Dolors Monserdà

Dolors Monserdà i Vidal[1] (Bartzelona, 1845eko uztailaren 10a Ibid., 1919ko martxoaren 31)[2] Kataluniako idazlea, poeta, ipuin kontalaria, antzerkigilea, saiogilea eta artikulugilea izan zen. 1909an Lore Jokoen burua izan zen, ardura hori hartu zuen lehen emakumea izanik. Emakumeen egoera hobetzeko izan zuen konpromisoagatik nabarmendu zen. María Josefa Massanés eta Carme Karr-ekin batera, Kataluniako feminismoaren aitzindarietako bat da. Feminista terminoa onartzen du, baina nazioarteko feminismoaren oinarri sekularrak arbuiatzen ditu eta kutsu kontserbadoreko erreformismo katoliko eta nazionalista defendatzen du.[3][4] Dolors Monserdà de Macià izenarekin sinatu ohi zuen.

Dolors Monserdà

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakDolors Monserdà i Vidal
JaiotzaBartzelona, 1845eko uztailaren 10a
Herrialdea Katalunia
HeriotzaBartzelona, 1919ko martxoaren 31 (73 urte)
Hobiratze lekuaMontjuïceko hilerria
Familia
Seme-alabak
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakkatalana
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea, poeta, saiakeragilea, kontatzailea eta antzerkigilea
Izengoitia(k)Dolors Monserdà de Macià
Genero artistikoadramaturgia
olerkigintza

Biografia

Bartzelonan jaio zen, Paja kalean.[3] Bere gurasoak Beatriz Vidal eta José Monserdà liburu-koadernatzailea izan ziren; familiaren egoera ekonomiko erosoari esker, bere garaiko emakumeen artean ohikoa ez zen prestakuntza akademiko zaindua eskuratu ahal izan zuen.[5]

Dolors hiru urterekin sartu zen eskolan, eta gainera, bere heziketa osatzeko aukera izan zuen aitaren dendaostean izaten ziren solasaldietan, bertara joaten baitziren garai hartako mugimendu ilustratu eta aurrerakoiarekin loturiko hainbat pertsonaia, hala nola Anselmo Clavé, Milá eta Fontanals, Frederic Soler., Narciso Monturiol, Antoni de Bofarull eta Víctor Balaguer, besteak beste.[3]

Monserdà Anselmo Clavérengandik gertu sentitu zen bereziki, langile klasearen alde egiten zuen lanagatik, bere gizarte ekintzaren sentimendua markatuko duen adibidea izanik. Gainera, konbentzituta zegoen arteak gizarte hobekuntzarako tresna gisa duen gaitasunaz ere. Clavék berak aukera eman zion 1862an bere lehen poemak argitaratzeko zuzentzen zuen Eco de Euterpe aldizkarian.[6]

Urte horretan bertan aita hil zen. Handik aurrera amak atera zuen aurrera familia jostun lana eginez.

Monserdà Madame de Saint Paulen lehen ikasleetako bat izan zen, Bartzelonan finkatu zen frantseseko lehen irakasle diplomaduna, hain zuzen.

Idazlea

Bere ekoizpen poetikoa 1870ean hasi zen Montserrateko monasteriora igo zenean. Monasterioko albumean "A Maria Verge de Montserrat" poema idatzi zuen. Handik aurrera produkzio poetikoari gogotsu ekingo zion, eta Bartzelonako Lore Jokoetan ez ezik nazioarteko poesia lehiaketetan ere nabarmendu zen. Senarrak kontra egin bazuen ere, Monserdàk tinko jarraitu zuen literatur bokazioan.[5]

Antzerkia ere hasieratik jorratu zuen genero literarioetako bat izan zen. Romea antzokian Sembrad i cogeréis (1874) eta Teresa o un jorn de prova (1876) estreinatu zituen, baina, generoa utzita, ez zuen berriro antzezlanik egin 1913an Amor mana lana idatzi zuen arte. Lan hori ez zen inoiz antzeztu eta 1930ean argitaratu zen, Quitèria eleberriaren liburuki berean.

