Deir el-Medina
Deir el-Medina (Hiriko Komentua) Egiptoko XVIII. dinastiako faraoia izan zen Tutmosis I.ak sortutako egiptoar herria izan zen.
Erreginen Haranaren sarreran eta Erregeen Haranaren sarreratik gertu Antzinako Egiptoko langile eta artisauen herririk arrakastatsuena izan zenaren hondarrak daude: Set Maat (Egiaren Tokia), egiptoar izena, Deir el-Medina, arabiar izena, tebastar eskualdean dagoen haran txiki batean dagoena, Qurmet Mura muinotik gertu, Niloren mendebaldeko ibarrean, Tebasetik gertu, gaur egungo Luxorren.
Denbora askoan arpilaketak jasan zituen antzinekotasunen espoliazioagatik, handik gertu zeuden objektuen ugaritasuna, edertasuna eta aberastasunagatik oso toki ezaguna baitzen. Alabaina, oraindik toki hau Antzinako Egiptoko herrietatik hobekien ezagutuena egiten duten arrasto arkeologiko ugari mantentzen dira: hilobiak, etxeak, hil hatuak...
Historia
Egiptoko Inperio Berriaren hasieran, Tutmosis I.ak mastabak eta piramideak eraikitzeari utzi zion hauek jasaten zituzten arpilaketen ondorioz, eta bere hilobia toki babestuago batean eraikitzen hastea agintzen du, mendiaren magala zulatuz eta Set Maat (Deir el-Medina) sortuz eraikuntzaz arduratzen ziren langile eta artisauen bizileku bezala. Bere oinordekoek toki berean eraiki zituzten euren hilobiak 500 urtez, herria populatua egon zen garaian.
Tamaina txikiarekin sortu zen: harresi batekin inguratutako berrogei etxe, baina sekula ez zion hazteari utzi, bere garai gailena Seti I.a eta Ramses II.aren agintaldietan izan zelarik, harresi barnean berrogeitamar etxe eta harresitik kanpo hirurogeitamar zituenean. Esmendes I.aren garaian utzia izan zen, K. a. 1170 inguruan. Bigarren birsortzea Ptolomeotar dinastiaren garaian izan zen, baina ez zen aurrekoaren oparotasunera iritsi eta laster utzia izan zen berriz.
Herria
Herria soilik Pa Demi (herria) deitzen zen. Harresiak laukiluze formako eremu bat mugatzen zuen, eta honen barnean, eremuko atean hasi eta herri osoa zeharkatzen zuen kale batean zehar etxeak banatzen ziren. Eraikin bakoitzaren atzealdeko horma harresiari itsatsia zegoen.
Solairu bakarreko etxeak ziren, harrizko zoru eta adobezko hormekin, gainontzeko eraikinekin banatzen zituzten lehengaiak, tenplu eta hilobiekin izan ezik. Palmondo hostoz eta buztinez estalitako enborrekin sabaitzen ziren, eta elkarrengandik harresi baten bidez bananduak zeuden.
Laukiluze formako oinplanodunak, lau areto txiki zituzten, bata bestearen atzean: lehena, aldare bat zuen harreraleku bat zen, eta azkena, dirudienez, sukaldea zen, bertan errauts arrastoak aurkitu baitira. Handik, terrazara igotzeko eskailera bat abiatzen zen.
Altzariak eta gainontzeko eguneroko objektuak, ispiluak eta mahai jokoak kasu, Kha arkitektoa eta bere emazte Meriten hilobiari esker ezagutzen dira, ukitu gabe eta hil hatu aberats batekin iritsi zaiguna, langileena ziuraski xumeagoa izango zen arren.
Herritarrak
Euren eguneroko bizitzaren xehetasunak herriko zabortegian aurkitutako ostrakei esker ezagutzen ditugu, euren gauzak idazteko euskarri bezala erabiltzen ziren zeramika edo kareharri zatiak, papiroa oso garestia baitzen.
Langileak oinarri sozialaren zati ziren, nekazariekin batera, baina euren artean ezberdintasun nabarmenak zeuden artisauak, langile arruntak edo eskriba edo medikuak bezalako langile administratiboak izatearen arabera, herriak funtzionatzeko behar zuen beste jende guztiaz gain: autohorniketarako funtsezkoak ziren lan guztiak, nekazaritza barne. Estatuak ez zuen atzerriarekin kontaktu askorik nahi, hilobien eraikuntzari buruzko diskrezio ahal bezainbat mantentzeko, eta ahal zen guztia hornitzen zuen, ibaitik ur garraioa barne, herria basamortu gune batean baitzegoen.
