Dismenorrea
Dismenorrea umetoki-uzkurdurek eragindako sabeleko mina da, hilerokoan gertatzen dena[1]. Normalean pelbisean edo beheko abdomenean sortzen du mina,[2] baina bizkarreko mina, beherakoak edo goragaleak eragin ditzake baita ere.[2]
- Oharra: Wikipediak ez du aholku medikorik ematen
Dismenorrea | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | menstrual disorder (en) pelvic pain (en) |
Espezialitatea | familia-medikuntza |
Identifikatzaileak | |
GNS-10 | N94.4 eta N94.6 |
GNS-9 | 625.3 |
DiseasesDB | 10634 |
MedlinePlus | 003150 |
eMedicine | 003150 |
MeSH | D004412 |
Epidemiologia
Estimatutako intzidentzia %50ekoa da ugaltzeko adinean dauden emakumeetan. [3] Dismenorrea kasuak gehiago dira nerabezaroaren amaieraren eta 20 urte artean, behera eginez adinarekin.
Neska nerabeetan, prebalentzia, ikerketa desberdinen arabera, %67,2 eta %90 artekoa da eta dismenorrea da ginekologia-kontsultaren arrazoi nagusia, bai eta eskolako, laneko edo beste jarduera batzuetako ausentismoarena ere.[4]
Suediako ikerketa batek 19 urteko emakume ikasle unibertsitarioen portaera aztertu zuen, eta %72k dismenorrea zuela ondorioztatu zuen. Horietatik, %15ek mugatuta zituen bere jarduerak. Azterketa horretan aztertutako emakume guztietatik, %38k soilik jasotzen zuen tratamendu medikoa. [3]
Erditzeak dismenorrea amiatzea ekar dezake, hala ere, ez du zertan horrela izan. Ikerketa batek erakutsi zuen seme-alabarik gabeko dismenorrea zuten emakumeei, mina jaitsi zitzaiela 40 urtetatik aurrera.
Etiologia
Dismenorrea bi mailatan sailka daiteke; lehenengo mailakoa (dismenorrea primarioa) eta bigarren mailakoa (dismenorrea sekundarioa), azpiko kausaren bat ez egotearen edo egotearen arabera.
Lehen mailako dismenorrea lotutako azpiko afekziorik gabe gertatzen da; bigarren mailako dismenorreak, berriz, azpiko kausa espezifiko bat du, oro har umetokiari edo beste ugalketa-organo batzuei eragiten dien afekzio bat.
Dismenorrea primarioa
Lehen mailako dismenorrea edo dismenorrea funtzionala sintoma multzo batek zehaztutako nahasmendua da (horietako garrantzitsuena hilekoaren mina da), hilekoarekin lotuta agertzen dena horiek justifikatzen dituen patologia organikorik ez dagoenean.[5]
Lehen mailako dismenorrea lehen hilekoaren ondorengo lehen urtean hasten da, eta ia etengabe gertatzen da obulazio-zikloetan, emakumearen bizitza osoan zehar ager daitekeelarik. Hala ere, posible da adina aurrera doan heinean eta haurdunaldiaren ostean gutxitzea. Mina, oro har, hilekoa hasten denean (edo justu lehenago) hasten da, eta lehenengo 1-2 egunetan irauten du.
Sintomak ezin dira azaldu egiturazko kalte ginekologikoengatik eta mina umetoki-uzkurdurei eta iskemiari zor zaiela uste da[6].
Arrisku-faktoreak honako hauek dira:
- Lehenengo hilekoa adin goiztiarrean
- Hileroko aldi luzeak edo biziak
- Tabakismoa
- Dismenorrearen familia-aurrekariak[6]
Dismenorrea sekundarioa
Oro har, bigarren mailako dismenorrea helduaroan hasten da, sortzetiko malformazioen ondorioz ez bada.
Sintomak anomalia pelbianoen ondorio dira. Errai pelbikoei eragin diezaiekeen ia edozein anormaltasun edo prozesuk dismenorrea eragin dezake.
Bigarren mailako dismenorrearen kausa komunen artean daude:
- Endometriosia (kausarik ohikoena). Hau dismenorrea duten nerabeen % 70an laparoskopiaren bidez baiezta daiteke.
- Uteroko adenomiosia
- Miomak (leiomioma)
Ohikoenak ez diren kausak honako hauek dira: sortzetiko malformazioak (adibidez, umetoki bikia, umetoki subseptatua, baginako zeharkako trenkada), obario-kisteak eta tumoreak, hanturazko gaixotasun pelbianoa, auto-barneko kongestioa, min psikogenoa eta utero barneko gailuak (DIU).
