Detritiboro
Detritiboroak, detritujale izenez ere ezagunak,[1] beraien nutrienteak detrituetatik (deskonposatzen ari den materia organikotik, animalia eta landare zatietatik adibidez) lortzen dituzten heterotrofoak dira.[2] Mota askotako ornogabeek, ornodunek eta landareek koprofagia egiten dute. Detritiboro guzti horiek koprofagia egiten duten bitartean, deskonposizioari eta nutrienteen zikloei laguntzen diete. Beste deskonposatzaileetatik desberdindu behar dira, bakterio, onddo eta protistetatik adibidez, materia organikoa deskonposatzeko moduan desberdinak baitira. Hala ere, askotan deskonposatzaile eta detritiboro hitzak sinonimotzat erabiltzen dira.
Detritiboroak ekosistemen aspektu garrantzitsua dira. Konposatu organikoak dauden edozein gunetan bizi daitezke, itsas ingurunean barne, non urpeko jaleetaz ez diren desberdintzen askotan.
Ohiko detritiboroen artean Collembola, milazangoak, kukurutxak, bareak, itsas izarrak, itsas luzakorrak daude. Sarraskijaleak ez da uste detritiboroak direnik, normalean materia organiko kantitate handiak jaten dituztelako, baina detritiboro eta sarraskijaleak maila bereko lana egiten dute materia kontsumizioari dagokionez. [3] Egurraren kontsumizioa, bizia nahiz hila, xilografia izenez ezagutzen da. Egur hilaz soilik elikatzeari sapro-xilografia deritzo, eta bizidun haiei sapro-xiligrafoak.
Organismo detritiboroen ezaugarriak
Organismo detritiboroen ezaugarri nagusia materia organikoa deskonposatzen laguntzen dutela da, ekosistemen zeharreko energia fluxuan eta kate trofikoetan paper garrantzitsu bat betez. Materia organikoa ahotik barneratu eta organismo barruan digerituz, detrituen partikula handiak fragmentatu edo zatitzen dituzte, azken deskonposatzaileek lanerako azalera handiagoa izan dezaten. Horrela, detritiboroen laguntzaz, azken deskonposatzaileak nutrienteak deskonposatzeaz eta birziklatzeaz arduratzen dira kate trofikoak itxiz, bizidunen materia organikoa materia inorganiko bilakatzea ahalbideratuz.
Ekologia
Elikagaien zikloan, detritiboroek normalean deskonposatzaile rola izaten dute. Detritiboroak normalean kontsumitzaileek jaten dituzte eta horregatik askotan ziklo biogeokimikoetan eta ekosistemako energiaren zikloan birziklatzaile paper garrantzitsua dute.
Detritiboro batzuk basoetan bizi dira eta organismo horiek garrantzi handikoak dira nitrogenoaren zikloan, zona bentikoetan eta kate trofiko esentzialetan.
Onddoak, deskonposatzaile paperean, gaur egungo lurreko bizitzarako garrantzi handikoak dira. Karbonifero garaian zehar, onddoek eta bakteriek lignina digeritzeko gaitasuna oraindik garatu beharrean zuten, eta horregatik landare hil asko pilatu ziren garai horretan, gerora erregai fosil bilakatuko zirenak.
Sedimentuetatik zuzenean elikatzean konposatu organikoak lortzeko zenbait detritiborok kutsagarriak diren elementuak pilatzen dituzte ustekabean.
