Djamila Boupacha
Djamila Boupacha (Bologhine (garai batean San Eugenio), 1938ko otsailaren 9a). Aljeriako Nazio Askatasunerako Fronteko (FLN) militantea izan zen. 1960an Aljerren atentatu bat egiten saiatzeagatik atxilotu zuten. Haren epaiketak esanahi berria hartu zuen eta Frantziako armadak Aljeria frantsesean erabili zituen metodoen prozesu mediatiko bihurtu zen, Gisèle Halimi-ren eta Simone de Beauvoir-en ekimenari esker, Boupachak jasan zituen bortxaketak eta torturak zabaldu zirenean. Djamila Boupacha amnistiatu egin zuten Eviángo hitzarmena sinatu ondoren: 1962ko apirilaren 21ean askatu zuten eta 1962ko maiatzaren 7an haren kontrako auzia artxibatu zen.
Djamila Boupacha | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bologhine (en) eta Aljerko kasbah, 1938ko otsailaren 9a (86 urte) |
Herrialdea | Aljeria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | arabiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | militante politikoa |
Izengoitia(k) | djamila |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Aljeriako Independentzia Gerra |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Democratic Union of the Algerian Manifesto (en) Nazio Askatasunerako Frontea |
Biografia
Djamila Boupacha 1938ko otsailaren 9an jaio zen Saint-Eugènen (gaur egun Bologhine). Aita Abdelaziz Boupacha zuen eta ama Zoubida Amarouche. 1953tik aurrera, 15 urte zituela, politikan konpromisoa hartu eta Ferhat Abbas-en Aljeriako Manifestuaren Batasun Demokratikoko (UDMA) kide egin zen, eta gero, 1955ean Askapen Nazionaleko Frontekoa (FLN).[1] Aljeriako gerran, Khelida zuen ezizena.[2]
Atxiloketa eta kartzelaratzea Aljerian
1960ko otsailaren 10ean, aita, neba, Nafissa ahizpa eta Abdellih Ahmed koinatuarekin batera atxilotu zuten. 1959ko irailaren 27an Aljerreko Brasserie des facultés jatetxean bonba bat —armadako desminatzaileek desaktibatua— jarri izana leporatu zioten.[3][4]
Atxilotu ostean, klandestinoki kartzelaratu zuten: ofizialki ez zen inon espetxeratua izan hilabete batez. Bortxatua izan zen, eta hilabete baino gehiagoz armada frantseseko kideek eragindako hainbat abusu jasan zituen:[3]
«Elektrodoak titiburuetan itsatsi zizkioten Scotch paper itsaskorrez, eta gero hanketan, iztarteetan, sexuan eta aurpegian ere jarri zizkioten. Tortura elektrikoa ukabilkadekin eta zigarretaz eragindako erredurekin txandakatu zuten. Ondoren, Djamila makila batetik zintzilikatu zuten bainuontzi baten gainean, eta behin eta berriro urperatu zuten.»[5]
Bere nebak Gisèle Halimi abokatuari gertatutakoaren berri ematea lortu zuen, eta hark 1960ko martxoan bere kasuaz arduratzea erabaki zuen. Abokatuak eta Boupachak 1960ko maiatzaren 17an elkartu ziren lehenengo aldiz Barberousse espetxean. Djamila Boupachak jasandako torturak azaltzean, militarrek nola bortxatu zuten ere kontatu zuen, hortzetako eskuila baten kirtena baginan sartuta, eta, ondoren, garagardo-botila baten lepoa.[6]
«Djamilak honela azaldu zuen: "Botilako tortura jasan nuen; sufrimendurik latzena izan zen; posizio berezi batean lotu ondoren, botila baten lepoa sartu zidaten baginan. Garrasika hasi eta bi egunez konortea galdu nuen". Lekuko batek, zeinaren izena eta helbidea ezagunak baitira, Hussein-Dey-n ikusi zuen, konorterik gabe, odoletan, kartzelariek arrastaka zeramatela. (Djamila birjina zen).»[5]
Gisèle Halimiren arabera, «ez zuen atentaturik egin, baina bat egiteko zorian egon zen».[7]
Kanpaina mediatikoa
Simone de Beauvoir-ek 1960ko ekainaren 2an «Pour Djamila Boupacha» artikulua idatzi zuen Le Monde egunkarian Halimik eskatuta, abokatuak erabaki baitzuen auzia Aljeriako armada frantsesaren metodoak salatzeko erabiltzea.[5] Michel Debré lehen ministroak egunkaria Aljeriako kioskoetatik erretiratzea agindu zuen.[4] Artikulua zabaldu ahala, Djamila Boupacha auziak garrantzi mediatiko handia hartu zuen nazioartean, eta 1960ko ekainean bertan Comité pour Djamila Boupacha batzordea sortu zen. Batzordearen presidentea Beauvoir izan zen, eta haien kideen artean Jean-Paul Sartre, Louis Aragon, Elsa Triolet, Gabriel Marcel, Geneviève de Gaulle-Anthonioz, Aimé Césaire eta Germaine Tillion egon ziren.[3]
