Daniel Weisweiller

Daniel Bernhard Weisweiller Goldschmidt (18141892ko urtarrilaren 13a) alemaniar jatorriko espainiar finantza-gizona izan zen, familia tradizio judukoa. Rothschild familiaren Madrilgo egoitzako agentea izan zen, Lionel Rothschildengandik 1834an eskuratutako postua.[1] Niall Ferguson-en arabera, Weisweiller "1830eko hamarkadako Rothschilden agente garrantzitsuena" izan zen.[2]

Daniel Weisweiller

kontsul nagusi

Bizitza
JaiotzaFrankfurt am Main, 1814
Herrialdea Alemaniar Inperioa
HeriotzaParis, 1892ko urtarrilaren 13a (77/78 urte)
Hobiratze lekuaPère Lachaise hilerria
Familia
AitaDavid Callmann Weisweiller
AmaGüte Goldschmidt
Ezkontidea(k)Adeline Matilda Helbert (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakbankaria eta diplomazialaria
Jasotako sariak

Familia

Frankfurtekoa jatorriz, Danielek David Calmann eta Güttle zituen guraso, Geni genealogia zuhaitzei buruzko webgunearen arabera, eta bost haurride zituen; Daniel Weisweiller Adeline Helbertekin ezkondu zen 1843an.[3] Ezkontideek hiru alaba izan zituzten; horietatik, Adela Weisweiller (1845–1925) André Capronekin ezkondu zen, Cannesko auzapeza (1902–1928).

Madrilgo agentziako buru

Lionel Rothschild Espainian zebilen Lehen Karlistaldian estatu horretako gobernuaren finantzaketa eta zorraren baldintzak negoziatzen. Aldi berean, Rothschild Etxeak Espainian oso errentagarri gertatu zitzaizkion bi ekimeni heldu zien: Espainiako San Fernando Bankuaren Londresko korrespontsalia eskuratzea 1835eko udan eta, hurrengo ehun urterako, Madrilen Espainiako agentzia finkatzea, Daniel Weisweiller anbiziotsua bertan beren ordezkari utziz, artean hogei edo hogeita bat urte zituela.[4]

Weisweiller 1835eko urtarrilean hasi zen Madrilen Lionel Rothschildekin.[5] gaztelaniaz moldatzen ikasten aritu zen lehendabizi, baita Madrilgo ohiturak eta Espainiako hiriburuko politikaren zirrikituak ezagutzen ere. Hasieran, Red San Luisen jarri zuen bulegoa, Madrilgo orduko kale komertzial zalapartatsuenetako bat, San Fernando Bankuaren egoitza izandakoan.[6] Hasierako urratsetan, Miguel Javier Barcáizteguiren eta Estanislao Urkixo gaztearen laguntza izan zuen; lehendabizikoa Ezpeleta Etxeko Bordeleko agente bat zen, eta bi horiek osatu zuten hasiera batean Rothschilden Madrilgo agentzia Weisweillerrekin batera.[6]

1835 edo 1836an, Weisweillerrek lehen kontaktua izan zuen Manuel Gaviria Errege Etxeko intendentearekin, garai honetako Espainiako errege finantzen eta politikako pertsonaia erabakigarria eta rothschildarren Espainiako kontratuetarako kontaktua.[6] Gaviriaren bidez, Weisweiller harremanetan sartu zen Madrilgo bankuetako buruekin, hala nola Antonio Guillermo Moreno, Manuel Salvador Lopez, Ceriola, Casals, Enrique O'Shea, Calderón, Agustín Heredia malagarra eta, haren bitartez, José Salamanca, baita Bushental, Nazario Karrikiri eta Gaspar de Remisa ere.[6]

Weisweillerren ekimen politiko-finantziarioek Rothschild Etxearen aurreikuspenak gainditu zituzten, autonomia handiz arituz, eta ezin hobe egokitu zen Espainiako gobernuaren eragiketa usteletara, bereziki Juan Álvarez Mendizábalen bigarren gobernu agintaldian.[4]

