Donald Osterbrock
Donald Edward Osterbrock (Cincinnati, AEB, 1924ko uztailaren 13a - 2007ko urtarrilaren 11) astronomo estatubatuarra izan zen.
Biografia
Chicagoko Unibertsitatean ikasle zela, gure galaxiak adar kiribilak dituela frogatu zuen, William Wilson Morgan eta Stewart Sharplessekin batera. Ikasketak bukatuta, eskolak eman zituen Princeton Unibertsitatean, Kaliforniako Teknologia Institutuan, Wisconsineko Unibertsitatean (Washburn Behatokiko zuzendari gisa) eta Kaliforniako Unibertsitatean (Lick Behatokiko zuzendari gisa).
Ioi gasen fisikari buruz egin zuen lana garrantzi handikoa gertatu zen planeta nebulosen azterketan. Berak eta bere ikasle eta lankideek galaxiak, quasarrak eta bertan gertatzen diren prozesu fisikoak aztertu zituzten batez ere. Halaber, garrantzi handiko ekarpenak egin zizkion astronomiaren historiari, XIX. eta XX. mendeko astronomo eta behatokiei buruzko liburuak eta artikuluak idatziz.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.