Cromoduro
Cromoduro edo Corporación Cromoduro S.L., 1953. urtean Juan Retolaza kimikariak sortutako enpresa da. Lurrindegi bat izatetik, kotxeetarako piezak ekoizten zituen enpresa bat izatera pasa zen. Pieza hauen berezitasuna kromatze gogorra teknikaren bidez egiten zirela zen, erresistentzia eta iraunkortasun gehiago ematen baitzien. Zorrotzaurren finkatu zuen lehenengo fabrika eta handik enpresa Bartzelona eta Marokora hedatu zuen.
Cromoduro | |
---|---|
Datuak | |
Mota | negozioa |
Jarduera sektorea | automobilgintza |
Herrialdea | Euskal Herria |
Jarduera | |
Enplegatuak | 130 (2011) |
Agintea | |
Egoitza nagusi | |
Legezko forma | sociedad de responsabilidad limitada |
Historia | |
Sorrera | 1953 |
Desagerpena | 2011 |
Esan bezala beraien lehenengo fabrika Zorrotzaurren kokatu zuten, Bilbon kokatuta dagoen irla artifizialean. Administratiboki, Deustuko Erriberako San Pedro auzoaren parte da, nahiz eta tradizioz aparteko auzotzat hartu izan den. Hirurogeiko hamarkadaren erdialdera Zorrotzaurre bultzada industrialeko garai batean murgildu zen, Deustuko kanala amaitu gabe ireki zelako. Enpresa askok haien fabrikak bertan irekitzea erabaki zuten. Gaur egun, berriz, gutxi dira bertan mantendu direnak.
Historia
Juan Retolaza kimikaria zen eta, hasiera batean, bere anaiaren zurgindegian laborategi txiki bat eraiki zuen bere esperimentuak garatzeko. Denborarekin, lurrindegi bat sortu zuen eta, ondoren, Cromoduro enpresa, 1953. urtean, hain zuzen ere. Enpresa honek kotxeetarako piezak sortzen zituen, kromoztatze gogorra teknika erabilita (piezak iraunkorragoak eta erresistenteagoak egitearren). Lehenengo fabrika Zorrotzaurren kokatu zuen.
Urteen poderioz, negozioen eta langileen bolumena handitu egin zen, Cromoduro Korporazioa osatu arte. Korporazio horrek automobilgintzaren sektorean irtenbide integralak ematen zituzten enpresa-talde bat hartzen zuen (Cromoduro diversificación, S.L., Aplicaciones Industriales del Cromoduro, S.A., Cromoduro Barcelona, S.L., Cromoduro Plásticos, S.A. y Cromoduro FMI).[1]
Hasieran, oso enpresa txikia zen, laborategi bat baino ez zen (2 pertsona). Gero, tailerrarekin hasi zirenean, motor estalkiak eginda (camisas de motor), 30 pertsona inguru zeuden. Bestalde, plastikoarekin hasi zirenean, 150 pertsona inguru ziren. Vicinay eta Estampaciones Nervion enpresekin batera, irlako langileen %80a batzen zuten.
Azpimarratu beharra dago Zorrotzaurren fabrika finko bat izateak beste sektore batzuetara zabaltzeko aukera eman ziola familia-enpresari. Esaterako, bioteknologiako enpresa bat sortu zuen, Progenika deitutakoa eta Bizkaiako Parke Teknologikoan kokatuta dagoena. Bestalde, ikerkuntzaren aldeko apustu handia egin zuten eta Gaiker Parke Teknologikoaren sorrera bultzatu zuten.
Etorkizuneko aurreikuspenari dagokionez, 2008ko krisiaren aurretik, enpresa beste negozio batzuetara zabaltzea pentsatuta zuten. Alde batetik, medikuntza-sektorean lan egin nahi zuten. Cromodurok zuen plastiko-injekzioa hortzetako inplanteetan erabiltzea bururatu zitzaien. Inplante horiek, normalean, urrearekin egiten dira eta plastikoarekin egin ahal izateak diru asko aurrezten du. Bestetik, automobilgintzaren sektorearekin jarraituz, tuning-kotxeen eremuan lan egitea pentsatu zuten. Hau da, kotxeak tuneatzeko euren pieza propioak egin eta merkatuan saldu.
