Dibertsitate sexuala Hegoafrikan

Hegoafrikan homosexualitateak oso historia berezia du, batik bat LGTBI pertsonen alderdi sozial eta juridikoei dagokienez. Hegoafrikako ohituren, Herbehereen eta Britainia Handiaren kolonialismoaren, Apartheidaren, eta Apartheidaren gobernua boteretik kendu zuen giza eskubideen mugimenduaren eraginez da horrela. Hegoafrikako Apartheidaren osteko konstituzioa homosexualen bazterketa debekatzen zuen munduko lehen konstituzioa izan zen. 2006ko abenduaren 1ean, Hegoafrika munduko bosgarren herrialdea izan zen (eta Afrikako lehena) ezkontza homesexuala legeztatzen. Urtebete geroago, eztabaida handi baten ondoren eta sexu-delituen azterketa sakona egin eta gero, erabaki zuten sexu-harremanak izateko adostasunaren adina berbera izango zela heterosexualentzat eta homosexualentzat: 16 urte. Gaur egun Afrikako kontinente osoan legerik aurrerakoienetako bat da LGTBI eskubideei dagokienez.

Historia

1872an sodomia Hegoafrikan delitu arrunta zen. Delitu hau gizonezkoen arteko aho edo uzki sexua zen. 1957an lege bat onartu zen gizonezkoei ekintza erotikoetan parte hartzea debekatzeko, baldin eta bi pertsona baino gehiago bazeuden bertan.

Apartheida

Apartheidaren gobernuak ez zituen begiko Hegoafrikako LGBT jendearen eskubideak. Homosexualitatea espetxez zigor zitekeen, zazpi urtera arteko kartzelaldiarekin. Lege hau LGTB komunitatearen ekitaldiak eta ekintzaile politikoak jazartzeko eta amore ematera behartzeko erabili zen[1]. Aurkakotasunak aurkakotasun, Hegoafrikako hainbat LGTB erakunde sortu ziren 1970eko hamarkada amaieran, Afrikako Alderdi Nazionalak sodomiaren legea indartu zuen unean (1976an). Halere, 1980ko hamarkadaren amaiera arte, gay erakundeak arrazaren arabera banatu ohi ziren. Hegoafrikako Gay Elkartea ia erabat zuria zen. Hasiera batean ez zuen nahi izan Apartheidaren inguruko jarrera politikorik finkatu. Rand Gay erakundea, berriz, bi arrazetako jendeak sortu zuen, eta Apartheid sistema arrazistaren aurkako jarrera hartu zuen.


1960tik 1980ko amaierara arte, Hegoafrikako Defentsa Indarrak soldadu gay eta lesbianak hainbat tratamendu mediko egitera behartzen zituen, beren orientazio sexuala "sendatzeko". Tratamendu horien artean, sexu-aldaketako ebakuntzak zeuden.[2]

Zurien nahiz beltzen komunitateetako jarrera kontserbadoreak homosexualitatearen aurkakoak izan dira beti; bada, jarrera horiek Apartheidaren ostean ere mantendu dira, gaur egunera arte. Nolabait, Hegoafirkako GIB - HIESaren epidemiak LGTB hegoafrikarrak beren sexu-orientazioa aitortzera behartu zituen, gaixotasunari aurre egin ahal izateko eta gaixorik zeudenek sendagaiak eskuratu eta bizirik iraun ahal izateko.

Apartheidaren ondoren

1994an, bi gizonezkoren arteko sexu-harremanak legeztatu ziren, baina ez bi emakumeren artekoak. Adostasun-adina 19 urtean jarri zen, bai heterosexualentzat, bai homosexualentzat. 1996ko maiatzean, konstituzioaren bidez LGBT eskubideak babesten zituen munduko lehen herrialdea bihurtu zen Hegoafrika. Zehazki, Konstituzioaren 9(3) atalean adierazten du ezin dela inor baztertu arrazagatik, generoagatik, sexu-orientazioagatik edo bestelako arrazoiengatik. Bi urte geroago, Hegoafrikako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuen bi helduk -adostuta eta modu pribatuan- sexu-harremanak izatea debekatzen zuen legea Konstituzioaren aurkakoa zela.

1998an, Parlamentuak Lan Berdintasuneko Legea onartu zuen. Legeak lan arloko diskriminaziotik babesten ditu hegoafrikarrak, eta diskriminazio horren kausen artean sexu-orientazioa aipatzen da, besteak beste. 2000. urtean Berdintasuna Sustatzeko eta Bidegabeko Bazterketa Prebenitzeko Legea indarrean sartu zenean, babes hori toki eta zerbitzu publikoetara zabaldu zen.