Detritiboro-komunitateek baliabide detritikoak deskonposatzen dituzte ia sistema natural guztietan. Aitzitik, baliabide detritikoek bottom-up efektu nabarmenak izan ditzakete detritiboroen komunitateetan. Ikerketa askok detritiboro eta deskonposizio prozesuak aztertu arren, gutxi batzuk hartu dituzte kontutan detritiboro eta detritu arteko elkarrekintzak sistema bereko prozesu lehiakor bezala. Sistema askotan, baliabideen pultsuek lurpeko sistemetan input kritiko garrantzitsuak ekartzen dituzte. Pultsu detritiko horiek komunitate detritiboroen eta detrituen deskonposizioaren arteko elkarrekintzak eragin ditzakete.[4]
Lurzoruaren karbono galerak handitzean berotze antropogenikoak kliman feedback positiboak eragin ditzazke.[5] Galera horiek, neurri batean, detritiboro ornogabeen aldetik materia organikoaren deskonposizioa handiagotzearen ondorioz sortzen dira eta, ezezaguna da nola aldatuko den detritiboroen elikadura-jarduera berotzearekin, batez ere lehorte baldintzetan.[6]
Ipar Amerikako boreal basoetan lau urteko manipulazio esperimentuak erabiliz, ikertu da, nola tenperatura (giroan, inguruneko + 1.7 °C eta giro + 3.4 °C) eta prezipitazioen (giroak eta udako prezipitazioa% 40) perturbazioek eragiten duten detritiboroen elikadura-jardueran. Aurreikuspen orokorrei aurka eginez[5][7], berotzeak ez du garrantzia handiko eraginik detritiboroen elikaduran. Hala ere, prezipitazioen murrizketekin konbinatuta, berotzeak elikatzeko jardueran %14ko galera ekarri zuen. Lursail eta data guztietan, detritiboroen elikadura-jarduera positiboki lotuta dago lurzoruaren bolumenaren mikrobioen arnasketarekin. Emaitza horiek lurzoruaren materia organikoaren deskonposizio-tasa motelagoak iradokitzen dituzte eta, beraz, klima-aldaketa antropogenikoarentzat onuragarriak diren feedbacka murriztu da.[8]
Organismo detritiboroen egokitzapenak
Organismo detritujaleak ingurune guztietan aurki daitezke, nahiz eta normalean lurzoruan kokatzen diren. Uretako bazterretan bizi direnak bentos izendatzen dira, eta horien artean talde biologiko asko daude.
Detrituaz elikatzen diren organismen artean ere saprofagoak eta mineralizatzaileak aurkitzen dira.
Organismo saprofagoak edo saprofitoak, usteljaleak
Organismo saprofagoek materia organikoa zuzenean zelulen mintzetatik zehar zurgatzen dute kanpoko digestioaren bidez. Organismo horiek nahitaezko saprofitoak izan daitezke beren janari-iturri bakarra detritua bada, eta aukerakoak bere bizi-zikloaren zati batean detrituz elikatzen badira.
Protistak izan ohi dira, normalean onddoak eta bakterioak, hormadun edo paretadun zelulak edukitzeagatik bereizten direnak, osmotiko deritzon elikadura mota batekin. Prozesu honetan hondakinetan dauden molekula organikoak apurtzeko entzimak jariatzen dituzte eta molekula disolbagarri horiek osmosiz xurgatzen dituzte hormaren eta zelula-mintzaren bidez.
Mineralizatzaileak
Talde honetan dauden bakterioek beste organismo batzuetako materia ez-organikoa lortzen dute eta gatz mineral bihurtzen dute beste izaki bizidun batzuek asimila dezaten. Bakterio horiek bioelementuen zikloak itxi behar dituzte, hala nola nitrogenoarena, ekosistema guztietan.
Organismo mineralizatzaile detritiboroetan landareek asimilatu behar duten nitrogenoa eta sufrea oxidatzen dituzten bakterioak daude.
Zenbait organismo detritibororen adibideak
Organismo detritujaleen adibide batzuk dira jarraian aipatzen direnak, hauen artean animaliak, edo deskonposatzaile diren onddoak eta bakterioak daude.
