Das Kapital
Kapitala, jatorriko izenburuan Das Kapital edo Das Kapital, Kritik der politischen Ökonomie (alemanez das kapiˈtaːl ahoskatua) Karl Marx alemaniar ekonomialariaren obrarik garrantzitsuena da. Hiru aletan argitaratu zen, 1867, 1885 eta 1894. urteetan; azken biak Engelsek idatzi zituen Marxek idatzitako eskuizkribu batzuen gainean oinarriturik. Obran Marxek sistema kapitalistari buruzko teoria, haren dinamika eta Marxen ustez kapitalismoak bere kasa egingo zuen hondamendirako bidea aztertu zituen. Das Kapital liburuaren parte handi bat gainbalio kontzeptuaren gainean dago idatzia. Marxek dioenez, sistema kapitalistan lana, edo Marxek esaten duenez lan indarra, salgaia besterik ez da, eta haren balioa langileak bizitzen jarraitzeko behar dituen produktuak edo iraupen-bideak ekoizteko beharrezkoak diren lan-orduena da. Kapitalistak langilea lan-indarraren balioaren arabera ordaintzen du, nahiz eta langileak iraupen-bideak ekoizteko baino denbora gehiago erabil dezakeen; hala, langileek ekoizten dituzten produktuek produktu horiek ekoiztuak izateko behar izan dena balio badute, diferentzia bat izango da lan-indarrak lorturiko produktuen balioen eta lan-indarraren balioaren artean; diferentzia horri Marxek gainbalio esaten dio. Obraren bigarren eta hirugarren aleetan Marxek sistemak oso-osorik hartuta dituen arazoez idazten du: krisi kapitalistei buruz eta kapitalaren interesari buruz besteak beste.
Das Kapital | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Karl Marx (1867) |
Argitaratze-data | 1867, 1885, 1894 |
Generoa | Ekonomia, teoria politiko |
Jatorrizko izenburua | Das Kapital, Kritik der politischen Ökonomie |
Hizkuntza | aleman |
Herrialdea | Alemania |
Liburuaren zati aipagarri bat
« | Eskulanean eta ofizioa, beharginak tresnak darabiltza; fabriketan makinaren zerbitzura dago. Lehenengo kasu bietan, langileak berak eragiten du lanbidearen mugimendua, hirugarrenean, ostera, langileak mugimenduari jarraitu behar dio. Eskulanean langileak mekanismo bizi baten zati dira. Fabrikan eurengandik aparteko mekanismoa dago eta horretara itsasten dira ondorengo bizi gisa. Beti prozesu mekaniko bera errepikatzen duen azkengabeko lan baten oinaze tristeak Sisiforen lanaren antza dauka. Lanaren zama, haitza bezala, langile nekatuaren gainera dator etengabe (...).
Lan prozesua ezezik kapitala hazteko prozesu den edozein produzio kapitalistatan ezaugarri bera beteko da: langileak lan baldintza ezarri beharrean alderantziz gertatzen da, lan baldintzak berak ezartzen du langilea bere menpe; baina aldaketa horrek makinaria sartzean bihurtzen da benetako errealitate. |
» |
—Karl Marx, Kapitala, 1867 |
« | Makinek, giharren indarra ezerez bihurtzean, aukera ematen dute gihar-indarrik gabeko edo garapen fisiko osorik gabeko langileak erabiltzeko, gorputz-adar malguak dituztenak. Beraz, emakumeen eta haurren lana makinen erabilera kapitalistaren lehen agindua izan zen. Hala, lana eta langileak alde batera uzteko sortutako tresna erraldoi hura soldatapekoen kopurua biderkatzeko bitarteko bihurtu zen, eta langileen familiako banako guztiei ematen zien lana, adina eta sexua kontuan hartu gabe, kapitalaren gertuko mendekotasunean. Kapitalistaren mende egin beharreko lan bortxatuak haurren jolasen lekua inbaditzeko eta usurpatzeko ekarri zituzten, bai eta etxeko lanpostu askea inbaditzeko eta usurpatzeko ere; gainera, muga moralak apurtzea ere badute helburu, eta hala, etxeari berari gordetako eremua ere inbaditzen dute. | » |
—Karl Marx, Kapitala , 1867 |
Kanpo estekak