Damasko

Damasko[1][2] (arabieraz: دمشق, Dimashq) Siriako hiririk handiena eta hiriburua da. Hizkera arruntean ash-Sham (arabieraz: الشام) deitzen zaio Sirian, eta Jasminaren hiria (arabieraz: مدينة الياسمين) goitizena eman zaio. Estatu horretako hegoaldean dago, Barada ibaiak ureztaturiko Ghutah oasiaren erdian, Libanoko mugatik hurbil. K.a. 2500. urtean sortu zen eta beraz munduan modu jarraian populatuta egon den hiribururik zaharrenetarikoa da. 2009an hiriak 1.711.000 biztanle zituen[3], eta metropoliak 4.500.000 inguru.

Damasko
دمشق
hiria
Administrazioa
Herrialdea Siria
Siriako muhafazahDamasko eskualdea
AlkateaBishr Al Sabban (en) Itzuli
Izen ofizialaدمشق
Jatorrizko izenaدمشق
Geografia
Koordenatuak33°31′N 36°17′E
Map
Azalera105 km²
Altuera680 m
Demografia
Biztanleria2.584.771 (2023)
82.010 (2022)
Dentsitatea24.616,87 bizt/km²
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia011
Ordu eremuaUTC+03:00
Hiri senidetuakAnkara, Denizli, Istanbul, Buenos Aires, Dubai, Erevan, Málaga, São Paulo, Toronto, Kairo, Tokio, Amman, Atenas, Ferrara, Florentzia, Rabat, Bukarest, Kordoba, Madril, Budapest, Dubai, Beirut, Toledo eta Bagdad
Hizkuntza ofizialaarabiera
damascus.gov.sy

Historia

Damasko hiriaren izena Bibliako Genesian ageri da. Egiptoko Inperioaren mendean egon zen, XVIII. dinastiaren garaian (K.a. XVI. mendea). Benetako historia, ordea, K.a. X. mendean hasi zen, Israelen etsaigo bizian jardun zuen erresuma aramear bateko hiriburua zelarik. K.a. 732. urtean Teglath-Phalasar errege asiriarrak bere mende hartu zuen. Persiar Inperioko hiria izan ondoren, Alexandro Handiaren esku egon zen eta harrezkero seleukotar dinastia heleniarraren hiriburua izan zen. K.a. 65. urtean Ponpeioren soldaduek hartu eta Erromaren manupeko hiri indartsu bihurtu zen. Kristautasunaren lehen garaietako hiri guztiz garrantzitsua izan zen (bertan predikatu zuen San Paulok).

Bizantziar Inperioaren barnean zegoela, 636an arabiarrek hartu eta omeiatar dinastiaren hiriburua izan zen 724. urtera arte. Garai honetan nabarmendu zen Damasko hiriaren nagusitasun tekniko eta artistikoa, metal (arma damaskinatuak) eta ehungintzan (Damaskoko zeta eta brokatuak guztiz ospetsuak ziren Mendebalean). Omeiatar dinastiaren gainbeheran (750), abbastar, Egiptoko tuliniar, ikhxudiar eta fatimien dinastia arabiarren mendean egon zen. 1148. urtean, gurutzatu kristauak saiatu ziren hiria konkistatzen, baina Nur al-Din Alepoko atabek edo erregeak egotzi zituen. Nur al-Din atabekaren Saladin ilobak Ekialdeko musulmanak batu zituen kristauen aurka eta guztiz hiri ahaltsu bilakatu zen Damasko aiubtarren garaian.

Mongolek hiria suntsitu ondoren (Hulagu Khan, 1259), mamelukoak hiriaz jabetu eta 1260an Siriako hiriburu bihurtu zuten. 1401. urtean gauza bera gertatu zen: Timur Lang buruzagi mongolak hiria menderatu eta mamelukoek berreskuratu zuten berehalakoan. 1516an Selim I.a otomandar sultanak konkistatu zuenetik 1918ra arte, Damasko izan zen otomandar gobernuaren egoitza hiria. 1860. urtean, Libanon bizi izan zuten zapalkuntzari erantzunez, drusoek kristau maronita asko hil zuten Damaskon. 1918an ingelesek hiria hartu eta Faysal I.a Arabiako xeikea Siriako errege egin zuten. Frantses kolonialistak, neurri horrekin ados ez zirela eta, Damaskon geratu ziren jaun eta jabe, bertako mugimendu abertzalearen aurka. Damasko Siriako Errepublikako hiriburu bihurtu zen 1946. urtean.

Klima

Damaskok basamortu beroko klima du, BWh Köppen klima sailkapenaren arabera.

    Datu klimatikoak (Damasko)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 21 30 28 35 38 39 42 45 39 34 30 21 45
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 12 14 18 29 29 33 36 37 33 27 19 13 24.6
Batez besteko tenperatura (ºC) 5.9 7.8 11 15.5 20.2 24.4 26.3 26 23.2 18.1 11.8 7.2 16.4
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 2 4 6 9 13 16 18 18 16 12 8 4 10.5
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) -6 -5 -2 -1 7 9 13 13 10 6 -2 -5 -6
Pilatutako prezipitazioa (mm) 43 43 8 13 3 0 0 0 18 10 41 41 220
Eguzki orduak 155 168 217 270 310 360 403 372 300 248 210 155 3168
Iturria: BBC Weather[4]

Ekonomia

Damasko merkatu eta industria hiri guztiz garrantzitsu bihurtu duen fruitu (meloiak, mertxikak), labore, olio eta ardo lurralde oparoa da Ghutah oasialdea. Indar etxea, janari industria (azukrea, olioa), ehunak, mekanika industria eta tabako ekoizpena dira ekonomiaren oinarria. Lehen mailako eskulanak (josturak, larruzko eta metalezko gaiak) egiten dira.

Damasko islamaren hiri santuetako bat da. Komunikabide sare sendo batek lotzen du, errepidez eta burdinbidez, Beirut (Libano), Alepo (Siria ipar-mendebaldea) eta Bagdad (Irak) hiriekin.

Ondasun nabarmenak

Hiri zaharrean, meskita zaharrenak daude. Omeiatarren meskita, al-Walid kalifak jasoa (706-715), arte musulmaneko obra aipagarrienetakoa da: IV. mendeko kristau eliza (Teodosio II.a, San Joan Bataiatzailearen basilika) baten lekuan dago. Saladinoren hilobia bertan dago. XVIII. mendeko Azem jauregia ere aipagarria da.

1979an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen Damaskoko Hiri Zaharra[5]

Barrutiak

Damasko hainbat barrutitan banaturik dago. Hona hemen nagusiak:

  • Abbasiyyin
  • Abu Rummaneh
  • Al-Afif
  • Al-Jisr Al-Abyad
  • Amara
  • Bahsa
  • Baramkah
  • Barzeh
  • Dummar
  • Ibn Asaker
  • Jobar
  • Kafar Souseh
  • Malki
  • Mazraa
  • Mezzeh
  • Al-Midan
  • Muhajreen
  • Qanawat
  • Qassaa'
  • Rukn Eddeen
  • Al-Salihiyah
  • Sarouja
  • Sha'alan
  • Al-Shaghour
  • Tijara
  • Zablatani

Herri eta hiri senidetuak

Damasko ondorengo herri eta hiriekin senidetuta dago:

Galeria

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.