Donostialdea
Donostialdea Gipuzkoako ipar-ekialdean dagoen eskualdea da. Donostia da hirigune nagusia, eta haren inguruko herriek osatzen dute eskualdea. Donostialdea barruan sartu ohi dira Buruntzaldea eta Oiartzualdea eskualdeak ere, erabilera ofizialean bereziki. Guztira 305,2 km² ditu.
Donostialdea | |
---|---|
Euskal Herria | |
Donostialdea airetik ikusia. | |
Administrazioa | |
Herrialdea | Gipuzkoa |
Udalerriak | Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Donostia, Urnieta, Usurbil, Oiartzun, Errenteria, Lezo eta Pasaia. |
Herri handiena | Donostia |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°19′17″N 1°59′08″W |
Azalera | 305,2 km² |
Demografia | |
Dentsitatea | ERROREA: ezin izan da automatikoki kalkulatu, arazoa konpontzeko egin klik hemen biztanle/km² |
Eskualde mailako erakunde publikoak dira San Markoko Mankomunitatea eta Añarbeko mankomunitatea.
Geografia
Geomorfologia
Morfoegituraren aldetik ikusita, Bidasoa Beherean bezalako formazioa dago; iparraldean hirugarren aroko mendi saila dago, Pasaiako itsasarteak, era Zurriolako eta Kontxako badiak etenik. Itsasaldeko mendikatetan lehen sektorea Jaizkibelgo (547 m) mendebalak osatzen du eskualde honetan. Bigarren sektorea, garaiera apalagokoa, Ulia mendiak (231 m) osatzen du; Oiartzun ibaiak itsasoratzean sortzen duen Pasaiako itsasarteak bereizten ditu bi mendiok. Hirugarren sektorea Urgull mendiak (128 m) osatzen du, ekialdean Zurriolako itsasartea eta mendebalean Kontxako badia dituela. Hareharrizko adar batek lotzen du kontinentearekin; hain zuzen ete Donostiako hiriaren zati handi bat adar horren gainean dago jasoa. Hirugarren aroko mendi sail horren jarraipena da, baita ere, Santa Klarako uhartetxoa (60 m), badiaren erdi-erdian. Azken sektorea Igeldo-Mendizorrotz (419 m) lerroak osatzen du, Oria ibaia itsasoratzen denean amaitzen dena, eskualde honetatik kanpo. Itsasaldeko mendikatea hareharri multzoek osatzen dute, kuartzoz txertaturik; urdin kolorekoak dira, edo horixkak batzuetan.
Baita ere, kareharrizko zementu multzoak daude, buztinezko geruza meheekin. Estratuen makurtzea Bidasoaldean baino handiagoa da, askotan 75° edo 80° ere hartzen baitu. Beraz, mendia goitik behera sartzen da itsasoan, amildegi handietan; Kantauri itsasoaren oldarrak higadura handia eragiten dio hare harriari, eta horrela itsasaldeko lerroa gero eta atzerantzago doala esan daiteke.
Bestalde, itsasertzeko hareharrizko haitzetan "Gruyerreko gazta" itxura ikus daiteke, higaduraren indarrez zulo eta taffoni gisakoak maiz ageri baitira. Eskualde honen hegoaldean, Nafarroako mugan, Bortzirietako mendi sail paleozoikoa dago. Ez da oso garaia (600 m inguru); litologiaren aldetik, ekialdean Aiako Harria (832 m) dago, granitozkoa, eta mendebalean arbelak, hareharriak eta konglomeratuak daude; aipatzekoak dira Bianditz (711 m), Aldudekogaina (526 m) eta Adarra mendia (817 m).
Itsasaldeko mendikatearen eta Bortzirietako mendi sailaren artean, Irundik Donostiaraino doan igarobidea dago. Igarobide horretan Bortzirietako mendi sailari lotutako gain apal batzuk nabarmentzen dira: Oiartzungo diapiroa, San Markosko mendigunea, Santiagomendiko segmentua (Jurasikoa eta interes paleontologiko handia duena) eta Martuteneko domoa. Eskualde honetako erdialdea Bortzirietako mendi sailari atxikitako eremu batek osatzen du (Errekaldeko antiklinorioa, Buruntzako ezkata, eta abar), hego-ekialdean Hernanitik Urnietara bitarteko igarobidea gelditzen delarik.
