Djibuti
Djibuti[1] (arabieraz: جيبوتي, Jībūtī, afarreraz: Gabuutih, somalieraz: Jabuuti, frantsesez: Djibouti) ofizialki Djibutiko Errepublika, Ekialdeko Afrikako estatua da, Afrikako Adarrean kokatua, Itsaso Gorriaren ertzean. Mugakide ditu Eritrea iparraldean, Etiopia mendebaldean eta Somalia hego-ekialdean. Itsaso Gorria zeharkatuz, 20 kilometro dago Yemen, Arabiar penintsulan. 23.200 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2016an 846.687 biztanle zituen.[2] Hiriburua Djibuti da.[3]
Djibutiko Errepublika | |||
---|---|---|---|
جمهورية جيبوت (Jumhūriyyah Djībūtī) République de Djibouti | |||
Ereserkia: Djibouti (en) | |||
Goiburua: Unité, Égalité, Paix ("Batasuna, Berdintasuna, Bakea") | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | Djibuti 11°35′42″N 43°8′53″E | ||
Azalera | 23.200 km² | ||
Punturik altuena | Musa Ali (2.028 m) | ||
Punturik sakonena | Assal aintzira (−155 m) | ||
Kontinentea | Afrika | ||
Mugakideak | Etiopia, Eritrea eta Somalia | ||
Administrazioa | |||
Djibutiko presidentea | Ismail Omar Guelleh (en) | ||
Prime Minister of Djibouti (en) | Abdoulkader Kamil Mohamed (en) | ||
Legebiltzarra | National Assembly (en) | ||
Harreman diplomatikoak | Ikusi mapa Wikidatan | ||
Zeren kide | ikusi
| ||
Demografia | |||
Biztanleria | 956.985 (2017) 84.053 (2013) | ||
Dentsitatea | 41,25 bizt/km² | ||
Hizkuntza ofizialak | |||
Erabilitako hizkuntzak | |||
Ezkontzeko adina | genero guztiak: 18 | ||
Emankortasun-tasa | 3,195 (2014) | ||
Eskolaratu gabeko umeak | 137.785 (2008) | ||
Bizi-itxaropena | 62,465 (2016) | ||
Giniren koefizientea | 41,6 (2017) | ||
Giza garapen indizea | 0,509 (2021) | ||
Ekonomia | |||
BPG nominala | 1.844.674.434,5037 $ (2017) 80.405.965,5638 (2016) | ||
BPG per capita | 1.927 $ (2017) 55 (2016) | ||
BPG erosketa botere paritarioa | 2.342.710.799 nazioarteko dolar (2011) | ||
BPG per capita EAPn | 2.705,406 nazioarteko dolar (2011) | ||
BPGaren hazkuntza erreala | 6,5 % (2016) | ||
Erreserbak | 556.097.628 $ (2017) 148.683.373 (2016) | ||
Inflazioa | 3 % (2016) 1,1 (2015) | ||
Historia | |||
Sorrera data: 1977ko ekainaren 23a | |||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | +253 | ||
ISO 3166-1 alpha-2 | DJ | ||
ISO 3166-1 alpha-3 | DJI | ||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Elektrizitatea | 220 V. 50 Hz.Europlug (en) eta Type E (en) | ||
Internet domeinua | .dj | ||
presidence.dj |
1977 arte, frantziar kolonia izan zen. Herrialde musulmana denez, nazioarteko erakunde islamikoetan parte hartzen du. Arabiar Ligako, Afrikar Batasuneko eta IGADeko (Intergovernmental Authority on Development) kidea da. Azken honen egoitza Djibutin dago.
Geografia
Djibuti Afrikako ipar-ekialdean dago, Adengo golkoan, Itsaso Gorriaren hegoaldeko sarreran. Eritrea du iparraldean, Etiopia mendebaldean eta Somalia hego-ekialdean. Ekialdean 314 kilometroko kostaldea du Itsaso Gorriaren ertzean. Eritrearekin kilometroko muga du, Etiopiarekin 337 kilometrokoa eta Somaliarekin 58 kilometrokoa (guztira 506 kilometro). Kokapen estrategikoa du, munduko itsasontzi mugimendurik gehienetakoa duen Itsaso Gorrian eta Arabiako petrolio zelaietatik hurbil.
