Donostia Kultura

Donostia Kultura -gaur egun Enpresa Erakunde Publikoa- Donostiako Udalaren kultur eragile nagusia da. Hainbat udal-ekipamendu eta -zerbitzu kudeatzeaz gain, kultura-diziplina guztietan programazioa eta jaialdiak antolatu eta kultur ekimen berriak garatzen ditu, eragile pribatuekin zenbaitetan.

Donostia Kulturaren bulegoak

Donostia Kulturako bulegoen egoitza, Konstituzio plazako 1. zenbakian.
Kokalekua
Donostia Kultura is located in Donostia erdigunea
Donostia Kultura
Donostia Kultura
Donostia Kultura (Donostia erdigunea)

43°19′24.8″N 1°59′0.56″W
Sorrera1990
Egoitza nagusiaKonstituzio plaza, 1
Herria Donostia (Gipuzkoa)
Herrialdea Euskal Herria
ZuzendariaJaime Otamendi
Webguneahttp://www.donostiakultura.eus

Historia

Donostia Kultura 1990ean sortu zen Donostiako Udaleko Erakunde Autonomo moduan (Kultur Udal Patronatua). Erakunde horrek bildu zituen kultur zerbitzu guztiak, ordura arte, hiru patronaturen artean baitzeuden banatuak, alegia, San Telmo, Motako Gaztelua eta Urgull Mendikoa bata, Liburutegi eta Kultur Etxeetakoa bestea eta Antzerki eta Jaialdietakoa hirugarrena. 2007an Enpresa Erakunde Publiko bihurtu da. Donostia Kulturako zuzendariak hauek izan dira:

Miguel Sagües, Jose Antonio Arbelaiz (1991-1995), Antton Azpitarte (1995-2011), Amaia Almirall (2011-2015) eta Jaime Otamendi (2015-).

Zerbitzu eta Jarduerak

Herritar orori kultura eskuratzeko aukera eskaini eta kultura hirian barrena hedatzeko xedez, Donostia Kulturak 18 zentro kudeatzen ditu, San Telmo Museoa eta Victoria Eugenia Antzokia bezalako eraikin ezagunetatik hasi eta herritarrengandik gertu dauden eta askotan beren auzoetatik haratago doazen zentro eta liburutegien sareraino. Hona hemen, labur-labur, eskaintzen dituen zerbitzu eta jarduerak[1]:

Antzerkia eta dantza. Arte Eszenikoen unitateak antzerkia eta dantza ikuskizunen programazio zabala eskaintzen du. Horretarako, lau espazio eszeniko kudeatzen ditu (Victoria Eugenia Antzokia, Antzoki Zaharra, Gazteszena Aretoa eta Imanol Larzabal aretoa) eta, noizean behin, beste espazio batzuk ere erabiltzen ditu. Unitate honek zuzentzen du, halaber, Donostiako Antzerki Jaialdia, eta Donostia Antzerki Saria.

Musika. Jazzaldia kudeatzeaz gain, unitate hau hiriko musika garaikideaz arduratzen da, Victoria Eugenia, Gazteszena eta Donostia Kulturako gainontzeko ekipamenduetako programazioaz ere arduratzen da. Kursaal Fundazioaren bitartez, berriz, auditorioan ere programatzen du. Azkenik, kontzertu erraldoiak edota hirian dauden musika ekitaldi handiak ere antolatzen ditu.

Zinema eta bideoa. Unitate honek Donostia Kulturako eduki zinematografikoak programatzen ditu. Gainera, bestelako erakundeekin lankidetzan, hainbat zinema-ziklo eta jaialdi antolatzen ditu. Eskaintzen duen programazioaren barnean, nabarmentzekoak dira, besteak beste, Nosferatu Zikloa, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema, bai eta berriagoak diren Zinea eta Giza Eskubideen Jaialdia eta Surfilm Festibal delakoa ere.

Jaiak. Unitate honek hainbat kirol, kultur, arte eta jolas-ekitaldi antolatzen ditu, gehien bat kalean. Nabarmenenak gure hiriko jai ofizialak dira (Aste Nagusia, Danborradak, Euskal Jaiak, Kontxako Bandera eta abar). Horiekin batera, auzoetako festak, etxe erregionalak eta kaleko beste ekitaldiak ere antolatzen ditu. Azkenik, Donostiak beste hiriekin egindako senidetzeen inguruko ekitaldiak eta “Urrezko Danborra” ere gestionatzen ditu.

Kultur Ekintza Zerbitzua. Bederatzi kultur zentro ditu hirian barreiatuak (Aiete, Altza (Tomasene), Amara (Ernest Lluch), Antiguo (Lugaritz), Egia, Gros (Okendo), Intxaurrondo eta Loiola) eta, horien bitartez, kultur zerbitzu deszentralizatua eskaintzen du. Zentro horietako batzuk diziplina zehatz batean daude espezializatuak. Zerbitzu honek hiriko bestelako erakundeekin ere lan egiten du, hainbat jarduera antolatzeko.

Liburutegi Zerbitzua. Biblioteka-sarea osatzen duten hamasei biblioteken bitartez, informazio-, kontsulta-, mailegutza- nahiz Internet-zerbitzua eskaintzen du, nola haurrentzat nola helduentzat. Zerbitzu horiez gain, irakurketa sustatzeko hainbat jarduera antolatzen dira.

San Telmo Museoa. XVI. mendean eraikitako komentu zaharrean kokatua, inbentariatutako 15.000 objektu baino gehiago dituzte euren Arkeologia, Arte Eder, Etnografia eta Historiako bildumetan. Ondarea mantendu, zaharberritu, inbentariatu, aztertu eta zabaltzeaz gain, behin-behineko erakusketak antolatzen ditu aldiro. Museoa zaharberritze- eta zabaltze-prozesuan dago une hauetan.

Donostia Kulturak 220 langile baino gehiago ditu. Jarduera eta zerbitzu guztiak ongi garatzeko, honako hiru unitate zentral hauek ditu: Zerbitzu Orokorrak, Erakundeko administrazio-gaietaz arduratzeko, Komunikazio eta Irudi Unitatea, programazioa eta Donostia Kulturaren irudia zabaltzeko, bazkideak kudeatzeko eta abar. Ekoizpena, azkenik, programazio osoari euskarri tekniko, logistiko eta antolaketari dagokionaz arduratzen da.

Kultur etxeak

  1. Aiete
  2. Tomasene kultur etxea (Altza)
  3. Ernest Lluch kultur etxea (Amara Berri)
  4. Lugaritz kultur etxea (Antiguo)
  5. Egia
  6. Okendo kultur etxea (Gros)
  7. Intxaurrondo
  8. Larrotxene (Intxaurrondo)
  9. Loiola

Erreferentzia

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.