Dogon (herria)

Dogonak[1] Mendebaldeko Afrikan dagoen Maliko etnia bateko kideak dira. Guztira 300.000 direla kalkulatu da. Bandiagarako Amildegietatik Niger ibaiaren bihurgunearen hego-mendebalderaino hedatzen den lurraldean bizi dira, baina batzuk Burkina Fasoren iparraldean daude. Dogonak, batez ere, artatxiki nekazariak eta errementariak dira. Ospetsuak dira beren eskultura eta kosmogoniagatik.

Dogon

Dogonen jantzi tradizionalak
Biztanleak guztira
1.591.787 (2012–2013)
Biztanleria nabarmena duten eskualdeak
 Mali
Hizkuntza
Dogon
Frantses
Erlijioa
Islam
Animismoa
Zerikusia duten beste giza taldeak

Dogon hizkuntzaz hitz egiten dute, zenbait dialektotan banatuta. Hizkuntza sekretu bat ere badute, sigi so delakoa, Maskaren Elkarteko kideek bakarrik erabil dezaketena. Dogonek lotura dute bozo etniarekin txantxaren ahaidetasuna edo Sanankuya izeneko gizarte ohituraren bidez. Dogonek eta bozoek elkarri trufa egiten diote baina, era berean, elkarri laguntzera beharturik daude.

Dogonen mitologia, eta ufologia modernoa

Ufologia sasi zientzia hedatu-hedatuan diharduten hainbatek honako hau diote, Marcel Griaule antropologoaren lanean oinarriturik:

« Dogonak mitologia aberats bezain konplexu baten jabe dira. Europarrekin inolako harremanik izan ez duen herri horren elezaharrek, inola ere, euren kabuz lortu ezin izan zituzten ezagutza astronomikoak azaltzen dituzte. Horrek, zientziari, azaltzeko gai ez den misterio bat aurkezten dio, ohiko konponbideetatik kanpo dagoena. Herri horren jakinduriak eguzki sistemari buruzko datu zehatz eta xeheak ditu, kasu askotan, astronomia modernoaren ezagutzara oso berriki sartu direnak: Ilargia, "lehorra eta antzua" bezala deskribatzen dute, Jupiter planetak (Dana Tolo deitzen dutena) lau ilargi handi dituela badakite, Saturnoren eraztunak ezagutzen dituzte, baita planetek, eguzkiaren inguruan, orbita eliptikoak egiten dituztela ere.  »

Besteak beste, esplikatzen dute ezagutza horiek estralurtar izakiek eman zizkietela.[2]

Zientzialariek diote istorio hori guztia engainua besterik ez dela. Robert Todd Carrollek adierazi du Sirius izar sistemari buruzko jakintzen iturririk probableena gaur egungo lurtar iturriak direla, eta dogon etniako kide interesatuei eman zietela; eta aurreiritziz jokatzen duten zenbait afrikar aditu sinesberak mito berriak asmatu dituztela.[3] James Obergekk ere gogor kritikatu du dogonek beren jakintza estralurtarrengandik jaso duten ideia; aitzitik, aipatu du dogonek harreman handia izan dutela Mendebaldeko Europako esploratzaile, bidaiari eta misiolariekin, bai eta Frantziako Armadako kideekin ere; izan ere, hainbat dogon Frantziako Armadan aritu ziren, Bigarren Mundu Gerran.[4] Noah Broschek, Sirius Matters bere liburuan, adierazi du dogonek izango zutela harremanik, 1893an, dogonen lurraldean bost asteko espedizioa egin zuten astronomoekin. Astronomoak 1893ko apirilaren 16ko eguzki eklipsea aztertzera joanak ziren.[5] Obergek, orobat, nabarmendu du dogonen mitoek badituztela hainbat eta hainbat akats, hala nola Jupiterren ilargi kopuruarena, Saturno eguzkitik urrunen dagoen planeta izatearena, eta Saturno planeta eraztundun bakarra izatearena.

Iruditegia

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. (PDF) 90. arauaː Munduko herriak eta etniak. .
  2. (Gaztelaniaz) Ikus, bereziki, artikuluaren azken zatia.
  3. Robert Todd CARROLL (2003): The Skeptic's Dictionary: A Collection of Strange Beliefs, Amusing Deceptions, and Dangerous Delusions. John Wiley & Sons. 104. orrialdea. ISBN 0-471-27242-6.
  4. James OBERG: UFOs and Outer Space, Mysteries Donning Press, 1982. Ikus seigarren kapitulua («The Sirius Mystery»).
  5. Noah BROSCH (2008): Sirius Matters, Springer. 66. orrialdea.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.