Enpresak 30 milioi euro inguru fakturatzen zituen eta, osotara, 330 langile inguru izatera iritsi zen.
Enpresaren dibertsifikatzea
Aurreko atalean aipatu bezala, urteekin, negozio- eta langile-bolumena handituz joan zen, Corporación Cromoduro, SL osatu arte. Korporazio horrek automobilgintzaren sektorean soluzio integralak ematen zituzten enpresa-talde bat biltzen du. Enpresa horiek honako hauek dira: Cromoduro Diversificación, S.L., Aplicaciones Industriales del Cromoduro, S.A., Cromoduro Barcelona, S.L., Cromoduro Plásticos, S.A. eta Cromoduro FMI.
- Cromoduro Diversificación, SL korporazioaren atal bat da, estaldura plastikoak ikertu eta garatzen dituena. Plastisoletan eta parafina kloratuan adituak dira, eta hainbat sektoretarako produktuak garatzen dituzte. Horien artean, automobilgintza, eraikuntza, erreminta, apaindura, ehungintza, nautika, jostailuak eta abar nabarmentzen dira.
- A.I. Cromoduro, S.A. Unitate hau gainerako unitateak zuzendaritza-, ingeniaritza- eta kalitate-zerbitzuetarako baliabide materialez eta giza baliabideez hornitzeaz arduratzen da. Taldearen zuzendaritzaz arduratzen da, baita bezeroekiko tratuaz ere.
- Cromoduro Barcelona SLk ibilgailu motordunentzako eta horien motorrentzako pieza, zati eta osagarri ez-elektrikoak fabrikatzen, eraldatzen eta merkaturatzen ditu, kromo gogorra eta beste estaldura batzuk erabiliz, baita makineria eta deribatuak fabrikatzen ere.
- Cromoduro Plásticos, S.A. Plastikoen banaketa enpresaren jatorrizko ataletako bat zen, pieza bigungarriak eta plastikoak fabrikatzeaz arduratzen zen atala. Plastikoen unitate honek produktu metalikoak fabrikatzen eta merkaturatzen ditu, batez ere automozioaren industriarako osagaiak, eta kromo gogorra aplikatzen du produktu horietan.
- Cromoduro FMI 2010ean sortu zen, Cromoduroren eta Marokoko FMI enpresaren arteko Joint Venture (enpresen elkartea) bat sinatuta. Korporazioak lehiakortasun eta globalizazio handiagoa lortzeko duen interesaren emaitza da haren sorrera; erabaki estrategiko horren bidez, alde batetik, Tangerreko fabrika berri batekin ekoizpen-gaitasuna handitu nahi du, eta, bestetik, lehiakortasuna hobetu nahi du, ekoizpen-kostu txikiagoak dituen herrialde batean ekoizten baitu.
Talde honek, oro har, piezak eta funtzioak ikertu, kontzeptuak garatu, diseinatu, industrializatu, ekoitzi eta entregatzen zituen.
Cromoduro Berrikuntza eta Teknologia
Cromoduro Berrikuntza eta Teknologia (Cromoduro Innovación y Tecnología, CIT) Cromoduro Korporazioak sortutako zentro teknologikoa zen, konpainiaren hazkunde-politikak zehaztutako beharrei erantzuteko proiektuak eta jarduera teknikoak garatzeko.
Zentroak eskaintzen zituen zerbitzu nagusiak honako hauek dira:
- Ikerketa aplikatua eta garapen teknologikoko proiektuak.
- Garapen Teknologikoko Produktuak eta Diseinua.
- Berrikuntza teknologikoko proiektuak.
- Laguntza teknikoko jarduerak.
