Dokumentalak Euskal Herrian
Dokumentalak Euskal Herrian 1920ko hamarkadan hasi ziren egiten, eta Manuel Intxausti izan zen lehenengo dokumentalgile nabarmena, Eusko Ikasgayak sortarekin (1923-28). Zinema mutuaren garaia zen, eta Intxaustik gazteleraz eta frantsesezko azpitituluez gain euskarazkoak ere erabili zituen. Urte haietan aipatzekoak dira Azkona, Zalbidea, Martiarena eta Mezkiriz ere bai egileen artean.
Artikulu honetan aipatuko ditugu halaber Euskal Herriko egileek beste herrialde batzuetan egindako lanak.
XX. mendean
Soinuarekin, lehendabiziko lana 1930ean egin zuten, Ipar Euskal Herrian: Au Pays des Basques Jean Faugeres eta Maurice Champreux-ek zuzendu zuten, Gaëtan Bernoville lohizundarraren gidoiarekin. Hizkuntza nagusia frantsesa izan bazen ere, euskara ere entzungai dugu lan honetan, tartean orduko bertsolari batzuk parte hartu zutelarik.
Hegoaldean 1933an Donostian Teodoro Hernandorenaren Euzkadi film luzea estreinatu zen, euskal abertzaletasunak propagandarako grabatutako lehena. Tamalez, Gerra Zibilean Bilbo erori zenean frankistek kopia bakarra erre zuten.
1936an Adolf Trotz alemaniar iheslariak Sinfonía Vasca lan laburra egin zuen, Espainiako Gerra Zibila piztu baino lehen. Gerrateak gauzak baldintzatu zituen Hegoaldean, ondo ulertzen denez, baina Frankismoaren sasoi ilunean The Land Of The Basques dokumentalak panorama apur bat argiztatu zuen, Orson Welles famatuak 1955ean egina BBCrako.
Halaber, 1956an André Madrék estreinatu zuen Hazparnen Gure Sor Lekua, lehenengo euskarazko dokumentaltzat hartzen dutena, 90 minutukoa eta kolorez egindakoa. 1960ko hamarkadan azpimarratzekoa da Gotzon Elortza bizkaitarraren hiru lanak, euskaraz ere egindakoak: Ereagatik Matxitxakora (1959), Aberria (Erria) (1961) eta Elburua Gernika (1962), hain zuzen ere.
1963an bestela Suediako SVT telebista kateak Euskal Herriko kulturari buruz bi dokumental egin zituen, Basker eta Bondei i Baskerland izenburukoak, balio historiko eta etnografiko handikoak.[1]
Baina mugarria izan zen dokumentala Ama Lur dugu, hamarkada haren amaieran Nestor Basterretxea eta Fernando Larrukert-ek egindakoa (1968). Lan hau nolabait euskal zinema modernoaren aitzindaritzat jotzen dute. Arlo etnografikoan, urte haietan aipatu barik ezin dugu utzi Pio Caro Barojaren lana, Las cuatro estaciones (1970-1972) eta Guipúzcoa (1976-1979).
Trantsizioan, Imanol Uribek El proceso de Burgos (1979) film dokumentala egin zuen. 1970eko hamarkada horretan ere emankorra izan zen Jose Julian Bakedanoren lana, baita 1980ko hamarkadan ere. Bestela, Orson Wellesen moduan, Otar Iosselianik georgiar-frantziarrak Euskadi Été (1982) egin zuen.
Azkenik, Antxon Ezeizak ekoitzi zuen Ikuska izeneko saila (1978-1985) Euskal Herriko gaiak jorratzen zuten euskarazko film dokumentalek osatuta.