Hanken luzera ezberdina, hipotetikoki, dismenorrearen eragile bat izan liteke, pelbisaren inklinazioan eragin dezakeelako. Inklinazio honek bizkarreko min txikia eragin dezake eta hau hilekoaren minarekin nahas daiteke, bizkarreko min txikia duten emakumeek min handiagoa izaten baitute hilerokoan.
Beste anormaltasun eskeletiko batzuk ere, eskoliosia kasu (batzuetan arantza bifidoak eragindakoa), balizko zergadunak izan daitezke.
Sintomak
Dismenorrearen sintomarik esanguratsuena abdomenaren beheko partean edo pelbisean fokatutako mina da. Min hau abdomenaren eskumako zein ezkerreko parteetan ere sentitu ohi da eta heda daiteke izterrera eta bizkarraren beheko partera.
Hilerokoak eragindako min horrekin batera, goragalea, okada, beherakoa, buruko mina, zorabioa, desorientazioa, ahultasuna eta nekea agertzen dira. Dismenorrearen sintoma hauek guztiak askotan obulazioa bukatu eta berehala hasten dira, eta hilekoa amaitu arte iraun dezakete. Horren arrazoia, dismenorrea askotan obulazioarekin gertatzen diren gorputzeko maila hormonaletako aldaketekin lotzen dela da. Bereziki, prostaglandinek mina eta sintoma gastrointestinalak eragin ditzaketen uzkurdura abdominalak eragiten dituzte.
Mekanismoa
Ziklo menstrualeko fase folikularrean jariatutako estrogenoen eraginez, endometrioa loditu eta haurdunaldi posible baterako prestatuko da. Obulazioan askatutako obozitoa ernaltzen ez bada, endometrioa ezkatatu eta hilekoa gertatuko da.
Endometrioa ezkatatzearen ondorioz, prostaglandina askatuko da, honek, beste gai inflamatorio batzuekin batera uteroan uzkurketak gertatzea eragingo du. Hori izango da dismenorrea primarioa gertatzearen eragile nagusia. Uteroko muskuluak uzkurtzean, endometriora iristen den odol bolumena gutxitu egingo da. Horregatik, endometrioa hautsi egingo da. Uteroko uzkurketak jarraitu egiten dute. Modu horretan, hautsi den endometrio zaharra zerbixetik zehar doa eta baginatik kanporatzen da. Uzkurtze horiek eta aurrez aipatutako odol gutxitzea menstruazioan ager daitezkeen kalanbre eta minen eragileak dira.
Dismenorrea primarioa pairatzen duten emakumeen uteroaren aktibitatea gainontzeko emakumeena baino handiagoa da. Modu horretan, uteroaren uzkurgarritasuna eta uzkurteten frekuentzia areagotuz.
Kuantifikazio-ereduak
Badira kuantifikazio-ereduak, hilekoaren sintomak izenekoak, hilekoaren minaren larritasuna zenbatesteko erabil daitezkeenak. Dismenorreak sortzen dituen sintomen arabera, 5 gradu desberdintzen dira:
- 0 gradua: Hilerokoa ez da mingarria, eta eguneroko bizitza ez da aldatzen.
- 1. gradua: Hileroko mingarria, eguneroko bizitzan puntualki eragin dezake.
- 2. gradua: Eguneroko bizitzan eragiten du, analgesikoak beharrezkoak izaten dira, eta bizitza normala egiteko nahikoak izaten dira. Mina handiagoa.
- 3. gradua: Eguneroko bizitza normala egiteko gaitasunik eza, analgesikoen efektua ez da nahikoa minaren kontrolerako, sintoma begetatiboak agertzen dira (zefalea, nekea, oka, beherakoa), min oso handia.
- 4. gradua: 3. graduko sintomatologia bera, aluzinazio, goragale eta okadekin.
Diagnostikoa
Anamnesia
Dismenorrearen diagnostikoa historial klinikoan oinarritzen da. Izan ere, ez dago orokorki onartutako teknika estandarrik hilekoaren minen larritasuna kuantifikatzeko. Hilekoaren anamnesi osoa egitea beharrezkoa da, hilekoaren hasierako adina, hilekoaren fluxuaren iraupena eta kantitatea, hilekoen arteko denbora, aldakortasuna eta hilekoen eta sintomen arteko erlazioa barne.
Azterketa fisikoa
Anamnesiaren ondoren, azterketa fisiko bat egin behar da, hau da, azterketa pelbiko bat. Bigarren mailako dismenorrearen kausen detekzioan oinarritzen da, eta, beraz, diagnostiko diferentzialtzat har dezakegu. Bigarren mailako dismenorrearen kasuan, haren azpiko kausa sekundarioa bilatu behar da, zehazki tratatu ahal izateko eta azpiko kausa larriagotzea saihesteko.
