Domus Aurea
Domus Aurea (latinezko "Urrezko Etxea") Neron enperadoreak Erroman 64ko sutearen ondoren eraikitako jauregi handi bat izan zen. Honen aztarnek zutik diraute oraindik Erroma erdialdeko Monti rionean.
Domus Aurea | |
---|---|
Domus Aurea | |
Regio III Isis et Serapis Parco archeologico del Colosseo | |
Domus Aureak, oraindik, irudian ikus daitezkeen Trajanoren Termen hondakinen azpian jarraitzen du. Irudi gehiago | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Italia |
Eskualdea | Lazio |
Italiako hiri metropolitarra | Erromako hiri metropolitarra |
Hiria | Erroma |
Erromako Rioniak | Monti |
Kokapen fisikoa | Oppian Hill (en) |
Koordenatuak | 41°53′29″N 12°29′43″E |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 64 |
Komisarioa | Neron |
Arkitektura | |
Estiloa | Erromatar arkitektura |
Azalera | 1.833 m² |
Ondarea | |
Objetu kopurua | 10 item (en) |
Bisitariak urtean | 7.808 |
Kontaktua | |
Helbidea | viale della Domus Aurea, 1, 00184 Roma RM eta Via della Domus Aurea 1, 00187 Roma |
E-posta | mailto:pa-colosseo@beniculturali.it |
Telefonoa | tel:+39-06-499841 |
Webgune ofiziala | |
Historia
Palatino eta Eskilino muinoen artean kokaturik zegoen eta kalkuluen arabera 50 hektareako hedadura zuen. Urre, harribitxi eta bolizko inkrustazioz hornitua zegoen. Neron hil zenean, oraindik amaitu gabe zegoen, eta 104ko suteak hondatu zuen. Trajano enperadoreak jauregiaren hondakinak estalarazi zituen. Horri esker, indusketetan aurkitutako hondakinak kontserbazio-egoera onean daude. Pinturak bereziki ederrak dira.
Suetoniok dio Neronek, bere Domus Aurean lehen aldiz sartu zenean, honako hau esan zuela:
« | Ongi! Orain, azkenean, gizaki bat bezala bizitzen has naiteke | » |
Suetonio Hamabi Zesarren bizitza, Neronen bizitza. 31.
K.o. 64ko ekainaren 18an sute handi bat izan zen Erromaren erdi-erdian. Sei egunez iraun zuen suak, eta hiriaren erdialde guztia kiskalita geratu zen. Mihi gaiztoek ziotenez, Neronek berak eragin zuen sua, gero berak eraikin berriak altxatzeko, baina ez da gauza ziurra, eta esan behar da suteak nahiko ohikoak izaten zirela garai hartan. Azkenean, behintzat, eta herriak errudunak eskatzen zituenez, kristauei leporatu zieten sutea, eta huraxe izan zen, hain zuzen, Erromako gobernuak kristauen aurka egindako lehen esetsaldia. Nolanahi ere, Neronek ez zuen aukera alferrik galtzen utzi, eta sekulako jauretxe bat eraikiarazi zuen, bere bizileku izan zedin, hiriaren bihotz-bihotzean. Bi arkitekto ospetsuk, Severok eta Zelerrek, zuzendu zituzten eraikuntza-lanak, eta Domus Aurea (Urrezko Etxea) deitu zion jauretxeari. Palatinotik hasi eta 50 hektarea hartzen zituen, Esklinoko lorategietaraino. Benetako mikrokosmos bat zen: etxalde eskerga bat, alboan urmael handi bat zuela (Koliseoa eraikiko zen gero urmael hori zen tokian), eta soro eta basoak inguru guztian.
Egoitzaren sarrera aipatutako bi mendixken arteko haranean zegoen. Honela deskribatu zuen Suetonio historialariak: «Egoitzaren atartean ehun eta hogei oin altuko Neronen estatua erraldoi bat zegoen; hiru zutabe-ilarako ataria zuen, mila urrats luze zena; itsaso bat zirudien urmael bat ere bazen, hiri baten antzera etxez inguratua; eta inguru guztian soro landuak, mahastiak, larreak eta basoak zeuden, eta etxe-abere eta basapiztia ugari alde guztietan. Eraikinaren gainerako guztia urre-kolorez margotua zegoen, eta harri bitxiz eta perla-maskorrez apaindua. Jangelen sabaiak bolizko oholtxoz zeuden estaliak, nahi zenean haiek kendu eta gonbidatuen gainera loreak eta urrinak botatzeko. Festa eta oturuntzetarako areto nagusia biribila zen, eta sabaia gau eta egun biraka aritzen zen, zeru-sabaia balitz bezala. Itsas urezko bainutegiak bazituen eta baita sufre urezkoak ere».
Erromatarrei ez zitzaien gustatu Neronen handizalekeria hura, baina ez obraren nabarmenkeriagatik, baizik eta Erromaren erdian (garai hartan munduko hiriburua) hain egoitza handia eraikitzea irain bat iruditzen zitzaielako.
Bibliografia
- Ball, Larry F. The Domus Aurea and the Roman architectural revolution. Cambridge University Press, 2003.
- Iacopi, I. Domus Aurea. Milan: Electa, 1999.
- Alasdair Palmer, "Nero's pleasure dome," in London Sunday Times, July 11, 1999.
- Segala, Elisabetta. Domus Aurea. Milan: Electa, 1999.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
- (Italieraz)Domus Aurea Romeguiden
- (Latinez)Neronen Bizitzaren jatorrizko testua, Suetoniorena