Txomin Agirre

Domingo Txomin Agirre Badiola (Ondarroa, Bizkaia, 1864ko maiatzaren 4a - Agirre etxea, Zumaia, Gipuzkoa, 1920ko urtarrilaren 14a) euskal idazle eta apaiza izan zen, askoren ustez euskarazko lehen eleberrigilea.[1]

Txomin Agirre
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Txomin Agirreren bizitza eta obra laburtzen dituen bideoa.
Irudi gehiago
Euskaltzain osoa

1919 - 1920ko urtarrilaren 14a
baliorik ez - Sebero Altube
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakDomingo Aguirre Badiola
JaiotzaOndarroa, 1864ko maiatzaren 4a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaZumaia, 1920ko urtarrilaren 14a (55 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta apaiz katolikoa
Lan nabarmenak
KidetzaEuskaltzaindia
Eusko Ikaskuntza
MugimenduaEuskal Pizkundea
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa

Literaturaren Zubitegia: 266
Artikulu hau euskal idazleari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Agirre».

Bere lan nagusiak Kresala (bizkaieraz) eta Garoa (gipuzkeraz) dira.

Biografia

Haurtzaro eta gaztaroa

Ondarroan jaioa, ama bertakoa eta aita mutrikuar arotza, familia xume baten magalean hazi zen.

Lehen ikasketak Ondarroako herriko eskolan egin zituen. Txikitatik abadetzarako gogoa sortu bazitzaion ere, familia behartsua izanik, zaila zuen ikasketak egitera joan ahal izatea, harik eta Bilboko Mariano Ibarguengoitia artziprestea ezagutu eta haren laguntzaile gisa hartu zuen arte. Gasteizko seminarioan Filosofia eta Teologia ikasita, eta Karrantzan epe laburrean aritu ondoren, Zumaiako Karmeldarren kapilau izendatu zuten. Gasteizko Seminarioan ezagutu zuen Resurreccion Maria Azkue euskal hizkuntzalaria eta harreman estua izan zuten bizitzan zehar.

Kargu altuagoa izateko aukerak izan bazituen ere, hauek errefusatu eta Zumaian gelditzea erabaki zuen. Geroztik, gutxitan irten zen, bertan sortu zituelarik bere lanik ezagunenak.

Lehen idazki eta lanak

Gaztelaniaz idazten hasi zen, baina ez denbora luzez. Zenbait narrazio eta artikulu idazteaz gain, erdara hartan, Itziar-eko Gure Amaren Historia (1885) obra idatzi zuen, baina bere hizkuntza-gaitasuna hizkuntza hartan garatu ezin zuela konturatu omen zen eta horregatik, euskal literaturgintzari ekin zion. Euskarazko lehen idatziak artikulu eta ipuin labur batzuk izan ziren, tartean nabarmentzekoa Larramendiren bizitzaren berri labur azalpen-artikulua, zeinetan Manuel Larramendi euskal idazle eta euskaltzalearen bizitzari buruz idazten duen.[2]

Kondaira eleberria

Sakontzeko, irakurri: «Auñemendiko lorea»

1897an argitaratu zen lehen euskarazko eleberria, Agirreren Auñamendiko Lorea.[2] Lehen argitalpena Euskalzale aldizkarian atera zen eta gerora, inprentan liburu bezala argitaratua izan zen. Kondaira eleberria da, VII. mendeko gertakizunak kontatzen dituena, izan ere, Agirreren ustez garai hartan sartu zen kristautasuna Euskal Herrian. Lan honetan nabarmena da euskal literaturan garai hartan zegoen joera garbizalea, baina Agirrerengan sabindar garbizaletasuna baino gehiago Larramendirena nabari da, aurreko mendeko euskaltzalearekiko zuen miresmena argi utziz.[3]

Eleberrigintza ohitura-zalea

XX. mendea hasi bezain laster, Txomin Agirreren garairik oparoena hasi zen. 1900 eta 1910eko hamarkaden artean idatzi zituen eleberririk garrantzitsuenak: Kresala eta Garoa. Bietan ere ohiturak kontatzen ditu, garaiko pentsamoldea jarraituz, ohiturek irauteko idatziak egon behar zutelako.[4]

Kresala

Sakontzeko, irakurri: «Kresala (Txomin Agirre)»
Kresala liburuaren azala.

