Dortoka
Dortokak edo xaberamak[1] narrasti ordena bat dira, saihetsetatik garatutako hezur edo kartilagozko oskol bat dutenak babes ezkutu gisa. Ibai, erreka edo aintziretako dortokei apoarmatu deitzen zaie.[2]
Dortoka | |
---|---|
Triasiko berantiar-gaur egun | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Azpierreinua | Eumetazoa |
Filuma | Chordata |
Klasea | Reptilia |
Ordena | Testudines Linnaeus, 1758
|
Azpibanaketa | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | tortoise shell (en) eta turtle oil (en) |
Testudines ordenak espezie biziak eta galduak batzen ditu. Ezagutzen diren dortoka zaharrenak duela 214 milioi urte agertu ziren[3]. Horregatik, narrasti zaharrenetakoen artean daude, sugandilak eta sugeak baino antzinagokoak. Egun 300 espezie inguru bizi dira, horietako batzuk galtzeko arrisku larrian.
Beste narrasti asko bezala, dortokak ektotermoak dira, hau da, dortokek barne tenperatura ingurukoaren arabera erregulatzen dute. Hala ere, badira espezie batzuk, larruzko dortoka esaterako, ingurua baino tenperatura handiagoa dutenak beren maila metaboliko handia dela-eta.
Beste amniota batzuk bezala (narrastiak, dinosauroak, hegaztiak) airea arnasten dute. Ez dute ur azpian erruten, nahiz eta uretan edo ur ugari dagoen inguruetan bizi. Dortoka handienak urtarrak dira baina badira lurreko espezie ugari ere.
Ezaugarriak
Dortoken eskeletoaren ezaugarririk garrantzitsuena honakoa da: hauen bizkarrezurraren parte handi bat oskolaren bizkarraldeko aldera itsatsita izatea. Euren oskola nahiko bereizgarria da, euren organorik garrantzitsuenak babesteko erabiltzen baitute, eta espezie askok bertan ezkuta ditzakete euren burua, hankak eta buztana[4]. Oskolaren eta eskeletoaren loturaren ondorioz, kaxa-torazikoaren bidezko arnasketa ezinezkoa zaie (saihetsak ezin mugi ditzakete), eta, beraz, beste era batera egiten da. Izan ere, abdomeneko gihar berezien kontrakzio bidez egiten da.
Dortoken ahoa ere bereizgarria da: hortzik ez duten arren, euren masailezurra estaltzen duen moko korneoa dute, hegaztiek dutenaren antzekoa. Beraz, hortzik ez izateak ez du esan nahi elikatzeko arazorik izango dutenik, euren mokoa hain gogorra izanik nahi duten guztia txiki baitezakete.
Narrasti guztiak bezala, dortokak animalia endotermikoak dira, eta honek esan nahi du euren aktibitate metabolikoa kanpoko edo inguruneko tenperaturaren arabera moldatzen dutela. Dortokek euren azala aldatzen dute, baina, muskerrek eta sugeek ez bezala, nahiko motel egiten dute. Horretaz gain, oskoleko ezkatak ere aldatzen dituzte, eta hau indibidualki eta, itxuraz, ordena jakinik gabe.
Arrautza mota eta enbrioiaren garapena
Gainerako narrastien zein hegaztien arrautzak bezala, dortoken arrautzak ere mintz batek babesten ditu, albumenez eta kutikulaz egindako hiru geruzaz osatua. Dortoken arrautzek bereizketa mintz pare bat ditu: albuminazko azal lodi bat eta oskol kareduna. Arrautzak lurrean jartzen dituzte eta baldintza naturaletan inkubatzen dira, tenperatura, hezetasun eta egoera klimatologikoaren menpe. Faktore hauek ezinbestekoak dira enbrioia ongi osa dadin eta bizirik iraun dezan, arrautzaren garapenaren prozesu osoan zehar. Arrautzaren gorringoa edo animalia poloa eta polo begetala banaturik daude eta arrautz honen kasuan, soilik banatzen da hiru geruza anbrionarioak sortzeko.
