Demokrazia
Demokrazia talde edo erakunde bateko kide guztien iritzia berdintasunez kontuan hartzen dituen erabakitzeko modu kolektiboa da. Etimologiaz, "herriaren aginpidea" adierazten du (antzinako grezierazko hitzetatik, demos, "herria"; kratos, "gobernua"). Hain zuzen, Antzinako Greziako polisetan sortu zen demokrazia: hor, herritar guztiek polis edo hiriaren gobernuari buruz erabakitzen zuten. Hala, demokraziak herritar guztiek askatasunez estatuaren edo beste erakunde politiko baten gobernuari buruz erabakiak hartzen dituzten erregimen politikoak ere badira. Erabakiak kolektiboki hartzean, ordea, hainbat arazo sortzen dira:
- Zein izango ote da erabaki demokratikoak hartzen diren esparrua?
- Zeintzuk dira erabakitzeko eskubidea edo ahalmena dutenak (alegia, zein da demos delakoa?)
- Nola bideratu eta antolatu behar dira erabakiak demokratikoki hartzeko modua eta horrexen ondoriozko gobernua?
- Erabakiak gehiengoz hartuko al dira?
- Inposa al dakioke gehiengoaren erabakia gutxiengoari?
Politika |
---|
Galdera horien guztien erantzunak arazotsuak dira, eta demokrazia ariketa kolektibo konplexu eta zaila bilakatzen dute.[1]
Ordezkaritzako demokraziak eta zuzeneko demokraziak
Egun, erregimen politiko demokratiko gehienek ordezkaritzaren bidez funtzionatzen dute (ordezkaritzako demokraziak dira, alegia), hau da, herritarrek beren izenean gobernatuko duten agintariak aukeratzen dituzte aldiro. Zuzeneko demokrazietan, berriz, herritarrek beste gai askori buruz ere erabakitzen dituzte, agintariei ordezkaritza eman gabe.
Demokrazia ordezkaritzakoa izan arren, zuzeneko demokrazia egon daiteke ekintza hauetan:
- Erreferenduma edo plebiszitua: herritar galdeketa, erabaki bat hartzeko edo lege bat onartzeko:
- Kontsultiboa: emaitzak betetzea ez da beharrezkoa.
- Loteslea: emaitzak dioena bete egin behar da.
- Herri-ekimen legegilea: sinadura kopuru bat emanez, herritarrak legeak proposa ditzakete.
- Agintaldiaren baliogabetasuna: legegintzaldi erdian edo sinadura kopuru batekin, alkate edo lehendakaria botatzeko erreferendum lotesle bat egin daiteke.
Demokrazia kontzeptuaren bilakaera historikoa
Sarrera
Demokrazia kontzeptuak ideal multzo bat biltzen du. Ideal horiek, funtsean, antolamendu politikoa bideratzeko sistema jakin batean biltzen dira, eta aukera politikoen arteko konkurrentzia askea eta bortizkeriarik gabea haren ezaugarri nagusia da; aukera politiko horien arteko hautaketa hiritarrek egiten dute, aldian aldiko hauteskundeen bidez eta, era horretara, ordezkaritza bidezko gobernu bat eratzen da, oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak bermatzen dituen testuinguru baten baitan.
"Demokrazia" hitzak, etimologiari begiratuz gero, "herriaren gobernua" esan nahi du, eta Aro Modernoko hizkuntza eta kultura guztiek beren baitan jasoa dute mundu osoan onartuxea dagoen kontzeptu gisa; hainbesteraino, non hitz horren esanahia neurriz gora hedatu baita, politikako hitzik lausoen eta anbiguoenetako bat bihurtzeraino. Gaur egun, sistema politiko guztiek demokratikotzat dute beren burua. Nolanahi ere, historian zehar eztabaida gogorrak eta liskar handiak izan dira aurrena eredu horri izatasuna nola eman, eta geroztik arau bidez nola zilegitu erabakitzeko. Demokraziaren bilakaera historikoa liskar handikoa izan da beraz, oinarri-oinarrian dituen balio politikoak: berdintasuna, askatasuna, gizakiaren garapena, interes komuna, gizabanakoen interesa, gizartearentzat baliagarri izatea, politikaren aldetik eraginkorra izatea, gizakiaren premiak asetzea, eta gizakiaren ikuskera bera, eztabaida handiko balioak izan direlako, nekez adostu ahal izan direnak, eta beraz demokraziari buruzko elkarren oso bestelako ereduak sortu dituzte, bai orobat elkarren aurkako ikuspegi filosofikoak ere.
