Diogenes Sinopekoa
Diogenes Sinopekoa edo Diogenes Zinikoa (antzinako grezieraz: Διογένης ὁ Σινωπεύς, Diogenes ho Sinopeus; Sinope, c. K.a. 412 – Korinto, K.a. 323) Antzinako Greziako filosofo ziniko nabarmen bat izan zen. Ez zuen ezer idatzirik utzi, eta hari buruz ezagutzen den guztia Diogenes Laerziok bere Filosofoen bizitzak bilduman idatzitakoa da[1].
Diogenes Sinopekoa | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Sinope, c. K.a. 412 |
Herrialdea | Sinope |
Heriotza | Ancient Corinth (en) , K.a. 323 (76/77 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | antzinako greziera |
Irakaslea(k) | Xeniades (en) Antistenes |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | filosofoa |
Mugimendua | Zinismoa |
Diogenes Sinopetik erbesteratu zuten, eta Atenasa joan zen bizitzera, non Antistenes (Sokratesen lehen ikaslea) hartuko zuen maisutzat. Diogenes arlote gisa bizi izan zen Atenasko kaleetan, muturreko gabezia bertute bihurtuz. Kontatzen zenez, upel batean bizi zen, eta ez zuen manta edo kapa bat, zorro bat eta makila bat beste jabegorik. Buztinezko edalontzi bat ere izan omen zuen, baina hautsi egin zuen haur bat errekatik eskuekin edaten ikusi zuenean. Egunez eskuargi bat zuela ibiltzen zen poliseko karriketatik, "gizonen bila" (gizon zintzo eta zuzenen bila, alegia).
Korinton ere izan zen, eta zinikoek defendaturiko autosufizientziaren ideiak etsenpluz predikatu zituen: bizitza naturala, gizarteko luxuak arbuiatuz. Bere hitzetan, bertutea da ongi gorena. Zientzia, ohoreak eta aberastasunak alde batera utzi beharreko ondasun faltsuak dira. Bere filosofiaren oinarriak gizarteko ohituren hipokrisiak salatzea eta ikuspegi naturala kontrajartzea dira. Gizaki jakintsuak bere desioak gainditu behar ditu, eta bere beharrizanak ahalik eta neurri txikienera gutxitu.
Bizitza
Diogenesi buruzko pasarteen egiatasuna zalantzazkoa da askotan[2]. Izan ere, ez zuen idazlanik utzi, eta bere izaera xelebreak eragin handia izan zuen herritarren irudimenean. Horregatik zaila da esatea bere bizitzako zein parte diren egia, eta zein ipuin soilak edo geroko tradizioak sortutako irudia. Nolanahi ere, Diogenen bizitzaren pasadizoak bere filosofia praktikoa ulertzeko oso lagungarriak dira.[3]
Diogenes Sinopeko greziar kolonian jaio zen, itsaso beltzaren hegoaldeko kostaldean. Bere aitarekin batera txanponak faltsutzeagatik erbesteratu zutela uste da. Atenasa iristean, bere esklaboa zen Manesek ihes egin zion, eta orduan, bere umore garratz bereziarekin esan omen zuen: "Manes Diogenes gabe bizi badaiteke, zergatik ezingo luke Diogenesek Manes gabe bizi?"[1]. Modu hartan, Diogenesek barre egin zion gizonen arteko menpekotasunari, gerora gizarteko beste hainbat kateri egingo zien bezala.
Maisu bat aurkitu zuen, Antistenes, Platonek dioenez Sokratesen heriotzaren lekuko izan zena, eta Atenasen bizimodu aszetikoa zeramana. Ikasleak laster gainditu zuen maisua doktrinaren praxian, eta gozamen lurtarrak saihestuz bizi izan zen, askotan gainerako hiritarren eskandalurako. Pentsalariaren muturreko jarrerek giza jokabidearen itxurakeria, harrokeria, zoramena, autoengainua eta naturaz kontrakoa salatzea zuten helburu.
