Donostiako Aquariumeko balea

Donostiako Aquariumeko balearen hezurdura, Zarautz eta Getaria artean 1878an ehizatutako sardako balea edo euskal balea batena da, euskal kostan baleazaleek harrapatutako azken-aurrekoa (hurrengoa, 1901eko Orioko balea, izan zen azkena).

Donostiako Aquariumeko balea

Bizitza
HeriotzaBizkaiko golkoa eta Zarautz, 1878ko otsailaren 9a
Heriotza modua: balea arrantza
Jarduerak

Harrapaketa

1878ko otsailaren 11n azaldu zen Zarautz inguruan balea, eta Zarautz, Orio eta Getariako arrantzaleak bertaratu ziren. Zarauztarren txalupa batetik sartu zioten lehen arpoia nonbait, Roke Etxabe zarauztarrak, eta balea Mollarri deritzon puntaraino eraman zuren, baina hikamika gertatu zen herri bateko eta besteetako arrantzaleen artean, eta oriotar eta zarauztarren gaitzespenarekin getariarrek balea herriko portura eraman zuten.[1]

Baina balea prozesatu gabe, txikitu gabe geratu zen, berehalakoa izan baitzen zarauztarren erreakzioa eta auzitara eraman zutren gaia. 1879ko uztailaren 29 arte egon ziren auzitan eta azkenean, Azpeitiko Epaitegiak getariarrei eman zien arrazoia. Baina ordurako animaliaren haragia usteldua eta alferrik galdua zen, eta inork ez zion aprobetxamendurik atera. Geratu zena, aldiz, hezurdura konpletoa izan zen, eta horrek eman zuen bide hezurrak ondo kontserbatzeko. Donostiako Udalak erosi zituen hezurrak eta 20. mendean balea Donostiako Aquariumean jarri zituzten. Balea harrapatzeko erabilitako arpoi eta lantzak Getarian gordetzen dira 21. mendean; eta balearen bizarren arrastoak, berriz, Zarautzen, Arkaitz-Mendi sozietatean.[2]

Bertsoak

Zarautzen bertso sorta bat egin zen auziaren inguruan, hogeitaka bertso hamarreko txikian, eta doinu berezkoarekin.[3] Andoni Egañak bildutako bertsio batekoak dira ahapaldi hauek:[4]

Milla zortzieun da/ setenta y otxuan

Zarauztik txaupa bat/ baletara juan;

Anton getariarra/ lagun artu zuan

gizon balientia / ori zalakuan

obe zuan Kaperok / ikusi ez bazuan.

Lenengo suertia/ zan Antonentzako

badira motibuak/ kantak jarritzeko.

Aguro pronto jarri/ ziran agintzeko

ori basta izan zan/ bazterrak nasteko,

an etzan korajerik/ arpoia sartzeko.

Lenengo estokada/ zarauztarrentzako

asko bildurtu gabe/ oriek zuten jo.

Baita esnatu ere/ bazeguen ere lo

kuadrilla ederra giñan/ eule ta errero

ongi portatua da/ Jabier Kapero.

Arpoia eskuan da/ korajez beterik

Roke Etxabe zegon/ aurrean zut zutik.

Ez al zaio azaltzen / balia urpetik…

ezarri zion firme / bizkarrezurretik

jendiak esan zuan/ “orrenak egin dik!”.

Ordubi t´erdietan/ arpoia sartuta

marru egiten zuan/ arek min artuta.

Getariar oriek/ danak bildurtuta

kanpuan egon ziran/ kobardiatuta

uste gendun zeudela/ denak erituta

Getari etorri zan/ baliaren galdez

ikusten zitulako/ txalupa aiek trabes

Baietz agindu giñon/ geure borondatez

Antonek albotikan/ ematerik nai ez,

naiz berak baliari/ batere sartu ez.

Ikusi duteneian/ balia ur-mintzian

bi arpoi sartu dizke/ gogor biotzian

indarrak aplakatu/ odol isurtzian

ez da geio esnatuko/ arnasa aitzian

derrepente il zaigu/ ia iluntzian.

Molla gainera ginduzten/ iru gizon iyo

gure konbeniyuak/ ez du asko baliyo;

Gizonak egitia / ainbeste traiziyo

egunen baten orrek/ igarriko diyo

zein dan jakin zazute/ Jose Gregoriyo.

Mediku eta apaiz/ bestia alkatia

bale-sokai tiraka/ bazan an jendia.

Gizon armatuakin/ garbitu bidia,

lapurrari bezela/ iriki atia

preso artu gaituzte/ gu eta balia.

Kontxan laga biarrian/ mollan dute sartu

aziyo orregatikan/ ez giñaren poztu;

Arrika ematia´re/ etzitzaien aztu,

tripulazio dana/ oso giñan nastu

orregatik Antonek/ balia erraz ostu.

Gau artan bota zuben/ gezurrez partia

argatik izandu zan/ guretzat kaltia

Sebastian du izena/ ez dakit lonbria

zume-punta batekin/ ango alkatia

oju egiten zuben: /“neu naiz erregia!”.

Elkanok bi seme orain/ errege baditu

gizon brontzezko orrek/ nola egin ditu?

Zume zar baten puntak/ ainbeste meritu!

Zarauzko alkatiak/ errekan baditu

pobriak serbitzeko/ irukitzen ditu.

Oiek zer egin duten/ eztiyou igerri

egiya esan biar/ errege jaunari;

arpoi asko tiratu/ guziak urari

ori jarri biar da/ txori-bildurgarri

kobardia dalako/ Anton Aranberri.

Erreferentziak

  1. Ereiten. (2017-03-23). «Getaria eta baleak» Ereiten (Noiz kontsultatua: 2023-07-14).
  2. (Gaztelaniaz) Lozano, Ainara. (2012-07-12). «Un guiño al pasado marítimo» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2023-07-14).
  3. Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Zarauzko balearena - Doinutegia - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-14).
  4. Egaña, Andoni. (2017-10-23). «bertsolarien zarautz» Bertsolari (Noiz kontsultatua: 2023-07-14).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.