Baginari, bulbari eta umetoki-lepoari begiratu behar zaie, zerbix-zuloan zehar zabaltzen diren lesioen edo masen bila. Egiturak haztatzen dira zulo zerbikal estu baten bila, polipo edo mioma prolapsatuak, umetoki-masak edo erantsiak, trenkada baginalaren loditasuna, zaku-hondoaren indurazioa eta lotailu uterosakroaren nodularitatea.
Abdomena peritonitis ebidentziak detektatzeko ebaluatzen da.
Hilekoaren zikloen historial mediko espezifikoaren eta azterketa pelbikoaren emaitzen arabera, azterketak eta proba gehigarriak egin daitezke, hala nola:
- Laborategiko probak
- Ekografia ginekologikoa
- Laparoskopia. Probarik behin betikoena da, medikuei pelbis osoa eta ugalketa organoak zuzenean aztertzeko eta anomaliak antzemateko aukera ematen baitie.
Haurdunaldi intrauterino eta ektopikoa baztertu egiten dira haurdunaldi proba batekin. Gaixotasun pelbiano inflamatorioa dagoela susmatzen bada, kultibo zerbikalak egin behar dira.[6]
Tratamendua
Tratamendua desberdina izango da dismenorreak sortzen dituen sintomen arabera. Dismenorrearen tratamendua batez ere tratamendu sintomatologikoa izango da; hau da, sintomak arintzeko. Hala ere, bigarren mailako dismenorrearen kasuan, honek eragiten duen azpiko kausa diagnostikatuan, hau tratatu beharko da.
Neurri orokorrak
Tratamendu sintomatikoa atseden egoki batekin hasten da, loaldi erregularra eta ariketa. Omega-3 gantz-azidoen, magnesioaren, E bitaminaren, zinkaren eta B1 bitaminaren gisako nutrizio-gehigarrietan eta koipeetan dieta baxua izatea eraginkorra izan daiteke.
Mina arintzeko zenbait aholku jarrai daitezke: beroa ipini abdomeneko behe aldean (zilborraren azpitik), hatz puntekin abdomeneko behe aldea zirkularki masajeatu, likido beroak edan, gutxi baina askotan jan, hankak goian mantenduta etzan, erlaxazio teknikak erabili, dutxa edo bainu beroak hartu, ibili edo ariketak erregularki egin, pisua galdu gehiegizko pisua badago...
Farmakoak
Minak bere horretan jarraitzen badu, normalean antiinflamatorio ez-esteroideoekin tratatzen dira (horiek mina arintzen dute eta prostaglandinak inhibitzen dituzte). Antiinflamatorio ez-esteroideoak hilekoa hasi baino 24 eta 48 ordu bitartean hartzen dira normalean, eta hilekoa hasi eta egun bat edo bi igaro arte hartzen jarraitu behar dira.
Antiinflamatorio ez-esteroideoak eraginkorrak ez badira, aho bideko antisorgailua erabili daiteke, estrogeno eta protestageno dosi txikiekin. Izan ere, zenbait pilula antisorgailu mota erabiltzeak dismenorrearen sintomak prebenitu ditzake, obulazioa gertatzea saihesten dutelako.
Beste terapia hormonal batzuek, hala nola danazolak, progestagenoek (adibidez, levonorgestrel, etonogestrel, biltegiko medroxiprogesteronaren azetatoa), gonadotropinaren hormona askatzailearen agonistek edo progesterona askatzen duen DIU batek dismenorrearen sintomak gutxitu ditzakete.
Baliteke aldian behin analgesikoak gehitu behar izatea.[6]
Beraz, laburbilduz, hauek dira dismenorrea tratatzeko erabiltzen diren farmakoak:
- Antisorgailuak
- Errezeta gabeko antiinflamatorioak (ibuprofeno edo naproxeno bezalakoak).
- Errezeta behar duten antiinflamatorioak
- Errezeta behar duten analgesikoak (epe motzetan narkotikoak ere)
- DIU
Mina obulutegi polikistikoen sindromearen ondorio bada, bitamina B6, kaltzio eta magnesio suplementuak erabili daitezke.
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Farmacéuticos, Consejo General de. «DISMENORREA» Portalfarma (Noiz kontsultatua: 2019-12-02).
- Osayande, AS; Mehulic, S. (2014-3-1). «Diagnosis and initial management of dysmenorrhea» American family physician 89 (5): 341–6. PMID 24695505..
- Manual Obstetricia y Ginecología.. .
- Dismenorrea primaria en adolescentes: revisión de la literatura / Primary dysmenorrhea in adolescent: literature review. ISBN [[Special:BookSources/Id: 654564|Id: 654564]]..
- (Gaztelaniaz) Dismenorrea funcional en la Comunidad Autónoma de Madrid: estudio de la prevalencia en función de la edad. , 28 or..
- (Gaztelaniaz) «Dismenorrea - Ginecología y obstetricia» Manual MSD versión para profesionales (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).