2000tik aurrera
Egileak
Nabarmentzekoak dira Helena Taberna (Extranjeras, 2002, geure jendartean bizi diren andrazko etorkinei buruz), Arturo Cisneros (Bagdad Rap, 2005, Irakeko gerrari buruz), Jose Maria Goenaga eta Aitor Arregi (Lucio, 2007, Lucio Urtubia anarkistari buruz), Nacho Reig eta Gorka Bilbao (Amerikanuak, 2009, AEBetan oraindik bizi diren euskal artzainei buruz), Asier Altuna (Bertsolari, 2011, bertsolaritzari buruz), Joxe Anjel Arbelaitz (Leku hutsak, hitz beteak, 2012, Bernardo Atxagaren bizitza eta lanari buruz) eta Oskar Alegria (Emak bakia!, 2012, Man Rayren izen bereko filmari buruz eta Zumiriki, 2019).
Sabin Egilior bilbotarrak Gabriel Aresti, luma zikina (2002), Tras un largo silencio (2007), El largo viaje (2009), Otxarkoaga, la casa de mi padre (2012) eta Camaradas (2013) egin ditu besteak beste.
Fermin Muguruza musika arloan eta Josu Martinez politikakoan euskal dokumentalgilerik emankorrenen artean ditugu.
Jon Maia bertsolari gipuzkoarrak, hainbat gai landuta, Bidaia intimoak (2009), Apaizac Obeto (2010), Gazta zati bat (2012), Hesiak gainditzen (2013) eta Gutik zura (2016) egin ditu.
Pello Varela gasteiztarra Araia Gogoan (2001), Firin Faran Euskal Herrian (2009) eta Amaia eta Hiriak, Araia TX eta Euskal Ezkontza (2011) dokumentalen egilea da.
Xuban Intxausti donostiarrak "Mugaminak" (2016) eta "In Dialogue" (2018) egin ditu, besteak beste.
Maider Oleaga, Verabredung (2017), Muga deitzen da pausoa (2018) besteak beste.
Iratxe Fresneda, Irrintziaren oihartzunak (2016), Lurralde Hotzak (2018), Tetuán (2022) besteak beste.
Euskal Herriko gatazka
Euskal Herriko gatazkaren gaiari helduta, Euskal pilota: larrua harriaren kontra dokumentalak oihartzun handia izan zuen, geurean ez ezik, Espainian eta mundu osoan ere. Julio Medem donostiarrak 2003an aurkeztu zuen, eta ordurako fikziozko film luzeekin ospea ondo bereganatuta bazuen ere, Euskal Herriko gatazka aztertzeko saiakera honek kritika onekin batera presio mediatiko negatiboak ere pairatu behar izan zituen. Espainiar estatuan egindako dokumentalik ikusiena izan da historia osoan, ia 400.000 entzun-ikuslerekin areto komertzialetan.
Julio Medemen ildo beretik, Gorka Espiauk eta Iban Gonzalezek (Goazen gudari danok, 2014) ere TV3ekin elkarlanean bi lan egin dituzte: Pluja seca (Euri lehorra, 2011) eta Parlen els ulls (Begiak mintzo dira, 2012); gatazkaren bi muturretan dauden pertsonen arteko topaketak plazaratu zituzten. Aitor Merinok Asier eta biok 2013an estreinatu zuen, eta hurrengo urtean De Txillarre a Aiete. Un largo camino en el proceso de paz (Arturo Puente). Elkarbizitzaren aldeko aldarriak dira hein handi batean 2014ko Fermin Aiok aurkeztutako Reconciliación eta El reencuentro lanak , 2015eko El valor de la autocrítica Karmelo Vivancorena eta 2016ko Aioren "La huellas perdidas" 5 dokumentalen sorta.
Beste egile interesgarrien artean Josu Martinez dugu, gatazka politikoa eta bere ondorioak jorratu dituena, bereziki Barrura begiratzeko leihoak (2012) lanarekin nabarmendua, baina aurretik beste hiru lanen egilea dena: Itsasoaren alaba (2009), Sagarren denbora eta Debekatuta dago oroitzea (2010). 2020an, halaber, Caminho longe osatu zuen, "Sagarren denbora"-ren jarraipena dena.