Diogenesen inguruan kontatzen diren istorio askok ematen digute bere nortasunaren koherentziaren berri. Urtaro guztietan oinutsik ibiltzen omen zen, tenpluetako zutabeen artean egiten zuen lo bere mantapean bilduta, eta kupela soil bat zuen etxebizitza moduan. Behin, Agoran masturbatzen ari zelako jendea kexatu zenean honakoa bota zuela esaten da: "nahi nuke sabela igurtziz gosea ere holako erraztasunez desager baledi!". Gizarteari zion erdeinua erakusteko, behin Atenasko kaleetan zehar ibili zen eskuargi batekin "gizon baten bila" zebilela aldarrikatuz. Herriko dirudun batek etxera gonbidatu zuen, bere etxean listua botatzea debekatuta zegoela berariaz ohartaraziz; Diogenesek eztarria garbitzeko gargara batzuk egin eta aurpegira tu egin zion zuzenean, barneak husteko leku zikinagorik topatu ez zuela argudiatuz.
Inguruko pentsalariekin gorabehera asko izan zituen. Behin Platonen akademian lumarik gabeko oilasko bat askatu zuen bere hitzaldi batez barre egiteko. Beste behin, Eleako Zenonen irakaspen baten ondoren (mugimendua ukatzen zuena), bere inguruan ibiltzeari ekin zion. Atenasko biztanleek barre egiten zioten, baina beldurra eta errespetua ere baziotela egia da.
Eginarantz eginiko bidaia batean, Diogenes pirata batzuek preso hartu eta esklabotzat salgai jarri omen zuten. Salgai zegoela, honela erantzun zuen zer egiten zekien galdetu ziotenean; "Agindu. Galdetu ea inork jaberik erosi nahi duen". Korintoko Xeniades izeneko morroi batek erosi zuen, eta askatasuna eman ondoren, bere semeen tutore izendatu zuen. Harrezkero Korinton bizi izan zen hil arte. Hiri horretan ezagutuko zuen Alejandro Magno, gerora pentsalariaren pasadizo ezagunena izango zena gertatuko zelarik. Mazedoniarrak Diogenes ezagutzeko interesa zuen eta goiz batez kalean eserita topatu zuen, hausnarketa sakonean. Alejandro hurbildu eta nahi zuena eman ziezaiokeela esan zion, eta Diogenesek paretik kentzeko eskatu zion, eguzkia estaltzen ziola eta. Gortesauek agiraka egin zioten, errege baten aurrean zegoela ohartarazita. Alejandrok bere jarraitzaileen barre eta kritikak isilarazi zituen esanaz: "Alejandro ez banintz, Diogenes izan nahiko nuke".[4] Beste batean, erregeak hezur pila bati begira topatu zuen eta zertan zebilen galdetuta, esan zion: "Zure aita Filiporen hezurren bila nabil, baina ez dakit esklabo baten hezurrengandik bereizten".
Heriotza
Diogenesen azkenaz bertsio ugari kontatzen dira: olagarro bat gordinik janda gaixotu zela; istripuz erorita hil zela; zakur baten haginkaden ondorioz hil zela, olagarro baten kausaz elkarrekin borrokatu ondoren; baita bere burua hil zuela ere, arnasa hartzeari uko eginda. Esaten denez, bere azken hitzak honako hauek izan ziren: "Hiltzean, bota nazazue zakurretara. Jada ohituta nago".
Askoz geroago, korintiarrek atseden hartzen zegoen zakur baten irudia zeukan marmolezko zutabe bat jaso zuten haren omenez. Epictetok jakituriaren iruditzat zeukan.
Diogenes eta zakurrak
Diogenesen inguruan kontatzen diren pasadizo askok bere zakurren antzeko bizitzaz eta bizitza horri egiten zion gorazarreaz hitz egiten digute. Arrazoia Ziniko hitzean dago, grekozko zakur hitzetik baitator. Bi jatorri lotzen dira eskola zinikoaren sortzaileen inguruan. Lehenak dio Antistenesek Kinosargoko santutegi eta gimnasioan eman zituela bere aurreneko ikasgaiak; Kinosargo izena kyon argosetik letorke («zakur zalua» edo «zakur zuria»). Bigarrenaren arabera, Antistenes eta Diogenesek Atenasen jaso zuten ezizenetik dator, beren portaera zakurren antzekoa zela eta kynikos deitzen baitzitzaien; «zakur moldekoak», alegia. Beren bizimodua zakurrenarekin lotzea, izan ere, lege eta ohitura gizatiarrei zieten mespretxuaren, beren askatasun ideiaren eta beren lotsarik ezaren ondorio zen.
