Dimero
Dimeroa oligomero bat da bi monomeroz osatutakoa lotura sendoen edo ahulen, kobalenteen edo molekulen artekoen bidez lotutakoa[1]. Homodimero terminoa erabiltzen da bi molekulak berdin-berdinak direnean (adibidez, A – A) eta heterodimero ez direnean (adibidez, A – B). Dimerizazioaren kontrako erreakzioari disoziazio deritzo sarritan. Kontrako karga duten bi ioik dimeroa osatzen dutenean, Bjerrum bikote deritze.
Dimero ez-kobalenteak
Azido karboxilikoek dimeroak eratzen dituzte azidoaren hidrogenoak eta karboniloaren oxigenoak eratutako hidrogeno-loturaren bidez ingurune anhidroetan. Adibidez, azido azetikoak dimero bat eratzen du fase gaseosoan, non monomero-unitateak hidrogeno-loturen bidez elkartuta mantentzen diren. Kondizio berezietan, hidroxilo taldea duten molekula gehienek dimeroak eratzen dituzte, adibidez: uraren dimeroa.
Boranoa (BH3) diborano dimero (B2H6) moduan agertzen da boro-gunearen Lewisen azidotasun handia dela eta.
![](../I/Di-Cyclopentadiene_ENDO_%2526_EXO_V.2.svg.png.webp)
Dimero kobalenteak
Lotura kobalentez eratutako dimero baten adibidea diaminokarbenoa da, tetraaminoetilenora dimeritzatzen baita:
2 C(NR2)2 → (R2N)2C=C(NR2)2
Karbenoak oso erreaktiboak dira eta erraz eratzen dituzte loturak.
Diziklopentadienoa bi ziklopentadieno-molekulen dimero asimetrikoa da, Diels-Alder erreakzioaren bidez eratutakoa. Berotzean, "pitzatu" egiten da monomeroak berreratuz:
![](../I/1%252C2-dioxetane.png.webp)
C10H12 → 2 C5H6
Elementu ez-metaliko asko dimero gisa elkartzen dira: hidrogenoa, nitrogenoa, oxigenoa edo halogenoak. Gas nobleek van der Waals loturen bidez lotutako dimeroak sor ditzakete, adibidez, dihelioa edo diargona. Metal batzuek dimero-proportzio bat osa dezakete gas fasean. Ezagutzen diren dimero metalikoen artean hauek daude daude: Li2, Na2, K2, Rb2 eta Cs2.
Molekula organiko txiki askok, adibidez formaldehidoak, erraz eratzen dituzte dimeroak. Formaldehidoarena (CH2O) dioxetanoa da (C2H4O2).
Polimeroen kasua
Polimeroen testuinguruan, dimero ere 2. polimerizazio-mailari dagokio, edozein direlarik ere estekiometria edo kondentsazio-erreakzioak.
Hori disakaridoei aplika dakieke. Adibidez, zelobiosa glukosaren dimero bat da, nahiz eta eraketa-erreakzioak ura sortzen duen:
2C6H12O6 → C12H22O11 + H2O
Hemen, dimeroak estekiometria desberdina du monomero-parearen aldean.
Aminoazidoek dimeroak ere sor ditzakete, dipeptido deritzenak. Glizilglizina da horren adibide bat. Lotura peptidiko baten bidez lotutako bi glizina-molekula ditu. Beste adibide batzuk aspartamoa eta karnosina dira.
Erreferentziak
- «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-29).