Lana
Edozein lan abian jarri aurretik, artisau eta langileek lanaren iraupena eta soldata zehazten zen kontratu bat sinatzen zuten. Soldata jenerotan ordaintzen zen, langile bakoitzaren mailaren arabera errazio handi edo txikiagoarekin. Gainera, familiek eremu txikiak erein eta zerri, ahuntz eta ardiak hazten zituzten.
Lan epea hamar egunekoa zen, egunean zortzi ordu lan egin behar zituztelarik, eta egunsentian hasten zen. Amaitzean, ez ziren herrira itzultzen, baizik eta gaua Erregeen Haranaren alboan altxatutako behin-behineko etxe batzuetan pasatzen zutela.
Soilik gaixotasunagatik, amaren urtebetetzeagatik edo emaztearen faltagatik falta zitekeen, baina, praktikan, aitzakiak ugariak ziren: gaixo zegoen asto bat zaintzea, jai bat antolatzea edo senide baten heriotza, aitzaki guzti hauek, teorian behintzat, zigor bat zekartelarik.
Eskribak
Hurbiletik jarraitzen zituzten lanak eta edozein gertaera, lanaren eguneko garapena, erabilitako materiala, lanera falta izateak etab... erregistratzen zituzten. Lan hau "Hilobiaren egunerokoa" deitzen zen, eta "Hilobiko Eskriba"k egiten zuen, estatuak herrian zuen ordezkaria zena. Arlo burokratiko guztietaz arduratzen zen.
Medikuak
Langilean egoera onean mantentzea zen euren betebeharra, gainontzeko biztanleez ere arduratzen ziren arren. "Emakume Jakintsua"k egiten zuen lan bat zen, naturaz gaindiko botereak zituela eta (garairako) medikuntza ezagutza zabala zuela uste zena.
Langileak
Hilobiak mendiaren magalean zulatzeaz arduratzen ziren. Bi taldetan banatutako kuadriletan lan egiten zuten, horietako bakoitzaren buru bezala kapataz bat eta laguntzaile bat zeudelarik. Galeriaren batzuk ehun metro inguruko luzera zutenez, tokiko errege biltegiak hornitutako olio lanparen argi artifiziala erabiltzen zen.
Igeltseroek areto ezberdinei forma ematen zieten, sarrera kontu handiz ezkutatuz, jada ohikoa zen arpilaketa ahal bezainbat eragozteko.
Artisauak
Ganberak jada prest zeudenean hasten ziren lanean, apainketaz arduratzen zirelarik. Hormak margotu behar zituzten, gehienetan Hilen Liburuak adierazitakoa jarraituz, baita erregea eta honen mirabeak irudikatzen zituzten estatuak ziren ushebtiak egin, eta hil hatua antolatzea ere, beste bizitzan erabiltzeko, eta oso modu aberatsean apaindua zegoena.
Aisialdia
Hamar egunetik behin euren etxeetara itzultzen ziren, euren egun librea euren hilobi propioak eraikitzen, non margolan politak utzi dizkiguten, gertuko gurtzalekuak bisitatzen edo, irabaziak biribiltzeko beste batzuentzako lanak egiten ematen zutelarik.
Ia langile guztiak zeuden kofradietan antolatuta, eta egun libreak biltzeko probesten zituzten.
Justizia
Zigor penaletaz chatya arduratzen zen, lanekoetaz kapatazak, baina, gainontzeko guztietaz langileek eurek eratutako epaimahai bat arduratzen zen, zigorrik ohikoena jipoi publikoa zelarik.
Historiako lehen greba
Ramses III.aren garaian, K. a. 1170ean, soldaten ordainketa ohikoa zena baino gehiago atzeratu zen, eta goseak bultzatutako langileak, euren lanak utzi eta kalera irten ziren euren helburua lortu arte.
Urte asko beranduago, Ramses IX.a eta Ramses X.aren agintaldietan, beste horrenbeste gertatu zen.
Laburpena
Herri honetan bizitza nahiko erosoa zuten eta soilik zerga pertsonala, baina ez hamarrena, ordaintzen zuten ondo elikatutako langileak bizi ziren.
Deir el-Medinak bere garairik oparoena Ramses II.arekin izan zuen: Egiptoko XX. dinastiarekin hasi zen gainbehera, antolakuntza falta hara ere iritsi zen, hiriburua deltan zegoen Tanisera pasatu eta tebastar nekropolia baztertu zuen Egiptoko XXI. dinastiaren garaian behin betiko utzia izan zen arte. Deir el-Medinak jada ez zuen jarraitzeko arrazoirik.
Tokiko arrasto arkeologikoak
- Artisauen herria
- Erregeen Harana
- Erreginen Harana
- Ptolomeotar tenplu bat
- Nekropolia: Senedyem, Inerjau, Kha (ukitu gabeko bakarra) eta Pasheduren hilobiekin.
Ikus, gainera
- Artisauen Harana