Direktorio (Frantzia)
Direktorioa (frantsesez: Le Directoire) Frantziako Iraultzaren III. urteko Konstituzioak ezarri zuen aginte exekutiboa (1795eko abuztua) izan zen. Direktorioak izena eman zion IV. urteko brumarioaren 5ean (1795eko urriaren 28an) Thermidoreko Konbentzioaren ordezkoa hartu zuen erregimenari. "Errepublika burgesaren garaia" ere deitu izan den erregimen hau Iraultzaren VIII. urteko brumarioaren 18an (1799ko azaroaren 9an) amaitu zen, Napoleonek emandako estatu-kolpearen ondorioz. Direktorioko erregimenak askatasun eta berdintasunari dagozkion eskubide demokratiko batzuk murriztu zituen (Eskubide eta betebeharren deklarazioa aldarrikatu zuen Giza eskubideen aldeko deklarazioaren ordez). Konbentzioaren garaian zehaztu zen bezala, aginte legegilea Bostehunen Kontseiluaren eta Zaharren Kontseiluaren esku zegoen. Horiek aukeratzen zituzten bost buruzagi nagusiek (frantsesez: directeurs) osatzen zuten Direktorioa. Bost kargu horietatik bat berritzen zen urtero, eta bostek aukeratzen zituzten ministroak eta agintari militarrak. Direktorioa Iraultzaren eta Napoleonen agintaldiaren bitarteko garaia izan zen. Garai hartako krisi ekonomiko-sozialak areagotu zuen herri xehearen eta gehiegikerian bizi ziren gutxi batzuen arteko aldea.
Lehen Direktorioa (1795eko urria - 1797ko iraila)
Luis XVI.a erregea hiltzea agindu zuten Paul Barras, La Révellière-Lépeaux, Letourneur, Rewbell eta Sièyes iraultzaileek (Carnotek hartuko zuen azken honen lekua) osatu zuten "Lehen Direktorioa". Erregearen aldeko tropei, laborarien altxamenduei eta Babeuf eta Buonarroti ezker iraultzaileek bultzatu zuten altxamenduari ("Berdinen Konspirazioa", 1796ko martxoa) aurre egin behar izan zieten. Frantziako mugetatik kanpora, ideia iraultzailearen aldeko gerrak Frantziaren alde ezarri zituen herritarrak eta inbasio politikoari ekin zion armada frantsesak (Hego Euskal Herriaren inbasioa, 1793-1795; Italiako kanpaina, 1796-1797). Berdinen Konspirazioari jarraitu zitzaion zapalkuntzak eskuineko errepublikarren agintea sendotu eta erregezaleen erreakzioa bizkortu egin zituen. Erregezaleek irabazi zituzten 1797ko germinaleko hauteskundeak baina eskuineko errepublikarrek, Napoleonek lagunduta, Direktorioaren diktadura-izaera indartu zuen estatu-kolpea eman zuten 1797ko fructidorreko 18an (1797ko iraila).
Bigarren Direktorioa (1797ko iraila - 1799ko azaroa)
Barras, La Révellière-Lépeaux, Rewbell, François de Neufchâteau eta Merlin de Douaik osatu zuten "Bigarren Direktorioa". Hainbat neurri hartu zuten ekonomia-egoera larria zuzentzearren (diru-papera baliorik gabe utzi zuten, erreforma fiskala) eta neurri militar gogorrak hartu zituzten (derrigorrezko soldadutza eratu zuten). Eskuineko errepublikarrek eta erregezaleek ezkerreko jakobinoen aurkako legeak atera zituzten. Frantziatik kanpora, Konbentzioaren ondoren hasitako kanpainei segida eman zitzaien, errepublika anaien bitartez (Batavia, Holandan; Partenopeako Errepublika, Napolin; eta abar). Napoleonek Egipton hasi zuen kanpainak Ingalaterrako inperioa zuen helburu nagusi. Ingalaterra, Austria, Prusia, Errusia eta Suedia Frantziaren aurka elkartu ziren 1799. urtean. Armada frantsesek utzi behar izan zituzten fronte nagusiak, erregezaleen soldaduak kitzikatu zituzten oraindik sutan zirauten Bretainia, Vendée eta Okzitaniako txingarrak, eta herriaren haserrea areagotu egin zen. Ezkerreko jakobinoen laguntzarik gabe ezer gutxi zen Direktorioa, eta azkenean, Napoleon Bonaparte jeneralak estatu-kolpea eman zuen (VIII. urteko brumarioaren 18an) eta Kontsulen Erregimena ezarri.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.