Cream

Cream Jack Bruce baxu-jotzaile eta abeslariak, Ginger Baker bateria-jotzaileak eta Eric Clapton gitarra-jotzaile eta abeslariak 1966an Londresen sortutako rock power trio bat izan zen. Bere soinuak bluesa, rock psikodelikoa eta poparen arteko nahasketa zuen ezaugarri. Esan ohi da Cream izan zela arrakasta izan zuen lehen supertaldea, eta bakarrik bi urte pasatxoko jarduna izan arren, 2011 urtera arte hamabost miloi kopia baino gehiago salduak zituen mundu zabalean, Rolling Stone aldizkariaren arabera. Taldeak eragin nabarmena izan zuen garaiko musikan eta, Jimi Hendrixekin batera, wah-wah pedalaren erabilera zabaldu zuen.

Cream
Datuak
JatorriaLondres
Musika motarock psikodeliko, blues rock, hard rock eta rock
Urteak1966
Produkzioa
Diskoetxea(k)Atco Records
Reaction
Polydor Records
Jack Bruce
Eric Clapton
Ginger Baker
Sariak
Jasotako sariak
Nominazioak
Informazio gehigarria
cream2005.com
IMDB: nm2128881 Facebook: Cream-Band-634339296602375 Twitter: creamofficial_ Instagram: creambandofficial Youtube: UCijutLKQjb9a_aA33NmoECw Spotify: 74oJ4qxwOZvX6oSsu1DGnw iTunes: 120593 Last fm: Cream Musicbrainz: 04cd0cfd-bfd1-4c36-bc38-95c35e2c045f Songkick: 119202 Discogs: 229621 Allmusic: mn0000112462 Deezer: 1796 Edit the value on Wikidata

Lau LP grabatu ondoren -Fresh Cream, Disraeli Gears, Wheels of Fire eta Goodbye-, taldea banandu egin zen 1968an, Bruce eta Bakerren arteko harreman gaiztoa zela medio. Berriro elkartu ziren 1993an Rock and Roll Hall of Fame sartu zirela eta. Gauza bera egin zuten 2005ean Royal Albert Hall eta Madison Square Garden aretoetan kontzertu batzuk emateko.

Nahiz eta taldearen ibilbidea laburra izan zen, ondorengo talde asko izan dira Creamen eragina jaso dutenak, eta Rolling Stone aldizkariak "inoizko historiako 100 artista onenen" artean sartu du. 2006an hirukoteak ohorezko Grammy saria jaso zuen bere ibilbide artistikoaren onarpen gisa.

Historia

Taldearen sorrera eta Fresh Cream (1966)

Eric Clapton 1975ean

1966an Eric Clapton Erresuma Batuko blues gitarra-jotzaile onenetarikotzat hartua zegoen, The Yardbirds eta John Mayall & the Bluesbreakers taldeetan ibili ondoren. Hala ere, Mayallen banda utzi egin zuen berri bat sortzeko asmoz. Uztailean, The Graham Bond Organisation taldeko Ginger Baker bateria-jotzailearekin elkartu zen eta proiektu berri bat sortzeko ideiaren inguruan hitz egiten egon ziren.

Claptonek baldintza bat jarriz onartu zuen talde berria sortzea: baxu-jotzaile lanetan Bakeren taldekide izan zen Jack Bruce kontratatzea. Bakerek eta Brucek, bere aldetik, liskar oso gogorrak izan zituzten The Graham Bond Organisation bandan taldekide izan zirenean, bateria-jotzaileak Bruce kaleratu zuen arte. Hala ere, talde berriaren etorkizunean pentsatuz, biek alde batera utzi zituzten euren arteko desadostasunak.

Hirukoteak "Cream" izena jarri zion bandari, pentsatzen baitzuten "crème de la crème" zirela Erresuma Batuko jazz eta blues musikarien artean. Hasiera batean, taldearen izena "The Cream" (artikuluarekin) zen, baina lehen lana argitaratu ondoren Cream bezala ezagutua izan zen. Hiruetatik Clapton zen ospetsuena Erresuma Batuan, baina AEBetan ia ezezaguna zen. Izan ere, The Yardbirds taldea utzia zuen For Your Love abestiak arrakasta lortu zuenerako.

Taldeak Sixth Annual Windsor Jazz & Blues Festival jaialdian egin zuen bere debuta, 1966ko uztailaren 3an.

Uztaila eta urria bitartean grabatu zuten lehen albuma, Fresh Cream, abenduaren 9an kaleratuko zena. Erresuma Batuko zerrendetan 6. postua lortu zuen eta 29.a Estatu Batuetakoetan. Albumaren abestietatik bost bertsioak ziren eta gainerakoak Brucek eta Bakerek konposatutakoak.

