Diccionario castellano-vasco (Plazido Muxika)

Diccionario castellano-vasco Plazido Muxikak 1965ean argitaratu zuen liburua da, gaztelaniazko hitz bakoitzak euskaraz dituen ordainak ematen dira bertan. Plazidoren lanik mardulena izan zen, euskarari eginiko ekarpen itzela, hainbat eta hainbat urteko lana eskatu ziona (1929-1965). Guztira hiztegiak 1.897 orrialde trinko ditu eta urte askoan erreferentzia nagusi izan da euskalgintzan aritu diren guztientzat.[1] Gutxienez 17.000 ale saldu ziren.[2][3]

Diccionario castellano-vasco (Plazido Muxika)
Jatorria
Sortzailea(k)Plazido Muxika
Egilea(k)Plazido Muxika
Argitaratze-data1965
IzenburuaDiccionario castellano-vasco
Orrialdeak1.897
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara eta gaztelania

Geroago Plazidok berak lehen hiztegi horri buelta eman eta Diccionario vasco-castellano argitaratu zuen 1981ean, bi liburukitan.[4]

Koldo Mitxelenak berak ere goraipatu zuen hiztegiaren ekarpena. Haren ustez akats bakarra zuen hiztegiak: era guztietako aldaerak eta sinonimoak maila berean eman izana, egokitasunaren arabera ordenatu gabe. Beste akatsik ez zuen, Koldo Mitxelenaren esanetan.[3]

Sortzeko motibazioa

Plazidok berak aitortu zuenez, hiztegi hori egiteko erabakia 1929an hartu zuen, Kolonbiako Pasto hiriaren inguruko mendietan zeharkaldia egiten ari zela, Zeruko Argia aldizkariaren ale baten orrialdeak aurkitu zituenean. Orduan hogeita hiru urteko jesulagun gaztea zen eta Kolonbiako ikastetxe batean ziharduen, hiru urteko maisualdia betetzen. Urruti haietan eta horrelako leku bakartian bere herriko hizkuntza aurkitzeak zirrara handia eragin omen zion Plazido gazteari, eta euskararen alde zerbait egin behar zuela erabaki zuen.[5]

Iturriak

Hiztegi hori egiteari eman zizkion hurrengo 36 urteak. Lan horretan, Azkueren Diccionario vasco-español-francés hiztegia izan zuen iturri nagusi. Neurri txikiagoan, beste iturri batzuk ere erabili zituen:[4]

Geroagoko hiztegi batzuk

Euskara batuaren lehen hiztegi handiak 1977an hasi ziren plazaratzen. Xabier Kintanaren ekarpena oso nabaria izan zen. 1970ean, Gabriel Arestirekin batasunerako oinarrizko hitzak biltzen zituen Batasunaren kutxa izeneko argitalpenean. Gero, oso ezagun eta erabiliak izan ziren hiztegiak atera zituen hurrengo urteetan, gero eta osatuagoak izan ziren, Kintanak berak bakarrik paratuta edo elkarlanean:

  • Euskal hiztegi modernoa (1977)
  • Hiztegia 80 (1980),
  • Hiztegia bi mila (1984),
  • Elhuyar hiztegia (1996)

Beste hiztegi batzuk ere sortu ziren 1980ko hamarkadatik aurrera, esaterako, Adorez hiztegi-sorta plazaratu zuen Bostak bat taldeak, horien artean hauek zeudela:

  • Sinonimoen hiztegia (1983)
  • Euskarazko hiztegia (1986-1990).
  • Eskola hiztegia (1991).
  • Europa hiztegia (1993).
  • 3000 hiztegia (1996).
  • Euskal Aditza (hiztegieran antolatua) (2006).
  • Hiztegi 5000 (2006, Internet-zerbitzua)

Erreferentziak

  1. Muxika, Plazido. (1965). Diccionario castellano-vasco. Mensajero ISBN 84-271-1269-6. PMC 919811437. (Noiz kontsultatua: 2023-04-13).
  2. Aita Plazido Muxika (1906-1982) Patxi Altuna. Euskaltzaindia
  3. Xabier ETXANIZ ERLE: «Plácido Múgica Berrondo», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  4. Plazido Muxika: Diccionario vasco-castellano, Mensajero, Bilbo, 1981. Hitzaurrean aipatzen ditu hiztegi horretan eta 1965ekoan erabili zituen iturriak.
  5. Jose Antonio Muxika (1998): Plazido Muxika Bidegileak bilduma, 12. zenbakia.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.