Dominika

Dominika[1] (ingelesez: Dominica; frantsesez: Dominique), izen ofiziala Dominikako Commonwealth, Karibeko uharte-estatua da. Antilla Txikien parte da, Haizaldeko uharteetakoa; iparraldean Guadalupe du, eta hegoaldean Martinika. 750 kilometro koadroko eremua du, eta 2016an 73.543 biztanle zituen.[2] Hiriburua Roseau da.

Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Dominikar Errepublika»
Dominikako Commonwealth
Commonwealth of Dominica
Ereserkia: Isle of Beauty, Isle of Splendour

flag of Dominica (en) Itzuli

coat of arms of Dominica (en) Itzuli
Geografia
HiriburuaRoseau
15°18′0″N 61°22′48″W
Azalera751,096551 km²
Punturik altuenaMorne Diablotin (1.447 m)
Punturik sakonenaKaribe itsasoa (0 m)
KontinenteaIpar Amerika
MugakideakVenezuela
Administrazioa
president of Dominica (en) ItzuliCharles Savarin
Dominikako lehen ministroaRoosevelt Skerrit
LegebiltzarraHouse of Assembly of Dominica (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria74.656 (2023)
731 (2017)
Dentsitatea99,4 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa1,9 (2003)
Eskolaratu gabeko umeak631 (2015)
Bizi-itxaropena76,59756 (2002)
Giza garapen indizea0,74 (2022)
Ekonomia
BPG nominala562.540.740,74074 $ (2017)
−18.943.296,296296 (2016)
BPG per capita6.719 $ (2017)
−1.105 (2016)
BPG erosketa botere paritarioa742.016.707 nazioarteko dolar (2017)
−62.866.564 (2016)
BPG per capita EAPn10.037,426 nazioarteko dolar (2017)
−906,964 (2016)
BPGaren hazkuntza erreala0,6 % (2016)
Erreserbak212.292.574 $ (2017)
−9.615.188 (2016)
Inflazioa−0,2 % (2016)
0,3 (2015)
Historia
Sorrera data: 1978
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+1767
ISO 3166-1 alpha-2DM
ISO 3166-1 alpha-3DMA
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.AC power plugs and sockets: British and related types (en) Itzuli eta BS 1363 (en) Itzuli
Internet domeinua.dm
dominica.gov.dm

Geografia

Dominika Karibeko uhartea da; mendebaldean Karibe itsasoa du, eta Ozeano Atlantikoa ekialdean. Guadalupe uhartedia du 48 kilometro iparraldera, eta Martinika 40 kilometro hegoaldera. Jatorri bolkanikokoa da, eta Morne Diablotin sumendia (1.447 metro) da gailurrik gorena. Uhartearen barnealdea oihan tropikalez estalirik dago; aintzat hartzekoa da Morne Trois Pitons Parke Nazionala, Gizateriaren ondare izendaturik dagoena.[3] Bertan dago, besteak beste, Boiling Lake izeneko aintzira termal handia.[4] Lore nazionala uhartean endemikoa den Bwa Kwaib edo Bois Carib (Sabinea carinalis) da. Hegazti nazionala Sisserou Amazona imperialis loroa da, bandera eta armarrian agertzen dena.[5]

Historia

Uharteari ezagutzen zaion lehen izena karibear herriak ipini zion: Wai'tu kubuli,[6] Waitukubuli[7] edo Waitikubuli[8]. Europarrek jarritako lehen izena Kristobal Kolonek 1493an ipinitakoa da; uhartea ikusi zuen eguna (azaroaren 3a) igandea zenez, Dominica izendatu zuen. frantsesen esku ere egon zenean, la Dominique izena haru zuen. Geroago, britainiarrek berenganatu zuten; geroztik, Dominica da ingelesezko izen ofiziala.

Dominikak 1967an lortu zuen barne arazoak kudeatzeko ahalmena ematen zion lehen autonomia, baina kanpo politikako gaiek Erresuma Batuaren eskumen izaten jarraitu zuten. 1978ko azaroaren 3an lortu zuen independentzia, errepublika gisa, Commonwealthen barruan, eta berehalaxe sartu zen Nazio Batuen Erakundean. Errepublikako lehen gobernuburua Patrick John laborista izan zen, eta hurrengoa, 1979an, Oliver Seraphine. 1980, 1985 eta 1990eko hauteskundeak irabazi ostean, Mary Eugenia Charles izan zen lehen ministro. Hamabost urtez agintean egon ondoren, Charles ez zen aurkeztu 1995eko legebiltzarrerako hauteskundeetara eta hala, Langileen Alderdi Batuko buruzagi den Edison James egin zuten lehen ministro.