Historian zehar, demokrazia —herriaren gobernua esan izan zaiona— zazpi galdera nagusioi erantzuten ahalegindu den sistema politiko bat izan da:
- Nortzuek eratzen dute herria esaten zaion hori?
- Nola hartu behar dute parte herritarrek gobernuaren zeregin publikoetan?
- Nolakoa behar du herriaren eta demokrazia bateko gobernu egonkorraren arteko harremanak?
- Nolakoa da eta nolakoa izan behar du, zabalagoa edo estuagoa, erakundeen eta kargu publikoen aginpide eremua herriarekiko?
- Herritarrek nola obeditu behar diete agintariei?
- Nola bideratu behar dira agindupekoen betekizunak eta disidentzia?
- Zein baldintza bete behar dira demokrazia izan ahal dadin?
Ondorengo lerroetan ikusiko den bezala, zazpi galdera horien erantzunek bi une nagusi izan dituzte demokraziaren historian eta, gauza bitxia, une batetik bestera hainbat mendetako tartea izan da. Lehen unea Atenasko demokraziarena izan zen, antzinako Grezian eratua. Bigarrena, gure aro honetako XIX. mendearen amaieran hasi zen, eta hori da demokrazia modernoa esaten zaiona, estatu demokratikoaren sorrerak ekarria. Eredu batetik besterako tarte horretan iragan ziren mendeetan demokrazia desagertu egin zen, besterik gabe, mapa politikotik.
Demokrazia, bai antzinako Grezian eta bai sistema politiko modernoetan, uste nagusi batean dago oinarritua, boterea herriaren agintetik sortua denean baizik ez dela zilegia, eta herriaren onespena behar duela orobat, eta, hartara, hiritar guztiek prozedura demokratiko arautuen bidez parte hartzeak egiaztatzen duela onespen hori.
"Herria", inondik ere, ez Atenasko demokrazian ezta gaur egungoan ere, ez da izate edo batasun organiko bat, herriaren zilegitasunak ezin baita agintariak ez aho batez ez plebiszitu bidez izendatzean oinarrituta egon; oso bestela, herriaren boterea lortzeko, konfiantzazko prozedurak behar dira. Horregatik, herriaren bat etortzea edo onarpena ez da, berez, nahikoa halako sistema politiko bat demokratikoa dela esateko. Onarpen hori adierazteko prozeduren egokitasunaz baizik ezin daiteke sistema politiko bat demokratikoa izan.
Horixe izan da, hain zuzen, Antzinako Greziatik orain arte demokraziak izan duen bilakaera, ideal demokratikoa gauzatu ahal izateko erabilitako prozeduretan gertatu diren aldaketena.