Lur-zizareak
Lur zizareak uretako jatorria duten animaliak dira, orokorrean gune hezeetan bizi direnak eta bertan deskonposatzen ari den materia organikoaz elikatzen dira. Lur-zizareek larruazaleko arnasketa egiten dute eta ez dituzte leku lehorrak jasaten. Hezetasun ona duten lurzoruetan tunelak zulatzen dituzten bitartean, lurzoruko partikulek dauzkaten hondar organikoak elikagai bezala aprobetxatzen dituzte. Gainera, tunel horiek garrantzitsuak dira landareentzako, lurreko airea mugitzen dutelako. Digestioaren ostean, nitrogenodun hondakinak askatzen dituzte, fosforo eta potasioan ere aberatsak direnak, lurzorua eratzen eta elikatzen laguntzen dutenak. Bestalde, beraien digestioari esker paper garrantzitsua betetzen dute humusaren eraketan, hau landareentzat onuragarria izanik.
Kukurutxak
Kukurutxak leku ilun eta hezeetan, egur ustelaren azpian adibidez, bizi diren krustazeoak dira. Arnasa hartzeko eremu heze batekin kontaktuan egotea beharrezkoa dute.
Landareen eta animalien hondakinez elikatzen dira; hala nola, elikagai solidoak mastikatzeko aukera ematen duen ahoa dute, hala nola, hosto eta intsektu hilen kanpo eskeletuak.
Milazango
Milazango gehienak detritujaleak dira eta deskonposatzen ari den landarez, gorotzez edo lurzoruarekin nahastutako materia organikoaz elikatzen dira.
Sarritan, eroritako hostoen zatiketa eta deskonposizioan eta lurzoruaren eraketan paper garrantzitsua jokatzen dute diplopodo espezie gehienak lurrean bizi dira eta eskabatzaileak direlako. Hori dela eta, horien eragina lurzoruan fisikoa eta kimikoa da, honen izaera aldatuz, bere porositatea areagotuz, ura atxikitzeko ahalmena handituz eta mantenugai-garraio prozesuei eragitez; landareen materia aldatzeaz gain, bere digestioaren eta ondorengo gorotz deposizioaren bitartez, landareen materia deskonposatzen duten bakterioen ekintza indartzen laguntzen duten osagai nitrogenatuak askatzen dituzte.[9][10] Lur-zizare populazioak baso tropikaletan bajuak direnean, milazangoekek paper garrantzitsua jokatzen dute orbelaren mikrobio bidezko deskonposizioa erraztuz.[11]
Beste milaznago batzuk deskonposizioan dagoen landare-gaiaz gain, onddoez elikatzen diren miriapodoak dira. Landareen fluidoak txupatzea baimentzen dien ahoko aparatua dute.[12] Lur-zizareek bezala, organismo detritujale hauek garrantzitsuak dira lurzoruaren eraketarako konposatu nitrogenatuak kaka egiterakoan, eta orbela zatikatzeko eta deskonposatzeko ahalmenagatik. Kalkulatu da milazangoak direla urte batean zehar basoetan produzitzen den orbelaren % 31 kontsumitzen dutenak.
Karramarro biolin jotzailea
Karramarro mota hau lokatz edo lohi hondoa duten marearteko eta azpi itsasaldien estuarioko zonetan bizi da. Mangladietan, paduretan, eta Afrikako mendebaldeko hondar edo lokatzeko hondartzetan, Atlantiko Mendebaldean, Ekialdeko Pazifikoan eta Indo-Pazifikoan aurkitzen da.
Karramarro mota hau sedimentuak hartuz elikatzen da, horietatik materia organikoa eskuratzen du, eta bere digestioaren bidez konposatu organikoetan aberatsa den hondakin bihurtzen du.
Onddo saprofitoak
Onddo saprofitoak beren bizitzako ziklo osoa materia organiko inertearen (bizigabearen) gainean garatzen dute. Materia organikoa entzimen bidez disolbagarri bihurtzen dute eta, kanpoko digestio honen ondoren xurgatu; horrela elikatzen dira.
Organismo detritujale hauek deskonposatzen ari den materia mota desberdinak degradatzeko espezializatuta daude; egur edo zur-hondarren gainean aurki ditzakegu, nahiz eta onddo espezie desberdinek erasotzen duten substratu hau bere deskonposizio-mailaren arabera; badira lignino edo zelulosa erasotzen duten edo ez kontutan hartuta, erabiltzen duten entzimetan desberdintasunak ere.
