Denborazko perpaus
Denborazko perpausak NOIZ galderari erantzuten dioten perpaus txertatu adberbial motetako bat dira.
Perpaus adberbialak: -ENEAN, -ENETIK, -EN BITARTEAN, -ENERAKO, …
Denbora adierazteko, eta kasu bakoitzean denbora-erlazio desberdinaren berri emateko erabiltzen dira holako atzizkiak.
1. -ENEAN
Perpaus hauek, gehienetan, NOIZ galderari erantzuten diote:
- a. Amaitzen duzunean, mesedez, etorri nire bulegora.
- b. Motorra gasolinarik gabe gelditzen denean, ezin izaten da ibili.
Baina, itxura bereko perpaus txertatuak denbora barik lekua ere adieraz dezake. Adibidez, honako elkarrizketa honetan, erantzuna ez dagokio denborari, lekuari baizik:
- - Ni, lagunek eskaini zidaten autoan etorri nintzen. - Ba, ni, inork nahi ez zuenean etorri nintzen.
Bigarren perpaus hori, testuingururik ezean, denborazkotzat hartuko litzateke:
- Ni, inork nahi ez zuenean etorri nintzen = Ni inork nahi ez zuen garaian etorri nintzen.
Baina goiko elkarrizketako testuinguru horretan, argi dago lekua adierazten duela: «ni, inork nahi ez zuen autoan». Horrek erakusten du, -ENEAN horren azpian, berez, erlatibo bat dagoela. Gehienetan, -EN MOMENTUAN edo ulertzen da. Horregatik, hain zuzen, gehienetan ere, denborazko balioa izatea. Gertatzen dena da erlatiboetan maiz gertatzen dena: alegia, erlatiboaren ardatz den izena –testuinguruak horretarako bide ematen duenean– ezabatu egiten dela:
-ENEAN-ekin ere gauza bera gertatzen dela pentsa daiteke:
- Konturatu nintzen momentuan ⇒ Konturatu nintzenean
2. -ENETIK
-ENEAN inesiboa da. Denboran kokagune finko eta jakin bat adierazten du. NOIZ galderak adierazten duen ideia bera, funtsean. -ENETIK, berriz, ablatiboa da. Jatorria adierazten du, abiapuntua. Lehen bezala, denbora nahiz espazioa adieraz dezake, baina, bestelako testuingururik ezean, normalean denbora adierazten du, NOIZTIK edo NOIZDANIK galderari erantzuten dio:
- a. Gure morroiak etxetik alde egin zuenetik, ez da teilaturik konpondu.
- b. Auto madarikatu hori erosi nuenetik, ez dut bakerik izan.
- c. Ezagutu zintudanetik, askoz pozago bizi naiz.
Denbora-iraupena hobeki markatzeko edo, -ENETIK HONA erabil daiteke, zerbait gertatu zen garai hartatik hiztuna hitz egiten ari den unera bitartean dagoen aldia argiro adierazteko:
- Emaztea hil zitzaionetik hona, burua ezin altxaturik dabil gizona.
3. -EN ARTE
Oraingoan ere denboraz dihardu, baina epe bat adierazten da -EN ARTE ezarriz. Postposizio-sintagma bat da, hortaz. NOIZ ARTE galderari erantzuten diote horrelakoek:
- Bigarren ikasgaia behar bezala ikasten duzun arte, ezin zara hirugarrenera pasa.
4. -EN BITARTEAN
Hau ere aurrekoaren oso antzekoa da. Bi gertaera erlazioan jartzeko erabiltzen da -EN BITARTEAN. Biak nolabait aldi berean gertatzen direla-edo adierazteko erabiltzen da BITARTEAN postposizio bidezko esapide hau:
- Irakaslea kanpoan zen bitartean, ikasleak jolasean ari ziren.
Batzuetan, -EN BITARTEAN gisako perpaus txertatua erabilita aurkaritza-kutsua ematen zaio esaldiari:
- Ni lanean ari naizen bitartean, zu jolasean!
Bai ARTE-rekin bai BITARTEAN-ekin, aditza jokatu gabe erabiltzeko joera guztiz arrunta da:
- a. Zuk papera buruz ikasi bitartean, nik etxea garbituko dut.
- b. Gela txukundu arte ez zara kalera irtengo!
5. -ENERAKO / -ENEKO
NOIZKO galderari erantzuten diote era horretako perpausek. Denboraren hariari epemuga ezartzen zaio horrelakoetan:
- a. Etxera iritsi nintzenerako, amak guztiaren berri bazuen.
- b. Aurpegia ikusi diodanerako konturatu naiz zer problema zuen.
- c. Hogei urte bete zituenerako hasi zen gitarra kontzertuak ematen.
Haien baliokidea da [aditz jokatu gabea + ORDUKO] esamoldea:
- a. Etxera iritsi orduko, amak guztiaren berri bazuen.
- b. Aurpegia ikusi orduko konturatu naiz zer problema zuen.
- c. Hogei urte bete orduko hasi zen gitarra kontzertuak ematen.
-ENERAKO-ren ordez, -ENEKO ere erabil daiteke. Biak baliokideak dira:
- Plazara bildu zireneko, multzoka jarri ziren. (= plazara bildu zirenerako,…).
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.