Diogenesi Zakur deitzeak iraintzeko asmoa garbia bazuen ere, zinikoak oso egokitzat hartu zuen izendapena. Zakurraren ideia erabili zuen askotan bere jokabidea azaltzeko, eta aldi berean iraina botatzen zuena lotsagarri uzteko. Bazkari baten erdian hezurrak bota zizkiotenean, Diogenes haien aurrean pixa egiten hasi zen, adibidez. Agoran jaten ari zenean zakur deitu ziotenean, "zakurrak zuek, jaten ari naizen bitartean gerturatzen zaretenok!". Irain horixe bota zion Platonek ere, eta berehala jaso zuen erantzuna: "Bai, zakurra behar dut izan dudarik gabe, beti saldu nindutenengana itzultzen naizenez".
Doktrina
Gutxiago dakigu Diogenesen irakaspenez bere bizitzaz baino. Ziniko gehienak bezala, bere bizitzaren egokitasuna izan zen bere kezka, eta ez zuen eskola bat sortzeko ahalegin handirik egin.
Dakigunaren arabera, jabegoari ez zion inolako garrantzirik ematen (Antistenesek ordea, oztopo kontsideratzen zuen). Lapurreta onargarria zela irakasten omen zuen: "jakintsuak eskura duena erabil dezake". Maisuarekin bat zetorren ideia askotan, hala nola beharrizanen ezabatzetik datorren bertutea, gizartea dela alperreko behar askoren eragilea eta hauek naturarekin bat datorren bizimodu batekin ekidin daitezkeela, sufrimenduaren mugetarainoko gabeziaren gorazarrea, gizarteko konbentzioei erdeinua, eta filosofia oso landuenganako mesfidantza.
Zibilizazioaren ohiko ideiei egiten zien erasoa gimnasia, musika eta astronomia lantzeko greziarrek zuten joerara ere zabaltzen zuen Diogenesek. Aldarrikatzen zuen moralaren zuzentasunean horrelako gogoa jarriko balute gazteek, heziketa hobea izango zutela. Gizonek beren desiren esklabo gisa jokatzen zutela ere salatzen zuen, eta horregatik gozamen materialak alde batera utzi behar zirela. Maitasunari buruz "alferren negozioa" zela esan zuen, eta maitaleak beren zoritxarrean atsegin hartzen zutela. Hala ere, koitoa beharrizan fisikoa dela baieztatzen zuen, jatea eta edatea diren bezalaxe.
Heriotza txarra ez zela ere esaten zuen, ez baitugu bere zuzeneko kontzientziarik. Kosmopolitetan lehena dela esaten da, aberririk zuenik ukatu baitzuen, munduko hiritarra zela argudiatuz.
Filosofia praktikoa
Diogenesek filosofia praktikatu zuen, hartaz teorizatu baino gehiago. Bere garaikide eta ondorengo filosofo askok, zinikoek bertuteari buruz defendatu zituzten ideiak praktikara eramateko balio zuen bizimodu bezala ulertu zuten.
Platoni galdetu zitzaionean zer nolako gizona den Diogenes, honek erantzun zuen: "Sokrates erotu bat"[1]. Platonen definizioa adierazgarria da, Diogenesen filosofia sokratikoaren egokitzapena askotan degradaziotzat hartu izan baita. Aditu batzuek, jakinduria sokratikoaren muturreko bertsio bezala ulertu dute Diogenesena, antzinako pentsamenduaren historian une liluragarri baina gordin bat eskainiz, baina filosofiarekin nahastu behar ez dena.
Aurreiritzi horrek, ordea, ez du kontuan hartzen arrazoimenaren zentraltasuna Diogenesen jardunean. Diogenesen askatasunaren praktika hobeto ikusten da zinismoaren testuinguruan, oro har. Bereziki, Diogenesek, kasu batzuetan, barregarri eta alferrikakotzat jotzen zituen konbentzio sozialen aurkako bere erasoan. Ongi bizitzeko bidea naturaren araberako bizitza sinple (bertutetsu) baten praktikatik igarotzen da. Eta horrek barne hartzen ditu jendaurrean egiten badira gizarteak lotsagarritzat jotzen dituen egintzak. Diogenesek, hain zuzen ere, kritikatzen zituen gizarte-konbentzioen barregarritasuna erakusteko modu bat bezala egiten zuen hori.