Erliebea
Lurraldearen gehiengoa basamortu harritsua da; estatuaren erdialdean dauden mendiek goi-ordoki bat eta kostaldeko lautada banatzen ditu. Punturik baxuena, Assal aintzira (-155 metro) Afrika osokoa ere da, eta munduko bigarren baxuena. Mendirik altuena Musa Ali (2.028 metro) da; Djibuti, Eritrea eta Etiopiak bat egiten duten gunean dago, hiru estatu hauetan sakabanatuta bizi den afar herriaren lurraldearen barruan.
Klima
Djibutik basamortuko klima dauka, BWh eta BWk Köppen klima sailkapenaren arabera[4]. Tenperaturak oso beroak dira urte osoan; altuenak 27 °C ingurukoak izaten dira hilabete freskoetan, eta 43 °C-raino irits daitezke hilabete beroetan. Prezipitazioak oso urriak eta irregularrak dira: urtean 50-180 milimetro artean.
Historia
Itsaso Gorriaren Indiako ozeanorako irteeran eta Arabiatik kilometro gutxira, Djibutiren historiaren lehen datu ezagunek milaka urte atzera garamatzate: eskualdeko biztanleek Antzinako Egipto, India eta Txinako espezia eta lurrinak, larruen truke eskuratzen zituzten. Somaliar eta afar herriak, Arabiarekin beti harreman estuak izan dituztenak, Islamaren eragina jaso zuten Afrikako lehenetakoak izan ziren[5].
Frantziaren mendean
1862an Tadjourako golkoko iparraldea sultan batzuen mende zegoen. 1883 eta 1887ren artean sinatutako itun batzuen bidez, Frantziak inguru horren gaineko kontrola lortu zuen eta Territoire d'Obock («Obockeko lurraldea») izena jarri zion[6][7]. 1894an, Léonce Lagardek Djibuti hirian frantses administrazioa era iraunkorrean finkatzea lortu zuen, eta Côte française des Somalis («Somaliarren kostalde frantsesa») izeneko kolonia eratu zuen urte berean, Djibuti eta Obockeko lurraldea baturik. Nazioartean «Somalia Frantsesa» izena eman zitzaion, eta 1967 arte iraun zuen. Urte horretan, izen berria jarri zioten: Territoire français des Afars et des Issas («Afar eta Issen[8] frantses lurraldea»)[9].
Afrika osoan deskolonizatzen azkenetakoa izan zen. 1958an, Somalia auzokidearen independentziaren aurreko denboran hain zuzen[10], erreferendum bat antolatu zen Frantziaren mende segitu ala Somaliarekin bat egiteko. Frantziaren aldekoek irabazi zuten; alde batetik somaliarrekin ondo konpondu ezinean zebiltzan afar eta europar askoren botoengatik[11] eta, bestetik, hauteskunde-iruzurragatik: erreferendumaren egunaren aurretik frantsesek milaka somaliar kanporatu zituzten[12]. Independentzia 1977an heldu zen, ekainaren 27an erreferenduma egin ostean; ordu arte Afarren eta Issen Frantses Lurraldea zeritzana estatu burujabe bilakatu zen, Djibutiko Errepublika izena harturik. Hassan Gouled Aptidon somaliar frantseszalea egin zuten Gobernu kabineteko lehendakari, lehendabizi, eta Errepublikakoa, gero. 1977ko irailaren 3an, Arabiar Ligan onartua izan zen herrialdea. Beti ere, Frantzia beti saiatu da eragina eta presentzia izaten leku estrategiko horretan.
Djibuti independentea
Lurraldearen mugen artifizialtasunak azken urteetako historia markatu du; tokiko bi herrien arteko ika-mikak politika arlora pasatu dira eta afarren bazterketak eragin latza utzi du. 1979ko martxoan, Gouled Aptidonek, Frantziaren laguntza zuen presidenteak, Aurrerapenerako Herri Batzarra (Rassemblement populaire pour le progrès, RPP) sortu zuen eta, 1981etik aurrera, hori da Djibutiko legezko alderdi bakarra. 1981eko ekainean, berriro ere errepublikako presidente hautatu zuten Aptidon eta, orobat, 1987ko apirilean.