Artikulugile ezaguna ere izan zen. 1875era arte gaztelaniaz idazten zuen, eta handik aurrera, katalanez. Era berean, bere jatorrizko abizenaren "c" ere aldatu zuen ("Moncerdá" ) katalanezko "s" bihurtzeko, eta horrela, letren historian "Monserdá" abizenarekin izango zen ezaguna.[5]

Saiakera, eleberria eta poesia idatzi zituen.[7] Lore Jokoetako 37 deialditan parte hartu zuen[5], eta 1878, 1882 eta 1891ko sariak lortu zituen. 1909an Lore Jokoak zuzendu zituen lehen emakumea izan zen.

Dolorsen zenbait obra, batez ere poetikoak, beste hizkuntza batzuetara itzuli ziren, besteak beste, alemanera, bulgarierara edo suedierara.[5]

Bere lehen eleberria La Montserrat (1893) izan zen; baina La fabricanta-rekin (1904) iritsiko zen gailurrera nobelagile gisa. Hamabost kapituluko nobela horretan, Antonietaren ibilbidea azaltzen du, bere inteligentzia eta esfortzuari esker jendartean lortzen duen maila-igoera erakutsiz, protagonista Ciutat Vellako pisutik Eixample auzora bizitzera joango baita, garaiko Bartzelonako burgesia finkatu zen tokira. Monserdàk nobelan zehar hirian bizi zen garaiko gizartearen ohiturak erretratatzen ditu, eta, aldi berean, emakumeen egoera eta aurrera egiteko borroka azpimarratzen ditu.

Bestalde, prentsan kolaboratzaile izan zen. Hasieran, Diari Català-ko Modas y Labors gehigarriaz arduratu zen; geroago, La Renaixença (Berpizkundea) egunkarian kolaboratu zuen hainbat artikulu idatziz, haien artean "La veritat sobre l'Exposició Universal" (Erakusketa Unibertsalari buruzko egia), "Les senyores i el lliurecanvi" (Jaunak eta merkataritza askea -1888), "Les victimas del treball" (Lanaren biktimak - 1882) eta "Lo restobliment del divorci a França" (Dibortzioaren berrezapena Frantzian - 1884). La veu de Catalunya (Kataluniaren ahotsa) egunkarian ere parte hartu zuen, eta baita Ofrena (Eskaintza), La Gramalla (Tunika), Or y Grana (Urre eta gorrimina) eta Feminal (Femeninoa) aldizkarietan.

Monserdàk Maria Josefa Massanés idazle feminista lagun handia izan zuen, eta 1915ean haren biografia argitaratu zuen.

Aktibismo soziala

Monserdà-k ondo ezagutzen zuen atzerriko literatur ekoizpena, eta Ingalaterra, Frantzia eta Estatu Batuetako sufragisten mugimenduaren eta eskaeren berri izan zuen. Horrez gain, bere idazkiek garaiko emakume burgesengan izan zezaketen eraginaz ere jabetu zen; horregatik, bere eleberrietan ingurune ezagunak agertzen ziren, eta irakurleak, bertan, aplika zitzakeen jokabide ereduak aurkitzen zituen.[3]

Urteak joan ahala, Monserdàren protagonismoak gora egingo du, bai kultura eremuetan, literaturan lorturiko prestigioagatik, baita baita arlo sozialean ere. Senarra hil ondoren, bere saioetan eta prosazko lanetan arazo problematikoagoak agertzen hasi ziren, hala nola, emakumeen heziketa, kolonietako esklabotza, langileen lan baldintzak, Kataluniako burgesiaren endekapen morala eta bere inguruko klase ertainari eragiten zion krisi ekonomikoa.[5][8] Carme Karr eta Maria Josefa Massanésekin batera, Kataluniako feminismoaren aitzindaritzat hartu ohi da.[9]

Obreres de l'Agulla patronatua

Dolors Monserdàren hilobia, Montjuïc-eko hilerrian

1910. urtean Obreres de l'Agulla (l'Agullako Emakume Langileak) Patronatua sortu zuen jostunen bizimodua hobetzeko asmoz, garai hartako lan sektorerik deprimituenetako bat baitzen. Bere helburua betetzeko, Patronatuak zenbait zerbitzu eskaintzen zituen, hala nola, lan poltsa, doako laguntza medikoa edo hariak edo arropa fabrikako prezioan. Patronatuak lana ematen zien jostunei, josteko materialen kooperatiba gisa funtzionatzen zuen eta neskak trebatzen zituen jantzigintzan. Horrez gain, langile kideei laguntza ematen zitzaien edozein gestio edo kontsultatan. Patronatuak Laguarda gotzainaren eta Aita José Ildefonso Gatellen laguntza izan zuen, eta Bartzelonako Montcada kaleko moja frantziskotarren egoitzan zegoen.[10]

