Determinatzaile zehaztugabe
BERRIETAKO EDUKIA
Determinatzaile-mota bat, ez mugatzaile dena, ez zenbatzaile. Determinatzaile zehaztugabe deritze, deitura horretan halako kontraesan moduko bat badago ere. Hauek dira nagusiak:
- zein, zer, edozein, edozer, zeinahi, zernahi.
Kokagunea
Determinatzaile hauek izen-sintagma barnean izenaren ezkerreko kokagunea hartzen dute:
- ZEIN etxe erosi dute?
- EDOZEIN liburu erabil dezakezu.
- Pittin bat edanez gero, batzuek EDOZER gauza esaten dizute.
Determinatzaile zehaztugabeak eta mugatzailea
Determinatzaile zehaztugabeak ezin dira mugatzailearekin batera agertu izen-sintagman. Beraz, honako konbinazio hauek txarrak dira:
- *Hartu edozein liburua, eta irakurri.
- *Zer liburuak erosi dituzu?
Haien ordain zuzenak honako hauek dira: * Hartu edozein liburu, eta irakurri. * Zer liburu erosi dituzu?
Determinatzaile zehaztugabeak eta zenbatzaileak
Zenbatzaileekin konbinatzean, gauzak pixka bat konplikatzen dira, zeren denek ez baitute berdin jokatzen. Adibidez, badirudi EDOZEIN eta EDOZER ezin direla zenbatzaileekin batera agertu:
- *Edozein liburu bat hartu, eta irakurri.
- *Edozer bost liburu har ditzakezu.
Baina ZER eta ZEIN, adibidez, ager daitezke zenbatzaileen lagun:
- Zein bi liburu aukeratuko zenituzke uharte batera eramateko?
- Zer bost arazo nagusi aipatuko zenituzke?
Jakina, horrelakoetan, sarritan aposizioaren bidea erabil daiteke:
- Har itzazu bost liburu, edozein, eta irakurri.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.