Dortoken garapena intseminazioa baino lehen hasten da, eta disko-formako bereizketa zelular bat jasaten du, blastodermo bat sortuz. Blastodermo honek bidea irekitzen dio hiru geruza germinalen garapenari, ondoren enbrioiaren sorpena bideratuko dutenak. Garapen biologiaren teknika aurreratuei esker edozein geruza germinalen jarraipen mapa zelularrak lor daitezke. Hauetan, ehun zelular bat jarrai daiteke edozein geruza germinalean eta hura osatzen duten zelulen osaketaren arabera, zehaztu daiteke zein ehun eratuko den. Dortoketan hurrengoak ditugu:
- Ektodermoa: epidermisaren eraketa, burmuina, neuronen gandorra, bizkarrezurra.
- Mesodermoa: muskuluen eraketa, bihotza segmentuak sortzen dira eta oskola.
- Endodermoa: digestio-hodiaren eraketa, gibela eta hesteak.
Dortoken taldeko organismoen oinarrizko ezaugarria orno torazikoen garapen luzatua da, oskola sortzen duena. Garapen hau organismoa enbrioia denetik hasten da, eta hori dela eta, enbrioiaren beraren garapena oinarrizkoa da arrautzetik ateratako organismoaren gorputz-garapenerako. Dortoken enbrioiek kaltzio asko jasotzen dute, osifikazioan erabili ohi dena, eta arrautzaren azalaren barneko zatian topatzen dena. Honek geruza eskeletikoen garapen handia izaten laguntzen die, oso garrantzitsua dena, izan ere, dortokak hezur-egituraz estalita daude gehienbat. Enbrioiek, bere metabolismoa dela eta, arnasketa-gasak botatzen dituzte. Hauek, hedatze prozesu baten bidez poroetatik arrautzaren oskolera zabaltzen dira arrautzaren mintzetako zuntzen arteko tarteetatik. Hau ezinbestekoa da enbrioiaren arrautz barruko garapenerako, gas hauek arrautz barruan pilatuz gero mintzak puska ditzaketelako enbrioia guztiz garatu aurretik, enbrioiaren heriotza eraginez. Enbrioien metabolismoa tenperaturaren eta hezetasunaren araberakoa da, organismo ektotermiko gehienetan bezala. Familia honetako espezieetan ez dago tenperatura jakin bat enbrioiaren garapenerako, ikerketa berrietan planteatu da ordea, tenperatura oinarrizko elementua dela enbrioiaren sexua determinatzeko. Bide honetatik, tenperaturaren arabera, ar eta emeen arteko tasa desberdinak gertatzen dira. Modu berean, tenperatura tarte egokitik kanpo garatzen den enbrioiak anomaliak jasan ditzake bere garapenean, baita heriotza ere.
Oskola
Oskola bi zatitan banatzen da:
- Bizkarraldea: goiko aldeko zatia da; plakez banatutako bost ilarak osatzen dute; zentrala edo neurala, erdian, alboetan aldeko ilarek inguratuta, hauek bazterretako ilaretaz daude inguratuta.
- Plastroia: oskolaren beheko zatia da, zati bentrala.
Dortoken oskolaren egitura, forma eta kolorea desberdina da batetik bestera. Barne aldeko hezur-plaka lodiek osatzen dituzte, dermisaren osifikazioak, ornoetara eta sahiets-hezurretara lotzen direnak. Trionychidae familiako dortokak salbuespen bat dira, izan ere, oskola osatzen duten plakak txikiak eta kartilaginosoak baitira (kaltzioan aberatsak). Hezur-plaka hauetan hurrengo estalkietako bat zabaltzen da:
- Bereziki sendoa den azala, ia larrukara (larruaren antzekoa).
- Keratinazko plaka korneak, narrastien ezkatekin konpara daitezkeenak.
- Hezur-ezkutuak geruza kornea fin batek eztaltzen dituenak, arinki kaltzifikatuak (hau lurreko dortoken kasuan soilik gertatzen da, Testudinidae familiakoetan).