Adibidez, Atenasko konbentzioaren kontrakoa zen merkatuan jatea, eta, hala ere, han jaten zuen, zeren, aurpegiratzen zitzaionean azaltzen zuen bezala, merkatuan goseak egoten baitzen. Horrelako jarduerarik eskandalagarrienak merkatuan duen portaera lotsagabea (masturbatzea) inplikatzen du, eta "urdail hutsa igurtziz gosea arintzea hain erraza izatea nahi nuen"[1] erantzun zion.
Diogenesen bizitzari buruzko pasadizo hauetan, arrazoimenak, argi eta garbi, egiteko bat du. Diogenesen ustez, banako bakoitzak onartu behar du arrazoimenak gidatzea bere jokabidea, edo animalia batek bezala, uhal batek gidatu beharko du, arrazoimenak hutsegiteetatik urrun eta bizitza bizitzeko modurik hoberenera gidatzen du bat.
Diogenesek, orduan, ez du ezagutza bere horretan mespretxatzen, baina ezertarako balio ez duten ezagutza-nahiak mespretxatzen ditu. Pertsona batek bekokia ukituz adarrak dituela dioen argudioa gezurtatzen du, eta, antzera, ez dela existitzen baieztatzen du, hor zehar dabilen mugimendua bezala. Beste leku batzuetan, definizio platonikoak eztabaidatzen ditu, eta hortik sortzen da bere ekintzarik gogoangarrienetako bat: "Platonek animalia hankabiko eta lumarik gabeko gisa definitu zuen gizakia, eta txalotu egin zuten. Diogenesek oilo bat hartu eta hara eraman zuen, honako hitz hauekin: "Hemen da Platonen gizakia".
Diogenes Platonen kritikari gogor bat da, bere jarduera metafisikoak aldizka mespretxatzen dituelarik, nagusiki teorikoa den etikaren haustura argia adierazten duena. Diogenesek konbentzio sozial eta erlijiosoak ahultzeko eta botere politikoa iraultzeko duen talentuak, irakurleak, bere posizioa, soilik negatibo bezala ikustera tentatu ditzake. Hori, ordea, akats bat izango litzateke. Diogenes polemikoa da argi eta garbi, baina bai arrazoimena eta bertutea sustatzeko.
Azkenean, gizaki bat naturarekin ados egotea arrazionala izatea da, gizaki baten izaeran baitago arrazoiaren arabera jokatzea. Diogenesek arazoak ditu gizaki horiek aurkitzeko, eta antzerkian dituen zailtasunei buruzko sentimenduak adierazten ditu. Diogenesek "egun argiz lanpara bat piztu zuen eta, aurrera zihoala," Gizaki baten bila nabil "esan zuen. Zinikoentzat, arrazoimenaren araberako bizitza naturaren arabera bizi da, eta, beraz, arrazoimenaren araberako bizitza konbentzioaren eta polisaren mugak baino handiagoa da. Gainera, zinikoek diote horrelako bizitza bizitzea merezi duen bizitza dela. Ideia hauek eragina zuzena izan zuten estoizismoaren sorreran, nahiz eta modu desberdinetan garatu[5].
Legatua
Irudikapenak artean
Garai zaharretan zein modernoetan, Diogenesen nortasunak biziki erakarri ditu eskultoreak eta margolariak. Antzinako bustoak daude Vatikanoko, Louvreko eta Kapitolioko museoetan. Diogenesen eta Alexandroren arteko elkarrizketa Villa Albanin aurkitutako marmolezko erliebe zahar batean irudikatzen da. Atenasko Eskola Rafaelen freskoan, lehen planoan etzanda agertzen den irudi bakarti batek Diogenes irudikatzen du[6].