Kresala lehendabizikoz 1901. urtean argitaratu zen, Euskal-Erria aldizkarian. Zatika argitaratu zen ordea, eta azken zatia 1904. urtean argitaratu zen. Bigarren argitarapenean oso-osorik argitaratu zen, 1906. urtean, Florentino Elosuren Durangoko inprentan. Idazleak berak azaltzen du eleberria arrantzaleen mundua ezagutarazteko eta maitatuagoa bihurtzeko idatzi zuela.

Eleberri ohitura-zalea da eta deskribapen oso sakon eta aberatsak egiten ditu idazleak, arrantzaleen bizimodura eta garaiko ohituretara hurbilduz irakurlea. Agirrek, ondarrutarra izaki, oso ondo ezagutzen zuen arrantzaleen bizimodua eta hori begi bistan geratzen da pertsonaien elkarrizketa eta eleberriko gertaeren deskribapenetan. Gainera, amodiozko istorio bat ere gehitu zion kontakizunen artean.

Idazleak bere ideiak transmititzen ditu lanean, pertsonaia onen edo errespetagarrien ahotsetik, hala deduzitu daiteke idazlearen ideologia euskaltzale, kristau eta abertzalea. Eleberriak arrakasta nabarmena izan zuen, ziur aski idazleak orokortzeko izan zuen gaitasunagatik, eleberrian agertzen diren pertsonaiak eta horiek pairatutako gertaerak edozein herritako arrantzalek ikusitakoak izan daitezkeelako.

Euskarari dagokionean, lexiko aberatsa darabil idazleak, baina aurreko eleberrietan erabilitakoak baino neologismo gutxiago erabiltzen ditu, hizkera herriarengana hurbilduz. Bizkaieraz idatzita dago lana[5] eta erdaratik hartutako maileguak aurkitzea bereziki zaila da, idazleak garbizaletasunari eusten dio.

Garoa

Sakontzeko, irakurri: «Garoa (eleberria)»
Garoa liburuaren azala.

Garoa RIEV-en argitaratu zen lehen aldiz[6], 1907tik 1912ra bitartean, zatika. Aurreko eleberrian bezala, 1912. urtean bigarren argitarapena egin eta orduan jarri zen eskuragarri eleberria oso-osorik, Durangoko inprentari esker. Baserritarren bizimodua zehatz-mehatz kontatzen du, deskribapen aberats eta zehatzen bidez. Eleberri honekin eta aurrekoarekin XX. mende hasierako euskal gizartearen aldaketari gogorren eutsi zieten bi kolektiboei egin zien omenaldia, arrantzale eta baserritarrei.

Eleberri hau Kresala baino erromantikoagoa eta landuagoa dela irizten dute zenbait adituk, beste batzuk Kresala biziagoa eta errealagoa dela dioten bitartean. Hala ere, bi lan hauek izan ziren Agirreren obren artean aipagarrienak. Euskarari dagokionean, gipuzkeraz idatzita dago. Agirrek euskalkien batasunaren alde egin zuen eta hori da bi lan garrantzitsuenak euskalki desberdinetan idatzi izanaren arrazoia.

Azken urteak

1918an Eusko Ikaskuntzak Oñatiko lehen batzar hartan Euskaltzaindiaren sorrera erabaki zenean batzarkide zela, euskararen saileko taldearen zuzendaritzaz arduratu zen. Hasierako euskaltzainak lau ziren: Resurreccion Maria Azkue (euskaltzainburu), Luis Eleizalde, Arturo Kanpion eta Julio Urkixo. Hurrengo urtean, taldea zabaldu eta aukeratutako zortzien artean agertzen da Txomin Agirreren izena, baina osasun ahula zela medio ibilbide laburra egin zuen akademian.

