak proposatu, bai eta alkatea izendatu ere. Hirigintza, ekonomomia, trafikoa, plangintza eta hainbat gairi buruzko urteroko txostena argitaratzen du. Dublingo hiri kudeatzailea Udal Biltzarrak hartutako erabakiak kudeatu eta aurrera ateratzeko ardura du.
Errepublikako gobernua
Oireachtas edo Irlandako Errepublikako Legebiltzar Nazionala bi ganberak osatzen dute: Dáil Éireann (Irlandako Legebiltzarra) eta Seanad Éireann (Irlandako Senatua). Hiruen egoitza Dublingo erdiguneko Leinster House eraikinean dago.
Bestalde, Irlandako Presidentearen egoitza ofiziala hiriaren mendebaldeko Phoenix parkeko Áras an Uachtaráin eraikina da. Phoenix parkeak 10 km2-ko azaleradu eta Europa osoko hiri-parkerik handiena da: Londresko Hyde Park eta New York hiriko Central Park ospetsuak baino handiagoa da.
- Dublingo Hiri Kontseiluaren bulegoak.
Ekonomia
Dublingo eskualdea Irlandako Errepublikako ekonomia gune nagusia da, bai eta Zelta Tigrea delakoaren garaiko herrialdearen motore edo bultzatzaile nagusia ere. 2009an, erosketa ahalmenari zegokionez, hiria munduko 5. postuan zegoen, eta pertsona bakoitzeko erosketa ahalmenari zegokionez, 10. postuan.[11][12] Mercer's 2011 Worldwide Cost of Living Survey aldizkariaren arabera, Europar Batasuneko 13. hiririk garestiena zen (2010eko 10. postutik jauzi baitzen) eta bizitzeko mundu osoko 58. lekurik garestiena omen zen (2010eko 42. postutik erorita).[13] 2005ean, 800.000 pertsona inguruk hirigunean lan egiten zuten: 600.000 lagunek, zerbitzuen sektorean eta 200.000 lagunek, industrian.[14]
Mendeak joan eta mendeak etorri, hiriko usadiozko industria askok gainbehera jasan dute, adibidez jakiak, ohialgintza eta destilatutako edariekin lotutako industriak nagusiki. Hala ere, 1759. urtetik aurrera, St. James's Gate garagardotegian ondutako Guinness garagardoa hedatu egin da. 1990eko hamarkadan industria farmazeutikoa, informatika eta komunikabideen teknologien arloko konpainia ugari Dublingo hirigunean finkatu dira, esate baterako, Microsoft, Google, Amazon, eBay, PayPal, Yahoo!, Facebook, Twitter eta Pfizer, haien guztien Europarako ordezkaritzak hantxe baitaude. Intel eta Hewlett-Packard konpainiek Kildare konderriko Leixlip udalerrian (hiriburutik 15 kilometro mendebaldera) lantoki bana dituzte.
Finantza-zerbitzuek ere 1987an Dublinen International Financial Services Centre ezarri zenetik, hirian paper garrantzitsua bereganatu dute. Horren ondorioz, nazioartean ospe handi samarreko finantza-zerbitzu konpainia ugari bertan kokatu dira. Haietako batzuek euren egoitza nagusiak hirian ipini dituzte, adibidez, Citibankek eta Commerzbankek. Irish Stock Exchange (ISEQ), Internet Neutral Exchange (INEX) eta Irish Enterprise Exchange (IEX) konpainiak ere Dublinen daude. Bestalde, ekonomiaren gorakadak berarekin bat eraikuntzaren areagotzea ere ekarri du: horren ondorioz, Dublin Docklands eta Spencer Dock eremuak garatu dira. Gainera, proiektu berritzaile horien artean, Convention Centre Dublin, The O2 eta Grand Canal Theatre eraikinak ere barne daude.
Kultura
Arkitektura
Erdialdeko hiriguneko eraikinek Pazko matxinada, Irlandako Independentzia Gerra eta Irlandako Gerra Zibilaren bonbardaketa eta suntsiketen eragin zuzena eta kalteak jasan zituzten. Eraikin horien zaharberritzea astiro joan zen, Irlandako Estatu Askearen lehenbiziko helburua irlandar ekonomiaren berrindartzea izan baitzen, gainera eraikin horietako asko kolonialismoaren ikurtzat jo zirenez, denbora luzean haiek zaharberritzeko benetazko borondate eza egon zen. Halere, orain dela gutxi, adibidez Temple Bar eta North Great George's Street bezalako auzoak bertako auzotarren ekimenez eraberritu dira, baita Custom House eraikina eta Kilmainham Gaol espetxea ere (azkena museo bilakatu da).