2005eko abenduan, Hegoafrikako Auzitegi Konstituzionalak erabaki zuen Konstituzioaren aurkakoa zela sexu bereko pertsonei ezkontzea galaraztea, eta Hegoafrikako Parlamentuari urtebete eman zion sexu bereko ezkontzak baimentzen zituen legea onartzeko. 2006ko azaroan, aldeko 230 botorekin eta kontrako 41 botorekin, sexu bereko ezkontza zibilak ahalbidetzen zituen lege baten alde agertu zen Parlamentua. Lege horrek, modu berean, elkartze zibilak ahalbidetzen ditu ezkondu gabeko bikoteentzat, homosexualak nahiz heterosexualak. Halere, funtzionario publikoek eta kleroko kideek uko egin diezaiokete sexu bereko elkartzeak formalizatzeari. ANCko kide guztiek ez zuten lege berriaren alde egin. Hain zuzen ere, Hegoafrikako egungo presidentea, Jacob Zuma, legearen aurkari nagusietako bat izan zen.

2008ko urtarrilaren 1etik aurrera, homosexualak diskriminatzen dituzten ekintza guztiak formalki indargabetu ziren. Urte hartan, sexu-harremanak izateko adostasun-adina 16 urtean finkatu zen, sexu-orientazioa gorabehera. Sexu-delituak berdindu ziren emakumezkoentzat eta gizonezkoentzat.

Bizi-baldintzak

Emakume lesbianek, batez ere herri txikietakoek, askotan tratu txarrak edo bortxaketak pairatzen dituzte. Indarkeriazko ekintza hori justifikatzen dute zenbait gizonek, lesbianek gizonezkoen autoritatea mehatxatzen dutelakoan.

Hegoafrikak ez dauka gayak erasotzen dituzten pertsonak zigortzen dituen legerik. Hegoafrikan homosexualen eskubideak defendatzen dituzten elkarteek salaketa ugari jarri dituzte poliziaren aurka, horrelako indarkeria-ekintzei aurre ez egiteagatik. «ActionAid» elkarteak, besteak beste, haurren hezkuntza, emakumeen eskubideak eta genero-berdintasuna defendatzen ditu. "ActionAid" 40 herrialde baino gehiagotan ari da lanean, besteak beste Hegoafrikan. "ActionAid"ek Hegoafrikako gobernuari leporatu dio homosexualen hilketak eta bortxaketa zuzentzaileak ez dituela aintzat hartzen, Hegoafrikan sarritan gertatzen diren arren. Bortxaketa zuzentzailea gizonezkoak emakume lesbiana bat bortxatzen duenean gertatzen da, horrela "sendatu" eta homosexuala izateari utziko diolakoan. Uste da hainbesteko indarkeriaren jatorria sexismoan eta homofobian dagoela, gizonezkoen frustrazioaren ondorioz, gehienak txiroak eta langabetuak baitira. Hegoafrikan homosexualen aurkako indarkeria gordina egon arren, zenbait hiritan, esate baterako Cape Town eta Durbanen, homosexualak onartuta daude gizartean. Hiri horietan homosexualek bizitasun handia dute: kultur eta kirol ekintza asko dituzte. Kanal asko homosexualen bizitzari begira daude. Homosexualekin adeitsuak diren leku hauetara mundu osoko pertsona homosexual asko etortzen dira turismoa egitera. Hiri hauetan homosexualenganako jarrera ona da, enpresa askok pertsona homosexualak kontratatzen dituzte, eta publizitate-kanpainetan ere ikusgarritasuna dute. Zenbait erlijio-toki homosexualitatearen aldekoak dira, ez denak ordea.

LGTB migrazioa

LGTB jendeak herrialdeko hiri handietara migratzeko joera dauka, giroa homosexualitatearen aldekoagoa delako[3]. Hegoafrikak atzerriko LGBT etorkinak hartu ohi ditu; gehienek asilo humanitarioa eskatzen dute kontinenteko beste herrialde batzuetatik, sorterrian homofobiaren biktima direlako: jazarpena, gorroto-delituak eta, homosexualitatea kriminalizatuta dagoen lekuetan, are espetxe-kondenak jasaten dituzte.[4]

Erreferentziak

  1. «BBC News | Africa | Gay rights win in South Africa» news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2019-09-05).
  2. «The GULLY | Africa | Apartheid Military Forced Gay Troops Into Sex-Change Operations» www.thegully.com (Noiz kontsultatua: 2019-09-05).
  3. (Ingelesez) «South Africa Progressive on LGBT Rights but Gays Still Battle for Social Reform» International Business Times UK 2014-10-22 (Noiz kontsultatua: 2019-09-05).
  4. (Ingelesez) Moisan, Dorothee. «Life on the run from homophobia» The M&G Online (Noiz kontsultatua: 2019-09-05).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.