Azken eleberri bat idazten zebilen Agirre hil aurreko urteetan, bukatzea lortu ez zuena. Ni eta ni da bukatu gabeko eleberri horren izena eta kondairazko eleberria izatekotan zegoen, bukatu zituen kapituluak Euskal Esnalea aldizkarian argitaratuak izan zirelarik. Ganboatar eta Oinaztarren arteko gatazkari buruzkoa da lana.

1920ko urtarrilaren 14an hil zen Zumaiako kapilau etxean.

Urteak pasata Txomin Agirre Ikastola sortu zuten Ondarroan idazlearen omenez.[7] Ikasketak egin ahal izateko arazoak izan zituen Agirrek, familia behartsuan bizi zen eta.

Ideologia

Testuingurua

Txomin Agirre Euskal Herriak aldaketa handiak jasan zituen garai batean jaio zen eta honek bere ideologian zein eleberrietan modu nabarian erasan zuen. XIX. mendearen bukaeran Euskal Herrian industrializazioa azkartzen hasia zen, bereziki bigarren karlistaldia amaitu ondoren. Bilbo, Barakaldo edo Sestao bezalako industriaguneen sorkuntzak eta bertan eraiki ziren fabrika kopuru handiak lanpostu ugari sortu zituen, denak ere kaskarrak eta gaizki ordainduak. Lan bila zebilen etorkin ugari jaso zituen Euskal Herriak, gehienak Gaztelatik etorritakoak, bertan aurrera ateratzeko zailtasunak baitzituzten, industrializazioa hasi gabe baitzegoen eta bestelako lanbideak itota. Honek aldaketa soziolinguistiko erraldoiak ekarri zituen, bereziki hiri berrietan, euskararen erabilera ia hutsera murriztu eta euskal kultura ahazten hasi baitzen. Halako egoeran, ohiturak eta euskal kultura mantentzearen aldeko zenbait mugimendu indartsu eratu ziren, arlo guztietan, horren adibide dugu Sabin Aranak sortu zuen EAJ alderdi politikoa.

Pentsakera

Testuinguru horretan kokatu behar dugu Txomin Agirre eta haren ideologia, izan ere, ohiturazko eleberriak idatzi zituen euskal kultura eta kristautasuna sustatzeko. Hirietan zegoen giro erdalduna eta sozialista ikusirik, baserria hartu zuen garai zaharretako ohituren gotorleku gisa eta beraz, baita euskararen muin bezala ere. Euskarari zegokionean, hirikoa baserrikoa baino traketsagoa zela uste zuen eta haietara joaten ziren euskaldun baserritar askok galdu egiten zutela ere zioen. Aipatu beharra dago puntu honetan bere ikuspegiaz gain, errealitatean gertatzen zena ere islatzen zuela. Horretaz gain, euskal kulturaren eta ohitura zaharren alde ere egiten du, baserria oinarritzat hartuz, bertan iraunarazten baitira. Ohitura hauen galbide gisa hiriak hartzen zituen, bertan sortzen hasia zen kultura aniztasuna zela eta. Hau hala izanik, baserri giroa onesten du, hirietakoa gaitzesten duen bitartean. Bere ideologia borobiltzen duen puntua kristautasuna da, bera apaiz izanik, fededun sutsua baitzen. Hirietan sortzen hasiak ziren mugimendu sozialista eta ateoak ikusirik, baserriko giro kristaua goraipatzen zuen.