Klima
Klima ozeanikoa da. Batez beste, urteko euri kopurua Donostiako 1.500 mm eta Oiartzungo 2.200 mm bitartean dago; udazkena da euritsuena, uda berriz idorrena.
Halako eremu txikiko eskualdean gorabehera handiak daude urteko eurialdietan, bistan denez Oiartzualdean euri gehiago egiten euri urtean egiten baitu; bertan mendi hegalak NE aldera begira daude; itsasaldeko haizeari eragozpena jarriko dion oztoporik ez dagoenez, maiz itsasoko lainoa mendi hegal horietara bildu eta euria ekartzen du bertara. Tenperaturak leunak dira urtaro guztietan.
Igeldoko meteorologia zentroan, batez besteko tenperaturarik hotzena otsailean izaten da (8 °C) eta epelena berriz abuztuan (19,5 °C). Urre osoa harrura, tenperatura 13,2 °C da batez beste.
Hidrografia
Oiartzun, Urumea eta Ona ibaiek jasotzen dituzte eskualdeko urak; lur gaina zeharka zatikatzen dutelarik, airetik ikusita kuadrikula itxura ematen diote. Oiartzun ibaia Aiako Harrian sortzen da; 15 km-ko bide laburra egin ondoren, eta Arditurri nahiz Sarobe erreken urak jasota, itsasoratzean Pasaiako itsasadarra osatzen du. Urumea Nafarroan sortzen da; Hernani eta Donostia zeharkatu ondoren, Zurriolan itsasoratzen da 40 km-ko bidea egin eta gero; bidean Landarbaso eta Añarbe erreken urak biltzen ditu.Oria ibaia Gipuzkoako ibairik luzeena (66 km), ugariena (26,3 m' segundoko) eta arro zabalenekoa (871 km') da. Eskualde honetan, Andoain, Urnieta, Donostia eta Usurbil zeharkatzen ditu, eta Leizaran eta Abaloz erreken ura jasotzen du, irudi luke Oria ibaiak hartzen duen joera ikusita Donostian itsasoratu beharko lukeela, baina Zubietan 90°ko jira egin, eta bihurgune zabaletan barna, eskualde honetatik irten eta Orion itsasoratzen da.
Landaredia
Gaur egungo landaredian, belardia da nagusi eskualdeko iparraldean, baina tartekaturik badira oraindik hariztiak edota haritzez nahiz bestelako zuhait2ez osatutako baso atlantikoak. Gero eta hegoalderago, pinu arbolak gailentzen zaizkie belardiei.
Pagadi mardul bakarra eskualdearen hego-ekialdean dago, Añarbeko urtegiaren (Gipuzkoako urtegirik handiena da) inguruetan; hor, haritzez nahiz bestelako zuhaitzez osatutako baso atlantikoko sail nabarmenak daude.Ibai nagusien ibilbidean, badira oraindik ere Kantauriko haltza ale sendo batzuk (Alnus glutinosa), baina gehienetan edo oso hondatuak daude edo erabat desagertu dira, lekua platanondo, izai edo haritz gorriari uzteko.Donostialdea da Gipuzkoako eskualdeetan biztanleriarik handienekoa.
- Donostialdea Bizarain menditik (San Marko)
Mugakideak
Iparraldean Kantauri Itsasoa du muga, eta ekialdean Bidaso Beherea eta Nafarroa Garaia. Hegoaldean Tolosaldea eta Nafarroa Garaia ditu mugakide; mendebaldean Urola Kosta eta Tolosaldea.
Udalerriak
Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.
Hamaika udal dira; Donostia, Pasaia, Lezo, Errenteria, Oiartzun, Astigarraga, Hernani, Urnieta, Andoain, Lasarte-Oria eta Usurbil. Udal barrutirik handienak Donostia (61,5 km') eta Oiartzun (60 km') dira. XX. mendearen hasieran 64.000 biztanle ziren eskualde honetan, horietatik 41.000 Donostian, mendearen erdian, 164.000 biztanle baziren, eta 1975ean 312.000 biztanle erroldatu ziren. Gaztela, Errioxa eta Extremaduratik 1960 eta 1970 urteetan iritsitako etorkin andanari zor zaio, batez ere, biztanle hazkunde hori. 1991n eskualdeko biztanleria 315.758 lagunek osatzen zuten (Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria osoaren %14,8, eta Gipuzkoakoaren %46,2). Bilbo Handia eskualdearen atzetik, Donostialdea da Euskal Autonomia Erkidegoan biztanleria dentsitate handieneko eskualdea (1.061 biztanle kilometro koadroko).