Bere jarduera plastikoa injektatzeko teknologietan, Poliuretanoa apaltzean, Rotomoldeatzean, bainu elektrolitikoetan, azpimultzoak muntatzean, motor-alkandorak mekanizatzean eta Plastisoles parafina kloratuetan oinarritzen zen, eta automobilaren industriarako hainbat produktu eskaintzen zituen (erreminta-kaxak, kontsola zentrala, motorra, eserlekuetako piezak, pieza insonorizatzaileak eta zipriztingailuak). Kalitate-ziurtagiri desberdinak izateaz eta garapen-hornitzaile gisa homologatuta egoteaz gain, zentro horren gaitasun teknikoa aitortua izan zen Europan eta nazioartean.
Cromodurok bere Ikerketa Teknologikoko Zentroa AIC-Automotive Intelligence Centerrera eraman zuen 2008an.[2]
Pieza baten sortze-prozesua
Orokorrean, kotxe-ekoizleek piezaren diseinua dagoeneko egina zuten, beraz, Cromoduron pieza hori sortzeko prozesuaren diseinua egin behar zuten. Lehenengo, piezaren bideragarritasuna onartzen zen (ea zuten teknologiarekin pieza hori egin zezaketen) eta, ondoren, pieza hori ekoizteko beharrezkoak ziren tresnak diseinatzen ziren. Proiektu-fasean, tresna horiek egiten ziren eta, kasu batzuetan, beste enpresa batek egiten zituen (horiei “moldistas” deitzen zieten). Jarraian, Serie-Produkzioa zetorren, zeinean pieza ekoizten zen. Hala ere, nahiz eta tresnak eduki, askotan doiketak behar zituzten. Beste faseetako batean, Rampa del Vehículo izenekoan, frogetarako edo erakusketetarako diren kotxeak ekoizten zituzten eta, bertan, akatsak antzemateko aukera zuten. Behin akats guztiak zuzenduta zituztela, behin betiko piezak ekoizten ziren.
Itxiera eta Azkenengo Berriak
2008. urteko krisialdiarekin batera, enpresaren beherakada etorri zen eta 2011n Miguel Retolazak, sortzailearen bilobak, fabrika guztiak itxi behar izan zituen.
Erabakiaren arira, Deustuko Erriberan protestak egon ziren 2011ko maiatzaren 16an. Izan ere, enpresaren itxierak 164 langileen kaleratzea ekarriko zukeen; horietatik 130 Bilbokoak eta beste 34 Bartzelonako fabrikakoak.[3]
2012ko azaroaren 1ean sute bat gertatuko zen Bilboko fabrikaren eraikinean, ondoko Consonni enpresara zabaldu zena.[4]
2014an, Bilboko Cromoduro enpresaren 6 eraikinetako 4ren eraisketa hasi zen, 10000m2ko lur-saila libre utzita. Printzipioz, Zorrotzaurre irlako Plan Bereziaren barne beste bi eraikinen babesa bermatzen zen. 2019an, ordea, horietako bat, Zaindariaren Etxea deitutakoa, suntsitu zuten. Bertan Cromoduroko zaindaria bizi izan zen eta, arkitektura industriala eta XX. mendeko hasierako euskal-estiloa uztartzen zituen eraikina zen.[5]
Erreferentziak
- «Cromoduro Innovación y Tecnología - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- Press, Europa. (2008-01-11). «Gestamp, Fersint y Cromoduro incorporan sus unidades de I+D+I a AIC-Automotive Intelligence Center» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2022-03-31).
- Press, Europa. (2011-05-13). «La plantilla de Cromoduro (Bilbao) protesta desde el lunes contra "el cierre y el despido de sus 164 trabajadores"» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- (Gaztelaniaz) Internet, Unidad Editorial. «Un incendio causa importantes daños materiales en dos empresas de Bilbao» www.elmundo.es (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- (Gaztelaniaz) Joaquin. (2019-05-15). «Bilbao derriba CROMODURO uno de los 19 edificios preservados en Zorrotzaurre (I)» AVPIOP (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).