Antzinako demokraziaren ezaugarriak
Demokrazia hitzaren esanahia hitzez hitz eta zehaztasun osoz Greziako demokrazian gorpuztu zen bete-betean, K. a. IV. mendean Atenasen indarrean egon zen tankeran hain zuzen. Aristotelesen ideal politikotik abiatuta, antzinako Greziako demokrazia komunitatearen bizimodu gisa antolatu zuten, eta hari esker hiritar estatusa zuten pertsona guztiak berdintasun juridiko eta politikoaz balia zitezkeen, zeinek bere eginkizun publikoa betetzeko, alegia, aldi berean agintari eta agindupeko izateko, hiritar guztien ideiak plaza publikoan eztabaidaturik. Aristotelesek esana da gizabanakoa "animalia politiko" bat dela, eta ikuspegi aristoteliko hori biltzen zuen eredu horren arabera, demokrazia da mekanismorik egokiena eta osoena hiritarrek politikan egiaz parte har dezaten, bai legegintzan eta bai auzilaritzan. Eredu horretan, hiritarren biltzarra esaten zaionak du burujabetza politikoa, eta herritarrek denen artean dute boterea beren eskuko komunitateari dagozkion gai orokor guztietan, eta irizpide informalen bidez hautatzen dituzte kargu publikoak, bai zuzenean aukeratuz, bai zozketaz, bai txandaketaz. Esan ere daiteke Atenasko demo-ak geroztik beste edozein herrik izan duena baino kratos (botere) gehiago izan zuela; aldi berean mikrodemokraziaren funtzionamendu sinesgarriak Greziako demokrazian iritsi zuen mailarik gorena, ezin baitu hori baino hedadura zabalagoan zuzen eta egoki inondik ere funtzionatu. Demosa biltzen zenean Atenasko sistema udal demokrazia gisako bat zen bete-betean, non hiritar milaka batzuek agoran adierazten baitzuten bere adostasuna edo desadostasuna.
Greziako demos-a bilduta zegoenean, aho batez hartutako erabakiak ziren demokraziaren adierazpide nagusia; edonola ere, "udal" maila hori sistemaren elementurik axalekoena besterik ez zen. Izan ere, sistema horren elementurik eraginkorrena (denek batengan, eta batek denengan agintzeko) aukera ematen zuen mekanismoa zen, Aristotelesen hitzez baliatuz. Botereaz benetan baliatzen ziren, eta boterea orobat zegoen ia denen esku, kargu publikoetan txandakatze hori bizkorra zelako, eta, are gehiago, kargu gehienak zozketaz betetzen zirelako. Bi alderdi horietan, hau da, autonomia kolektiboan eta banakako txandakatze bidezko gobernuan, Greziako demokrazia zuzeneko demokrazia izan zen, hiritarrek gobernuan zuzenean parte hartzean oinarritua.
Greziako demokraziaren ezaugarri nagusiak hauek ziren:
- hiritarrek zuzenean hartzen zuten parte botere politikoaren erabakietan, bitartekorik gabe;
- parte hartze hori hiritar izateari nahitaez zegokion betekizuna zen, komunitate jakin bateko kide zirenez;
- hiritarren biltzarra botere bat zen izatez, eta biltzar saio bakoitzean botere burujabea baliatzen zuen, legeak egiteko baliatu ere;
- botere burujabe horrek hiriko gai komun guztiak hartzen zituen bere baitan, interes politiko pribatuen eta interes politiko publikoen artean bereizketarik egin gabe, politikoa zen guztia publikoa ere bazelako;
- modu asko zeuden kargu publikoak hautatzeko;
- ez zegoen pribilegiozko bereizketarik hiritar arrunten eta kargu publikoak dituztenen artean;
- gizabanako berak ezin zuen botere politikoko kargu bera bi aldiz izan;
- agintaldiak laburrak ziren;
- zerbitzu publikoak ohorezkoak ziren, ez ziren diruz ordaintzen.
Greziako demokraziaren eredu honek askatasun politikoaren balioa sumatzeko oso modu berezia zeukan oinarrian, gaur egun askatasuntzat dugun horretatik oso bestelakoa inondik ere. Antzinatean, hiritar orok politikan parte hartzeko zuen betekizuna baitzen askatasuna, bere burujabetasun politikoa nahitaez erabili beharra alegia, gauza bitxia badirudi ere. Gizabanakoa, pertsona bakoitza, taldearen baitan zegoen atxikia, eta harexen mendean ziren pertsonaren izaera eta nortasuna ere. Jendearen interesek komunitatearen baitan zuten zentzua, ez beste inon; gizarte modernoetan estatu demokratikoa hiritarren interesak betetzeko dago, baina Grezian, botere politikoak berak zuen jendearen beharra, ez alderantziz. Horrek ez du esan nahi greziarrek askatasuna esaten ziotenik gaur egun gure gizartean zapalkuntza deitzen zaionari, baina oso kontuan hartzekoa da orduko askatasuna komunitate politiko lauso eta txiki samar bati estu-estu loturik zegoela, eta nekez konpara daitekeela gizarte hura gaur egungo estatuetako komunitate zabalekin, gaurko gizartean gizabanakoen askatasuna gizabanakoak botere publikoen aurrean duen eskubidea baita.