Udalerri hauek dauzka eskualdeak: Andoain, Astigarraga, Donostia, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil, eta Oiartzualdeko udalerriak kontuan hartuz gero, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia ere bai.
2014 urtean, Donostialdeak 323.567 biztanle zituen eta dentsitatea 1.061,21 biztanle/km²-koa zen.
# | Udalerria | Alkatea | Alderdia | Biztanleria[1] | % | Eremua (km²) |
---|---|---|---|---|---|---|
1 | Andoain | Andoni Alvarez Lete | EH Bildu | 14.504 | 4,4 | 27,17 |
2 | Astigarraga | Xabier Urdangarin Lasa | EH Bildu | 7.417 | 2,2 | 11,89 |
3 | Hernani | Xabier Lertxundi Asteasuinzarra | EH Bildu | 20.375 | 6,1 | 39,82 |
4 | Errenteria | Aizpea Otaegi Mitxelena | EH Bildu | 39.023 | 11,7 | 32,26 |
5 | Donostia | Eneko Goia Laso | EAJ | 187.849 | 56,5 | 60,89 |
6 | Lasarte-Oria | Agustin Valdivia Calvo | PSE-EE | 18.949 | 5,7 | 6,01 |
7 | Lezo | Mikel Arruti Salaberria | EH Bildu | 6.011 | 1,8 | 8,59 |
8 | Oiartzun | Joana Mendiburu Garaiar | EH Bildu | 10.362 | 3,1 | 59,71 |
9 | Pasaia | Teo Alberro Bilbao | EH Bildu | 15.711 | 4,7 | 11,34 |
10 | Urnieta | Jorge Segurado Iriondo | EAJ | 6.181 | 1,9 | 22,4 |
11 | Usurbil | Agurtzane Solaberrieta Mesa | EH Bildu | 6.166 | 1,9 | 25,64 |
Donostialdea | 332.548 | 100 | 305,72 |
Euskara
Erdialdeko euskararen aldaera bat eskualdeko hizkera da, eta Donostiak bost ikastola ("Aita Barandiaran", "Axular Lizeoa", "Herri Ametsa", "Santo Tomas Lizeoa" eta "Zurriola") eta hiru bertso-eskola (erdialdean, Egia eta Martutenen) ditu.
Bestela, Andoainen ("Aita Larramendi") eta Usurbilen ("Udarregi") ikastola bana eta Lasarte-Orian bertso-eskola bat badituzte ere bai.
Azpiegiturak eta ekonomia
Bidasoa Behereko eskualdearekin harremanak estuak direnez, esan daiteke bi eskualdeok area funtzional bakarra osatzen dutela, Donostiaren eraginpean; Irun da eskualdeko bigarren burua. Dena dela, Donostiaren eragina eskualdeaz harago doala esan behar da. Orio oso lotua dago Donostiarekin, nahiz hurbilago duen Zarautzek lotzen duen oraingoz. Beste muturrean, Billabonak eta Zizurkilek badute loturarik Donostiarekin, nahiz Tolosaren eragin eremuan bizi. Errepideko komunikabideetan, A-8 autobidea (Bilbotik Behobiarainokoa) aipatu behar da lehen-lehenik; ekialdera, Bidasoa Behereko eskualdearekin lotzen du, eta mendebalera, berriz, Zarautz, Eibar eta Bizkaiarekin.
N-l errepideak (Madrildik Irunainokoa) Beasaindik Donostiara bitartean autobide itxura dauka; bertatik abiatzen da A-15 Nafarroako autobidea, Iruñearekin eta Ebroko arroarekin lotzeko. Itsasaldeko N-634 errepide bihurriak kostako herriak lotzen ditu, Eibar era Bilbo aldera jotzeko. Trenbideetan Madrildik Irunerainoko burdinbide zabala nabarmendu behar da alde batetik, eta Donostiatik Hendaiarainoko (Topoa) nahiz Bilborainoko bide estukoak bestetik. Bilbora doan azken trenbide horrek nekez egin diezaioke lehia errepide gaineko garraioari, joan-etorri laburretan ez bada. Abiadura Handiko Trenaren proiektuak eskualdea zeharkatzeko asmoa dauka, baina erabaki gabe dago Donostiarekin nola lotuko ote den.
