Cryptococcus neoformans
Cryptococcus neoformans onddo mikroskopiko patogenoa da, legamien taldekoa. Infekzio larriak eragiten ditu immunitate-sistema ahulduta duten gaixoengan (HIESa dutenengan, adibidez)
Cryptococcus neoformans | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Fungi |
Klasea | Tremellomycetes |
Ordena | Tremellales |
Familia | Tremellaceae |
Generoa | Cryptococcus |
Espeziea | Cryptococcus neoformans Vuill., 1901 |
Datu orokorrak | |
Gaixotasuna | Kriptokokosia |
Ezaugarriak
Legamia honek 4-20 mikra bitarteko diametroa du. [1]. Beste onddo patogenoen aldean, Cryptococcus neoformans ez da dimorfikoa, monomorfikoa baizik. Berezko eaugarria du: kapsula polisakaridikoa dauka, immunitate-sistemaren zelulen fagozitosia ekiditen duena. [2]. Kapsula ikusi ahal izateko eta onddo patogenoaren identifikazioa egiteko ospitaletako laborategietan laginari tindaketa berezia egiten zaio, tinta txinatarrarekin (lagina likido zefalorrakideotik atera ohi da).
Legamia ugaria da lurzoruan, batez ere hegaztien gorotzez kutsatutako lurzoruetan [3].
Patogenia
Legamiaren infekzioa gorotzen hondarrak inhalatzerakoan hasten da. Arnas-bidetik harrapatzen da gaitza, beraz. Patogenoak arnas-aparatua kaltetu dezake (pneumonia sortuz), eta baita nerbio-sistema ere (meningitisa eraginez) [3].
Gizabanako osasuntsuengan infekzioa arina izaten da, askotan sintomarik gabekoa. Pertsona immunogutxituengan, aldiz, legamia nerbio-sistemara iritsi daiteke eta bertan meningitis larria sortu (HIESak jota dauden gaixoengan legamia honen infekzioa agertu daitezkeen arazoetako bat da).
Infekzioaren diagnostiko goiztiarra funtsezkoa da tratamendu egokia lehenbailehen ezartzeko. Behaketa mikroskopikoa eta froga antigenikoak (Cryptococcus neoformansen antigeno kapsularrak antzematen dituztenak, ELISA, adibidez) dira erabilienak.
Sakoneko mikosi honen tratamenduari dagokionez, B anfoterizina, 5-fluorozitosina eta flukonazola dira aukerako botikak [4]
Erreferentziak
- Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:972 orr.
- Ingraham, J. eta Ingraham C.: Introducción a la microbiología vol. II, ed. Reverté 623 orr.
- Basaran Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 306-307 orr.
- Martínez E, García-Viejo MA, Marcos MA et al. (2000). "Discontinuation of secondary prophylaxis for cryptococcal meningitis in HIV-infected patients responding to highly active antiretroviral therapy". AIDS 14 (16): 2615–26.