Bere ideologia plazaratzeko eleberrigintza baliatu zuen, besteak beste. Idatzi zituen ohiturazko eleberrietan ageri diren pertsonaiak lauak eta artifizialak dira, hau da, idealizatuta daude. Adibide garbiena Garoa eleberria dugu, bertan, Aloña mendiaren magalean dagoen baserri giroko familia baten biziaren berri ematen baitu, izaera oso zehaztu eta finkoa duten pertsonaien bidez. Pertsonai aipagarriena Juan Andres dugu, familiako seme galdua bezala deskribatzen dena, baserria utzi eta Gaztelara joatea erabakitzen baitu, euskara eta ohitura zaharrak alde batera utziz. Kontrako aldean dugu Malentxo, familiako iloba eredugarria, ikasketetan oso trebea ez den arren, kristaua eta ohitura zaharren jarraitzaile dena. Txomin Agirrek, modu honetan, euskaldun "onaren" prototipo bat adierazten du, ondorengo baldintzak bete behar dituena: fededuna izatea, euskaraz hitz egiten jakitea, baserri giroan bizitzea, ikasketetan oso abila ez izan arren, langilea izatea, familiarekiko maitasuna eta arbasoekiko errespetua adieraztea eta naturarekiko errespetua zein ezagutza edukitzea.[8]

Izaera

Txomin Agirreren izaeraren berri Azkue Gasteizko seminarioan ikaskide eta lagun izan zuenari esker daukagu, baita ere bere lanetan zeharka adierazitako ideiei esker. Dirudienez, Agirre gizon apala zen, Azkueri eman ohi zizkion lanak berak erabaki zezan horiek aurrera eraman edo baztertu. Ezkortzat eta makaltzat hartzen zuen bere lagun Azkuek. Prestutasuna ere nabarmendu zitzaion ondarrutarrari, beti omen zegoen lagunei laguntzeko prest. Azkuek ordea, dohain guztien gainetik zintzotasuna nabarmendu zuen Agirrerengan:[2]

« Seminario'ko urte alai aietan odolgorri giñanok, sarberritan beintzat, batean zutik bestean belauniko, okerreriatxoren baten ordaiña artzen genuen artean, Agirre odolzurbilla etzan bein ere bide zuzenetik ateratzen, ta elizan izan ezik bein ere enuen belauniko ikusi.  »

Resurreccion Maria Azkue (1920)

Idazkera

Txomin Agirre ohiturazko eleberrigintzagatik da ezaguna, azpian dagoen bibliografia atalean ikusi daitekeen moduan, estilo hartan eleberri asko idatzi baitzituen. Bere idazkerari dagokionean, deskribapenei ekintzei eta istorioaren hariari baino garrantzia handiagoa ematen die. Baserri giroko deskribapen luze eta zehatz ugari egiten ditu, baita naturako zenbait ingurunerenak ere. Deskribapen horietan onomatopeiak erabiltzen ditu, adibidez, mendiko hotsak adierazteko eta hala, idatziari musikaltasuna emateko, alderaketak ere ugariak dira, horietako batzuk hiriko munduaren eta baserri giroko munduaren artean egiten ditu, eman nahi duen mezua sendotzeko.

Narratzaileari dagokionean, narratzaile orojakile bat erabiltzen du hirugarren pertsonan. Sarritan, narratzaile honen bidez pertsonaien pentsamenduak azaleratzen ditu, bere iritzia emateaz gain, honek subjektibotasun handia ematen dio eleberriari. Denbora ostera, lineala da bere nobela guztietan, ohiturazko eleberrien ohiko ezaugarria.

Aurrez aipatu ditugun deskribapenen ondorioz, Agirreren estiloa edo idazkera motela dela esan dezakegu, gainera, estilo erretorikoa ere baliatu ohi du, garai hartan oso arrunta baitzen. Idazkerari are mantsotasun handiagoa ematen diote ondorengo baliabideek: errepikapenak, zerrendaketak, izenondoen pilaketa eta sinonimo zein antonimoen erabilera sutsua.