Greziar hiritarrek politikan parte hartzeko zituzten moduen eta bideen egokitasuna ulertzeko, ondo gogoan izan behar dira Greziako demokraziaren baldintza orokorrak. Lehenik, Antzinatean demokrazia lurralde txiki samarretan nagusitu zen, estatu-hirietan (greziar demokrazia, berez, Atenasera zegoen mugatua), eta haietan elkarren arteko komunikazioa askoz handiagoa zen, eta erabakiak askoz zuzenago eta eraginkorrago kontrolatzen ziren. Bigarrenik, Atenasko demokrazian hiritar izateko irizpidea oso zorrotza zen, eta gutxiengo bati besterik ez zion ziurtatzen politikan parte hartzeko pribilegioa, gainerako guztiak talde horretatik kanpo zeuden, esklaboak ziren, eta lan egitera zeuden behartuak egitura politiko haien ekonomia mantentzeko.
Erromako Inperioaren garaian, esklabotasunaren aurkako borroka indarra hartuz joan zen neurrian, bi baldintza guztiz ere mugatzaile horiek ez ziren jadanik betetzen, eta demokrazia bera ere galdu zen, ezin betezko ideal bihurturik.
Demokrazia modernoaren ezaugarriak
Atenasko demokraziarekin parekatuta, demokrazia modernoa guztiz bestelakoa da, gauza nabaria baita greziarren demokrazia mota hark ez duela gaurko gizarterako balio.
Gizarte politiko modernoak gizarte handiak dira, eta zenbat eta hiritar gehiago izan, orduan eta ezinago ahulak eta indarrik gabeak izaten dira zuzenean eta bitarteko politikorik gabe politikan parte hartzeko aukerak. Nazio-estatu modernoak lekuz eta lurraldez dituen ezaugarriek ere ez dute inolako biderik ematen demokrazia zuzenerako, zeren eta burujabetza ezin baita berez zertu, den-denek parte hartzen ez badute: demos bat behar du, baina demos hori ezin da inongo plaza publikotan oso osorik bildu. Azkenik, kontuan hartu beharra dago greziar demokraziaren "berehalakotasun" hori oso-oso lotuta dagoela primitibismo politikoarekin: denak txandaka agintari izatea edo agintariak zozketa bidez hautatzea ez da, azken batean, eginkizun politikoen bereizte, banantze eta espezializazio maila txikiaren ondorioa baizik. Demokrazia modernoetan, oinarria ordezkaritza politikoa da, ez ordea parte hartze politikoa bera, baina garbi dago ez duela parte hartze hori ukatzen. Hiritarrek ez dute boterea zuzenean bere esku izaten: ordezkari politikoei ematen diete boterearen ordezkaritza. Ez dago, beraz, burujabetza sistemarik, hiritarrek gobernuaren jarduera mugatzeko eta kontrolatzeko sistema bat baizik. Greziar demokrazia "herriaren gobernua" zen, "herriaren gainean zertua", eta horixe zen hitzez hitz; demokrazia modernoan, berriz, ez dago horrelako lotura esturik agintarien eta agindupekoen artean.
Hortaz, hutsegite handia litzateke gaur egungo hauteskundeetako parte hartzea greziar hiritarraren parte hartze zuzenaren parean jartzea; eta are hutsegite handiagoa, inondik ere, ?zuzeneko demokrazia? esaten zaion horren mekanismoek (herri ekimenak, erreferendumak, etab.) gaur egungo demokraziaren eta Greziakoaren artean dagoen tarte ezin handiagoa bete dezaketela uste izatea. Gure demokrazia zeharkakoa da: hiritarren botere zuzena hauteskundeetara dago mugatua, herriaren ordezkari izango diren politikoak aukeratzera. Demokrazia modernoa arau eta prozedura multzo bat baizik ez da, konpromiso edo elkar hartze baten bidez gizarteko eta erakundeetako taldeek eta alderdiek beren arteko liskarrak bake bidez konpontzeko berariaz aukeratua.
