Crédit Mobilier
Crédit Mobilier (ofizialki Société Générale de Crédit Mobilier) Frantziako banku-konpainia handi bat izan zen, XIX. mende erdialdeko munduan izandako finantza-erakunde nagusienetako bat. Akzio bidezko lehenengo inbertsio-banku modernotzat har daiteke[1].
Crédit Mobilier | |
---|---|
Datuak | |
Herrialdea | Frantzia |
Agintea | |
Egoitza nagusi | |
Historia | |
Sorrera | 1852 |
Sortzailea | |
Desagerpena | 1867 |
Garrantzi handiko lana egin zuen Europako burdinbide eta azpiegitura-proiektu ugari finantzatzen, horretarako Frantziako klase ertainaren aurrezpenak baliatuz eta horiek mailegu plan oso handietarako kapital bihurtuz. Crédit Mobilierren inbertsioek zor latzak eragin zizkien azpiegitura horiek onartutako estatuei eta, era horretan, zeharka, garrantzia izan zuten 1870eko munduko beheraldi ekonomikoan, maileguak itzultzen huts egindako gobernuen politikengatik.
Sorrera
Crédit Mobilier Isaac eta Emile Pereire anaiek sortu zuten 1852an. Hamarkada horren hasieran, tamaina gaitzeko burdinbide- eta industria-proiektu independente bat aurkeztu zuten, Frantzia hegoaldean garatzekoa (Midi). Mugimendu horrek ezustean hartu zituen finantza- eta politika-zirkuluetako pertsonaia garrantzitsuak, tartean anaion babesle izandako James Rothschild.
Parisen finkatutako James Rothschildek, orduan, aurre egin zion Compagnie du Midi Mediterraneo aldera zabaltzeko pereiretarrek zuten asmoari, Paulin Talabot industrialariari babesa emanez. Hori ikusita, berriz, Pereire anaiek beren ikuspegi ekonomikoekin bat zetorren finantza-erakundea sortu zuten 1852ko irailaren 9an: Crédit Mobilier. 60 milioi liberako kapitala zuen oinarri batez hasi zen.[1] Banku-erakundea sortzearekin batera, Auguste de Morny kondearekin aliatu ziren burdinbide-konpainia handi bat eratzeko (Grand Central, 1853) eta, azken batean, Frantziako burdinbide-sarea osatu eta linea estrategiko guztiak bereganatzeko.[1]
Credit Mobilierren estatutuek, hasieran, burdinbideko inbertsioak aipatzen bazituzten ere, Pereire anaiek ez zioten, hargatik, muzin egin beste interes batzuei; izan ere, guztiz jabetzen ziren beren negozioak zituen nazioarteko inplikazioez, eta beren erakunde finantzario berria, azken batean, société générale bat zen.[2] Beraz, itsasoz haraindiko nazioarteko negozio eta inbertsioei lotzeko, Credit Mobilierren konpainia senide bat sortu zuten 1855ean: Compagnie Générale Maritime (CGM).[2]
Bilakaera
Luze gabe, Pereiretarrak Crédit Mobilierren irudira sortutako erakundeak eta haiei lotutako burdinbide-enpresak ezarri zituzten erdialdeko Europako hiriburuetan, baita Espainian ere; izan ere, 1853an, Crédito Mobiliario sortzeko lehendabiziko eskaera egin zuten Madrilen.[3] Banku-erakundeak 1867an hondoa jo eta desegin egin zen.
Erreferentziak
- López-Morell, Miguel A. (2015), 141 or.
- Davies, Hellen M. (2015).
- López-Morell, Miguel A. (2015), 141-142 or.
Bibliografia
- López-Morell, Miguel A.. (2015). Rothschild. Una historia de poder e influencia en España. Madrid: Marcial Pons, Ediciones de Historia, S.A. ISBN 978-84-15963--59-2..
- GASTON-BRETON, Tristan. (2004). «Emile et Isaac Pereire, banquiers du décollage de la France industrielle» lesechos.fr.