Beharbada kontserbatzaile edo zaharberritzaile berri horien benetazko arrazoiak eraikinen eraberritzeak dakarren turismoaren onurak dira, baina zaharberritze horien arrazoi nagusia dublindarrek eraikin horiekiko nahiz hiriko arkitektura ondasun aberatsarekiko sentitzen duten harrotasuna da.
Literatura
Dublinek oso izen ospetsuak eman dizkio Literaturaren historiari, haien artean William Butler Yeats, George Bernard Shaw eta Samuel Beckett, Literaturako Nobel Saria irabazitakoak; eta, haiekin batera, beste literaturgile garrantzitsu batzuk, hala nola Oscar Wilde, Jonathan Swift eta Bram Stoker, Drakula pertsonaiaren sortzailea. Bestalde, James Joyce idazle irlandarrak hiri honetan girotu zituen bere eleberririk garrantzitsuenak, Ulises (1922an argitaratua), hiriari buruzko xehetasun ugari ematen dituena, eta, orobat, Dublindarrak (1914), XX. mende hasierako lehen urteetako Dublingo gertakari eta pertsonaia tipiko batzuei buruzko 15 kontakizun laburren bilduma; biak euskaraturik daude. Idazle garaikideen artean, John Banville da ezagunenetako bat.
Dublinen daude, bestalde, Irlandako liburutegi eta museo literariorik aipagarrienak, haien artean Irlandako Inprentaren Museo Nazionala eta Irlandako Liburutegi Nazionala. 2010eko uztailean, UNESCOk Literaturaren Hiria izendatu zuen, ohorezko izendapen hori lortzen zuen laugarren hiria bihurtu zelarik horrela, Edinburgh, Melbourne eta Iowa City hirien ondoren.
Ekainaren 16an, James Joyceren Ulises eleberriko Leopold Bloom pertsonaia nagusiaren omenez, Bloomsday jaialdia ospatzen da. Egun hura eleberriko gertaerei buruzkoa eguna da: ospatzaileak laneko protagonisten bazkari eta afarietako gauza berak jaten saiatzen diram edo eleberrian parekotasunik duten ekintzak egiten. Bereziki, hirian gertakarien ibilbide zehatza jarraitzeko topaketak egiten dira.
Maurice Walsh idazle irlandarrak bere The Quiet Man and Other Stories ("Gizon lasaia eta beste kontakizunak") eleberrian Bad Town Dublin ("Hiri txarra Dublin") olerkiarekin ederki asko deskribatzen ditu Dublin hiria eta irlandar askori pizten dizkion sentipen kontrajarriak:
Clean Town Dublin, the Danneman built it, Flesh or our flesh, bone of our bone, |
|
Zinema eta antzerkia
Dublingo antzoki ezagun eta nagusien artean hauek daude: Gaiety antzokia, Abbey antzokia, Olympia antzokia eta Gate antzokia. Gaiety antzokiaren berezitasuna musikal eta opera ekoizpenak dira, eta ospetsua da zuzeneko musika, dantza edo filmen ondoren, ikuslego arruntari arratsean ateak irikitzeagatik. Abbey antzokia Yeats barne zen zaletu talde batek 1904an sortu zuen, bertako irlandar literaturako talentuen laguntza eta sustapen moduan. Synge, Yeats bera eta George Bernard Shaw bezalako literaturgileei bultzakada bikaina eman zien. Gate antzokia 1928an sortu zen, Europa eta Ameriketako antzerkilan abangoardistei bultzakada bat emateko. Azkenik, hiriko antzoki handiena Glanesvine auzuneko Dublin City Universityko The Helixko Mahony Hall aretoa da.
Hirian jaiotako beste antzerkigile ospetsu batzuk hauek dira: Samuel Beckett, Seán O'Casey, Brendan Behan, Maeve Binchy eta Roddy Doyle.