Larruazaleko estaldura duten dortokak oskol biguneko dortokak dira (Trionychidae familiakoak) eta txerri sudurreko dortoka (Carettochelys insculpata). Itsas dortoka lauteak ere (Dermochelys coriacea) lurrazaleko estalkia du, baina hainbat hezur-laminarekin indartua da. Gainerako dortokek ezkutu keratinosoz osatutako estalkia dute, hezur-plakaz osatua. Plaka hauek ez dira kantitatean, kokapenean ezta tamainan bat etortzen gainerako ezkutuekin, oskol mota honi sendotasuna eta zurruntasuna ematen diotenak.
Biologia eta ekologia
Dortoken metabolismoa oso motela da, eta espezie urtarren kasuan, oso denbora luzea egon daitezke arnasarik hartu gabe. Euren hibernazioari dagokionez, esan daiteke espezie-mota hauek guztiek aldizka hibernatzen dutela.
Hauen elikadurari dagokionez, espezie lurtar batzuk belarjaleak dira, eta beste batzuk aldiz, orojaleak. Azken hauek zizareak, bareak eta barraskiloak jaten dituzte. Bestalde, espezie urtarrak koralez, algez, eta moluskuez elikatzen dira.
Dortoken ugalketa obiparoa da eta inkubazioa eurek lurrean sortzen dituzten habietan egiten da. Beste animalia askok baino askoz bizialdi luzeagoa dute. Dakigunez, bizialdi luzeena izan duen dortoka Harriet dortoka izan zen, 175 urte bizi izan zena (1830. urtean jaio eta 2006ko ekainaren 25ean hil zen).
Habitatari dagokionez, dortokak uretan zein lehorrean topa daitezke. Espezie urtarren artean, ur gezatakoak eta itsastarrak topa daitezke. Normalean egoten diren lekuei dagokienez, badaude, alde batetik, euren bizitzaren denbora luzea uretan pasatzen dutenak, eta, bestetik, uretik kanpo pasatzen dutenak. Espezie lurtarrek hatzamarrak dituzte, eta uretakoek aldiz, euren gorputz-adarrak hegal bihurtuta dituzte, edo azal batez lotutako hatzamarrekin.
Jatorria eta eboluzioa
Dortokekin erlazionatutako lehen organismoa Eunotosaurus-a da, oso saihets-hezur zabalak zituena. Lehenago, Pappochelys-a agertu zen, gaur egungo dortoken saihets-hezurren antzekoak zituena.
Dortokatzat jo daitekeen espezierik zaharrena Odontochelys izenekoa da, duela 220 mila urte Asian bizi izan zena. Honegatik esan daiteke dortoka narrastirik zaharrenetako bat dela, muskerrak eta sugeak baino askoz zaharragoa. Dortoka mota hau urtarra zen eta gaur egungo dortoken saihets-hezurren antzekoak zituen, baina askoz oskol primitiboagoa zuen. Jarraian Proganochelys-a agertu zen, Eurasian duela 210 milioi urte bizi izan zena. Hau ere dortoka primitiboa zen, zeren eta gaur egungo dortokek duten oskolaren antzekoa zuen arren, oraindik hortzak zituen, eta ezin zituen burua, buztana ezta hankak ere oskolaren barruan sartu; baina, hala eta guztiz ere, hauek arantzez babestuta zeuden.
Dirudienez, dortoken jatorria ingurune lehorrean dago, baina euren agerpenetik 100 milioi urte pasa eta gero, batzuk ur-espezie bihurtu ziren, eta, 50 milioi urte geroago, itsas-espezieak agertu ziren. Beraz, esan daiteke itsas-dortoken eboluzioak 80 milioi urte iraun zituela. Izan dituzten aldaketa ugariengatik, nahiko zaila izan da betidanik dortoka-taldeak zehaztea; izan ere banaketa bat baino gehiago baitzegoen.
