Droga
Droga —esanahi zabalenean hartuta— gaixotasun batzuen diagnosia egiteko, sendatzeko, edo gaitzari aurrea hartzeko, medikuntzan erabiltzen den gai kimikoa da, sendagarri ere deitua. Elikagai batzuek dituzten droga sendagarrien lehenengo aipamenak gizadiaren historia bezain aspaldikoak dira.
Dena dela, XX. mende arte, aipatutako droga horietako gutxi batzuk baizik ez dira izan benetan sendagarri. Eta apur horiek landare gai batzuek gaixotasun jakin batzuk arintzeko edo sendatzeko ahalmena zutelako «aurkikuntzan» oinarritu ziren. 1776an, adibidez, ingeles botaniko eta sendagile William Withering ohartu zen baserritar batek egin ohi zuen belar urak bihotzaren taupada indartu eta hidropesia sendatzen zuela.
Drogen aurkikuntzaren bidez hainbat txerto eta sendagarri sortu baziren ere, XX. mendean eritasun asko sendatzeko eta gaitzei aurrea hartzeko bidea zabaldu zuen metodo berri bat jarri zen indarrean: drogak asmatzea. Droga baliagarriak asmatzeko, baina, hobeto eta sakonago ezagutu behar zen gorputzak nola funtzionatzen zuen, gaitzak zergatik gertatzen ziren, eta gai jakin batzuek zergatik eta nola eragiten zuten. Hori da, hain zuzen, farmakologiak aztertzen duen medikuntzaren alorra.
Terminologia
Etimologiaren aldetik, droog hitzetik dator. Jatorrizko hitz horrek «lehorra» esan nahi du, iraganean drogak landare lehorrekin egiten zirelako.
Euskaraz (hainbat erdaratan bezala), droga izena gehienbat drogen olgeta erabilerari lotuta dago. Medikuntzari loturik dagoenean, sendagai, medikamentu, botika edota farmako izenak erabili ohi dira maizago.
Eragina
Honako faktore hauek baldintzatzen dute droga baten eragina:
- Dosifikazioa.
- Beste drogekin edo janariarekin nola nahasita datorren.
- Sarbidea (irensketa, arnasketa, ziztada edo xiringada, irenste).
- Subjektuaren egoera pertsonala edota inguruabarrak.
- Droga bati buruz hartzaileak izan ditzakeen usteak (plazebo eragina).
Drogen jatorria
Drogek ez dute jatorri bakarra. Batzuk landareetatik lortzen dira, eta beste batzuk animalia eta meetatik. Landare eta animalia ehunak, baina, ez dira berdinak organismo guztietan, eta farmakologoen arazo nagusietako bat dosi berdinak lortzea izaten zen. Belladona, adibidez, urdaileko arranpa tratatzeko erabiltzen da, eta belaiki izeneko landaretik ateratzen da. Belaiki guztiek, baina, ez dute belladona kopuru bera. Medikuek ezin zezaketen jakin gaixoari agintzen zioten belladona dosia gehiegi edo gutxiegi ote zen.
Ikerlariek bazuten susmoa droga gordinaren zati batek bakarrik izango zuela gorputzean eragiteko ahalmena. Zati hari oinarri aktiboa deitu zioten, eta hura aurkitzen eta estandarizatzen ahalegindu ziren. Azkenik, zenbait droga gordinen oinarri aktiboa bakartzea lortu zuten, kopuru zehatzetan neurtu zituzten, eta hauts, pastilla, kapsula edo dena delako bihurturik erabili zituzten. Era horretara medikuak zehatz-mehatz jakin zezakeen agindutako droga kopuruaren zenbatekoa eta kopuru horren eragina eriaren gorputzean.
Egun erabiltzen diren droga gehienak ez dira landare edo ehunak bakartuz lortzen; egun, laborategi kimikoetan sintetizatzen edo egiten dira. Adibidez, kortisona aurkitu zenean, oso sendagarri garestia zen, animalia hilen giltzurrun gaineko guruinetatik ateratzen zelako. Gero, idien behazunetik lortu zuten, merkeago. Eta geroago, landare mota eskuragarri batetik sintetizatzea lortu zuten.