Erdiguneko antzoki horietako eszenatokietan gaur egun nazioarteko ospea lortutako aktore ugarik euren lehendabiziko antzezpen urratsak eman zituzten, esaterako, Sir Michael Gambon, Noel Purcell, Brendan Gleeson, Stephen Rea, Colin Farrell, Colm Meaney eta Gabriel Byrne. Zineman, fama handiko beste dublindar aktore batzuk honako hauek dira: Barry Fitzgerald, Maureen O'Hara, Fionnula Flanagan, Patrick Bergin, Colm Ó Maonlaí, Aidan Gillen, Jonathan Rhys Meyers eta Katie McGrath.
Zinemari dagokionez, hiria hainbat film ospetsuren kokalekua izan da: Mise Éire (1959), The Dead (1987), My Left Foot (1989), The Commitments (1991), The Snapper (1993), Circle of Friends (1995), Michael Collins (1996), The Van (1996), The General (1998), Ordinary Decent Criminal (2000), Yu Ming Is Ainm Dom (2003)... Bestalde, 1993ko In the Name of the Father nahiz 1967ko The Italian Job filmetako espetxeko eszenak Kilmainham Gaol espetxe-museoan filmatu ziren.
Musika
Dublinen musikak garrantzia handia du. Bertan, kaleko musika-emanaldiez nahiz tabernetako zuzeneko kontzertuez goza daiteke.
Hiria musika talde ospetsu ugariren sorlekua da. 1960ko hamarkadan, hainbat folk musika talde sortu ziren: Ceoltóirí Chualann, The Dubliners, The Chieftains, Emmet Spiceland, The Wolfe Tones edota Sweeney's Men. Jada, 1970 eta 1980ko hamarkadetan rock musika taldeen txanda izan zen: Thin Lizzy, U2, Bell X1, Planxty, The Pogues, Aslan, Sinéad O'Connor, Westlife, The Script, B*witched, BoyZone, Rob Smith, The Thrills, Stars of Heaven, Something Happens, A House, Damien Dempsey, Declan O' Rourke eta The Frames.
Kirola
Dublin GAA taldeak joko gaelikoetan hartzen du parte. 23 aldiz irabazi du futbol gaelikoaren txapelketa nagusia eta Irlandako konderrien artean garaipen gehien dituen bigarrena da. Hurlingari dagokionez, sei garaipen ditu txapelketa nagusian, denak XX. mendeko lehen erdian lortu bazituen ere. Joko gaelikoen txapelketen finalak Dublin GAAren Croke Park zelaian jokatzen dira.
Futbolari dagokionez. Dublingo taldeak dira Irlandako futbol ligan nagusi, besteak beste, Shamrock Rovers F.C., Shelbourne F.C., Bohemian F.C. eta St Patrick's Athletic F.C..
Errugbiak ere arrakasta du: Heinecken Cup txapelketa handiaren azken lau ekitaldietako hiru irabazi ditu Leinster Rugby taldeak.
Garrantzi handiko partidak jokatzeko, Aviva Stadium zelaia inauguratu zuten 2010ko maiatzaren 14ean. 50.000 ikuslerentzako tokia du eta Irlandako errugbi eta futbol selekzioen partidak bertan jokatzen dira. UEFA Europa Leagueko finala bertan jokatu zen.
Gastronomia
Irlandako Errepublikan, Dublinen eta Cork hiriaren artean herri-lehia, anitz gaitan isalzten dena: adibidez, Guinness garagardo famatua hiriburuko ikurtzat jo ohi da, baina Corkeko garagardoa Murphy da.
Gaueko aisia
Hiria mundu mailan zerbaitengatik ospetsua baldin bada, bertako usadiozko irlandar tabernengatik da. Adibidez, O'Donoghue's Pub taberna zelta musika zaletuen templua da: bertan, 1960ko hamarkadan, The Dubliners folk musika talde ezagunak lehenbiziko musika emanaldiak egin zituen. The Brazen Head Dublin osoko tabernarik zaharrena da. Aldiz, Davy Byrne's pub tabernak James Joyce irlandar idazlearen Ulises eleberrian agertzeari zor dio ospea. Mulligan's taberna ere eleberri berberean ageri da: 1732an ireki zen eta irlandar folk musikaz gozateko beste leku egokia da.
Ziurrenik, gazteen artean gau giroaz gozatzeko leku ezagunena Temple Bar auzoa da; bertan, besteak beste, The Temple Bar pub eta The Oliver St. John Gogarty daude.