Itsas garraioa Pasaiako portuaren bitartez egiten da. Oiartzun ibaiak itsasoratzean sortzen duen itsasadarra hartzen du portuak, Donostia, Pasaia eta Lezoko udal barrutietan. Merkataritzaz gainera, arrantzako itsasontzi asko du portuak, eta azterkizun dago kirol jardueretarako nasa edo eremu berri bat egokitzeko proiektua.
Merkataritzaren aldetik, Pasaiako portuak 4.200.000 t salgai higiarazten ditu urtean, batez ere burdina, autoak eta petroliotik eratorritako gai birfinduak. Zernahi gisaz, baditu bere eragozpenak: sarrera zaila dauka, hondoak (10 edo 12 m) muga jartzen die itsasontzi handiei, eta, batez ere, lehia handia egiten dio Bilboko portuak, egoera fisiko eta tekniko hobea baitauka. Ekonomiaren aldetik ikusita, Donostialdea Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren gunea da, Bilbokoaren atzetik.
Lanean ari den biztanleria 106.793 lagunek osatzen dute; gehienak hirugarren sektorean ari dira (%60), batez ere hiriburuan (%70). Donostian administrazio jardun handia dago: bertan dira Estatuko administrazioaren ordezkaritzak eta Eusko Jaurlaritzako sailen ordezkaritzak. Horiez gainera, Lurralde Historikoko Foru Aldundiaren administrazioa era Udalarena ere Donostian daude. Justizia administrazioak Donostian dauka Probintziako Auzitegia eta gainerako epaitegiak (sei lehen instantziakoak, bost instrukzioko eta penalekoak, eta lau sozialekoak). Andoain ez dago Donostiako epai barrutiaren barnean, Tolosakoan baizik.
Osasun etxe eta ospitaleak, Osakidetzarenak gehienak, Zorroagako inguruan daude bildurik: Arantzazuko Ama Ospitalea da nagusia, Gipuzkoa osoko ospitalea) burua; Gipuzkoako Ospitaleak eskualdeko zerbitzu gisa dihardu; Ama-haurren Ospitalea ere badago, Arantzazuko Ama Ospitaleari erantsia; Amarako Ospitalea, berriz, ospitaleratze luzeetan dago espezializatua.
Osasun etxeen sarea Ospitale Onkologikoak, Gurutze Gorriko Ospitaleak, Gipuzkoako Poliklinikoak, Mada Fundazioko Ospitale Geriatrikoak eta bestelako klinika txikiagoek osatzen dute.
Bestalde, anitz dira anbulatorio, erietxe eta gisakoak. Euskal Herriko Unibertsitateko fakultate eta goi mailako eskola tekniko asko dago Donostiako campusean (zientzia kimikoak, informatika, zuzenbidea, filosofia eta hezkuntza zientziak, enpresa zientziak, eta arkitektura).
Horiez gainera, Deustuko Unibertsitateko fakultate batzuk (enpresa zientziak, filosofia eta letrak) eta Nafarroako Unibertsitateko bai (ingeniaritza) daude.
Halaber, unibertsitate eskolak (irakasletza, ingeniaritza teknikoa, erizaintza, eta turismoa) eta Musika Kontserbatorio Nagusia daude Donostian. Euskal telebistak programak ekoizteko zentroa dauka Miramonen, Euskadiko Orkestraren egoitzaren aldamenean. Irrati publiko nahiz pribatu askok dituzte estudiorik eskualde honetan, batez ere Donostian. Egunkarietan, Diario Vasco egunkariak bere erredakzioa eta makineria Donostiako Ibaeta auzoan ditu, eta Gara egunkariak ere han du erredakzioa.
Euskaraz oraingoz argitaratzen den egunkari bakarrak, Berriak alegia, Andoainen du egoitza.
Turismoari lotutako jarduerek tradizio handia dute eskualde honetan XIX. mendearen amaieraz geroztik; hiriburuan batez ere, sektore garrantzitsua da gaur egun turismoa. Hoteletan 1.500 bat gela daude (3.000 pertsona ingururentzako lekua), eta hotetarik erdia lau edo bost izarretako hoteletan dira. Ez dira, noski, kopuru handiak, baina oro har hotelen eskaintza ondo orekatua dagoela esan daiteke, turismoa urtaro jakinetan etortzen baita.