Shakespeareren Atenasko Timon-en txakurrei buruzko aipamen ugariak zinismo-eskolari buruzko erreferentziak dira, zeinak interpreta baitzitekeen ermitau misantropikoaren, Timonen, eta Diogenesen arteko paralelismoa iradoki zezakeela, baina Shakespearek Michel de Montaigneren De Demokrito y Heraclitus saiakera izan zuen eskura eta hartan bien arteko ezberdintasunak azpimarratzen baitziren: Timonek aktiboki desiratzen du gizakien gaiztakeria, eta arriskutsutzat hartzen ditu; Diogenesek, aldiz, hain gutxi maite ditu, ezen haien kontaktuak ez lukete asaldatuko[7]. Timonismoa, askotan, zinismoarekin kontrastatzen da: Zinikoek jendea zer izan zitekeen ikusten zuten, eta haserretu egiten ziren bihurtu zenarekin; timonistek, berriz, gizakiak, ezinbestean, zoroak eta axolagabeak zirela sentitzen zuten, eta ez zuten inolako aldaketarik espero[8].
Filosofoaren izena, Sir Arthur Conan Doyleren The Greek Interpreter ipuinaren istorioan, fikziozko Diogenes Clubek (Sherlock Holmesen anaia, Mycroft Holmes, kide dena) hartu zuen. Clubeko kideak heziak dira, baina ez dute hitzik egiten, eta ez dute gustuko gizarteratzea, filosofoari berari bezala[9].
Psikologia
Diogenes izena portaera-nahasmendu bati aplikatu zaio, itxuraz, nahi gabe, bere burua abandonatu eta gauzak harrapatzeak ezaugarritzen duenari[10]. Nahasmenduak adineko jendea jotzen du, eta izen desegokia hartzen da, ezen Diogenesek erosotasun materialeko estandar komunak nahita arbuiatzen baitzituen, eta edozer gauza izan zitekeen pilatzaile baino. Izena bera ere sarritan kritikatzen da, Diogenesek bere buruari laguntzen ziola uste baitzuen[11].
Erreferentziak
- «Diogenes Laertius: Life of Diogenes, from Lives of the Philosophers, translated by C.D. Yonge» web.archive.org 2007-10-21 (Noiz kontsultatua: 2020-04-22).
- «Diogenes of Sinope | Internet Encyclopedia of Philosophy» www.iep.utm.edu (Noiz kontsultatua: 2020-04-22).
- Bracht Branham, Goulet-Cazé (Eds.), R., M.-O.. (2000). Los cínicos. Seix Barral ISBN 84-322-1600-3..
- (Gaztelaniaz) Plutarko: Vidas paralelas. Alejandro..
- (Ingelesez) «Stoicism and Cynicism: Lessons, Similarities and Differences» Daily Stoic 2018-01-09 (Noiz kontsultatua: 2020-04-22).
- Michelangelo and the Pope's Ceiling, by Ross King
- Hugh Grady, "A Companion to Shakespeare's Works", Dutton. R & Howard J., Blakewell Publishing, 2003, [[:en:Special:BookSources/0-631-22632-X|ISBN 0-631-22632-X]], 443–44 or.
- «Hasi saioa - Google Kontuak» accounts.google.com (Noiz kontsultatua: 2023-02-10).
- Smith, Daniel (2014) [2009]. The Sherlock Holmes Companion: An Elementary Guide (Updated ed.). Aurum Press. 30–31 or. ISBN 978-1-78131-404-3
- (Frantsesez) Hanon, C.; Pinquier, C.; Gaddour, N.; Saïd, S.; Mathis, D.; Pellerin, J.. (2004-09-01). «Le syndrome de Diogène, une approche transnosographique» L'Encéphale 30 (4): 315–322. doi: . ISSN 0013-7006. (Noiz kontsultatua: 2023-02-10).
- Navia, Diogenes the Cynic, 31. or.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Internet Encyclophedia of Philosophy: https://www.iep.utm.edu/diogsino/
- (Ingelesez) Lucian Samosataren wikia: http://lucianofsamosata.info/wiki/doku.php?id=cynics:cynic_lives
- (Ingelesez) Epiktetoaren Diskurtsoak: http://www.perseus.tufts.edu/hopper/text?doc=Perseus:text:1999.01.0236
- (Ingelesez) History Of Philosophy Witout Any Gaps (podcast-a): https://historyofphilosophy.net/cynics