Beste taberna aipagarriak honako hauek dira: The Duke, Doheny and Nesbitt's, M.J.O'Neill's, Grogan's, McDaid's, Kehoe's, Conways, Bewley's Oriental Cafe, Horseshoe Bar, The George, The Bleeding Horse, Neary's eta Stag's Head.
Leku interesgarriak
Gune ospetsuak
Hiriak ehunka urtetan zehar leku interesgarri eta monumentu ugari pilatu ditu. Zaharrenetako bat Dublingo gaztelua da, 1204an Joanes Ingalaterrakoaren aginduz lehenbiziko aldiz eraikia, 1169an, Irlandako normandar inbasioa jazo eta hamarkada gutxira. Hiria defendatzeko helburua zuen, justizia kudeatzekoa, erregearen altxorra babestekoa eta Irlandan Ingalaterrako Erresumaren boterearen ikurra izatekoa. Harresi bikainak ditu.[15] Gaztelua 1230an amaitu zen, normandiar estiloko arkitekturaz, barnealdea enparantza zabal bat eta lau alboetan dorre biribildun harresi banarekin. Gainera, gazteluak Poddle ibaia defentsa natural gisa zeukan.
Dublingo monumentu berrietako bat The Spire orratza da, ofizialki "Argiaren monumentua" deitua. Ian Ritchie Architects arkitektoak diseinatu zuen.[16][17] O'Connell Street etorbide nagusian dago: egunez altzairuzko itxura du; aldiz, iluntzean, zeruan barneratzen dela dirudi. Leku horretan bertan, Nelson zutabea zegoen, baina britainiar kolonialismoaren ikurra zela eta, 1966an IRAk lehergailu bidez jo eta bertan suntsitu zuen.
Turista askok Trinity College unibertsitate ospetsua bisitatzen dute. Oso ezaguna da haren liburutegiko Kellseko liburua, 800. urtetik aurrera irlandar fraideek idatzi, marraztu eta ilustratutako eskuizkribu ikusgarria.
Bestalde, hiriak Liffey ibaia zeharkatzen duten hainbat zubi ospetsu ditu: besteak beste, oinezkoentzako Ha'penny Bridge burdinazkoa eta O'Connell Bridge zubia.
Artea eta museoak
Hiria Irlandar Arte eta Eszenatoki Artistikoaren topagune garrantzitsua ere bada. Kellseko liburu ospetsua, fraide zeltek 800. urtean eginiriko eskuizkribua, Trinity Collegen gordetzen da. Chester Beatty Liburutegiaren eraikinak bere baitan gordetzen du Sir Alfred Chester Beatty (1875-1968) estatubatuar dirudunak (orain ohorezko irlandar herritarra ere bada) bildutako margolan, argitalpen, irudi, liburu arraro eta apaingarrien bilduma. Bildumak K.a. 2700. urteko pieza eta aleak ditu, gehienbat Asia, Ekialde Erdia, Ipar Amerika, Ipar Afrika eta Europakoak. Bertako artisten lanak ere erakusgai daude St. Stephen's Green parkean, hiriaren bihotzeko gune publiko nagusian. Arte areto handiak ere badaude hirian, hala nola Arte Modernoko Irlandar Museoa (Irish Museum of Modern Art), Areto Nazionala (National Gallery), Hugh Lane Udal Aretoa (Hugh Lane Municipal Gallery), Hiriko Artegunea (City Arts Centre), Douglas Hyde Aretoa (Douglas Hyde Gallery), Artegune Proiektua (Project Arts Centre) eta Erret Hiberniar Akademia (The Royal Hibernian Academy).
Dublingo Irlandako Museo Nazionalaren hiru ordezkaritzak honako hauek dira: Arkeologia, Kildare Street kalean; Arte Apaingarriak eta Historia, Collins Barracks kokagunean eta Natur Historia, Merrion Street kalean.[18]
Beste leku interesgarri batzuk
- O'Connell Street: Dublingo etorbide nagusia da eta Irlandako Errepublikako entzutetsu eta ezagunena. Bertan eguneroko dublindar giroaren nondik norakoa ederki asko ikus eta gozatu liteke.
- The Spire (2003): Dublingo merkatari erdiguneko monumentu garaia da. Hiriko leku ugaritatik ikusten da.
- San Patrizio katedrala (1192): San Patriziok kristau berriak bataiatzen zituen iturriaren gainean dago. Irlandako katedral nazionala da. Dublindar ezagunen hilobien artean, Jonathan Swift-ena dago, Gulliverren bidaiak liburuaren egilearena.
