Dogmatismo

Dogmatismo eszeptizismoaren aurkako doktrina epistemologikoa da. Giza arrazoiak egiazko ezagutzarako ahalmena duela onartzen du eta egiazkotzat dituen oinarriak baieztatzen ditu. Gehienetan, 'a priorizko usteetatik abiatuta, ideiak zalantzan jartzeko aukerarik eman gabe onartzen dituen jarrera intelektualari ematen zaio gaur egun izen hau. Horren ondorioz, iritzia baino ez den ideia bat egiaztatutako gertakaritzat hartu ohi du jarrera hori duenak.

Dogmatismo eta eszeptizismoa

Immanuel Kantek dogmatismoaren kontrako borroka ilustratua egin zuen, ez hasieratik, baizik eta nagusitu zenean. David Hume filososfo britaniarrari zera eskertu zion: bere logura dogmatikoa etetea. Kanten borroka, ordea, ez zen bakarrik dogmatismoan zentratu, baizik eta eszeptizismoari aurre egiten ere bai. Doktrina bati gogotik atxikitzen zaizkion jarrera intelektualek uko egiten diote defendatzen duten egiaren oinarriez eztabaidatzeari. Kasurik argiena izan daiteke erlijio kristauarena, zeren eta gaur egun ere Jaungoikoaren existentzia eta bikaintasuna ezin baitira zalantzan jarri. Hala ere, Kanten kritika epistemikoa erlijioaren dogmatismoari ez ezik doktrina filosofiko eta zientifiko batzuen dogmatismo zein eszeptizismoari ere zuzenduta zegoen. Eszeptizismoak arrazoiaren gaitasun epistemikoen inguruko duda erradikala egitera garamatza, beraz, inoiz ezin gara sinesten dugunaz ziur egon, dogmatismoak munduko edozer elementu esplika dezakeen arrazoia ahalguztiduna dela sinistera garamatzan bitartean. Gaur egun ere maiz aditzen dugu "dena dela erlatiboa" edota "hori horrela dela eta kito". Descartesek ere eszeptizismoaren kontrako duda metodologikoa garatu zuen, ez duda eszeptikoa. 150 urte geroago Kantek arazo berdintsuari egin behar izan zion aurre.

Kant errealitate batetik abiatzen da: zientzia fisiko eta matematikoen historiak lorpen handiak izan ditu, metafisikaren historiak, aldiz, porrot handiak. Hala ere, metafisikak egia absolutuak formulatzen segitzen zuen, porrotaren errealitateaz ohartu gabe. Ordura arte, alde batetik zentzumenen bitartez atzeman ditzakegun elementuak zeuden (arlo zientifikoenak), eta bestetik, arima, egia, justizia, Jainkoa... (arlo metafisikoenak). Azken hauen inguruko ikerketek emaitza gutxi eman ditu, baina, kontraesan eta gorabehera asko. Ideiak badira, baina ez ezagutzeko moduko elementuak. Dogmatismo metafisikoak ideia horiek objektu bilakatu nahi ditu, ideia horiei errealitate enpirikoa hornitu; gaur egun ideologikotzat edota dogmatikoagoa den partidismotzat hartzen duguna da. Objektuak ezin dira gure gaitasunetatik at pentsatu, gogamenarem adierazpenak ez dira objektuen isla erabatekoak, baizik eta objektuak atzematen dituenaren islak dira. Atzeman ezin ditugun elementuen inguruko egiak ilusioak baino ez dira, eta eszeptizismoak dogmatismo metafisikoaren egiei mozorroa kendu die. Baina, Kantek ideia metafisiko horiek ez ditu baztertzen, "ekidiezinak" direla uste baitu; hori bai, ezin dira inoiz ezagutzatzat hartu. Berak ez du uko egiten ezagutzaren osaketa eta garapena bermatzeko eta aberasteko oinarri ahalik eta irmoenak bilatzeari. Nahiz eta Humeri ideia dogmatikoetatik aldentzea eskertu, Kantek britaniarraren eszeptizismo arina kritikatu zuen. Humek zioenez, ezinezkoa da den dena zalantzatan ipintzea, baina, horrek ez du esan nahi geure ezagutzen hauskortasuna kontuan hartu behar ez dugunik, nahiz eta intuitiboak izan. Dogmatismoaren kontrako hesia planteatzen zuen Humeren eszeptizismo ilustratuak, arrazoiaren ahalmenarekiko erabateko konfiantzaren arriskuez ohartaraziz. Kantek arrazoi dogmatikoen porrota egiaztatzea eta azaltzea txalotzen du, baina, eszeptizismo arinak ere arrazoairen ezina aldarrikatu ordez, arrazoia epaitu behar da, bere mugak agerrarazi.