1990etik aurrera djibutiarrak gustura ez zeuden seinale garbiak azaleratu ziren: 1990eko irailaren 27ko atentatua, 1991ko urtarrileko estatu-kolpe ahalegina eta, batez ere, 1991ko udaberrian, FRUD edo Demokrazia eta Batasunerako Fronte Iraultzaileko gerrillari afarren erasoaldiak. Milaka afar iheslarik Etiopiako Afar eskualdera joan behar izan zuten. Frantziak, laguntza militarra ematearen truke, demokraziarako bidea irekiko zuen prozesu bat hasteko eskatu zien Djibutiko agintariei. Hala, 1992ko konstituzioak onartzen du alderdi aniztasun mugatua, baina ondoren etorri ziren hauteskunde «pluralistek» (1992ko legebiltzarrerako hauteskundeak, eta 1993ko maiatzean Gouled Aptidon bera lehendakari hautatzea) ez zuten izan sinesgarritasun handirik, tartean izandako boikot, abstentzio eta irregulartasunak zirela-eta. 1993ko hauteskundeen ostean, armadak gerrilla afarrak kontrolatzen zuen lurraldea (estatuaren hiru laurdenak) mende hartzeko kanpaina burutu zuen.
1994ko abenduaren 26an, gobernuak eta FRUD alderdiak su-eten akordioa sinatu zuten. Hitzarmena ez zen nahikoa izan lasaitasuna eta berradiskidetzea ekartzeko, gerrillak indarberriturik eraso baitzuen 1997ko irailetik aurrera. Urte horretan, Hassan Gouled Aptidonek Ismail Omar Guellehri pasatu zion agintea. 1999ko apirilean, Guellehek irabazi zituen presidentetzarako hauteskundeak, gehiengo handiz. Urte horietan oztopoak pilatu zitzaizkion Djibutiko Errepublikari: gerra zibila, frantses tropen gutxitzea, Nazioarteko Diru Funtsak ezarritako ekonomia neurri zorrotzak, inguruko herrialdeetatik etorritako iheslari andanak, uholdeak… 2001eko maiatzaren 12an, FRUD eta gobernuaren arteko beste akordio bat sinatu zen, eta ofizialki gerra zibilari amaiera eman zitzaion, baina afarren kontrako jazarpenak iraun du.
Gobernua eta administrazioa
Politika
Errepublika erdi-presidentzialista da Djibuti. Presidentea da estatuburua, eta lehen ministroa gobernuburua. Botere legegilea Nazio Biltzarraren esku dago; honek 65 kide ditu, bost urtetik behin hautatzen direnak[2]. Alderdi politiko nagusia Aurrerapenerako Herri Batzarra izenekoa da, 1979tik agintean dagoena. Oposizioko alderdiek askatasun mugatua daukate. Salbazio Nazionalerako Batasunak, oposizioko alderdi nagusiak, 2005 eta 2008ko hauteskundeak boikoteatu zituen, gobernuaren gehiegikeriak salatzeko[13].
Banaketa administratiboa
Administratiboki 5 eskualdetan eta hiri batean zatituta dago. Horrezaz gainera, 11 barrutitan azpizatitua da. Eskualdeak eta hiriak hauek dira:
Eskualdea | Eremua (km2) | Biztanleria (2010) | Hiriburua |
---|---|---|---|
Ali Sabieh eskualdea (Région d'Ali Sabieh) |
2.200 | 71.640 | Ali Sabieh |
Arta eskualdea (Région d'Arta) |
1.800 | 40.163 | Arta |
Dikhil eskualdea (Région de Dikhil) |
7.200 | 83.409 | Dikhil |
Djibuti eskualdea (Région de Djibouti) |
200 | 529.900 (2015) | Djibuti |
Obock eskualdea (Région d'Obock) |
4.700 | 36.083 | Obock |
Tadjourah eskualdea (Région de Tadjourah) |
7.100 | 84.041 | Tadjoura |
Demografia
Biztanleria
Urtea | Biztanleak |
---|---|
1950 | 62,001 |
1955 | 69,589 |
1960 | 83,636 |
1965 | 114,963 |
1970 | 159,659 |
1977 | 277,750 |
1980 | 358,960 |
1985 | 425,613 |
1990 | 590,398 |
1995 | 630,388 |
2000 | 717,584 |
2005 | 784,256 |
2010 | 850,146 |
2015 | 869,099 |
2018 | 884,017 |
2016ko estimazioaren arabera, 846.687 biztanle daude, 37,2 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin[2]. 0-14 urte bitartekoak dira %31,7, 15-24 urte bitartekoak %21,5, 25-54 urte bitartekoak %38,4, 55-64 urte bitartekoak %4,7 eta 65 urtetik gorakoak %3,7[2]. Bizi itxaropena 63,2 urtekoa da, 60,7 urtekoa gizonezkoena eta 65,8 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespenak). Emankortasun tasa 2,35 haurrekoa da emakumeko[2].