- Trinitate Santuaren katedrala (1028) Dublingo katedrala da. Bikingoek zurezko eliza eraiki eta normandiarrek 1180an harrizkoa berreraiki zuten.
- Trinity College (1751): Irlandako unibertsitate garrantzitsuenaren egoitza da.
- General Post Office (1818): Dublingo Posta Bulego Nagusia, 1916ko Bazko Altxamenduaren eszenatoki nagusia izan zen (nahiz eta ez bakarra izan), edozein irlandar abertzaleren aburuz, leku mitikoa.
- Custom House (1791): Dublingo erdigune politikoa.
- Molly Malonen Estatua (1988), hiriaren ereserki ez ofiziala iradoki zuen herri-pertsonaia.
- Dublingo Gaztelua (XII. mendea), 1922. urtera arte britainiarrek Irlandan zuten egoitza administratibo nagusia.
- Temple Bar: hiriko kultur auzune gisan iragartzen du udalak. Dublingo gau-giroko auzunea da.
- Croke Park: irlandar kirolen tenplu nagusia. Bertan jokatzen dira Irlanda osoko futbol gaeliko eta hurling kirolen finalak.
- Lansdowne Road: duela gutxi arte, hantxe jokatzen zuten Irlandako errugbi eta futbol selekzioek. Egun, eraikina eraitsita dago eta Aviva Stadium berria eraikitzen ari dira haren lekuan.
- Aviva Stadium: 2011. urtetik aurrera, joko zelai horretan aritzen dira Irlandako errugbi eta futbol selekzioak.
- St. James's Gate Brewery: Irlandako ikur garrantzitsua den Guinness irlandar garagardo ospetsua ekoizten den garagardotegia da.
- Kilmainham Gaol: Kilmainham presondegiaren museoa, irlandar abertzaletasunaren ikur garrantzitsua.
- Irlandako Museo Nazionala.
- Phoenix Parkea: Dublingo parke handi ospetsua .
- Moore Street kaleko azoka.
Parkeak
Europako edozein hiriburuk baino kilometro koadroko eremu berde gehiago du hiriak: hain zuzen ere, dublindarren % 97 parke batetik 300 metrora bizi dira. Udalak 1.000 biztanleko 2,96 hektarea eremu berde eta 255 joko-zelai egokitu ditu; gainera, urtero 5.000 zuhaitz landatu eta 1.500 hektarea parke kudeatzen ditu.[19]
Hirian parke ugari daude: haien artean, aipagarrienak Phoenix Park, Herbert Park eta St Stephen's Green dira. Phoenix Park hiriaren erdigunetik 2-4 km mendebaldera dago, Liffey ibaiaren iparraldeko ertzean: inguruan duen hormaren perimetroak 16 km ditu eta 707 hektarea hartzen ditu. Hori dela eta, Europa osoko hiri-parke handiena da.[20] Belardi handiak eta zuhaitz ilarez osatutako etorbideak ditu eta, XVII. mendetik aurrera, adarzabal ugariren bizilekua ere bada. Bestalde, Áras an Uachtaráin Irlandako presidenteen egoitza nagusiaren kokalekua ere bada; egoitza hori 1754an eraiki zen. Horretaz gain, parkea Dublingo Zoologikoa, AEBetako enbaxadorearen egoitza ofiziala eta Ashtown gazteluaren kokalekua ere bada. Bestalde, parkea musikari eta abeslari ospetsu ugariren kontzertuen kokalekua ere bada.
St Stephen's Green parkea Dublingo Grafton Street kalea merkataritza-etorbide nagusienetako bat da eta izen bereko merkatari-gunearen alboan dago; parke horren inguruko kaleak Irlandako erakunde ugariren egoitzen kokalekua dira. Gainera, bertan Luas edo Dublingo tranbiaren hiru lineetako geltokiak ere badaude.
St Anne's Park parke publikoa izateaz gain, atseden-lekua ere bada. Dublingo iparraldeko Raheny eta Clontarf auzoen artean dago.