1994 eta 1995eko hondamendi naturalen eraginez nahikoa jota geratu ondoren, Dominikako ekonomiaren egoera 1998aren erdialdera hasi zen berriro suspertzen, eraikuntza sektorearen, xaboi produkzioaren eta turismoaren gorakadari esker. 2000. urteko hauteskundeetan Dominikako Alderdi Laborista irten zen garaile, Roosevelt P. "Rosie" Douglas buru zela, baina agintaritza hartu eta gutxira hil zen eta Pierre Charlesek hartu zuen haren lekua.

Gobernua eta administrazioa

Politika

Antzinako britainiar kolonia hau 1978ko azaroaren 3an egin zen burujabe, eta gaur egun Commonwealtheko kide da. Goian aipatutako datan onartutako konstituzioan oinarritzen da bertakoko politika sistema. Bost urtetik behin, 18 urtez gorakoen sufragio unibertsalez, hautatzen dira ganbera bakarreko legebiltzarra osatzen duten 30 kideetatik 21 diputatu (gainerako 9 senatariak lehendakariak izendatzen ditu). Legebiltzarreko gehiengoak hautatzen du lehendakaria, hau da, estatuburua. Honek, berriz, gobernuburu izango den lehen ministroa aukeratzen du, eta gobernu kabineteko ministroak izendatzen ditu, lehen ministroaren aholkuak kontuan hartu eta gero.

Ereserkian eta goiburu nazionalean uharteko hizkuntza nagusi biak tartekatzen dira. Lehena ingelesez dago eta bigarrena kwéyòl izeneko hizkuntzan; ofizialki adibidez armarrian agertzen den modua Après Bondie C'est La Ter, kreolera eta frantses estandarraren arteko erdibidean; Dominikako kreoleraren forma arautuan Apwe Bondye Se La Te idatzi behar da.

Saint Andrew
Saint
Peter
Saint
John
Saint Joseph
Saint Paul
Saint David
Saint George
Saint
Patrick
Saint Luke
Saint Mark
DOMINIKA

Banaketa administratiboa

Dominika 10 parrokiatan dago banatua:

Parrokia Biztanleria
(2011ko errolda)
Eremua (km²) [9]
Saint George 21.241 56,2
Saint John 6.561 59,0
Saint Peter 1.430 32,6
Saint Joseph 5.637 121,2
Saint Paul 9.786 65,2
Saint Luke 1.668 7,8
Saint Mark 1.834 10,4
Saint Patrick 7.622 87,5
Saint David 6.043 131,5
Saint Andrew 9.471 178,1

Demografia

Biztanleria

2016an 73.543 biztanle zituen guztira.[2]Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %21,7 dira, 15-24 urte bitartekoak %15,1, 25-54 urte bitartekoak %42,2, 55-64 urte bitartekoak %9,8 eta 65 urtetik gorakoak %11,1. Bizi itxaropena 77,2 urtekoa da, 74,2 urtekoa gizonezkoena eta 80,3 urtekoa emakumezkoena. Ugalkortasun-tasa osoa 2,03 haurrekoa da emakumeko (2017ko zenbatespenak).[10]

Banaketa etnikoa

Dominikarren %86,6 beltzak dira, XVIII. mendean Afrikatik eramandako esklaboen ondorengoak; %9,1 mulatoak dira, eta %2,9 karibear indigenak.[10]

Hizkuntzak

Ingelesa da hizkuntza ofizial bakarra eta egun denek ulertu eta hitz egiten dute. Egoera ez da beti halakoa izan. Europarren aurrekoen komunitate autoktono bat geratzen den Karibeko uharte bakanetakoa da; haren hizkuntza, ordea, desagertu egin zen.

Erresuma Batuak baino lehen, Frantziak kontrolatu zuen uhartea, Guadalupe eta Martinika auzokideak bezala. Garai hartan, frantziar kreolera bat sortu zen (kwéyòl izena ematen zaio), eta dominikar askok, batez ere zaharrek, hitz egiten dute. Gazteen artean galtzen ari dela-eta, ekimen batzuk bultzatzen dira hizkuntza gorde dadin. Cocoy edo Kockoy izeneko beste kreolera bat ere dago, ipar-ekialdeko Marigot eta Wesley herrietan hitz egiten dena; kwéyol (beraz, frantses oinarriko kreolera) eta inguruko Antilla Txikietako ingeles kreoleraren arteko nahasketa da.