Patronatuaren lana Erosleen Ligak osatzen zuen. Elkarte horrek emakumeak sentsibilizatzen saiatzen zen erosi ez zezaten langileen esplotazioaz ekoitziriko produktuak saltzen zituzten establezimenduetan. Horretarako, zerrenda zuriak argitaratu zituzten. Dolorsek zenbait hitzalditan azaldu zuen lan hau, eta geroago María Gloria (1917) nobelan.[11]

2016an Tasques socials. Recull d'articles, notes rurals i conferences (Zeregin sozialak. Artikulu, landa-oharrak eta hitzaldiak) argitaratu zen. Bertan bere hitzaldi eta artikulu esanguratsuenak biltzen dira.

1919ko apirilaren 1ean hil zen, 73 urte zituela, langile gatazka betean, Bartzelonan apirilaren 14ra arte amaituko ez zen greba orokorra gertatzen ari baitzen.[3]

Dolors Monserdàren feminismoa

1907an 62 urte zituela, El feminisme a Catalunya[8] (Feminismoa Katalunian) argitaratu zuen. Bertan, praktika erlijiosoa eta jakintza demokratiko zuzena lotzen zituen. Carles Lindín-ek dioenez, «(Monserdàk) Jorratzen duen feminismoa demokraziaren (ordena soziala) eta kristautasunaren (ordena morala) fruitua da».[6] Bi urte geroago, 1909an, Estudi feminista. Orientacions per a la dona catalana (Ikasketa feminista. Kataluniako emakumearentzeko argibideak) argitaratu zuen. Liburu horretan feminista terminoa erabiltzen du, baina nazioarteko feminismoaren oinarri laikoak baztertzen ditu eta erreformismo katoliko eta nazionalista kontserbadorea defendatzen du. Ideia horietan bat dator Mosén Josep Matasekin, zeinek 1908ko uztailaren 26an Bartzelonako Feminal aldizkarian argitaratutako "Notes on feminisme " (Feminismoari buruzko oharrak) artikuluan, feminismoaren joera desberdinen analisia egiten duen, jarraitu beharreko bide "zuzenak" zehazteko.[3]

Feminismo liberal eta iraultzailearen aurrean, Monserdàk bere garaian Katalunian nagusitu zen feminismo kontserbadorearen aldeko jarrera izango du. Zenbait ikerlarik feminismo kontserbadore honen ideologia eta ezaugarriak aztertu dituzte:

María Aurelia Capmany- k, adibidez, "El Feminisme a Catalunya" (Feminismoa Katalunian - 1973) liburuan haren ideologia orokorra eta helburuak azaldu zituen.[3]

  1. Defentsarik gabeko emakumea babestea gizonezkoen gehiegikeriaren aurka, edozein dela bere klase soziala.
  2. Emakumeen eginkizun gorena, amaren misioa, zabaltzea eta bere balio soziala goraipatzea.
  3. Emakumeen heziketa fisikoa eta intelektuala sustatzea, bizkarroi jasanezina izaten jarrai ez dezan.
  4. Hezkuntza berritzailearen eraginez desagertzko arriskuan egon litezkeen ezaugarri femeninoak zehaztea eta deskribatzea galdu ez daitezen.
  5. Karrera egokiak sustatzea eta sortzea emakumeentzat, egoera prekarioan bada ere bizimodua atera dezaten, eta, ezkongabe geldituz gero, guraso edo anai-arrebentzako zama handia izan ez daitezen, baina haien menpekotasun morala eta intelektuala desagerrarazi gabe.
  6. Emakume langileak babestea, bere egoera arintzeko eta sindikalismoaren tentazioak ekiditeko.
  7. Emakume langileak elkarte feministetara erakartzea.
  8. Erlijioaren, aurrezkiaren eta apaltasunaren onurak azaltzea.
  9. Kausa feministaren apolitikotasuna aldarrikatzea, borroka politiko eta sozialak gizonezko bizio gisa aurkeztuz.