" La vida o la muerte de la metafísica pende de la resolución de ese problema (¿Cómo son posibles los juicios sintéticos a priori?), o de la demostración de que es imposible resolverlo. David Hume es, de todos los filósofos, el que más se ha aproximado a ese problema, pero estuvo lejos de determinarlo suficientemente y no lo pensó en toda su generalidad; deteniéndose sólo ante el principio sintético de la relación de Causa y Efecto (principium causalitas), creyó poder deducir que el tal principio es absolutamente imposible a priori, y, según sus conclusiones, todo lo que nosostros lllamamos metafísica descansaría sobre una simple opinión de un pretendido conocimiento racional, que en el hecho nace simplemente de la experiencia y que recibe del hábito cierto aspecto de necesidad. Esta afirmación, destructora de la filosofía pura, no se hubiera nunca emitido, a haber el autor abarcado en toda su generalidad ese problema, porque entonces hubiera comprendido que, según su argumento, tampoco podría existir la matemática pura, pues ésta contiene ciertamente principios sintéticos a priori, y su buen entendimiento hubiera retrocedido ante semejante aserto." (Kant, I. (2003 [1781]). Crítica de la razón pura. Buenos Aires: Ediciones Losada, orr. 183).

"Se podría en verdad creer a primera vista que la proposición 7 + 5 = 12 es puramente analítica, que procede, según el principio de contradicción, del concepto de una suma de siete y cinco. Pero si se considera con más atención, se halla que el concepto de suma de siete y cinco no contiene más que la unión de los dos números en uno sólo, lo que no hace que se piense cuál sea ese número único que comprenda a los otros dos. El concepto de doce no es en modo alguno percibido por sólo pensar la unión de cinco y siete. Es preciso, pues, ir más allá de estos conceptos y recurrir a la intuición [...] La proposición aritmética es, pues, siempre sintética: lo que se comprende aún más claramente si se toman números mayores, pues entonces es evidente que, por más que volvamos y coloquemos nuestro concepto cuanto queramos, nunca podremos hallar la suma mediante la simple descomposición de nuestros conceptos y sin el auxilio de la intuición." (Ibid, orr. 180-181).

Arestian aipatu legez, gaur egun ere eszeptizismo eta dogmatismoa eguneroko ogiak dira hedabideetan, iritzietan edota jokabideetan. Baina, ez da soilik joera herrikoia izaten, zeren eta arlo filosofiko zein zientifikoetan ideia batzuk jainkoesten baitira, egia natural gisa, baina maiz ideologia jakin batekin lotura handiagoa izaten du horrek, emaitza enpirikoekin baino. Gaur egun, interneteko eraginari dagokionez, eduki askotarikoen eskaintza gorabehera, ikerketa askok jendeak bere aurre-iritziak baieztatzen dituzten informazioak bilatu ohi dituela diote. Beste adibide bat izan daiteke konspirazioaren teorietarako dugun joera. Giza-gaitasun epistemologikoen inguruko eztabaidak dirau gaur egun, izan ere, behin eta berriz espiritu kritikoa edota kritikotasuna nonahi aldarrikatzen dira garapen indibiduala zein sozialaren onerako, baina, antza, ez da nahiko egunero zabaltzen diren fake-news, ondo-egia, falazia edota gezurrek sortzen dituzten estereotipo eta jokabideei aurre egiteko.

Dogmatismoaren kontrako kritikotasuna

Jakina denez, Kantek ezagutza esperientziatik abiatzen dela ez du zalantzatan ipintzen, baina honek ez dakar bere baitan ezagutza oro hortik datorrela. Izan ere, esperientzia bada ezagutzaren materia, baina ezagutza bihurtzeko antolatu behar dugu, eta hori giza-arrazoiaren egitura a prioriei esker egin dezakegu. Beraz, adimenaren bidez baina materia hautemangarrietatik ezagutza eraikitzen da. Konnisbergeko filosofoak dogmatismoaren kontra arrazoiaren mugak ezarri zituen, eszeptizismoaren kontra, aldiz, arrazoiaren ahalmen errealak. Hona hemen kritika filosofikoaren hastapena.

