Drottningholmgo jauregia

Drottningholmgo jauregia (suedieraz: Drottningholms slott) Suediako errege-familiaren egoitza da, Drottningholm herrian dagoena, Stockholm hiriburutik oso gertu. Mälaren aintzirako Lovön uhartean XVI. mendearen amaieran eraiki zuten eta XVIII. mendera arte erregeen egoitza izan zen.

Drottningholmgo errege jabetzako lurra1
UNESCOren gizateriaren ondarea

MotaKulturala
Irizpideak iv
Erreferentzia 559
Kokalekua Suedia
Eskualdea2Europa / Ipar Amerika
Koordenatuak 59°19′18″N 17°53′10″E
Izen ematea1991 (XV. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

1991n UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen, herrialdeko turismo gune nagusiak izanik.

Historia

Drottningholm izenak "erreginaren uhartea" esan nahi du, izan ere jauregia eraiki baitzuen bertan Joanes III.a Suediakoak bere emaztearentzat. 1580an altxatu zen jauregia eta Willem Boy arkitektoak pizkundeko estiloan diseinatu zuen.

1661 urtean Hedwig Eleonora erreginak erosi zuen baina urte horretan bertan sute batek erre zuen. Erreginak orduan Nicodemus Tessin Zaharrari jauregi berria diseinatzeko enkargua egin zion eta hau hil zenean bere semeak bukatu zuen. Garai hartan, Westfaliako Bakea gertatu berria zen eta Suedia herrialde boteretsua bihurtu zenez jaureg ikusgarri bat eraiki beharra ikusi zuen Hedwig Eleonora erreginak. Karlos XI.a eta Karlos XII.aren erregealdietan sarritan ehizaleku gisa erabili izan zen eta sarritan bildu izan zen Gortea bertan. Hedwig Eleonora 1715ean hil zen. 1762an antzokia erre zen eta Luisa Ulrika erreginak aberastasunaren adierazgarria izango zen berri bat eraiki arazi zuen.

XVIII mendean udako egoitza izan zen eta XIX mendean Karlos XIV.ak jauregia bertan behera utzi zuen arren hurrengo erregeek (Oskar I.ak eta Oskar II.ak) gaztelua modernizatu egin zuten. 1907an berriztatze lan sakonak egin ziren eta XVII mendeko itxura itzuli zitzaion. XX mendean zehar hainbat lan egin zaizkio, azkenengoak 1977an.

1981etik aurrera Errege familiaren egoitza nagusia izan da Drottningholmgo jauregia.

Jauregia

Esan bezala jauregiak hainbat berrizte lan izan ditu lau mendeetan zehar eta itxura aldatuz joan da. Jauregiaren atalik aipagarrienak eliza, antzokia eta pabiloi txinatarra dira.

  • Eliza: Nicodemus Tessin Zaharrak diseinatu eta honen semeak bukatu zuen 1746ko maiatzean. Organoa 1730 urtekoa da. Gaur egun Lovön uharteko parrokia da.
  • Antzokia: Hau ere Tessindarrek egina da eta 1766an ireki zituen ateak. Udaro opera jaialdia egiten da bertan.
  • Pabiloi txinatarra: 1763 eta 1770 artean eraiki zen frantziako rokoko estiloan eta arte txinatarrean oinarrituriko apaingarriak ditu.

Lorategiak

Bi ataletan banatzen dira lorategiak:

  • Lorategi barrokoa: XVII mendean eraiki zituen Hedwig Eleonora erreginak. Jauregitik bertatik ateratzen diren hiru etorbide zabalek mugatzen dute. Adrian de Vries artistak diseinatu zituen eta 1950 eta 1960 hamarkadetan berriztu egin ziren.
  • Lorategi ingelesa: Gustavo III.ak eraiki zituen lorategi barrokoen iparraldean. Bi urmael ditu, ubidez eta zubiz loturik daudenak.

Galeria

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.