Djibutiko ezaugarri geografikoak eta klima gogorra direla-eta, nekazaritzak ez du indar handirik, nahiz eta, tradizioz, artzain nomadak izan diren (gameluak, behiak, ahuntzak, ardiak). 1980ko hamarkadako lehorteak areagotu baizik ez zuen egin tradiziozko nomadismoaren gainbehera, eta ordu arte artzaintzatik bizitako asko hiriburura joan ziren bizitzera, Etiopia eta Somaliako gerretatik ihesi etorritako askorekin batera. 2015ean, hirietan bizi zen biztanleriaren %77,3[2].
Txantiloi:Historical populations
Banaketa etnikoa
Biztanleria bi talde nagusitan banatzen da:
- Somaliarrak: %60. Mugakidea den Somalilandian bizi diren taldeetako kideak daude, Dir leinuko adarrak diren issa (gehienak) eta gadabuursiak hain zuzen.
- Afar herria: % 35. Eritrea eta Etiopiako ondoko lurretan bezala, Djibutiko mendebaldean ere afarrak bizi dira.
Europar (batez ere frantziar eta italiarrak), arabiar eta etiopiar bakan batzuk ere daude; denen artean %5[2].
Hizkuntzak
Hizkuntza ofizialak kolonialismoak ezarritako frantsesa, eta erlijio eta merkataritza harremanen bitartez bultzatutako arabiera dira. Bertakoak diren somaliera eta afarrera oso zabaldurik daude[14].
Erlijioa
Musulmanak dira %94, eta kristauak %6.
Ekonomia
Tradizioz, artzain nomadak izan dira bizibidez djibutiarrak eta, oraindik ere, biztanleen %25 inguruk bizibide hori du. Laborantza, berriz, oasi gutxi batzuetara mugatzen da (datilak, barazkiak eta fruituak). Nolanahi ere, herrialdeko ekonomia jarduera garrantzizkoenak itsas portuaren inguruan zertzen dira. Ez da ahaztu behar Djibutiko portua burdinbidez lotuta dagoela Etiopiako hiriburuarekin, Addis Abebarekin, eta Etiopiaren hornikuntza bide bakarra ez den arren, Addis Abebak itsasora duen irteera garrantzizkoena da. Merkataritza trukeak eta zerbitzuak dira Djibuti hiriburuko ekonomia jarduera nagusiak. Merkataritza jarduera horiei dagozkien finantza mugimenduek orekatzen dute, neurri batean, merkataritza balantzaren defizita (kontsumoko ondasun ia guztiak inportatzen dituzte). Kobre, igeltsu eta burdin meatze gutxi batzuk badituzte, baina ez dituzte ustiatzen. Aldiz, oso aberatsa da baliabide geotermikoen alorrean. Inguruko (Somalia, Etiopia) eta barneko gerrek (1994tik aurrera) zuzeneko eragina izan dute ekonomian, eta Frantziak parte hartu behar izan du, behin baino gehiagotan. Frantsesek, izan ere, base militar bat dute Djibutin, eta 1750 soldadu zituzten 2015ean[16].
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2017/5/29 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- 38. araua - Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-29).
- CIA - World Factbook: Djibuti, cia.gov
- «Djibuti - Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2022-03-05).
- Climate of Djibouti. en.climate-data.org (Noiz kontsultatua: 2017-5-30).
- A Country Study: Somalia, AEBetako Kongresuko liburutegitik.
- Hugh Chisholm, The encyclopædia britannica: a dictionary of arts, sciences, literature and general information, 25 liburukia, 383. or.
- Obock gaur egun Djibutiko eskualde administratibo bateko hiriburua da.
- Issa somaliar talde bat da.
- Worldstatesmen.org.
- Somaliak independentzia 1960an lortu zuen.
- Barrington, Lowell, After Independence: Making and Protecting the Nation in Postcolonial and Postcommunist States, University of Michigan Press, 2006, 115. or.
- Kevin Shillington: Encyclopedia of African history, CRC Press, 2005, 360. or.
- Djibouti. freedomhouse.org (Noiz kontsultatua: 2017-5-30).
- Estilo liburua: Djibuti. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-5-30).
- Djibouti - Largest Cities, geonames.org
- Defence Key Figures, defense.gouv.fr
Kanpo estekak
- (Frantsesez) Djibutiko historia, republiquedjibouti.chez.com
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.