Garraioa
Errepideak
Irlandako Errepublikako errepide sarea nagusiki Dublin hiria eta haren inguruan ezarria dago. M50 errepideak hiria ipar, mendebalde eta hegoaldetik biribil-erdiaren itxuraz inguratzen du, etahiria gainontzeko herrialdeko errepide nagusienekin lotzen du. 2008an Mendebaldeko Loturagunea delakoan eskuzko-ordainkezta nahiz txartel-elektroko ordainketa bidezko bide-sari sistema ezarri zen. Bide-sari horien arabera, aurre-kuotadun ibilgailu bakoitzak 2€ ordaindu behar zituen; eFlow erregistrodun ibilgailuek, 2,50€; eta erregistratu gabeko ibilgailuek, 3€.[21]
Hiriaren ekialdeko trakifoari konponbidea emateko lehenbiziko saiakera Dublingo portuko tunela izan zen: ofizialki 2006an ireki zen eta, nagusiki, trafiko astunak zeharkatzen du. Tunelak Dublingo portua eta Dublingo aireportutik hurbil dagoen M1 errepidea elkarlotzen ditu. Bestalde, hiria maila apalagoko barne eta kanpoko beste bi errepidek ere inguratzen dute. Barne errepidea hiriko georgiar auzoko bihotzean zehar doa; aldiz, kanpo errepideak Dublin hirian biribil bat osatzen duten bi kanalen ibilbidea segitzen du, Grand Canal eta Royal Canal, bai eta North and South Circular Roads errepideak.
Bestalde, Dublin hirian ia 200 ibilbidez osatutako autobus zerbitzua hedatzen da, auzo eta auzune guztiei zerbitzua eskaintzen diena. Gehienak Dublin Bus enpresak kudeatzen ditu, baina konpainia txikiagoak ere badaude. Txartele salneurriak bidaia edo ibilbidearen distantziaren araberako kalkulu sistema batean oinarrituta daude, hainbat preziotan. Autobus Zerbitzuko Informazioa, salneurriak eta ordutegiak hiriko geltoki orotan dago, bai ibilbideen distantzia nahiz autobusen GPS kokalekuak ere.
Tranbia eta metroa
Dublin Heuston geltokia eta Dublin Connolly geltokia Dublin hiriko geltoki garrantzitsuenak dira. Iarnród Éireann konpainiak kudeatutako Dublingo tranbiaren sareak Dublin hirigunea eta Louth konderriko Drogheda eta Dundalk hiriei zerbitzua ematen die. Ibilbide haietako bat Dublin Area Rapid Transit (DART) elektrifikatutako linea da: Dublingo kostaldean barna doa eta iparraldean Malahide eta Howth auzoetatik hasi eta hegoaldean Wicklow konderriko Greystones udalerrian amaitzen da.[22] Commuter rail konpainiak lau linea ditu eta haietan, Irish Rail izeneko anitz diesel unitate doaz.
Luas konpainiak tren arina eta tranbien bi linea ditu, 2004az geroztik Dublin hirian Veolia Transport enpresak kudeatuak. Sarea bi ibilbidek osatzen dute, Linea Gorria eta Linea Berdea eta denera 54 geltoki eta 38.2 km ditu.[23]
2010ean Dublingo metroa martxan ipintzeko aurreikusi eta 2014rako guztiz amaituta egongo dela espero zen. Bi linea izanen dituelakoan daude[24]: Mendebaldekoa (Metro West / An Meitreo Thiar) eta Iparraldekoa (Metro North / An Meitreo Thuaidh). Irlandak 2008tik aurrera bizi izandako krisialdi ekonomikoak eta gobernuak aurrekontuetan egindako murrizketek metroaren zabaltze data berandutu lezakete.
- Dublin Pearse geltokia.
- Luas tranbia Tallaght auzoko geltokian.
Aireportua
Dublingo Aireportuko Agintaritza erakundeak Dublingo aireportua kudeatzen du. Iparraldean dago, Fingal konderrian. Irlandako hainbat hegazkin konpainiaren egoitza da: Aer Lingus, kostu baxuko Ryanair eta Aer Arann eta CityJet, eskualdeetakoak biak. Aireportuak hegaldi linea luze eta ertainak eskaintzen ditu, bai eta bertatik bertarako eskualde aireportuen arteko hegaldiak ere. AEB, Kanada eta Ekialde Ertainera doazen hegaldi eskeintza zabala du. Dublingo aireportua Irlanda osoko erabiliena da; hurrengoa biak Corkekoa eta Shannon dira. 2007an, bigarren terminalaren eraikuntzari ekin zitzaion eta 2010eko azaroaren 19an ofizialki ireki zen.[25]
Dublingo aireportua Europako 25. erabiliena da; 2011n, 19 milioi bidaiari izan zituen.