Etxekotzeari buruz, esan daiteke animalia hauek beti izan direla animalia basatiak, gizakiekiko inolako loturarik izan ez dutenak (bizirauteko laguntzari erreparatuz). Hala eta guztiz ere, denbora igaro ahala, dortokak etxeko animaliatzat hartzen hasi dira, eta gaur egun, ez da arraroa etxean dortoka bat duen jendea topatzea. Honek ez du esan nahi dortoken izaera aldatu denik, hauek basatiak izaten jarraitzen baitute, baina, dortoka bat jaiotzen denetik etxe baten barruan izanez gero, honek bere jarrera moldatuko du, besterik ezean[5].
Dortoka aipagarri batzuk
Dortoka mota aipagarrienetako batzuk hurrengoak dira[6]:
Itsas dortoka: quelonidoen familiakoa da, 2m inguruko luzera du eta 100-150kg pisatu ohi ditu eta haragijalea da.
Dortoka berdea: itsasoan bizi da, 1,5m luze izan daiteke eta 200kg pisatu. Berdea da jarraitzen duen elikadura dela eta, algez osatua.
Laut dortoka: dortoka motarik handiena da, 2m luze izan ditzake eta 600kg. Aurkitu den arrik pisutsuena 916kg-ra heldu zen.
Dortoka zuria: Dermatemydidae familiakoa da. Tabaskoko estatuko ikurra da, 65cm izan ditzake bere oskolak. Horrela, bere haragia jateko bilatu izan dira denbora luzean. Hauen skola grisa da.
Dortoka mediterranearra: eremu menditsuetan eta landarerian topa daitezke. Espanian Kantalunian eta Balear Irletan soilik topa daitezke askatasunean. 20cm inguruko luzera dute.
Dortoka labainkorra: espezie komunenetarikoa, eta hainbat azpiespezie ditu. Orokorrean ur geza dagoen edozein eremutan bizi daitezke (lakuak, zingirak, ibaiak…), ur gazia ere jasan dezakete puntu jakin bateraino.
Dortoka ausikilaria: dortoka muskerra izenaz ere ezaguna da. Ur ugari dagoen eremuetan bizi ohi da. 40-50cm inguruko luzera du. Gauez elikatzen da eta haragijalea da.
Dortoka errusiarra: dortoka honetan aipagarria da oskolaren kolorea. Orban beltz edo marroietatik kanpora eredu bat jarraitzen dute koloreek, normalean kanela koloretik, oliba-berdera pasatzen da.
Ezkutu dordoka: aipagarria da ez dituelako hankak eta burua oskol barruan sartzen orokorrean dortokek egiten duten moduan, hauek gorputzaren albo batera mugitzen dituzte.
Lora Dortoka: itsas-dortoken artean txikiena da. 100kg pisa ditzake eta 91,44cm luze izan daiteke gehienez.
Dortokak munduko kulturetan
Kultura popularrean dortokak askotan definitzen dira izaki jasanbera, egonarridun eta jakintsu gisa. Hauen bizitza luzea, mugimendu motelak eta itxura zimurtua direla eta, bizitza luzearen eta baretasunaren ikur bihurtu dira munduko hainbat kulturatan. Gainera, munduko mitologietan garrantzi handia du eta askotan, beren bizialdi luzea dela eta, sorkuntzaren mitoekin lotzen dira edo itsas-biologiaren zein ekologismoaren ikurtzat hartzen dira.
Esoporen alegia esagunenetariko bat Dortoka eta Erbia da. Honetan, erbiari irabazteko dortokaren pazientzia nabarmentzen da.
Erromatarrek dortoka izendatu zuten gerra formazio bat, hauen oskola emulatzen zuena. Osaketa honetan, ezkutuek soldaduak gainetik babesten zituen. Bide honetatik, Erdi Aroko makina bat ere dortoka izendatu zuten.
Txinan, dortokaren izaera tradizionalean (龜) suge baten burua erakusten du,erdiko ezkerreko paretan hankak agertzen dira, eskuman oskola eta behean buztana. “Zeremonien Liburuaren” arabera, errinozeroa, fenixa, dortoka eta dragoia espirituaren lau entitateak dira. Dortoken oskolak Shang dinastian erabiltzen zituzten txinatarrek igartzapenerako, eta txinatar batzuk uste dute bere idazkera dortoken atzeko zatian dauden seinaleetatik hartu zela. Dortokak askotan jartzen dira hilobi-monumentuetan Txinan. Kondairak esaten du zeruko tenpluko egurrezko zutabeak, Beijingen, bizirik zeuden dortoken oskolez egin zirela, izan ere, uste zen animalia hauek 3000 urte baino gehiago bizitzeko gai zirela uste omen zuten, janaririk ezta urik gabe eta botere magikoa omen zuten egurra ez usteltzeko.