María Eugenia Fernández Frailek, Espainiako emakumearen historiako ikerlariak, Dolors Monserdàren feminismoaren eta nazionalismoaren arteko erlazioa nabarmentzen du:

«Kausa nazionalistak Kataluniako burgesiaren emakume asko —Dolors Monserdà edo Francesca Bonnemaison, adibidez— bultzatu zituen azpimarratzera emakumeek duten garrantzia datozen belaunaldiak kultura eta ohitura katalanean sozializatu daitezen, eta ondorioz, sozializazioa burutzeko emakumeen prestakuntza akademiko osorako sarbidea galdegitera; hala ere, onartu egiten zuten gizonezkoak ondarearen eta bizitza politikoaren kudeatzaile bakarra izatea». María Eugenia Fernández Fraile[4]

Carles Lindínek "Dolors Monserdà i el feminisme" saioan Monserdàren feminismoaren izaera kontserbadorea azaltzen du:

«Monserdàk uste zuen munduan sortzen ari ziren emakumeen errebindikazio-mugimendu berriek sistema sozialean konfrontazioa eragin zezaketela. Beraz, beharrezkoa zen emakumeen egoera hobetzea, baina apostolutza laiko batetik abiatuta, emakumeak egoera mingarrien eta irregularrenetatik askatuko zituzten asmo onez beteak. Beti ere ezarritako ordena aldatu gabe eta benetako eginkizun femeninoa emakumea eta ama izatea direla ahaztu gabe». Carles Lindín[3]

Monserdàk uste zuen emakume burgesaren eginkizuna —bere ekimen pertsonalaz eta zentro egokiak baliatuta— emakumezko langileak babestea zela, arrazoi humanitario eta moralengatik ez ezik, haien jarreren erradikalizazioa saihesteko ere. Aipatzekoak dira garai horretan, Kataluniako Aste Tragikoan (1909), emakumezkoen parte hartzeari buruz idatziriko artikuluak.

Bizitza pertsonala

1865ean[3] Eusebi Macià Pujol bitxigile katalanarekin ezkondu zen. Lau seme-alaba izan zituzten, bederatzi hilabetez hil zen Eusebi (1866), Angelina (1867), Dolors (1869) eta Encarnacion (1872) bost urterekin hil zena.[11] 1904an alargundu zen.[12]

Enric Monserdà i Vidal (1850-1926) margolariaren arreba izan zen.

Sariak eta esker onak

Hil osteko esker onak

Lanak

Poesia

  • Poesies Catalanes, 1888 (Kataluniako olerkiak)
  • Poesiek, 1911 (Olerkiak)

Bartzelonako Lore Jokoetan aurkeztutako olerkiak: [17]

  • Qui ets?, (1916, 1917) (Nor da?)
  • He fet bé! (Propòsits d'enamorats), (1916, 1917) (Ondo egin dut! Maitaleen asmoak)
  • Adéu a la poesia, (1916, 1919) (Adio poesiari)
  • Flors de Natzareth, (1916, 1917, 1919) (Nazareteko loreak)
  • Rondalles i Cançons, (1916, 1919, 1920, 1924) (Ipuinak eta Kantak)
  • El verb de la Patria, (1917) (Aberriaren berba)
  • La nostra Universitat, (1917, 1919) (Gure Unibertsitatea)
  • A la poesia, (1917, 1920) (Poesiari)
  • Del meu dietari d'Anyorançes, (1919) (Nire Oroiminen dietariokoak)

Eleberria

  • La Montserrat, 1893. (Ed. actual: Madrid, Editorial Bruño, 1994) (Montserrat)
  • La família Asparó, 1900 (Asparótarrak)
  • La fabricanta, 1904. (Ed. actual: Barcelona, Edicions de l'Eixample, S.A., 1991) (Fabrikatzaile andrea)
  • La Quitèria, 1906 (Quitèria)
  • Del món, 1908. (Ed. actual: Barcelona, La sal, Edicions de les Dones, 1983) (Mundukoa)
  • No sempre la culpa es d'ella. Novel·la original (Barcelona: Rafols, 1917). (Errua ez da beti harena. Jatorrizko eleberria)
  • Maria-Glòria, 1917
  • Buscant una ànima, 1919 (Arima baten bila)

Antzerkia

  • Sembrad y cogeréis, 1874 (Erein eta bilduko duzue)
  • Teresa o un jorn de prova, 1876 (Teresa edo proba eguna)
  • Amor mana, 1913 (Maitasunak agintzen du)

Saiakerak eta literatura kritika

  • El feminisme a Catalunya, 1907 (Feminismoa Katalunian)
  • Estudi feminista, (Orientacions per a la dona catalana), Bartzelona, Miquel d'Esplugues, 1909 (Ikasketa feminista. Argibideak Kataluniako emakumearentzat)
  • Biografía de Na Josepa Massanés i Dalmau, Bartzelonako Kontseilu Konstituzionala, 1915
  • Tasques socials. Recull d'articles, notes rurals i conferencies. Bartzelona, 1916 (Gizarte zereginak. Artikulu, landa-ohar eta hitzaldien bilduma.

