Deng Yingchao
Deng Yingchao (Guangxi, Nanning, Qing dinastia, 1904ko otsailaren 4a - Beijing, Txina, 1992ko uztailaren 11) txinatar politikaria izan zen.
Txinako Iraultza Kulturalaren garaian, fakzioen arteko borroka kaotikoa nolabait eramaten ahalegindu zen, bere senar Zhou Enlairekin batera. Gaztetan, emakumeen eskubideen alde lanean, emakumeen oinak oihalez lotzeko ohitura deuseztatzeko mugimenduarekin bat egin zuen.
Maiatzaren Lauko Mugimenduan parte hartu zuen (1917tik 1921era bitarteko iraultza), gazte intelektualen gidaritzapean, Txinako gizartea eta kultura japoniarrenetik babesteko. Hamabost urterekin, Iratzar Elkarteko kide egin zen, Zhouk gidaturiko ikasle mugimendukoa, eta atxilotu egin zuten bere ekintza erradikalengatik. 1924an Alderdi Komunistako kide egin zen, eta hurrengo urtean Zhourekin ezkondu zen.
1927an, Kuomitangek alderdi komunistako kideak sarraskitu ondoren, ezkutuan bizi behar izan zuten. Moskura alde egin zuten, eta 1930ean, itzuli zirenean, Mao Zedongekin bat egin eta Ibilaldi Handiari ekin zioten (1934-1935). 10.000 kilometro inguruko bide luze hura egin zuten 50 emakumeetako bat izan zen. Bidean, baina, tuberkulosia harrapatu zuen, eta bide-puska luzea andetan egin zuen. Komunisten garaipenaren ondoren (1949), emakumeen eskubideen alde ekin zion ostera, eta 1956an Alderdi Komunistako Batzordeko Nagusiko kide izendatu zuten. Alderdi Komunistaren erregimenari fidel beti, goi-mailako karguak izan zituen, eta gudarostearen esku-hartzearen alde agertu zen, 1989ko ikasle-mugimendua zapaltzeko.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.