Japoniar sinesmen tradizionalen arabera, dortokek bizi-luzaera infinitioa, paradisua eta zorte handia irudikatzen dute; eta, horretaz gain, Kumpira irudikatzen zuen, itsas herriaren Jainkoa. Gainera, Japoniako artea dortokaren oskolaren hexagono forman oinarrituta dago, eta, ondorioz, honegatik bertako arropa tradizional askotan hexagono irudiak aurkitzen dira.
Indiako mitologian uste da mundua dortoka baten oskolaren gain datzala, zehatzago esateko, dortokaren gainean dauden lau elefanteren gainean. Gauza bera gertatzen da Indiako Akupara sinesmenean, ezberdintasun batekin; honetan ez dagoela elefanterik dortokaren oskol gainean. Bertako beste kultura askotan ere goraipatzen da dortokaren irudia, leku bakoitzean era batean, baina beti komunean izanda dortoka dela bai itsasoa bai lurra bai zerua babesten duena.
Beste alde batetik, Ipar Amerikako mitoetan ere dortoka animalia sakratua da, zentzu batean zein bestean munduaren jabe delako, Cheyenne tradizioan eta Mohawk tradizioan, adibidez.
Polinesian ere garrantzia handia dauka dortokak. Hura errepresentatzen zuten markak gorputzean izatea ondo ikusita zegoen, eta gerra sinbologiari lotua zegoen, itxuraz. Izan ere, dortokak jainkoen itzalarekin baita ozeanoen Jaunarekin ere lotuta zeudela uste zuten.
Taxonomia
Subordena Paracryptodira †
Subordena Cryptodira
- Familia Meiolaniidae (Meiolania, †
- Familia Chelydridae
- Superfamilia Chelonioidea ( Itsas dortokak)
- Familia Protostegidae †
- Familia Thalassemyidae
- Familia Toxochelyidae †
- Familia Cheloniidae (Berde dortokak)
- Familia Dermochelyidae
- Superfamilia Kinosternoidea
- Familia Dermatemydidae (Ibai dortokak)
- Familia Kinosternidae
- Familia Platysternidae
- Superfamilia Testudinoidea
- Familia Haichemydidae †
- Familia Lindholmemydidae †
- Familia Sinochelyidae †
- Familia Emydidae
- Familia Geoemydidae
- Familia Testudinidae
- Superfamilia Trionychoidea
- Familia Adocidae †
- Familia Carettochelyidae
- Familia Trionychidae
Subordena Pleurodira
- Familia Araripemydidae †
- Familia Proterochersidae †
- Familia Chelidae
- Superfamilia Pelomedusoidea
- Familia Bothremydidae †
- Familia Pelomedusidae
- Familia Podocnemididae
Erreferentziak
- Fundazioa, Elhuyar. «xaberama» Elhuyar Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2022-10-17).
- «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-17).
- Archelon-Enchanted Learning Software. Enchantedlearning.com (Noiz kontsultatua: 2009-03-14).
- (Gaztelaniaz) «Reportajes y fotografías de Tortugas en National Geographic» www.nationalgeographic.com.es (Noiz kontsultatua: 2019-05-22).
- (Ingelesez) Tortupedia.com – Enciclopedia de Tortugas. (Noiz kontsultatua: 2019-05-22).
- (Ingelesez) Tortugas | Wikifaunia, tu enciclopedia de animales. (Noiz kontsultatua: 2019-05-22).
Kanpo estekak
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: dortoka . |
- UC Berkeley Museum of Paleontology
- Chelonian studbook
- * [http://www.heosemys.org/names.php "Dortoka" izena hizkuntza batzuk