Diario de San Sebastián

Diario de San Sebastián, Donostian XIX. mendean argitaratu zen egunkaria da.

Diario de San Sebastián
MotaEgunkaria
Fitxa teknikoa
HizkuntzaGaztelania
Argitaratze lekuaDonostia
Koloreazuri-beltzean
Banaketa
Banatze-eremua Euskal Herria
Maiztasunaegunkaria

Historia

Bi garai izan zituen, 1872ko abendutik 1876ko abenduaren 31ra eta 1878ko uztailaren 17tik 1887ko abenduaren 31ra. Egunero argitaratzen zen eta lau orrialde zituen. Albisteak eta informazioa lehenengo, bigarren eta hirugarren orrialdeetan banatzen ziren eta laugarren orrialdean berriz, iragarkiak argitaratzen ziren. Zenbait kasutan lehenengo eta hirugarren orrialdeetan ere iragarki puntualak izaten ziren zutabe batekoak edo bikoak. Egunkariaren esparrua Donostiara eta Gipuzkoa osora zabaltzen zen.

Diario de San Sebastián egunkariaren sortzaile eta jabea Juan José Osés Ayanz (Mañeru, Nafarroa, 1830-Donostia, 1881eko urtarrilak 22) izan zen. Hasierako urteetan Konstituzio plazan izan zuen egoitza eta 1880an Peñaflorida kalera aldatu zen.

Zuzendarien artean Jose Manterola aipatu behar da. Manterolaren zuzendaritza urteak ez dira zehazki ezagutzen baina frogatua dago 1876an zuzendaritza lanetan ibili zela, hain zuzen, uztailaren 26ko alea, foruen aurkako legea argitaratu zen egunean, doluzko orla beltzarekin kaleratu zen egunkaria. Ondorioz, Manterolak Institutuan zuen katedra galdu zuen.

Egunkariaren kolaboratzaile gehienak gipuzkoarrak izan ziren, ezagunen artean Biktoriano Iraola, Nikolas Soraluze eta Martzelino Soroa ditugu.

1887an egunkariaren jabetza Eusebio Lópezen eskuetara pasa zen eta berehala monarkiaren alde jarri zen. 1887 urte amaieran Diario de San Sebastiánek azken alea kaleratu zuen eta jarraian egoitza berean El Fuerista egunkaria sortu zen.

Egunkariaren bildumari dagokionez hasierako zenbakiak ez dira gorde.Donostiako Liburutegi Nagusian daude : 203 zenbakitik 346 zenbakira (1874ko uztailaren 7tik 1875eko azaroaren 30era) eta 1878tik 1887ra argitaratu zen bilduma. Koldo Mitxelena Kulturunean, berriz, 1876ko ale batzuk, ez osorik gorde da. Liburutegi Nagusiko bilduma digitalizatua interneten dago eskura, Liburutegi Digitalean.

Bibliografia

Arantxa Arzamendi: Diario de San Sebastián. Análisis de la publicación y bibliografía selectiva de artículos. Non: RIEV. Revista Internacional de los Estudios Vascos. Año 40. Tomo XXXVII, nº 2 (1992), 509-527 orrialdeak. ISSN 0212-7016

Kanpo estekak

Diario de San Sebastián

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.