Demokrazia modernoaren ezaugarri nagusiak hauek dira:
- hiritarrek zeharka parte hartzen dute botere politikoaren erabakietan, eta bitarteko politikoak behar dituzte beren nahiak eta interesak bideratzeko;
- hiritarren parte hartze politikoa ez da nahitaezko betekizun bat, eskubide politiko bat baizik, botere publikoak errespetatu beharrekoa, nahiz agintariek hiritarra parte hartzera bultzatzeko joera izango duten beti;
- hiritarrek botere eratu bat aukeratzen dute, botere konstituziogileaz oso bestelakoa dena, zeren eta komunitate politiko bat eratzen den unean baizik ez baita definitzen botere konstituziogile hori;
- botere burujabeak interes publikoko gai politikoetan ditu bere mugak, eta hortik kanpo ez du zertan ariturik, alde batera utzi behar baititu hiritarren interes pribatuak, zeren eta argi eta garbi bereizirik baitaude gizarte zibila, gizabanakoaren interesari dagokion alorra, eta gobernu erakundeak, interes orokorraren ardura dutenak;
- modu bakarra dago kargu publikoak aukeratzeko: aldian aldiko hauteskundeak;
- pribilegioei dagokienez, badago bereizkuntzarik hiritar arrunten eta kargudunen artean;
- kargudunen eskubide bereziei esker inork ezin baititu legebiltzarraren baimenik gabe ez atxilotu ez auzitara eraman, beren agintaldia bitartean;
- pertsona berak behin baino gehiagotan har dezake botere politikoko kargu bera;
- karguetako agintaldien muga hauteskundeetako botoek jarritakoa izaten da, ez besterik, salbuespenak salbuespen;
- zerbitzu publikoak modu profesionalean ordaintzen dira, zeren eta eginkizun publikoetan ari direnek lan bat egiten baitute, erabateko arduraldia eskatzen duena, eta halako prestakuntza tekniko bat baita ere.
Ikusten den bezala, askatasun politikoaren balioa oso modu berezian sumatu izanean du oinarria demokrazia modernoak, antzinako Grezian askatasunaz zuten ideiaren oso bestela, inondik ere. Gaur egun, askatasuna indibiduala da, eta eskubide pertsonaletatik eratorria da. Gizabanako modernoak ez du taldearen beharrik bere askatasuna berresteko, zeren eta,aitzitik, botere publikoak baitira hiritarrentzat existitzen direnak. Askatasun modernoa ez da askatasun positiboa (zerbait egiteko askatasuna), askatasun negatiboa baizik: Estatuko botereetatik kanpoko askatasuna, alegia, gizabanakoak bere jarduera politikoa eta pertsonala egin ahal izateko askatasuna, botere publikoen egintzatik kanpo.
Demokrazia modernoaren ordezkaritza mekanismoen bideragarritasuna ulertzeko, zein baldintza orokorretan oinarritzen diren aztertu beharra dago. Adituen ustez, hiru baldintza nagusik definitzen dute demokrazia modernoa. Lehen-lehenik, baldintza ekonomiko egokiak behar dira, alegia, sistema kapitalista arautu bat, aberastasuna gizabanakoen artean banatuko dela ziurtatuko duena. Bigarrenik, erdiko klase bat behar da, hiritartasun eskubide osoz estatu baten baitan gai publikoetan parte hartuko duena. Eta azkenik, politikari karismadunak behar dira, hiritarren aurrean ordezkari eginkizuna bete dezaten. Azter ditzagun, bada, banan-banan.