Erlijioa

Katolikoak %61,4 dira, protestanteak %28,6, rastafariak %1,3, Jehovaren lekukoak %1,2, eta erlijio gabeak %6,1 (2001eko zenbatespena).[10]

Ekonomia

Ia erabat oihan tropikalez estalitako uharte menditsua denez, zura da Dominikako baliabide natural garrantzizkoenetakoa, baina ez dute basorik ustiatzen. Aldiz, nekazaritzan oinarritzen da bertako ekonomia. BPGaren %14,7 sektore horri dagokio, eta biztanleria aktiboaren %40 enplegatzen du. Produktu nagusiak bananak (batez ere), zitrikoak, mangoa, kokoak, kakaoa, kanela, bainilla aleak eta barazkiak dira. Klima tropikalaren kariaz ekaitzak eta haizete beldurgarriak izaten dira. 1995eko irailean, esate baterako, Luis urakanak banana uzta guztia birrindurik utzi zuen eta, urtebete lehenago, ekaitz tropikalek uztaren laurden bat suntsitu zuten. Uhartea izan arren ez dute ia arrantzarik egiten.

Turismoa goraka datorren sektorea da, baina oztopo handi samarrak ditu. Itsasertza malkarra eta labartsua du, ez du hondartza aipagarririk eta ez du nazioarteko aireporturik. Industria ez dago oso garatuta (BPGaren %13,4 2016an) eta, batez ere, nekazaritzako produktuen eraldaketa da jarduera nagusia (koko olioa, fruitu zukuak, alkoholdun edariak…). Baina badira beste industria jarduera batzuk ere: xaboia, zementuzko blokeak, oinetakoak… Biztanleria aktiboari dagokionez %40, gorago esan bezala, nekazaritzan enplegatzen da, %32 industrian eta merkataritzan, eta %28 zerbitzuetan (2002ko datuak).[10]

Merkataritza-balantza defizitarioa dute. Esportatzen diren produktuen artean aipatzekoak dira bananak (%50), xaboia, ereinotz olioa, barazkiak, pomeloak eta laranjak. Inportatzen dituztenen artean, berriz, ondasun manufakturatuak, makineriak, jakiak, gai kimikoak… 288 milioi dolarreko kanpo zorra zuten 2016an.[10] Uharteko itsas portu nagusia Roseau hiriburukoa da, eta aireportua Marigotetik 3 kilometrora dago.

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. World Population Prospects: The 2017 Revision, esa.un.org
  3. Morne Trois Pitons National Park. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-12-24).
  4. Boiling Lake, Dominica. wondermondo.com (Noiz kontsultatua: 2017-12-24).
  5. Izena kalinago edo karibetar]jatorrikoa da.
  6. Webgune honetan adibidez.
  7. Waitukubuli National Trail izeneko ibilbidea dago Alderdiren batek uharteari izena aldatzea ere proposatu du. Ikus albistea.
  8. Waitikubuli: Isle of Beauty Isle of Resistance liburua.
  9. Dominica population statistics. geohive.com.
  10. The World Factbook: Dominica. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2017-12-26).
  11. Dominica - Largest Cities. geonames.org (Noiz kontsultatua: 2017-12-26).

Kanpo estekak


Amerikako herrialde eta lurraldeak
Ipar Amerika eta Karibea
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu BatuakAntigua eta BarbudaBahamakBarbadosBelizeCosta RicaKubaDominikaDominikar ErrepublikaEl SalvadorGrenadaGuatemalaHaitiHondurasJamaikaKanadaMexikoNikaraguaPanamaSaint Kitts eta NevisSanta LuziaSaint Vincent eta GrenadinakTrinidad eta Tobago


Dependentziak: Groenlandia (Danimarka) • GuadalupeMartinikaSaint BarthelemySaint MartinSaint Pierre eta Mikelune (Frantzia) • Aruba · Holandarren Antillak (Herbehereak) • Aingira · Bermuda · Birjina uharte britainiarrak · Kaiman uharteak · Montserrat · Turkak eta Caicoak (Erresuma Batua) • Puerto Rico · Birjina Uharte Estatubatuarrak (Ameriketako Estatu Batuak)

Hego Amerika
Estatu burujabeak: ArgentinaBoliviaBrasilTxileKolonbiaEkuadorGuyanaParaguaiPeruSurinamUruguaiVenezuela


Dependentziak: Guyana Frantsesa (Frantzia) • Falklandak (Erresuma Batua)

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.