Lekualdatzea eta epaiketa Frantzian
Laguntza-batzordearen presioen ondorioz, eta Simone Veil magistratuaren bitartez, kasua Aljerreko auzitegitik Caengora lekualdatu zuten, eta Djamila Boupacha hegazkin militarrean eraman zuten Frantzia kontinentalera epai zezaten. Bere gelan hilko ez ote zuten beldur zirenez, Fresnesko kartzelan espetxeratu zuten 1960ko uztailaren 21ean eta gero Pauekoan.[8] Gisèle Halimik Pierre Messmer Defentsa ministroa eta Charles Ailleret jenerala, garai hartan Aljeriako frantses armadaren burua, auzitara eraman zituen aginte abusua egotzita tortura ekintzengatik.[7]
Djamila Boupacha Caengo auzitegian azaldu zen 1961eko ekainaren amaieran, haren torturatzaileen aurka aurkeztutako salaketaren ikerketa aztertu zenean, eta bertan identifikatu zituen akusatuak.[9] 1962an, Aljeriako gerra amaitutakoan sinatu ziren Eviango akordioak aplikaturik, amnistia eman zioten eta 1962ko apirilaren 21ean askatu zuten. 1962ko maiatzaren 3ko Le Monde-ren arabera, FLNko Frantziako Federazioak Boupacha bahitu zuen Gisèle Halimiren abokatuaren etxean babestuta zegoen bitartean, eta gero Aljerrera eraman zuen. FLNk abokatua "helburu pertsonalengatik egiten ari zen publizitate-operazioa" gaitzetsi zuen. Boupacha lehen mailako arma sinbolikoa bihurtu zen eta FLNk ezin zuen onartu halakorik galtzea.
Borrokaren ikono pixkanaka baztertua
Djamila Boupacha, bere martirioagatik, nazionalista aljeriarrentzako oroimen nazionaleko sinbolo bihurtu zen; hau da, borrokaren irudi enblematiko bat, eraiki behar zuten nazio aljeriarraren mito sortzaile izango zena. Hala ere, ikono bat zenez, ezin zuen paper hori alde batera utzi: Aljeriako buruzagi nazionalisten ikuspuntutik, emakumeek eragindako edota jasandako indarkeria "salbuespen moduan bakarrik izan zitekeen baliagarria".[3] Christelle Taraud-ek nabarmendu duenez, gerra amaitu eta berehala Aljeriako Estatuak Djamila Boupacha sinbolo gisa erabili zuen, “FLNk ezarritako alderdi bakarreko erregimenari legitimitate sinbolikoa eta politikoa emateko”. Hala ere, pixkanaka alde batera utzi zuten eta plaza publikotik desagertu zen, beren herrialdearen askapenean paper erabakigarria izan zuten aktibista nazionalista asko bezala.[8]
Esker onak
2022ko otsailaren 15ean, Abdelmadjid Tebboune presidenteak senatari izendatu zuen, baina berak uko egin zion eskaintzari, mujahida zaharrak “herritar” soil izaten jarraitu nahi baitu.[10][11]
2022ko irailean, Frantziako Stains herriko kale bati "Djamila Boupacha" izena jarri zioten, hiriko Udalak babestutako proiektu artistiko baten barruan.[12] Ekimen horrek eskuin muturrekoa aztoratu omen zuen eta, 2022ko urriaren 8an, Action française taldeko militanteek kaleko plaka estali eta haren gainean kartel bat jarri zuten "Rue Sainte-Geneviève" izenarekin.[13]
Djamila Boupacharen bizitzan oinarritutako obrak
Pablo Picasso pintoreak Djamila Boupacharen erretratua egin zuen.[14] Irudia Gisèle Halimik eta Simone de Beauvoirek 1962an beste batzuekin batera argitaratu zuten FLNko militanteari buruzko liburuaren azalean agertzen da.[14]
Urte berean, Roberto Matta pintoreak Djamilaren tormentua margotu zuen.[8] Luigi Nono musikariak ere (1924-1990) omenaldia egin zion 1962an borrokalari gazteari, eta bere Canti di Vita et D'amore kantetako ahots-pieza bat eskaini zion; hamar minutu inguru irauten du, soprano bakar batek kantatzekoa da eta Djamila Boupacha izena du.[15]
2000. urtean, Francesca Solleville-k Bernard Joyet-ek konposatutako Djamila interpretatu zuen Grand frère petit frère diskoan. 2012an, Bernard Joyetek berak sartu zuen abestia Autodidacte diskoan.