Garapen ekonomikoa
Gaur egungo joera nagusiak estu lotzen ditu demokraziarako baldintzak eta ekonomiaren eta gizartearen halako garapen maila bat; joera honen arabera, zenbat eta handiagoa izan nazio baten ongizate ekonomikoa, hainbat eta handiagoak dira demokrazia nazio horretan finkatzeko aukerak. Hipotesi hori egiaztatzera joz ekonomiaren aurrerabidea neurtzen duten indizeen bidez, nabarmen ikusiko da batez besteko aberastasun, industrializazio, hiritartze, eta hezkuntza maila askoz handiagoak direla herrialderik demokratikoenetan.
Alabaina, estatistiketako batez bestekoei begiratu beharrean kasu partikularrak aztertzen badira, ez dago korrelaziorik demokraziaren eta garapen ekonomikoaren artean, zeren eta aberastasun handiaren eta miseria gorriaren artean oso esparru zabala baitago inork beretzat hartua ez duena, eta edozein sistema politiko ager daiteke bertan. Gainera, korrelazio bat ez da, inondik ere, kausa lotura bat; are gehiago, demokraziaren eta ongizate ekonomikoaren artean halako kausa lotura bat badagoela onarturik ere, artean ezin jakin herrialde bat bere aberastasunagatik den demokratikoa, edo demokraziagatik den aberatsa. Herrialde batzuetan demokrazia industrializazio orokorra heldu aurretik iritsi izan da; eta beste batzuetan, aldiz, industrializazioak berak eragotzi izan du demokrazia heltzea.
Horrelako egoeretan, badago esatea hazkunde ekonomikoa oinarri ona izaten dela demokrazia hazteko, ez ordea demokrazia ezartzeko.
Tarteko egiturak
Demokrazia modernoak erdiko klase baten beharra du, talde independentez eta borondatezko elkartez eratua, horiek baitira estatu bateko gizarte zibil demokratikoaren alderdirik biziena eta aktiboena.
Erdiko klase hori ez da klase aberatsenen aurka eratu, ezta talde behartsuenen aurka ere, ez baitu sorburu bakarra, sorburu zabala baizik: demokraziak gizarte talde hori ahalik eta handiena izan dadin bultzatzen du, hala ere talde horren helburua ez da hiritar burujabe soila izatea, burujabetza hori erabiltzea baizik bere ordezkariak hautatzeko. Eta inon ez da demokrazia modernorik bideratu estatu modernoaren izatean bertan babestutako erdiko klaserik gabe.
Gidaritza
Baldintza ekonomiko eta sozialekin batera, baldintza huts-hutsik politiko bat ere ezinbestekoa du demokrazia modernoak, ordezkarien gidaritza, alegia. Gure sistema politikoetan goitik beherako harremana baita nagusi erabakiak hartzeko eta hiritarren onespena lortzeko, harreman horrexek eragiten du, ezinbestez, gidaritzaren beharra.
Ongizate ekonomikoa edo erdiko klaseak kultura demokratikoa izatea funtsezko ezaugarri objektiboak dira sistema politiko moderno bat mantentzeko, luzaroan ezaugarri gisa iraun izanak hala frogatzen baitu, baina demokraziak, eraginkorra izango bada, gaitasun eta dohain handiko gidaritza behar du, lehen-lehenik eta beste edozer baino gehiago. Eta baldintza objektiboak zenbat eta ahulagoak izan, orduan eta nabarmenagoa izaten da gidaritzaren premia.
Esanak esan, ez dirudi demokrazia modernoaren baldintza horiek berdinak direnik ez herrialde guztietan, eta ezta ere herrialde berak izan ditzakeen egoera guztietan.
