Darjeeling

Derjeeling (bengaliz: দার্জিলিং, Dārjiliṃ, Nepaleraz: दार्जिलिंग, Dārjiling, Tibeteraz: rDo-rje Gling), Indiako Mendebaldeko Bengala estatuko hiri bat da, 107.530 biztanle dituena (2001). Izena tibeterazko dorje (tximista) eta ling (tokia) hitzek osatzen dute, Darjeeling beraz Tximistaren tokia izango litzateke.

Darjeeling
দার্জিলিং
Darjeeling
दार्जीलिङ
Bengaliz
Nepaleraz
Tibeteraz
municipality of West Bengal (en) Itzuli
Administrazioa
Herrialdea India
EstatuaMendebaldeko Bengala
Izen ofizialaদার্জিলিং
Darjeeling
दार्जीलिङ
Jatorrizko izenaদার্জিলিং
Darjeeling
दार्जीलिङ
Posta kodea734101
Geografia
Koordenatuak27°02′15″N 88°15′47″E
Map
Azalera10'5 km²
Altuera2050
Demografia
Biztanleria118.805 (2011)
alt_left 59.618 (%50,2) (%49,8) 59.187 alt_right
Dentsitatea11.239,83 bizt/km²
Etxebizitzak21.782
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia354
Ordu eremuaUTC+05:30
MatrikulaWB-73 eta WB-74
dm.gensoftindia.co.in

Geografia eta klima

Estatuaren iparraldean dago, Kalkuta hiriburutik 642 km-ra eta Himalaiaren mendikate txikiaren parte da, 2050 metrotako altueran. Malda ia bertikalak dituen muino baten gainean kokaturik dago. Prezipitazioak handiak dira (3037 mm) eta tenperaturak epelak, maximoak 25 °C eta minimoak -3 °C[1].

Etnologia

1901ean 17.000 biztanle zituen Darjeelingek, 1951ean 34.000 eta 2001ean 107.000. Gehienak gurkhak dira, nepaldarrak, baina badaude bertako etniak ere, lepchak, bhutiak, xerpak, newarrak... denak ere antzeko kultura dutenak. Bertakoak ez diren beste leinu batzuk ere aurkitzen dira, hala nola, bengalarrak, anglo-indiarrak, marwarrak, txinatarrak eta tibetar errefuxiatuak.

Erlijioari dagokionez gehienak hinduistak dira, ondoren budistak eta badaude kristauak ere. Hizkuntza nagusia gorkhalia (bertako nepalera) da; gainerakoak, tibetera, hindia, ingelesa eta bengalera.

Historia

St. Andrew's eliza, 1843 eraiki eta 1873an berreraikia.

XIX menderarte Darjeeling ingurua Bhutan eta Sikkimgo agintariek kontrolatu izan zuten, tartean tartean Nepalgo gurkhek ere konkista saiakerak egin zituztelarik. 1828an Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiako delegazio batek, klimak erakarrita, soldadu britainiarrentzako erietxe bat eraikitzea erabaki zuen. Istilu ugari izan ziren sikkimdarren eta britainiarren artean, tartean erietxeko zuzendaria zen Arthur Campbellen bahiketa 1849an, baina 1864ko Sinchula itunak bakea ekarri zuen, britainiarrek Bhutango Dooars ingurua ere eskuratu zutelarik. Pixkanaka Bengalako agintariek Kalkutako beroari ihes egiteko Darjeeling udako egoitza bihurtu zuten. Misiolari eskoziarrek britainiarrentzako eskolak sortu zituzten erietxearen inguruan eta 1881ean eraiki zen trenbideak (Darjeeling Himalayan Railway) herriaren hazkundea ekarri zuen. Baina 1899an lubizi handiak izan ziren eta hiria oso kaltetua gelditu zen. Ez zen berehala errekuperatu, 1919an oraindik hiri azpigaratua izendatzen zuten.

1841ean esperimentalki landatu zen teak arrakasta handia izan zuen eta britainiarrek gogor eusten zioten inguruari. Horregatik Indiaren independentzia iristean Mendebaldeko Bengala estatuaren barnean gelditu zen Darjeeling. Mugimendu nazionalista eta komunistak sortu ziren orduan. Nepalgo errefuxiatu ugari ere iritsi ziren gainera eta 1961ean gobernuak nepalera hizkuntza koofiziala izendatu zuen bertan.

1975ean Sikkimek India barnean estatu propioa lortu zuenean Darjeeling inguruak ere Gorkhaland deituko litzatekeen estatuaren aldeko apustua egin zuen, talde armatu batekin 80. hamerkadan (Gorkha National Liberation Front) eta politikaren bidetik XXI mendean Gorkhaland United Front alderdiarekin[2].

Klima

    Datu klimatikoak (Darjeeling, 1901–2000)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 9.4 10.4 14.4 17.4 18.5 19.3 19.4 19.6 19.2 18 14.7 11.5 16
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 1.8 2.9 6.3 9.4 11.5 13.6 14.3 14.2 13.3 10.3 6.3 3.3 8.9
Pilatutako prezipitazioa (mm) 19.7 24.1 47.7 115.8 197.2 570 781 635.3 437.3 122.5 23.5 7 3037
Iturria: India Meteorological Department.[3]

Ekonomia

Bi oinarri nagusi ditu inguru honetako ekonomiak, alde batetik tea eta bestetik turismoa. Indiak ekoizten duen tearen %7a Darjeelingek, 9.000 tona urtero. Darjeeling Tea izendapena darama eta te beltzen taldean sartzen da. Bestetik turismo handia du, munduko hirugarren mendirik garaiena den Kanchenjungaren ikuspegi itzelak baitaude bertatik. Turismoari gagozkionez aipatzekoa da era berean The Darjeeling Himalayan Railway trena, Toy train bezala ezagutzen dena eta UNESCOk gizateriaren ondare izendatua duena. 122 metroto altueran dagoen Siliguritik 2050 metrotan dagoen Darjeelingera igotzen du trenak. Trenbide estua du eta 77 kilometrotako luzera. Jeep ugari ere badabiltza ibilbide hau egiten, baita Gangtok (Sikkim), Kakarvitta (Nepalgo muga) eta Thimphu (Bhutan) arteko ibilbideak egiten ere.

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.