Erreferentziak
- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Djamila Boupacha» artikulutik itzulia izan da, 2023-05-16 data duen 204288206 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-05-16 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- (Frantsesez) Pavard, Bibia; Rochefort, Florence; Zancarini-Fournel, Michelle. (2020-09-03). Ne nous libérez pas, on s'en charge. La Découverte ISBN 978-2-348-05567-6. (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
- (Ingelesez) Agee, Philip. (1990). Maran, Rita ed. «Torture as an Instrument of National Policy: France 1954—1962» Social Justice 17 (4 (42)): 131–138. ISSN 1043-1578. (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
- Taraud, 2012, or. 64
- Le Sueur, 2001, or. 170
- (Frantsesez) Beauvoir, Simone de. (1960). «Pour Djamila Boupacha» Le Monde, 1960ko ekainaren 2a: 32..
- Codaccioni, 2010, or. 32
- Gisèle Halimiri eginiko elkarrizketa, datarik gabekoa, Cri du coeur blogean 2008ko azaroaren 1ean plazaratua.
- Taraud, 2012, or. 65
- (Frantsesez) «L'instruction de l'affaire Boupacha» Le Monde 1961-07-01 (Noiz kontsultatua: 2023-05-30)..
- (Frantsesez) AE, Rédaction. (2022-02-15). «Conseil de la nation : le Président Tebboune désigne les membres du tiers présidentiel» Algerie Eco (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
- (Frantsesez) adminParis. (2022-02-16). «Djamila Boupacha refuse le poste de sénatrice» Le Matin d'Algérie (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
- (Frantsesez) Aomar, Ali. (2022-09-20). «En France, une rue au nom de Khadidja, la femme du prophète, suscite la polémique» ObserAlgérie.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
- (Frantsesez) «VIDÉO. Menaces de l’Action Française : le maire de Stains redoute «un passage à l’acte»» leparisien.fr 2022-10-13 (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
- (Frantsesez) Bleitrach, Danielle. (2020-12-12). «Algérie, Djamila Boupacha et Picasso» Histoire et société (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
- Djamila Boupacha - Luigi Nonoren "Canti di Vita e d'amore-tik" (1962) aterata; Janet Pape, sopranoa.. Youtuben, Janet Paperen kanalean. (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
Bibliografia
Liburuak
- Simone de Beauvoir eta Gisèle Halimi, Djamila Boupacha, Gallimard, 1962. Testigantzak: Henri Alleg, Josette Audin, Jacques Pâris de Bollardière, RMarie-Dominique Chenu, Jean Dalsace, Jacques Fonlupt-Espéraber, Françoise Mallet-Joris, Daniel Mayer, André Philip, J.-F. Revel, Jules Roy eta Françoise Sagan. Pablo Picassoren erretratua. Robert Lapoujade eta Roberto Matta margolarien omenaldia.
- Françoise Vergès, Le Ventre des femmes : Capitalisme, racialisation, féminisme, Albin Michel, 2017, 240 or. (ISBN 978-2-226-42299-6), 116-121. or.
- (Ingelesez) Rita Maran, Torture, the role of ideology in the French-Algerian war, Praeger, 1989
- (Ingelesez) Page Whaley Eager, From Freedom Fighters to Terrorists, Ashgate, 2008, 111-114. or. (ouvrage en ligne)
Artikuluak eta kontribuzioak
- (Frantsesez) Codaccioni, Vanessa. (2010). «(Dé)Politisation du genre et des questions sexuelles dans un procès politique en contexte colonial : le viol, le procès et l’affaire Djamila Boupacha (1960-1962)» Nouvelles Questions féministes 29 (1): 32-45. ISSN 0248-4951..
- Alyssa Moncef, «Djamila Boupacha, l’une des icônes féminines de la Révolution de Novembre», Memoria, 1er juin 2012ko ekainaren 1a
- Christelle Taraud. (2012). «Le supplice de Djamila Boupacha» L'Histoire (371): 64-65..
- (Ingelesez) Philip Agee, «Torture as an Instrument of National Policy: France 1954—1962» in Social Justice, 17. liburukia, 4. zk. (42), 1990eko negua, 131-138. or.
- (en) James D. Le Sueur, «Torture and the decolonization of French Algeria: nationalism, 'race' and violence during colonial incarceration», in Graeme Harper (zuz.), Colonial and Post-Colonial Incarceration, Continuum International Publishing Group, 2001 (lire en ligne), 161-175. or
Filmografia
Telefilma:
- 2011: Caroline Hupper Pour Djamila, Marina Hands eta Hafsia Herzirekin
Telebista saioa:
- 2012: Ce soir (ou jamais !), avec Gisèle Halimi, Marina Hands, Hafsia Herzi eta Sylvie Thénault-ekin , France 3 (20 mars 2012)
Ikus, gainera
- Aljerreko gudua
- Ali la Pointe
- Petit Omar
- Hassiba Ben Bouali
- Djamila Bouhired
- Zohra Drif
- Yacef Saâdi
- Omar Oussedik
- Mourad Didouche
- Abane Ramdane
- Amar Ouamrane
- Krim Belkacem
- Rabah Bitat
- Larbi Ben M'hidi