Arrazoimenaren berariazko jarduera bar da kritikotasuna. Desberdinketak, sailkapenak, hautaketak, hierarkizazioak eta judizioak egiteko ahalmen kognitiboan datza. Kritikotasuna da, azken batean, arrazoimenaren gaitasun normatiboa edo juridikoa. Epailearen rola jokatzen du ezagutza alorrean, zigortu zein baimendu egiten du, alegia. Baliagarria, egokia edota zuzena dena ezberdintzen ditu okerra den orotik. Ilustrazioaren ekarpen teoriko eta praktiko nagusia izan zen, hain justu, objektu oro (fisikoak, politikoak, kulturalak, ekonomikoak...) arrazoimenaren arauetara egokitu behar zirela. Beraz, aurre-iritzi erlijioso, moral, soziokulturalen zilegitasuna epaitu behar zen, zenbateko arbitrariotasun zekartzan euren baitan. Laburbilduz, kritikotasuna da arrazoiaren epaitegia. (Ibid, orr. 116-126).

Baina, Kanten ekarpen nagusia zera da: kritikotasuna ez da bakarrik kanpoko elementuen inguruko ezagutzak epaitzeko ahalmena, epaitzeko ahalmena bera ere epaitzen du. Arrazoimen beraren nahiak edota xedeak ere ez daude kritikatik salbu. Kantek ezagutzaren teoriari bultzada erabakigarria eman zion, arrazoiaren ahalmena birkonfiguratuz eta ezagutzaren balio esplikatiboa balioztatzeko tresna berriak eskainiz.

Franfurteko Eskolaren teoria kritikoak arrazionaltasun tekniko eta instrumentalen inguruko kritika garatu zuten, Kantek iraki zuen bidetik. Azken finean, kritikak munduari begiratzeko eta ulertzeko zein geure buruari begiratzeko eta ulertzeko mugak ezartzerakoan elkarbizitzaren dimentsio polemikoa agertzen du. Kontua da nork bere buruari eta besteei aitortzen dizkien eskubideak edo pribilegioak edo abusuak (zientifikoak, politikoak, sozialak...) analizatu eta ebaluatzea.

Kritikotasuna Hezkuntzan

Kantek zioenez, senak gizakia gobernatzen ez duenez, hezia izan behar da. Kulturaren bidez bereganatu behar du Naturak ukatu diona. Hezkuntza bada gizakiak bere gizartiartasunerantz gerturatzeko modua, diziplina eta instrukzioa behar dira. Alde batetik, hezkuntzaren aspektu negatiboa da ikasleak eskolako arauetara egokitu behar direla derrigorrean; bestetik, aspektu positiboa da formatzeko eta gogamena aberasteko jarduera, ezagutza eta kritikotasunaren bidez. Hezkuntza bada norbanako guztien gaitasunen garapena eta gizakiaren bikaintasuna metodoen eta helburuen inguruko eztabaidak liskartsua eta konplexua izaten segitzen du. Ongizate edota zoriontasun indibidualean ipini behar al da azentua? Ipini behar al da gizartearekiko eta bere aldaketekiko egokitzapen harmonikoan? Hezkuntza autoritario eta babeslea ala liberala eta permisiboa? Ikuspegi indibiudalistatik landu ala hezkuntzaren dimentsio politikoa indartu behar al da? Azken batean, heziketak ikasleak autonomiara gidatzen ditu, gizarte-arauak baldintzatuta dagoena.

M. Foucaultek gogotik kritikatzen zituen instituzio soziopolitikoak osatu eta artikulatzen dituen Panoptikoaren eredua eta bere efektu indibidualak eta sozialak. Estatuak horren boterea hartzea erabaki zuen XVII. mendean eta horrek, sozietate guztitik hedatzea eragin zuen. Lehenik eta behin, kartzelak antolatzeko eta eraikitzeko modua kontuan izanda, gero, lantegi barruko lana nola banatuta zegoen kontuan izanda eta azkenik, hezkuntza unibertsala kontrolatuz. Diziplinaren helburu bakarra, pertsona mantsoak sortzea da, norbanakoak egiten dituen gauzak kontrolagarriak izateko eta kontrol psikologikoa eragiten duena. Ikasleen normalizazio eta homogeneizazio prozesuak ekarri ditu, eta ez autonomia, ezagutzaren edota kritikotasunaren garapena.