Disraeli Gears (1967)

Cream 1967ko martxoan joan zen lehen aldiz AEBetara, bederatzi gauez New Yorkeko RKO Theater aretoan jotzeko. Maiatzaren 11 eta 15a bitartean taldea hiri horretara itzuli zen, Atlantic estudioetara, bigarren albuma grabatzera, Disraeli Gears, azaroaren 2an kaleratuko zena. Gehien saldutako bost albumen artean kokatu zen, Estatu Batuetan, zein Erresuma Batuan. Diskoaren ekoizleak, Felix Pappalardik, Clapton konbentzitu zuen abesti batzuetan kantatu zezan ahots nagusi bezala, Bruceri gustatu ez zitzaiona. Disraeli Gears izan zen Creamen lehen albuma ia osorik taldeak konposatutako abestiez osatuta zegoena. Single nagusia, Sunshine of Your Love, lehenengo bost postuetan kokatu zen AEBetan eta urrezko diskoa lortu zuen. Albuma 1960ko hamarkadako lanik onenetakotzat hartua izan den arren, ez zuen inoiz presentzia handirik izan taldearen kontzertuetan. Tales of Brave Ulysses eta Sunshine of Your Love abestiak sarri jotzen zituzten, baina 1967aren erdi alderako Disraeli Gears diskoko hainbat abesti baztertuta geratu ziren; bere lekua inprobisazio luzeek hartu zuten. Abuztuan eman zituen bandak lehen kontzertuak kartel buru gisa Estatu Batuetan, San Frantziskoko Fillmore West aretoan.

Jack Bruce 1972an

Wheels of Fire (1968)

1967ko uztaila eta 1968ko ekaina bitartean, taldeak hainbat abesti grabatu zituen IBC (Londres) eta Atlantic (New York) estudioetan. Abesti horiek eta Filmore West eta Winterland Ballroom aretoetan zuzenean grabatutakoekin osatu zuten euren hirugarren lana, Wheels of Fire, abuztuaren 9an kaleratuko zena.

Wheels of Fire izan zen taldearen lehen postu bakarra Billboard 200 eta Canadian Albums Chart zerrendetan. Halaber, White Room abestia ere lehen postura iritsi zen Australiako singleen zerrendan.

Diskoa argitaratu ondoren, 1968aren erdialdera, taldekideek erabaki zuten nahikoa zela eta bakoitzak bere aldetik jarraitu nahi zuela.

Goodbye (1969)

Ginger Baker 1980an

Bandaren banantzea iragarri ondoren, taldea berriro elkartu zen laugarren eta azken albuma grabatzeko. Goodbye izeneko diskoa 1968ko urrian grabatu zuten eta 1969ko otsailean kaleratu zen, taldea ofizialki bananduta zegoenean. Goodbye sei abestik osatzen dute: hiru urriaren 19an zuzenean grabatutakoak Los Angeles hiriko The Forum aretoan, eta beste hiru estudioan grabaturikoak. Diskotik Badge abestia nabarmentzen da, Clapton eta George Harrisonen artean konposatutakoa; gainera, azken honek parte hartu zuen gitarra erritmikoa jotzen eta L'Angelo Misterioso izenarekin akreditatuta. Albuma lehen postura iritsi zen UK Albums Chart zerrendan eta bigarrenera Billboard 200ean.

Taldearen agurreko biran hogeita bi emanaldi egin zituzten AEBetan, 1968ko urriaren 4a eta azaroaren 4a bitartean, eta beste bi Londresko Royal Albert Hall aretoan, azaroaren 25ean eta 26an. Azken bi hauek filmatu egin ziren BBC kateko berezi baterako eta Farewell Concert izenpean agertu zen geroago bideoan. Biran telonero gisa honakoak aritu ziren: Taste (Rory Gallagher gazte batekin), osatu berria zen Yes taldea eta Deep Purple hiru emanalditan.

Banantzearen ondoren

Cream banandu eta gutxira, Claptonek Blind Faith supertaldea eratu zuen, Traffic taldeko Steve Winwood, Rick Grechek eta Ginger Baker berarekin. Taldearen estudioko lan bakarra, izen berekoa eta 1969ko abuztuan kaleratua, Billboard 200 eta del UK Albums Chart zerrendetako lehen postura iritsi zen. Hala ere, banda urte horretan bertan banandu zen. Clapton orduan Delaney & Bonnie taldean sartu zen, eta ondoren Derek and the Dominos banda sortu zuen; azken honek, estudioko lan bakarra atera zuen, Layla and Other Assorted Love Songs. 1970ean gitarristak bakarkako ibilbideari ekin zion. Ginger Bakerek, bere aldetik, Blind Faith taldean aritu ondoren, Ginger Baker's Air Force proiektua sortu zuen, Winwood, Grech, Graham Bond eta Denny Laine musikariekin batera. Jack Brucek, azkenik, bakarkako ibilbideari hasiera eman zion 1969an Songs for a Tailor albuma kaleratuz.