Bizikleta
1990eko hamarkadan zehar, Dublingo udalak hiri guztian zehar bidegorriak ipini zituen, 2012. urterako hirian 200 kilometro bidegorri zeudelarik.[26] 2011an Copenhagenize Index of Bicycle-Friendly Cities aldizkariko munduko hirien artean 9. postuan sailkatua zegoen.[27]
2009. urtean, hirian Dublinbikes bizikletak alokatzeko sistema ezarri zen. JCDecaux enpresaren esku dago eta hiriaren erdiguneko 44 terminal edo geltoki eta 550 frantziar bizikleta darabiltza. Erabiltzaileak Long Term Hire Card (urte osorako, 10€) edota Day Ticket (egun baterako, 3€) txartelen bidez hiri osoan bizikletaz ibil daitezke. Lehenbiziko 30 minutuak dohainik dira, baina denbora horren ondoren erabilitako zerbitzuaren araberako kostu gehigarria ordaindu beharra dago.[28] Dublinbikes sistemak gaur egun 58.000 izen ditu, eta etorkizunean hiriko auzuneetara hedatzeko aurreikuspenak daude, denera 5.000 bizikleta eta 300 terminalez osatuta.[29]
Hezkuntza
Hiriburua Irlandako hezkuntza gune nagusia da, denera bertan hiru unibertsitate eta goi mailako hainbat ikastetxe eta hezkuntza erakunde baitaude. Hirugarren mailako 20 institutu daude. 2012an Dublin Europar Zientzia Hiriburua izan zen.[30][31] Hiriaren erdigunean, Dublingo Unibertsitatea XVI. mendean sortu zen; hortaz, Irlandako zaharrena da. Haren barneko Trinity College unibertsitatea 1592an Elisabet I.a Ingalaterrakoaren erregealdian ezarri izan zen eta denbora luzean katolikoei bertan ikastea debekatu zitzaien baina, azkenean, XIX. mendearen hasieran, Katolikoen Emanzipazioarekin sarrera baimendu zitzaien. Orduan, Hierarkia Katolikoa 1970eko hamarkada arte, ikasle katolikoei bertan ikastea eragozten saiatu zen. Hiriaren erdigunean dago, College Green plazan, eta denera 15.000 ikasle inguru ditu.
Irlandako Unibertsitate Nazionala (NUI) ere Dublin hirian dago eta hori ere University College Dublin (UCD) delakoaren barnean dago; horrez gain, Irlandako handiena da eta 22.000 inguru ikasle ditu. Haren campus nagusia Belfield auzoan dago, hiriko erdigunetik 5 km hego-ekialdera. Royal College of Surgeons in Ireland (RCSI) delakoa medikuntza ikastetxea da eta hiriaren erdiguneko St Stephen's Green parkearen alboan dago (hori ere Irlandako Unibertsitate Nazionalaren barnean dago). Maynootheko Irlandako Unibertsitate Nazionala ere Irlandako Unibertsitate Nazionalaren barnean dago: Kildare konderriko Maynooth udalerrian dago, hiriaren erdigunetik 25 km-ra. Institute of International and European Affairs erakundeak ere hirian du egoitza.
Hedabideak
Dublin Irlandako Errepublikako hedabideen gune nagusia da, bertan herrialde guztiko egunkari, irrati, telebista nahiz telefono konpainia garrantzitsuenak baitaude. Irlandako Errepublikako RTÉ telebista publikoaren egoitza Donnybrook auzoan dago, Fair City telesaila Carraigstown auzunean girotua da eta TV3 eta Setanta Sports kateen egoitzak ere bertan daude, An Post, Eircom, Meteor, Vodafone Ireland, O2 Ireland eta Hutchison 3G enpresenak bezalaxe. Horrez gain, bi egunkari irlandar ezagunenen egoitza da: The Irish Times eta Irish Independent, bai eta The Evening Herald aldizkariarena ere.