Droga biologikoak
Droga gisa erabiltzen diren animalia jatorriko gai batzuk ez dira animalia hiletatik ateratzen. Gai horiei gai biologikoak esaten zaie. Animalia bizidun baten gorputzean egiten dira. Tetanosaren toxina (pertsonak tetanosaren aurka immunizatzeko erabiltzen dena), adibidez, droga horietako bat da. Droga biologikoa honela lortzen da: tetanos organismoen kopuru txiki bat zaldi batean txertatzen dira. Tetanos organismook tetanos toxinak sortzen dituzte animaliaren gorputzean. Orduan zaldiaren odol lagin bat ateratzen da. Odolean dagoen tetanos toxina kimikoki tratatzen da kaltegarritasuna deuseztatzeko; horixe da pertsonari txertatzen zaiona tetanosaren aurka immunizatzeko.
Droga sintetikoak
Droga sintetikoek ez dute gai naturalen kopia zertan izan. Zientziak izadian aurkitzen ez diren droga guztiz berriak diseinatzeko ahalmena du gaur egun. Droga berriak diseinatzeko moduetako bat beste droga batzuen molekula egitura aldatzea da. Droga eraldatu horiek (analogoak deituak) oso eraginkorrak izaten dira, eta jatorrizkoak baino askoz merkeagoak. Kortisonaren albo ondorioetako batzuk eragozteko, adibidez, eta haren ahalmena handitzeko, zientzialariek molekula egitura aldatu zioten, eta prednisona, hidrokortisona eta beste droga analogo batzuk lortu zituzten. Droga sintetikoak lortzeko beste bide baliagarri bat bakterioen kode genetikoa aldatzea da.
Drogek nola jokatzen duten
Drogek gorputzeko zelula batzuen portaera aldatzen dute. Drogen eraginez aldatu egiten da gorputzaren jokamoldea. Aspirinak, adibidez, ez du berez arintzen sukarra; tenperatura erregulatzen duten burmuineko nerbio zelulei eragiten die.
Zelulen edo ehunen ohiko portaera aldatzea (bizkortzea edo geldotzea) da, hain zuzen, drogek gorputzean eragiteko duten bi bideetako bat. Horrela jokatzen duten drogak farmakodinamikoak dira. Beste bidea eritasuna sortzen duten organismoak deuseztatzea edo haien hazkundea moteltzea da, gorputzeko zelula normaletan inolako eraginik izan gabe. Horrela jokatzen duten drogak kimioterapeutikoak dira. Konparazio batera, penizilina, estreptomizina eta tetraziklina antibiotikoak kimioterapeutikoak dira.
Drogen aurreko erreakzioa
Gai kimiko bat biologikoki aktiboa bada —hau da, gorputzaren funtzionamenduan eragiteko ahalmena badu— droga dela esaten da. Horretarako ahalmena duten gaiak ordea ez dira, besterik gabe, erabat fidagarriak; haien onurak arriskuak baino handiagoak direnean besterik ez dira ontzat hartzen. Hala, droga batzuk, arriskutsuak izanda ere, ontzat hartzen dira gaixotasun larriak sendatzeko baliagarriak direlako. Digitalisa, adibidez, droga arriskutsua da; baina bihotzeko giharra uzkurtzea eragiten du, eta ezinbestekoa da bihotzeko giharra ahula duten pertsonentzat. Aitzitik, nekea arintzeko edo larritasun gutxiko gaixotasun bat sendatzeko ez litzateke hain droga indartsua onartuko, arriskuak onurak baino handiagoak direlako.
Hala ere, pertsona batzuei drogek kalteak eragiten dizkiete, nahiz eta medikuak agindu bezala hartu hura. Izan ere, gizakien artean, inurri edo erle kolonia batean ez bezala, aldaera genetiko ugari baitaude. Droga bera hartzen duten milioika pertsonetatik batzuek ez dute espero den bezala erreakzionatzen, eta baregarri bat hartuta, adibidez, piztu egiten dira, lasaitu ordez. Beste batzuk, berriz, oso sentiberak izan daitezke droga baten aurrean, eta alergien gisako erreakzioak izan ditzakete.
Eria, bestalde, droga jakin bat toleratzera irits daiteke; horrelakoetan, gero eta dosi handiagoak behar izaten ditu espero den ondorio terapeutikoa lortzeko. Batzuetan, tolerantzia horren ondorioz eria droga jakin bat hartzera ohitzen da, drogaren mende erortzen da, eta atxikimendua sor daiteke. Atxikimenduak kalte psikologiko eta psikiko larriak sortzen ditu droga hartzeari uzten zaionean. Morfina, kokaina eta benzedrina, adibidez, atxikimendua sortzen duten drogak dira.