Erreferentziak

  1. (Katalanez) Dolors Monserdà i Vidal. Gran enciclopèdia catalana. 2021eko urriaren 22an kontsultatua.
  2. (Katalanez) «Dolors Monserdà i Vidal» dbd.vives.org (Diccionari Biogràfic de Dones) (Noiz kontsultatua: 2021-10-22).
  3. (Katalanez) Lindín, Carles. «Dolors Monserdà i el feminisme» 2021eko urriaren 22an kontsultatua.
  4. (Gaztelaniaz) Fernández Fraile, María Eugenia. (2008-12). «Historia de las mujeres en España: historia de una conquista» La aljaba 12: 11–20. ISSN 1669-5704. (Noiz kontsultatua: 2021-10-22).
  5. (Gaztelaniaz) Fernández de Cano, J.R.. «Monserdà i Vidal de Macià, Dolors (1845-1919). » MCNBiografias.com» www.mcnbiografias.com (La web de las biografías) (Noiz kontsultatua: 2021-10-22).
  6. (Katalanez) Lindín, Carles. «Dolors Monserdà: primera escriptora catalana feminista?». www.lindin.cat. 2018ko abuztuaren 8an jatorrizkotik artxibatua. 2021eko urriaren 22an kontsultatua.
  7. (Katalanez) «Poemas de Autores en Lengua Catalana - Dolors Monserdà i Vidal» Pobladores.com (2013). 2013ko azaroaren 9an jatorrizkotik artxibatua. 2021eko urriaren 22an kontsultatua.
  8. (Ingelesez) Bermúdez, Silvia; Johnson, Roberta. (2018-01-01). A New History of Iberian Feminisms. University of Toronto Press ISBN 978-1-4875-2008-3. (Noiz kontsultatua: 2021-10-22).
  9. (Katalanez) Nadal, Marta. (2018). «5 motius per reivindicar Maria Aurèlia Capmany des del feminisme» Crític (Noiz kontsultatua: 2021-10-22).
  10. «Patronat d’Obreres de l’Agulla | enciclopèdia.cat» www.enciclopedia.cat (Noiz kontsultatua: 2021-10-22).
  11. (Katalanez) Pessarrodona, Marta. (2006). Donasses: primera sèrie. Edicions Destino ISBN 978-84-9710-085-4. PMC 68087923. (Noiz kontsultatua: 2021-10-22).
  12. «Edición del viernes, 25 noviembre 1904, página 1 - Hemeroteca - Lavanguardia.es» hemeroteca.lavanguardia.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-22).
  13. «Dolors Monserdà, jardí de» coneix.sabadell.cat (Noiz kontsultatua: 2021-10-22).
  14. «Carrer de Dolors Monserdà - Callejero de Barcelona - Callejero.club». https://callejero.club/barcelona/. 2021eko urriaren 22an kontsultatua.
  15. Escola Monserdà-Santapau. .
  16. (Katalanez) «Dolors Monserdà de Macià, Passatge de». 2013ko azaroaren 9an jatorrizkotik artxibatua. 2021eko urriaren 22an kontsultatua.
  17. Archivo Histórico de la Ciudad de Barcelona. Fons 6B-Jocs Florals, Sèrie III-Pliques

Bibliografia

  • HORMIGÓN, Juan Antonio (zuz. ) Autoras en la Historia del Teatro Español (1500-1994). (Madril: Publicaciones de la Asociación de Directores de Escena de España, 1996).
  • McNERNEY, Kathleen eta ENRÍQUEZ SALAMANCA, Cristina. Double minorities of Spain: A bio-bibliographic guide to woman writers of the Catalán, Galician and Basque countries (New York: Modern Language Association of America, 1994).
  • SIMÓN PALMER, Carmen. Escritoras españolas del siglo XIX. Manual biobibliográfico (Madril: Castalia, 1991).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.