Hainbat irrati kate bertan daude halaber: Today FM eta Newstalk, bai eta tokian tokiko edo auzoz auzoko irrati kateak nahiz irrati kate piratak ere. Entzuleen kopuruari erreparatuta, hauxek dira entzunenak: RTÉ Radio 1 (% 30,3), FM104 (% 13,3), 98FM (% 11,9), RTÉ 2fm (% 10,4), Q102 (% 7), Spin 1038 (% 7), Newstalk (% 6,8), Today FM (% 5,7), RTÉ lyric fm (% 2,7), Dublin's Country Mix 106.8 (% 2,6) eta Phantom FM (% 1,8). 35 urtez gorako entzuleen artean, aldiz, entzunenak hauek dira: FM104 (% 24,9), Spin 1038 (% 17,3) eta 98FM (% 15,6).[32] Haiekin batera, irlanderazko bi irrati kate daude: RTÉ Raidió na Gaeltachta eta Raidió na Life 106.4fm.
Herri eta hiri senidetuak
Dublin ondorengo herri eta hiriekin senidetuta dago:
|
Dublindar ospetsuak
|
|
Iruditegia
- Temple Bar auzoa, gauez.
- Grafton Street kalea.
- O'Connell Bridge zubia eta Liffey ibaia.
- Kilmainham Gaol espetxea eta museoa.
- Molly Malonen estatua.
- Trinity College unibertsitatea.
- Merrion Square plazako etxeak.
Erreferentziak
- Northside vs Southside
- McGee (1863), 50-57. orr
- Magnusson, Magnus. (1980). Vikings. New York: Elsevier-Dutton Publishing Co., Inc., 153 or..
- «Dublin Millennium Celebrations» RTÉ Archives (Noiz kontsultatua: 2018-07-26).
- Clarke, Howard (1995). Medieval Dublin, the making of a metropolis. Irish Academic Press. p. 44. ISBN 978-0716524595
- Call for improved infrastructure for Dublin 2 April 2007
- "Dublin heralds a new era in publishing for immigrants". The Guardian 12 March 2006.
- Foreign nationals now 10% of Irish population 26 July 2007
- "Dublin". OPENCities, a British Council project.
- Oideachas Trí Mheán na Gaeilge in Éirinn sa Ghalltacht 2010–2011. 2012ko urtarrilaren 9a. gaelscoileanna.ie (Gaeleraz)
- Richest cities in the world by purchasing power in 2009. City Mayors. 2010eko ekainaren 17a
- Richest cities in the world by personal earnings in 2009. Citymayors.com. 2009ko abuztuaren 22a.
- Dublin falls in city-cost rankings. Irish Times. 2011ko uztailaren 12an.
- Dublin employment
- Dublin Castle: at the heart of Irish Histor. Denis McCarthy eta David Benton. 2004. Irish Government Stationary Office. 12–18. orr. isbn= 0-7557-1975-1
- Spire cleaners get prime view of city. Irish Independent. 2007ko ekainaren 5a.
- The Dublin Spire. 2003.
- National Museum of Ireland
- Parkeei buruzko datuak. Dublingo Udala. Dublincity.ie, 2012ko urtarrilaren 14a.
- Phoenix parkeari buruz. New York hiriko Central Park parkearen hedaduraren bikoitza du. Office of Public Works. 2010eko urtarrilaren 2a.
- E-Flow Website. eFlow. 2011ko uztailaren 29a.
- title=DART (Dublin Area Rapid Transit). 2011ko uztailaren 28a.
- title=Luas – Frequently Asked Questions. 2011ko uztailaren 29a.
- http://transport21.ie/Maps/upload/Image/DrulinRailMapBG.jpg%5B%5D Transport21 webgunea.
- Opening date for Terminal 2 set. RTÉ. 2010eko urriaren 21a.
- Dublin City Cycling – Cycling Maps
- Copenhagenize Consulting – Copenhagenize Index of Bicycle-Friendly Cities 2011
- – How does it work? Dublinbikes. 2011ko urtarrilaren 29a.
- Dublinbikes Strategic Planning Framework 2011–2016. Dublin City Council. 2011ko uztailaren 29a.
- Dublin City Council: Dublin’s bid for City of Science 2012 gathers pace. Dublin City Council. 2008ko uztaila.
- Celebrations and hard work begin after capital lands science 'Olympics' for 2012. John Walshe eta Ralph Reigel. Irish Independent. 2008ko azaroaren 25a.
- Radio Listenership Up-Date. PDF. 2010eko ekainaren 17a
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Irlandako Ataria |
- Dublingo Udal webgune ofiziala (Ingelesez)(Gaeleraz)
- Dublingo Turismo Bulegoaren webgunea (Ingelesez)
- Dublingo gida alternatiboa (Ingelesez)