Esate baterako, oso kontu desberdinak dira demokrazia politiko bat hobetzea, edo demokrazia ezartzea. Izan ere, ez klase sistema irekia, ez balio sistema berdintasunean oinarritua, ez industri gizartea, ez eta balio demokratikoak dituzten gidariak dira ezinbesteko baldintzak demokraziak aurrera egin dezan edo demokrazia herrialde batean sor dadin. Baldintza esaten zaien horiek demokraziak ondo funtzionatzen duela esan nahi dute, eta, beraz, demokraziaren ondoriotzat har daitezke, demokraziaren aldez aurreko baldintzatzat bainoago. Arazoa ez da bakarrik ez dagoela baldintzarik demokraziaren arrakastari ezinbestean loturik denik, zeren eta kontua baita baldintza horiek guztiek alderdi historiko bat dutela, alegia, baldintza nagusi guztiak segida baten baitan aztertu behar dira, haien hurrenkera eta tempo-a aintzat harturik. Hala, adibidez, baldintza «objektiboak» (ekonomiazkoak eta gizartezkoak) ez dira hain garrantzitsuak demokrazia abian jartzeko, nola diren bai gidaritza eraginkor baten borondate finkoa eta bai hiritarren itxaropen multzoa bideratzeko ahalmena, hala sistema demokratikoak itxaropen horiek bere baitan har ahal izan ditzan, gainezka egin gabe. Horrexek desorekatzen eta hondatzen du hain zuzen sistema politiko bat, eta demokrazia bereziki, alegia, bat-batean hiritarren itxaropenak eta nahiak indar handiz gora egiteak eta sistema politikoak, berriz, horiek asetzeko gai ez izateak.
Estatu sozialistak eta demokrazia
Demokrazia liberalarekin zerikusirik izan ez arren, 20. mendean sortutako estatu sozialista gehienek beren egituraren izaera demokratikoa aldarrikatu izan dute. Errusiako Urriko Iraultzaren garaitik, estatu sozialista baten ikusmoldea, Vladimir Lenin-en alderdi iraultzailearen teoriari eta zentralismo demokratikoaren antolamendu printzipioetara elkarlotuta dago. Leninek “proletalgoaren diktadura” abangoardiako alderdi iraultzailearen beharra zuen, langileagoaren eta bere interesen ordezkari bezala, eta bere ikuspegian demos/herria ordezkatzeko modu bat zen hori, demokratikoa berez[2].
Leninek demokraziari lotu zion beste kontzeptu nagusia zentralismo demokratikoarena izan zen. Estatu sobietarrean kontzpetu honen ezaugarri nagusiak honako hauek lirateke
- Ezaugarri zentralista eta goitik beherako organoengatik ezeztagarria.
- Kritika eta autokritika egiteko askatasuna alderdiaren barruan.
- Alderidiak diziplina zorrotza, gehiengoak bozkatutako ideiarekiko gutxiengoaren subordinazioa.
- Goi-politikoen erabakiak lotesleak dira organo baxuagoentzat.
- Lan eta zuzenbide kolektiboak, baina banako bakoitzak betebeharrak ditu alderdiaren zuzenbidean.
Demokraziaren bilakaera etorkizunean
Munduko toki gehienetan demokrazia modernoak arestian aipatu diren hiru baldintza horiek behar ditu etorkizunik izango badu: gutxieneko ongizate ekonomikoa, estatu demokratiko bakoitzean erdi mailako hiritar klase bat izatea, eta gidaritza sendoak, ordezkari politikoak hautatzeko prozedura demokratikoaren zilegitasuna sendotuko dutenak. Hala eta guztiz ere, hiru baldintza horiek ez dira behin betikoak, zeren eta betekizun horiek gero eta nekezago betetzen baitira mundu osoko sistema politikoan, asko eta asko dira-eta aurrerabidean diren herrialde demokratikoak baldintza horiek ezin beterik dabiltzanak, nahiz, hala ere, beren sistema demokratikoak indarrean dauzkaten.
Argi eta garbi dago estatu berriak eta aurrerabidean diren nazioak demokratikoak izan daitezkeela, nahiz eta hargatik ez duten iristerik izan mendebaldeko demokraziek historian, ekonomian, gizartean eta kulturan iritsia duten maila bera. Izan ere, ez zen inoiz munduan estatu demokratiko bat bera sortuko, baldin eta hasiera-hasieratik beretzat iritsi nahi izan balitu modernizazio bidean diren estatu batzuek ustez iritsi nahi omen dituzten helburu goren horiek. Demokraziak mundu osoan aurrera egingo badu, nahitaez gutxitu beharko dira gobernu bidegabe eta tiranoak, eta ahalik eta gehien zabaldu eta indartu ordea gizaki bakoitzaren errespetuaren eta zuzentasunaren alde egingo duten jokabide gizalegezkoak, alegia, politikak, azken finean, gizakiaren neurrira behar du egina.