Elkartzeak

Rock and Rollaren Ospearen Aretoa (1993)

Cream taldea telebista programa baterako jotzen 1968an; ezkerretik eskuinera: Bruce, Baker eta Clapton

1993ko urtarrilean, Cream taldea Rock and Roll Hall of Fame (Rock and Rollaren Ospearen Aretoa) museoan sartu zen. Ekitaldian, Sunshine of Your Love, Crossroads eta Born Under a Bad Sign abestiak interpretatu zituzten. Bere hitzaldian, Claptonek adierazi zuen zeremoniaren bezperan egindako entsegua izan zela lehen aldia hogeita bost urtetan bandak elkarrekin jotzen zuela. Nahiz eta hiru taldekideek hitz egin zuten elkartze-bira bat egiteko aukeraz, ideia ez zen mamitu bakoitza bere proiektuan murgilduta zegoelako. Dena den, Bruce eta Baker hurrengo urtean elkartu ziren album bat plazaratzeko Gary Moorekin batera.

Kontzertuak Royal Albert Hall eta Madison Square Garden aretoetan (2005)

Cream 2005eko maiatzaren 2an, 3an, 5ean eta 6an elkartu zen berriro hainbat kontzertu emateko Londresko Royal Albert Hall aretoan, taldeak bere azken emanaldiak egin zituen leku berean, hain zuzen ere. Kontzertuei buruz adierazpenik ez zutela egingo esan arren, Claptonek beranduago esan zuen banda “eskuzabalagoa” bihurtu zela iraganari zegokionez, eta Buceren eta Bakeren osasun fisikoak zerikusi zuzena izan zuela horretan: baxu-jotzaileari gibel-transplante bat egin zioten minbizia diagnostikatu ondoren eta bateria-jotzaileak artrosia pairatzen zuen.

Lau emanaldietarako sarrera minutu batzuen buruan saldu ziren. Elkartze honetan jo zituzten zuzenean lehen aldiz Badge eta Pressed Rat and Warthog abestiak. Urrian jarri zen salgai Royal Albert Hall London May 2-3-5-6, 2005 CD eta DVD formatuan, lau kontzertu horietako interpretazio onenak bilduz.

Royal Albert Halleko emanaldien ondoren, taldeak erabaki zuen Amerikako Estatu Batuetara jauzi egitea eta New Yorkeko Madison Square Garden kirol pabiloian jo zuten urte horretako urriaren 24, 25 eta 26an. 2006ko otsailean bandak ohorezko Grammy saria jaso zuen bere ibilbide artistikoagatik. Nahiz eta egon ziren planak taldea gehiagotan elkartzeko, 2010ean Brucek adierazi zuen “Creamenak egin zuela”.

Jack Bruce 2014ko urriaren 25ean zendu zen.

Taldekideak

  • Eric Clapton – gitarra eta ahotsa
  • Jack Bruce – ahotsa eta baxua
  • Ginger Baker – bateria

Diskografia

Estudioko albumak

  • Fresh Cream (1966)
  • Disraeli Gears (1967)
  • Wheels of Fire (1968)
  • Goodbye (1969)

Zuzeneko albumak

  • Live Cream (1970)
  • Live Cream Volume II (1972)
  • BBC Sessions (2003)
  • Royal Albert Hall London, May 2-3-5-6, 2005 (2005)

Bilduma albumak

  • Best of Cream (1969)
  • Heavy Cream (1972)
  • Strange Brew: The Very Best of Cream (1983)
  • The Very Best of Cream (1995)
  • Those Were the Days (1997)
  • Gold (2005)
  • I Feel Free - Ultimate Cream'Testu etzana (2005)

Singleak

  • Wrapping Paper (1966)
  • I Feel Free (1966)
  • Strange Brew (1967)
  • Spoonful (1967)
  • Sunshine of Your Love (1968)
  • Anyone for Tennis (1968)
  • White Room (1968)
  • Crossroads (1969)
  • Badge (1969)
  • Lawdy Mama (1970)

Bideoak

  • Farewell Concert (1980)
  • Strange Brew (1991)
  • Royal Albert Hall London, May 2-3-5-6, 2005 (2005)
  • Classic Albums: Disraeli Gears (2006)

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.