Dionisio Txoperena

Dionisio Txoperena Altamira, Dio ezizenez (Goizueta, Nafarroa, Euskal Herria, 1954ko azaroaren 17a[1] - Petaluma, Kalifornia, Estatu Batuak, 2006ko irailaren 12a) Estatu Batuetara lanera joandako artzain euskalduna zen. Gehienbat, AEBetako telefonia mugikorreko iragarki-kanpaina batean parte hartzeagatik egin zen ospetsua.

Dionisio Txoperena
Bizitza
JaiotzaGoizueta, 1954ko azaroaren 17a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaPetaluma, 2006ko irailaren 12a (51 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jardueraknekazaria
Izengoitia(k)Dio

Bizitza

13 urterekin eskola utzi eta aitarekin artzain hasi zen.

1973an, 17 urterekin, artzaintzan lan egiteko asmoz Estatu Batuetara emigratu zuen, eta denbora batez Wyoming Sheep Ranch arrantxoan egin zuen lan. Ondoren, Kaliforniako Marin konderrira aldatu zen anaiari lanean laguntzera, honek besoa hautsi zuenean. Bertan lana eskaini zioten. Bost urte geroago, Kaliforniako Tomales herrian bizitzen jarri zen, bere estatubatuar emaztearekin abeletxe baten jabe zela.

1999an, egiazko artzain edo abeltzain bat behar zuela erabaki zuen iragarki konpainia batek; artzain hori izanen zen AT&T telekomunikazio enpresarentzako publizitate-kanpaina baten irudia. 2000. urtean, iragarki konpainia horretako langile bat Amerikako Estatu Batu guztietan zehar ibili zen "arrantxero itxurako" norbaiten bila. Horietako bidaia batean, Tomales herriko William Tell House tabernara sartu eta Txoperena aurkitu zuen lagunekin edaten.

Dionisio Txoperenak hurrengo bi urteetan zehar 13 iragarki egin zituen AT&T konpainiarentzako, eta hauek 2001eko udaberrian eman ziren telebistan. Iragarki kanpaina honek oihartzun handia izan zuen, eta horren ondorioz Txoperena oso pertsona ezaguna bilakatu zen Estatu Batuetan, herrialde honetan AT&Tko artzaina bezala ezaguna izanik. AT&Tkin zuen kontratua 2001ko abenduan amaitu zen. Txoperena euskal-estatubatuar komunitateko pertsonaia ezaguna bihurtu zen, baita Estatu Batuetara emigratu zuten euskal artzainen sinbolo ere. Handik gutxira, sorlekuan ere ospetsu egin zen, Ameriketatik zetozen albisteei esker. Gerora, ETBk haren bizitzaren inguruko dokumentala ekoitzi zuen, Txoperena izenekoa.

2006ko irailaren 12an, 51 urterekin, minbiziaren ondorioz Petalumako (Kalifornia) etxean zendu zen, bere emazteak bikiak erditu baino lehentxoago.

Erreferentziak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.