Beste onddo mota batzuk humusean hazten dira eta belar espezieen sustraien eta zurtoinen hondakinez elikatzen dira. Azkenean, onddo batzuk nahiago dute (nahiz eta esklusiboki) gai edo material karbonizatuaren gainean bizi.
Bakterioak
Bakterio hauek lurreko eta uretako ingurune guztietan aurkitzen dira; gizakien azalean, traktu gastrointestinalean eta baginako floran aurki daitezke.
Bakterio nitrifikatzaileak eta sufre oxidatzaileak zeregin garrantzitsua dute nitrogeno, sufrea eta karbono zikloetan; izan ere, mikroorganismo horiek elektroi errezeptore gisa erabiltzen dituzte konposatu ez-organikoak, hala nola nitratoak, sulfatuak edo karbono dioxidoa, prozesu biogeokimikoak aurrera eramanez, esaterako, desnitrifikazioa, sulfato murrizketa eta azetogenesia.
Erreferentziak
- Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2011]
- The Quarterly Review of Biology 82 (4) 2007-12 doi: . ISSN 0033-5770. (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
- (Ingelesez) Getz, Wayne M.. (2011-2). «Biomass transformation webs provide a unified approach to consumer-resource modelling: Biomass transformation webs» Ecology Letters 14 (2): 113–124. doi: . PMID 21199247. PMC PMC3032891. (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
- (Ingelesez) Yang, Louie H.. (2006-3). «Interactions between a detrital resource pulse and a detritivore community» Oecologia 147 (3): 522–532. doi: . ISSN 0029-8549. (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
- (Ingelesez) Davidson, Eric A.; Janssens, Ivan A.. (2006-3). «Temperature sensitivity of soil carbon decomposition and feedbacks to climate change» Nature 440 (7081): 165–173. doi: . ISSN 0028-0836. (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
- (Ingelesez) Bradford, Mark A.; Wieder, William R.; Bonan, Gordon B.; Fierer, Noah; Raymond, Peter A.; Crowther, Thomas W.. (2016-8). «Managing uncertainty in soil carbon feedbacks to climate change» Nature Climate Change 6 (8): 751–758. doi: . ISSN 1758-678X. (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
- (Ingelesez) Crowther, T. W.; Todd-Brown, K. E. O.; Rowe, C. W.; Wieder, W. R.; Carey, J. C.; Machmuller, M. B.; Snoek, B. L.; Fang, S. et al.. (2016-12). «Quantifying global soil carbon losses in response to warming» Nature 540 (7631): 104–108. doi: . ISSN 0028-0836. (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
- (Ingelesez) Thakur, Madhav P.; Reich, Peter B.; Hobbie, Sarah E.; Stefanski, Artur; Rich, Roy; Rice, Karen E.; Eddy, William C.; Eisenhauer, Nico. (2018-1). «Reduced feeding activity of soil detritivores under warmer and drier conditions» Nature Climate Change 8 (1): 75–78. doi: . ISSN 1758-678X. PMID 29375673. PMC PMC5777625. (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
- Tennant, Bob.. Corporate holiness : pulpit preaching and the Church of England missionary societies, 1760-1870. (First edition. argitaraldia) ISBN 9780199567850. PMC 842877837. (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
- Hopkin, Stephen P.. (1992). The biology of millipedes. Oxford University Press ISBN 0198576994. PMC 24698473. (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
- Ruppert, Edward E.,. Invertebrate zoology : a functional evolutionary approach. (Seventh edition. argitaraldia) ISBN 9788131501047. PMC 970002268. (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
- Shelley, Rowland M.. (1987-12). «The Scolopendromorph Centipedes of North Carolina, with a Taxonomic Assessment of Scolopocryptops gracilis peregrinator (Crabill) (Chilopoda: Scolopendromorpha)» The Florida Entomologist 70 (4): 498. doi: . (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).