Ander Iriartek bestela (Joxe Iriarte "Bikila"ren semeak) islatzen du ezker abertzalearen hainbat pertsonaren ikuspuntutik Oiartzunen bizi izandako bilakaera Echevarriatik Etxeberriara (2014) lanarekin. Ipar Euskal Herrian, Génération Iparretarrak (Sylvie Garat, 2014) dugu aipagarri. Eta azkenik, Pasaiako Badia (Yuri Agirre, Erik Aznal eta Xabier Otamendi, 2017).
Gai bera hartuta, baina ETAren biktimen ikuspegitik, Eterio Ortega eta Elias Kerexetak egin dituzte Asesinato en febrero (2001), Perseguidos (2004) eta Al final del túnel (2011), eta Iñaki Artetak El infierno vasco (2008). Balio handikoak dira 2019ko urria eta abendua artean Jon Sistiagak ekoiztu zuen dokumental sorta bat telebistarako, "Tabú" programaren barruan. ETA, el final del silencio izenburuarekin, 7 saio zuzendu zituen: Zubiak, Extorsionados, Miguel Ángel, Orígenes, Años de plomo, Epílogo eta Terceras generaciones.
2020an, La línea invisible (Mariano Barroso, Movistar+) eta Patria (Aitor Gabilondo, HBO) aurkeztu zuten, oihartzun handia izan dutenak, bereziki bigarrenak. Urte hartan bertan, eta torturaren gaiari helduta, Amaia Merinok Non dago Mikel? zuzendu zuen.
Mendia
Fernando Larrukert Agur Everest 1981 aitzindaria izan zen arlo honetan, munduko mendirik altuenera euskal espedizioek egindako lehenengo bi bidaiak kontatuz. Felipe Uriartek hurrengo urteetan Manaslu, una montaña del Himalaya (1986) eta Mintaka (1989) egin zituen. Juanjo San Sebastianek egindako lana ere oso nabarmena izan da XX. mendeko azken urte haietan.
Azken urteotan bestela Alberto Iñurrategiren lana azpimarratzekoa da, Annapurna, Sueño y Vacío (2002) eta bereziki Hire Himalaya (2003) eta Gure Himalaya (2004) dokumentalak egin dituena, bere anaiaren omenez egindakoa. Bide beretik, Pura vidak (Pablo Iraburu, 2012), Iñaki Otxoa de Olza mendizalearen Himalaiako erreskate saiakera islatzen du. Eta Xabier anai mendizalearen omenez, Lehoinabarraren aztarna ere (Andoni Ormazabal, 2013) azpimarratzekoa da. Bestela, "Aralar (mundua leku den lurra)" (Garazi Auzmendi, Iban Toledo, Ion Fontenla eta Aloña Jauregi, 2018) aipagarria da.
2019an, Iban Gonzalezek "Pumori mendiaren alaba" aurkeztu zuen.
Musika
Fermin Muguruza abeslari irundarrak musikarekin lotutako lau lan egin izan ditu orain arte. Euskal Herriarekin lotutakoak dira Bass-que culture (Talka, 2006) eta Zuloak (Talka, 2012), eta Palestinan eta arabiar munduan zentratuta aldiz Checkpoint Rock (Filmanova/K2000, 2009), Next music station (Aljazeera, 2011) eta Beltza naiz (2018, "Black is beltza" filmaren making of dokumentala). Bestela, No More Tour (2013) egin zuen Daniel Gomezekin batera izen bereko musika birari buruzkoan.
Musikaren arloan ere Nömadak TX (2006) zuzendu zuen Raul de la Fuente iruindarrak, Minerita (2013) salaketa-dokumentalaren zuzendaria berau. Esparru esperimentalean, Xabier Erkizia nabarmentzen ari da, besteak beste.