M. Garcès filosofo kataluiniarrak[1] Kanten ekarpena areagotzen du Hezkuntzari dagokionez. Bere esanetan, hezkuntzak hiru ezaugarri izan behar ditu: lehenik, arazo komunetatik abiatu behar da; bigarrenik, nork bere kabuz pentsatzeko gai izan behar da; eta azkenik, helburua da elkarrekin bizitzen ikastea. Hezkuntza mundua eraldatzeko bitartekari nagusia bada, denoi eragiten diguten arazoak jorratu behar ditugu, denon artean diagnostikatu ostean, proposamen egokiak eta emankorrak egin ahal izateko. baina, horrek exijitzen du ikasle bakoitzak eskuratu behar dituela munduari begiratzeko eta kritikatzeko tresnak eta erreferentziak. Azken batean, elkarrekin bizitzeak halabeharrez gatazka, paradoxak, krontraesanak eta dilemak sortzen ditu, bakoitzak motxila kulturala, historikoa eta kognitiboa baitarama. Interes, ikuspuntu eta izaera anitz daude jokoan, eta berez guztiek dute printzipioz balio berbera. Arazoa da denok gizartearen eraginaren pean bizi garela eta isuriak ditugula. Horrek errazten ditu manipulazioa eta gizarte-kontrola. Esaterako, matxismoa, arrazakeria, klasismo, homofobia, edota transfobia artikulatzen dituzten uste eta jokabide normalizatuak. Ikerketa askok diote estereotipo horiek 10-12 urteetatik gureganatzen hasten garela, izan ere, eskolak erreproduzitu egiten ditu. Beraz, nork bere kabuz pentsatu ahal izateko desikasi behar ditugu inposatutako hainbat arre-iritzi sakon eta toxiko, Kantek aldarrikatzen zuen moduan, hiritarren autonomiaren izenean.

Horretarako, Garcèsek arrazoitzen du hezkuntzan lantzen den ikuspegi metodologikoak ez duela askiesten. Enpatia, asertibitatea eta kooperazioa lantzearekin ados egonda ere, alde batetik, emozioak erreferentziez bete behar direlako, bestela Kantek kritikatzen zituen ilusio metafisikoak baino ez dira izango, non bakoitzak euren nahietara interpretatzen duen bere eta denon errealitatea. Eta bestetik, gizartean indarrean dauden indar-harremanek edota botereek ikas-irakaskuntza euren interesetara baliatu dezakete, eta gure hiritartasunaren eta gizartiartasunaren osaketa eta garapena baldintzatuko dituzte. Esaterako, Heziberri 2020k espiritu kritikoaz dio informazioa interpretatzea eta ebaluatzea dela, eta oso anbiguoa da.Oro har, ikuspegi metodologikoak irizpide adaptatibo, konpetitibo eta erresolutiboen araberako prozesu pedagogikoak artikulatzen ditu. Eta beharrezkoa izanda ere, eredu sozioemozionala, besteak beste, zentratzen da indarrean dagoen egoera kudeatzeko, edota bertara egokitzeko gaitasunetan, eta arriskua dago ikasleak sistemaren aurrean pasibo bihurtzea, are okerrago, manipulagarriak. Bestaldetik, ikuspuntu metodologikoak etengabeko berrikuntza garatzeko gaitasunak indartu nahi ditu, baina berrikuntza terminoak merkatuaren konpetentzia eta garapenerako erabiltzen da, hau da, talde batean kooperatu dezakegu ideia sortzaile bat osatu arte, baina, horrek ez du esan nahi berrikuntzak arazo komunak arintzeko balio duenik, maiz kontrako kasuak topatzen ditugu, zeren eta jabego pribatuaren eta patenteen dinamika lehiakorra baita eredu ekonomiko honen motorra. Honez gain, ideia sortzaile horiek erabili ohi dira ikasleak sailkatzeko eta ebaluatzeko, beraz, taldeen arteko lehiakorkeria indartu daiteke, kooperazio kolektibo osoa indartu ordez. Azkenik, Garcèsek irizpide erresolutiboaren mugak nabarmentzen ditu, zeren eta heziketa ez baita eskuragarri ditugun aukeren arteko hauturik eraginkorrena egitea, normalean irizpide instrumentalen arabera. Arazo komunak ezin dira neurtu edo sailkatu. Teoriko murritza eta praktikoki kaltegarria agertu den homo economicus teoriarekin dago lotuta: etekinak maximizatzen eta kostuak minimizatzen jakiteko programatuta gaude. Honenbestez, ikuspegi metodologikoa hanka motz azaltzen zaigu, zeren jarduera eta ekimen asko proposatzen baititu, baina zentzu komun eta kolektiboa lausotuz.