Gero eta argiago dago, hortaz, demokrazia modernoak iraungo badu, bakarra duela iraute horretarako behar duen baldintza politiko ezinbestekoa: prozedura finkatu beharra; alegia, hauteskunde sistema bat behar da nahitaez, haren bidez eratuko den sistema politikoak zuzentasunez, bidezkotasunez eta arduraz jokatzera behartu ditzan agintariak.
21. mendean, merkatuaren eta ekonomiaren egonkortasunaren nagusitasuna azpimarratzen delarik dogma gisa behin eta berriro demokrazia liberaletako diskurtsoetan; ikuspegi horren gabezia demokratikoak azpimarratu dituenik ere bada: Isidro Esnaola ekonomilariaren iritziz, ongizate eta ekonomiari dagozkien bitartekoei eta helburuei buruz eztabaidatzeak eta hartzen diren erabakiak eraginkorrak izan daitezen lortzeak, demokraziaren esparrua zabaltzea eskatzen du. Hau da, "ekonomiak demokratikoki zehazten diren helburu politikoen menpe egon beharko du, eta eskema horretan presio taldeak soberan daude".[3]
Demokraziaren biziberritze benetako bat eskatzen dute halaber, larrialdi klimatikoaren aurrean 21. mendean antolatzen ari diren mugimendu askok. Ekonomia sozial eta eraldatzailea; demokrazia eta burujabetza, era honetako kontzeptuak indartzea ezinbestekoa ikusten dute talde askok, "munduaren geroak errezeta berriak behar" dituelakoan. Beste hitz batzuekin: "Sistema aldatu, ez klima."[4]
Baina era berean, berotze globala ukatzen dutenek ere, "iritzi-demokrazia" kontrajartzen dituena arrazionalitate zientifikoari, iritzia izateko askatasun baten izenean, ebidentzia zientifikoak gezurrak edo asmakizunak direla erakutsi nahi dute sektore izatez guztiz erreakzionario batzuek[5].
Demokraziarekin lotzen diren gaiak
Demokrazia eta errepublika
Errepublika asko demokratikoak diren arren, ez da erregea ez izateagatik demokratikoa izan behar dela. Diktadurak ez dira monarkiak; eta, adibidez, Txina errepublika da eta ez da demokrazia de facto bat. Eta errepublika ez izateak ez du esan nahi ez dela demokratikoa; monarkia parlamentario edo konstituzional gehienetan, Erregea Errepublikako Presidentearen funtzio ia berak ditu, baina erregeak inpartziala izan behar du, baina errepublikako presidenteak, ez.[6][7]
Demokrazia eta aberastasuna
Datuak ikusten, esan daiteke herri aberatsa izateko demokratikoa izan behar dela. Hori ez da guztiz egia; kasu gehienetan, aldrebes da: garapen ekonomikoa demokraziak agerrarazten ditu. Hala ere, Espainiaren aberastasuna Europar Batasunean egoteagatik garatu zen; eta han sartzeko demokratikoak izan behar ziren.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2018-11-4 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- «Democracia y dictadura» www.robertexto.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-06).
- «Lenin’s Conception of Socialism» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-02).
- Esnaola, Isidro. (2020-04-11). «Ondasunak eta baloreak. Boterea eta demokrazia» Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza Laborategia (Noiz kontsultatua: 2023-04-02).
- Brea, Unai. (2015). «Munduaren geroak errezeta berriak behar ditu» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-04-02).
- Amougou, Thierry. (2021). «Larrialdi ekologikoa, Mendebaldean zentratutako kontakizuna» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-04-02).
- «10 Características de la Monarquía Parlamentaria» www.caracteristicas.co (Noiz kontsultatua: 2019-01-06).
- (Gaztelaniaz) P�rez-Maura, Ram�n. «Cinco razones por las que la Monarqu�a es un sistema mejor» ABC.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-06).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: demokrazia . |