Mikel Urdangarin protagonista nagusia delarik, Margolaria zuzendu zuen Oier Aranzabalek (Maluta Films, 2018).
Dantza
Dantza (Telmo Esnal, 2018) euskal dantzei buruzko lana da, oihartzun handikoa. 2020an, Jone Guenetxea eta Carlos Iglesiasek Jantzari: Tradizioa eta parekidetasuna dokumentala ekoiztu zuten, euskal dantzak eta emakumeen parte-hartzeari buruzkoa.
Osasun gaiak eta sozialak
Juan Miguel Gutiérrez errenteriarrak gai sozialeko lanak egin ditu, hala nola Tabula rosa (2004), Isiltasun kalea (2006), Zuzendu mesedez! (2009) eta Ateak zabalduz (2014). Jon Abril beratarrak emigrazioaren gaia jorratzen du, besteak beste, Neskatoak (2016) dokumentalean.
Indiako emakumeei buruzko egoera islatzen du Koldo Lenizek Emakumeen ahalduntzea, aldaketarako giltza lanean (2012), eta Eztizen Mirandak Mendebaldeko Saharako desagertuei buruz egindako La semilla de la verdad (2013) eta Testigos de la memoria (2014).
Osasun arloan, Cuidadores (Oskar Tejedor, 2010) gaixoen zaintzaleei buruz eta, antzeko gaia jorratuz, Alma (José Javier Pérez, 2011), santurtziar gaixo elbarritu baten bizitzari buruzkoa, Marisa (Jose Maria Bellido, 2013) eta Aulki Hutsak (Iñaki Peña, 2013), S(u/a)minetik bakera (IP, 2017) eta Mendian hil. Hirian hil (IP, 2020), doluari buruzko trilogia.
Euskara
Xamar aetzaren liburuan oinarrituta, Euskara Jendea (2013) dokumental sorta ekoitzi dute euskal hiztunen historiari buruz. Bizkaiko Zenbat Garak eta Ibaizabal-Mendebalde Kultur Elkarteak ekoitzi dute lan hau, euskarazko musika garaikideak osatutako soinu banda zaindua daukana.
Beste batzuk
Peru Magdalenak eta Pello Salaberriak 2017an "Hemen eta han" aurkeztu zuten, Joseba Sarrionandia idazlearen biografiari buruz, Euskal Herrian eta Kuban egindakoa. Bestela, "Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa" (2019) dokumentalean mugimendu antinuklearra islatu dute Bertha Gaztelumendi eta Sabino Ormazabalek.
"Erraiak" (Ekain Martinez de Lizarduy, 2018) dokumentalak irrintziaren inguruan eginda dago, munduan zehar hainbat sari lortu dituena.
2020an, Lander Garrok "2 urte, 4 hilabete eta egun bat" estreinatu zuen, intsumisioari buruzkoa.
Telebistarako
Telebistarako, ETBk Euskal Herria lau haizeetara dokumental sorta arrakastatsua ekoitzi zuen 2000. urtearen inguruan paisaiak eta herrialdearen irudi ikusgarriak nabarmentzen.
Zinemaldiak
Euskal Herrian dokumental eta film laburren zinemaldi espezializatua ditugu, alde batetik Bilboko Zinebi (Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldia) hain zuzen ere, 1959an lehen aldiz antolatu zutena. Bestetik, Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Jaialdia Iruñean 2005etik antolatua dugu.
Bidasoko Nazioarteko Zine Arkeologikoaren Jaialdian dokumentalek garrantzi handia dute, eta bestela Donostiako Nazioarteko Zinemaldian, Bizkaiko Zinema Ikusezinan eta Miarritzeko Nazioarteko Ikus-entzunezko Sailen Jaialdian ere tokia badaukate.
Lekeitioko Bideo eta Zine Bilera bestela 1978tik euskarazko lanak erakusten ditu, film laburrak batez ere.