Oporretarako bigarren etxebizitzak 5.000 inguru dira eskualde honetan; Donostian daukate batez ere garrantzia. Donostialdean sei bat mila saltoki txiki daude, gutxi gorabehera erdiak Donostian bertan. Alde horretatik ikusita, Donostiaren eragina probintzia osoko herrietara hedatzen da; bakar-bakarrik esan daiteke ipar-mendebaleko bazterra dagoela eragin horretatik aparte, Bilboko eraginpean bairago, eta hego-mendebalekoa, Gasteizko eraginpean. Nabarmendu beharra dago, baita ere, bi hipermerkatu edo saltoki handi direla Oiartzunen, beste bat Intxaurrondo auzoan, eta azkenengo bat Usurbilen.
Bigarren sektorean eskualdeko biztanleria langilearen %30 ari da gutxi gorabehera; Lasarten, Usurbilen eta Lezon %40ra ere iristen da. Bederatzi langilez goitiko industriak laurehun bat dira, eta guztira 20.000 langile hartzen dituzte. Sektore horretan diren langile kopuruen arabera, nabarmentzekoak dira Donostia, Usurbil eta Hernani. Lehen sektoreak ez du eragin nabarmenik eskualdearen ekonomian, baina hala ere Euskal Autonomia Erkidegoan lehen sektorean jenderik gehiena ari den eskualdea da (2.500 bat pertsona), nahiz proportzioan langile guztien %2 besterik ez izan. Bi mila inguru nekazaritza ustiategi edo baserri daude erroldatuak, guztira 24.000 hektarea hartzen dituztenak; lur horietan gehiena basogintza (%38) eta belardiak (%4l) dira. Belardi honen bitartez baserrietan diren abelburuen mantenua egiten da; guztira, 12.000 behi eta 15.000 ardi inguru dira. Donostian eta Pasaian itsas arrantzako portuak dira. Baxurako arrantzan 30na ontzi dira, 145 eta 171 arrantzalerekin guztira.
Donostiako itsasontzi gehienak arrantza teknika zaharretan daude espezializaturik; ez da harritzekoa, beraz, donostiarrek urtean 1.600 t arrai harrapatzen duten bitartean, pasaiatarrek 5.500 t harrapatzea. Pasaiako altutako itsasontziak asko izan ziren 1960ko hamarkadan: 280 ontzi izatera ere heldu ziren. Gaur egun ordea 58 besterik ez dira, horietatik 20 bakailaoketariak, 9 izozkailuak eta 29 arrastekoak; guztira 1.000 arrantzale dituzte.
Ondasun nagusiak
- Oiartzunaldea.
- Donostia-Astigarraga
- Donostia.
- Udaletxea (Gran Kasino eraikina)
- Klub Nautikoaren eraikina eta itsas portua
- Kontxako hondartza
- Aquariuma
- Urgull mendia (Motako gaztelua)
- Pasealeku berria
- Jurgi Oteizaren eskultura (Eraikuntza Hutsa)
- Miramar jauregia
- Haizearen orrazia
- Igeldo mendia (Donostiako ikuspegia)
- Gipuzkoa plaza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikina
- Artzai Onaren katedrala
- Konstituzio plaza eta Udaletxe zaharra
- Santa Maria basilika edo Koruko Andre Mariaren basilika
- Done Bikendi eliza
- San Telmo Museoa (STM)
- Victoria Eugenia antzokia
- Maria Kristina hotela
- Kursaal jauregia (auditorioa)
- Tabakalera (Kultura Garaikidearen Nazioarteko Gunea)
- Kristinaenea parkea eta Mandasko dukearen jauregia
- Aieteko jauregia eta parkea
- Eureka! Zientzia Museoa (Miramon parke teknologikoa)
- Ulia mendia
- Artikutzako parke naturala (herri gunetik 25 km-tara)
- Astigarraga
- Donostia.
- Hernanialdea.
- Andoain
- Hernani
- Lasarte-Oria
- Urnieta
- Done Mikel eliza
- Udaletxea
- Santa Leokadia baseliza
- Aierdi baserria
- Usurbil
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.