Euskararen erabilerari buruz mintzatzerakoan hizkuntzaren batasunaren aldekoa zela azpimarratu beharra dugu eta horregatik, kritika ugari pairatu zituela. Garai hartan indarrean zegoen sabindarren euskara garbiari ez zion bete-betean jarraitu, herri-formen eta herri hizkeraren aldekoa baitzen. Bere eleberriak bi euskalkitan idatzita daude: bizkaieraz eta gipuzkeraz. Bizkaieraz idatzitako nobelen artean ditugu Auñamendiko Lorea eta Kresala, aitzitik, Garoa gipuzkeraz idatzi zuen.

Obra

Txomin Agirreren omenezko plaka bera jaio zen etxean, Ondarroan

Bere literatur emaria oparoa izan zen, eta, bere lan ezagunenak Kresala eta Garoa badira ere, eleberriez gain, ipuin olerki, artikulu, itzulpen eta sermoiak idazten ere trebatu zen.

Nobela

Beste batzuk

  • Historia de Nuestra Señora de Iciar, gaztelaniaz (1895).
  • Sermoiak (2000, BBK-Labayru)
  • Leiendak (1990, Euskal Editoreen Elkartea)
  • Ipuinak (1990, Etor)
  • Olerkiak: Ai balekite, Ama bat, Sarako lorea.
  • Narrazio herrikoiak: Maiton Itzontzi, Anton Betozko.
  • Itzulpenak: Arzaken lan batzuk eta Kanpionen Larraldeko lorea antzerki lana.
  • Historia lanak: Larramendiren bizitzaren berri labur bat.

Bibliografia

  • ARRETXE, Jon (1992): Txomin Agirre, Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
  • LÓPEZ ANTÓN, José Javier (1996): Josep Torras i Bages y Domingo Aguirre Badiola. Una óptica confesional de la cultura autóctona en Vasconia y Cataluña, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Aldizkaria, LII.
  • LÓPEZ ANTÓN, José Javier (1997): "Domingo de Aguirre, la égloga del paisaje vasco", Oihenart: cuadernos de lengua y literatura, Nº. 15, 123-140 orr.
  • MICHELENA, Luis: Historia de la Literatura Vasca, 156. Madril, 1960.
  • MÚJICA, Gregorio de: Los titanes de la cultura vasca, 71, 79. Auñamendi Argitaletxea, Donostia, 1962.
  • ONAINDIA, A.: Prólogo a la antología Ondarrak (de Domingo de Aguirre), Bilbo, 1964.
  • TOLEDO, Ana (1989): Domingo Agirre: Euskal eleberriaren sorrera, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbo.
  • VILLASANTE, Luis: Historia de Literatura Vasca, 318, 323. Bilbo, 1961.
  • Itzaldiak (Agirre, beretergoan, Azkue-k egina; Agirre, olerkaria, Echegaray-k egina; Agirre, irakurgaikiña, Lhande-k egina), 1920an Agirreren heriotza urtean ospatutako hitzaldi batzuk eta, Euskal-Esnaleak ale berezi baten argitaratuak. Donostia, 1923.
  • Revista Euskalerriaren Alde, 1920.ko urtarrileko alea
  • Revista Boga, boga (Domingo de Agirre-ri bere ehungarren urtea zela eta eskainitako berezia), 1964ko maiatza-ekaina.
  • Ondárroa. Juan San Martín, Euskaltzainak egina.

Erreferentziak

  1. Txomin Agirre biografia. .
  2. Txomin Agirre. euskadi.eus.
  3. «Euskal Literatura Klasikoa: XIX. Mendea - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-25).
  4. «Aldizkari Digitala: Txomin Agirre, lehen euskal nobelagilea» www.ikasbil.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-16).
  5. (Gaztelaniaz) «XIX mendeko literatura» Amarauna@eu||| (Noiz kontsultatua: 2022-11-16).
  6. «Garoa | Riev, Revue Internationale des Etudes Basques» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-16).
  7. «Gure ikastetxeak : Txomin Agirre Ikastola» eikastolabatza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-13).
  8. «Txomin Agirreren 'Garoa' izan du hizpide Beñat Sarasolak» EITB (Noiz kontsultatua: 2022-11-16).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.