Gauzak horrela, berak ikuspegi kritikotik ikaskuntza, irakaskuntza, etika eta politika birpentsatzea eta birkonfiguratzea proposatzen du: egokitu ordez, sen ona landu, zentzua eskaini. Lehenik, aipatu bezala, aurre-iritzi kulturalak aztertu eta ebaluatu behar ditugu, zelako zilegitasun teoriko eta enpiriko duten egiaztatzeko. Prozesu luze eta gogor honek arazo komunak deskodetzea du xede, ikusten dugun edota ikustarazten diguten errealitatearen argazkitik erradiografiara pasatu ahal izateko. Argazkian gelditzeak esan nahi du arazoen monopolioa dutenen edukiak, metodoak eta helburuak jorratzen amaitu dezakegula, eta krisian dagoen estatus quoa berritzera baino ez garela mugatuko. Hedabide nagusiek, elite boteretsuek denoi eragiten diguten galderak ezartzeko eta azkenean eurei interesatzen zaizkien erantzunak mugatzen dituzte. Filosofia da galdera egokiak eta emankorrak osatzeko eta artikulatzeko baliabide intelektuala, eta ikusi denez, filosofia kritikoa izan behar da, interes anitz jokoan daudenean, gatazkak sortzen baitira. Zientziak galdera horiek baliatu eta emaitza sozialki oparoak eskain ditzan, geure burua, harremanak eta ingurunea ulertu eta eraldatu ahal izateko, kontzeptualizazio eta kontestualizazio prozesu didaktikoak erakargarri diseinatu behar dira: pasadizo historikoak, dilema logikoak, filmak, serieak eta halako osagaiak landu daitezke era problematizatuan, etikoan eta eraginkorrean. Metodologikoki, ikerketa askok frogatzen dute ikasleek oharrak hartzerakoan era problematizatuan jokatzen dutenean, emaitza akademiko hobeak eskuratzen dituztela. Hau da, egileak, aktore sozialak, ideiak eta abar oharretan konfrontatzen dituztenean, hobeto ulertzen dituzte datuak, era linealean eta neutralean oharrak hartzen dituztenean baino. Horrela, errealitate ikusezinak ilunpeetatik aterako dira, eta ezagutza aberastuko dugu. Ikasleek gizartearen konplexutasunean murgiltzeko eta klasean zein gizartean parte hartzeko konfiantza handiagoa lor dezakete, ulermena eta kritikotasuna landuz.

Zehazki, lehenik zergatik pentsatzen duten pentsatzen dutena, begiratu begiratzen dutena, eta adierazi adierazten dutena hausnartu behar dute ikasleek. D. Harveyk ezberdintzen ditu ildo komuna eta sen ona: lehena da “sen ona” edota hegemonia, hain naturalizatuta ezen zalantzatan ez baita ipintzen; bigarrenak, aldiz, gaurkotasun handiko aferekiko inplikazio kritiko-historikoa dakar. Kapitalismoa, demokrazia, liberalismo, teknokrazia, ustelkeria, zilegitasuna, legaltasuna, gatazka, desberdintasuna eta halako kontzeptuak eta dinamika historikoak ulertu, alderatu eta euren bizitzaren beste arlo praktikoetan eramango dute. Giza-eskubideak eta eskubide soziopolitikoak ulertu eta biziko dituzte, baina gatazka sozialak eta bidegabekeriak ere bai. Garcèsek hiru dimentsio problematikoetan jorratu nahi du ikuspegi kritikoa: lehenik, "nondik?" galderatik hasi behar da, hau da, zein posiziotik hitz egiten dut? nondik hitz egiten didate?, egia hegemonikoak, kontrahegemonikoak eta sen onaren arteko gatazkaz ohartuko gara; bigarrenik, "nork eta norekin?" galderatik segitu behar da, hau da, egiaztagarritasuna aztertu eta kritikatuko dugu; hirugarrenik, "nola?" galdera jorratu beharra dago, baliozkotasun esplikatibo eta normatiboa ebaluatuko dugu. Azken finean, Kantek arrazoitzen zuen moduan, arazoa dago zuzenean agertzen ez zaigun baina denok bizi izaten dugun errealitate ikusezin eta problematiko horrekin ditugun harreman mugatu eta gatazkatsuetan. Eta gatazka antropologiko zein kultural hori adimen eta konpromiso kolektiboaren bueltan baino ezin da deslotu eta birkonfiguratu.

"Norbaitek uste badu giza-arazo guztietarako soluzio bat dagoela, gizarte ideal bat existitzen dela eta horra irits gaitezkeela, beharrezkoa dena bakarrik eginez, sinistuta badago, orduan, inoiz ez da prezio handiegirik egongo halako paradisuaren ateak ireki ahal izateko".(Isaiah Berlin).

Erreferentziak

  1. MACBA Streaming. (2017-11-17). APRENDER A IMAGINARSE. SOBRE PEDAGOGÍAS Y EMANCIPACIÓN (17.11.2017). (Noiz kontsultatua: 2019-02-24).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.