Burdinbidearen epelean hazten

Weisweillerrek oso goizetik parte hartu zuen burdinbidearen negozioan. María Cristina Burdinbide Konpainiako akzioduna izan zen 1840ko hamarkada hasieran, Manuel Larak Alacant-Madril linea egiteko sortua, baina porrot egindakoa.[7] Garai honetan, Weisweillerrek Rothschilden ordezkari lanak egin zituen Espainiako gobernuaren aurrean, maileguak, aurrerapenak eta maileguen itzulerak negoziatuz, tartean zela Almadengo merkurioari buruzko kontratu estrategikoa.[oh 1]

Lanez gainezka zebilela eta bere osasun arazo etengabeak zirela eta, Rothschildek Madrilgo agentzia birmoldatzea erabaki zuten 1848 aldera, familiaren konfiantzazko beste agente bat bidaliz: Ignacio Bauer. Luze gabe konpainia berri bat eratu zen formalki Madrilen 1855eko urtarrilaren 1ean: Weisweiller & Bauer Cía.[8] Une honetan, Espainiako gobernua erabat zorpetuta zebilen nazioarteko hartzekodunekin, eta Weisweiller Pascual Madozen gobernu progresistarekin izan zen elkarrizketan atekatik ateratzeko; benetako 500 milioi errealeko mailegua prestatu zuen gobernuarentzat 1855eko apirilean, baina Madozek beste asmo batzuk zituen eta ez zen aurrera atera.[9]

Ignacio Bauerrekin zuen sozietatearen baitan, 1855etik Espainiako burdinbide sarea eskuratzeko lehiatu zen eta, James Rothschildek hala baimenduta, Madriletik Zaragoza eta Alacanterainoko burdinbidearen eraikuntza lortu zuten enkantean; adierazi zuenez, "posizio indartsuena emango digu Espainian, eta kalte gehiago egingo dio Mobiliariori".[10] Hurrengo urteetan burdinbidearen inguruan sortutako negozioan, inbertsio eta finantza erakunde garrantzitsuen zuzendaritza kontseiluetako kidea izan zen Bauerrekin batera, Rothschilden ordezkari gisa: MZA eta SEMI.[11]

Oharrak

  1. Nathan Mayer Rothschildek Espainiari maileguak ematearen potentziala ikusi zuen, kontratu bidez Almadengo harrobiak kontrolpean hartuz eta bertako merkurioa erauziz maileguen kobrantzen bermetzat, 1912 arte; ikus Penn, Elaine (2000). "The Spanish Agents", The Rothschild Archive.

Erreferentziak

  1. López Morell, Miguel Angel. (2013). The House of Rothschild in Spain, 1812–1941. Ashgate ISBN 978-0-7546-6800-8..
  2. Ferguson, Niall. (1999). The House of Rothschild: Volume 1: Money's Prophets: 1798–1848. Viking, 65 or..
  3. «Daniel Bernhard, baron de Weisweiller» geni_family_tree (Noiz kontsultatua: 2021-11-16).
  4. López-Morell, Miguel A. (2015), 73-75. or.
  5. (Ingelesez) Penn, Elaine. (APRIL 1999-MARCH 2000). «The Spanish Agents» REVIEW OF THE YEAR (The Rothschild Archive): 15-18..
  6. López-Morell, Miguel A. (2015), 79-83. or.
  7. López-Morell, Miguel A. (2015), 98. or.
  8. López-Morell, Miguel A. (2015), 122. or.
  9. López-Morell, Miguel A. (2015), 136-137. or.
  10. López-Morell, Miguel A. (2015), 146-148. or.
  11. López-Morell, Miguel A. (2015), 150-153. or.

Bibliografia

  • López-Morell, Miguel A.. (2015). Rothschild. Una historia de poder e influencia en España. Madrid: Marcial Pons, Ediciones de Historia, S.A. ISBN 978-84-15963--59-2..

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.