Drogak hartzeak, azkenik, bestelako ondorioak izan ditzake. Batzuetan ondorio arinak dira (larruazaleko erregosiak, buruko mina, logura), baina larriak ere izan daitezke. Talidomida droga, adibidez, lasaigarri gisa oso erabilia izan zen garai batean, baina emakume haurdunen umekiengan sortzen zituen kalteengatik debekatua izan zen. Droga nahasketak ere oso ondorio larriak izan ditzake. Adibidez, buruko mina kentzeko pertsona batek aspirina hartzea oso arriskutsua izan daiteke baldin eta pertsona hori odola arintzeko beste sendagarriren bat hartzen ari bada, aspirina bera ere odol-arintzailea baita.
Arriskuak
Drogek bigarren mailako hainbat ondorio dakartzate: menpekotasuna, atxikipena, desoreka psikologikoa eta narriadura fisikoa. Drogen ondorioz heriotza ere gerta daiteke.
Legeak drogen hainbat erabilera zigortzen ditu. Zenbait drogen salerosketa, kantitate batetik gora, gogor zigortzen da munduko legedia gehienetan.
Banaketa
Izan ere, hainbat droga legezkoak dira, eta beste batzuk berriz ez. Hainbat lege sortu izan dira legez kanpoko drogen erabilera zigortzeko, legezko drogen ekoizle, saltzaile edota erabiltzaileei baimena emateko, legezko drogen kontsumoa arautzeko, drogen salerosketako tasak kobratzeko...
Hezkuntzan
Hezkuntza sistema gehienetan droga menpekotasunari aurre egiteko programak antolatzen dira eta menpekotasunari aurre egiteko helburua lortzeko hainbat baliabide bideratzen dira. Hezkuntza sistema batzuk helburu horiek curriculumean argi eta garbi gehitzen dituzte, beste hezkuntza sistema batzuek, ordea, kontu hauek zehar lerrotzat jotzen dituzte.
Euskal Herriko mendebaldean, Askagintza bezalako elkarteek gai hau jorratu egin dute, noiz edo noiz ikastetxez ikastetxe bisitak egiten eta. Askagintzakoek zenbait material didaktiko sortu dituzte[2][3][4][5].
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- (Alemanez) Deutscher Kaffeeverband: «Kaffee-Text 1/99», 2001-05-04
- Mendiola Barandalla, Marian. (2012). Drogen ezagutzan murgilduz oinarrizko kontzeptuak : osasun-heziketa eta droga-mendekotasunen prebentzioa. (1. ed. argitaraldia) Askagintza Federazioa ISBN 978-84-615-9720-8. PMC 864229093. (Noiz kontsultatua: 2020-10-09).
- Congil Infante, Txus. (2011). Alkohola larrugorrian. (1. ed. argitaraldia) Askagintzaren Argitarapen Zerbitzua ISBN 978-84-609-2727-3. PMC 828286950. (Noiz kontsultatua: 2020-10-09).
- Mendiola Barandalla, Marian.. (2009). Cannabisa larrugorrian. (1. ed. eguneratua eta handitua. argitaraldia) Askagintzaren Argitarapen Zerbitzua ISBN 978-84-612-9905-8. PMC 733754714. (Noiz kontsultatua: 2020-10-09).
- Askagintza, Drogak larrugorritan. (2001). ISBN 978-84-607-7684-0..
Bibliografia
Drogen olgeta erabileraz
- ASKAGINTZA Drogak larrugorrian. Askagintza. 2001.
- ARRETXE, Jon. Urrezko triangelua. (nobela) Elkarlanean. 1999.
- ARRETXE, Jon. Ostegunak. (nobela) Elkarlanean. 1999.
- ARRETXE, Jon. Ostiralak. (nobela) Elkarlanean. 1998.
- ARRETXE, Jon. Larunbatak. (nobela) Elkarlanean. 2000.
- GARATE, Gotzon. Izurri berria (1981, (BAK): Resurreccion Azkue Literatur Batzaldiko Eleberri-Lehiaketa irabazi zuen.
- GONZALEZ, S. (2003). Ugerra eta kedarra. Txalaparta.
- ZABALA, Juan Luis. Galdu arte (1996, Susa)
- ZENBAIT AUTORE Marihuanazko bufandak. Txalaparta. 2002.
- 7 ESKALE. Barrenkaleko Bluesak (Musika). 1999.
Kanpo estekak
- Askagintza - Droga-Mendekotasunen Fenomenoaren Normalizaziorako Herri Erakundea
- Drogomedia - Eusko Jaurlaritzako hedabideei bideratutako drogei buruzko webgunea
- Eusko Jaurlaritzako drogamendekotasuna saila.
- Droga Mendekotasunen Euskal Behatokia
- Drogetatik askatzen lagundu nahian Zientzia.net (2010)