Corynebacterium diphtheriae
Corynebacterium diphtheriae Corynebacterium generoko bakterio patogenoa da, difteria eragiten duena.
Corynebacterium diphtheriae | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Bacillati |
Filuma | Actinomycetota |
Klasea | Actinomycetes |
Ordena | Mycobacteriales |
Familia | Corynebacteriaceae |
Generoa | Corynebacterium |
Espeziea | Corynebacterium diphtheriae [[|]] |
Datu orokorrak | |
Gaixotasuna | Difteria, diphtheritic peritonitis (en) , cutaneous diphtheria (en) eta pseudomembranous conjunctivitis (en) |
Gram tindaketa | Grampositibo |
Edwin Klebs eta Friedrich Löffler mikrobiologo alemaniarrek estreinakoz deskribatu zuten mikrobio hau 1884an.
Ezaugarriak
Corynebacterium diphtheriae bazilo Gram positiboa da, anaerobio fakultatiboa. Ez da mugikorra eta 1-8 mikrako luzeera eta 0,5-1,5 mikrako zabalera du.
Katalasa (+) da eta ez du esporarik sortzen [1]
Corynebacterium diphtheriaek gizakia du gordailu bakarra, ez ditu animaliak infektatzen. Ez da gai ere aske bizitzeko lurrean edo uretan. Hala ere, erresistentea da lehortze eta argiarekiko eta, beraz, fomiteetan bizirik iraun dezake denbora batean.
Patogenia
Difteria eztarria eta amigdalak kaltetzen dituen gaitza da. Corynebacterium diphtheriae arnas bidetik sartzen da gorputzean, eta kutsapena gaixoak kanporatzen dituen listu-tanten bidez gertatzen da (milioika bakterio patogenoak dituztenak), eztula edo doministiku egiterakoan. Fomiteak ere infekzio-iturriak izan daitezke.
Difteriaren infekzio-foku nagusia eztarrian eta amigdaletako mukosetan kokatzen da. Bertan ugaltzen da mikrobio patogenoa. Gero, bere toxina beldurgarria ekoizten du, odolera pasatzen denean ondorio oso kaltegarriak eragiten dituena.
Corynebacterium diphtheriaren ahalmen inbasiboa oso txikia da; hala ere, ekoizten duen exotoxinak aparteko birulentzia ematen dio bakterio horri.
Corynebacterium diphtheriaek toxina difterikoa ekoizten du fago lisogenikoa duenean (beta fagoa). Fagoaren genomak toxina ekoizteko geneak ditu. Fagorik gabeko anduiak ez dira patogenoak, toxina sortzen ez dutelako [2].
Toxina difterikoa 62.000ko pisu molekularra duen polipeptido bat da. Toxinak zelularen proteinen sintesia blokeatzen du.
Toxina horrek eztarriko ehunak kaltetzen ditu hasiera batean, sasimintza bat sortuz, arnasketa eta irensketa oztopatzen duena (gaixoa asfixiaz hil daiteke). Arnas arazoa oso larria bada trakeotomia burutzen da. Halere, toxina odoletik hedatzea da larriena [1], organo asko (bihotza, nerbio-sistema, giltzurrunak...) kaltetzen baitira.
Gaur egun difteria ia desagertuta dago herrialde garatuetatik, bertan ume denei txertoa ematen zaielako. Txertorik gabeko gaixoak tratatzeko antitoxina difterikoa erabiltzen da, toxina difterikoa neutralizatzeko. Penizilina eta eritromizina, era berean, erabil daitezke bakterioaren hazkuntza eteteko.
Ez dira gutxi Corynebacterium diphtheriaren eramaile osasuntsuak: horiek bakterio patogenoa dute haien errinofaringean, gaitzik garatu gabe. Ziur aski, pertsona osasuntsu horien immunitate-sistemak kontrolpean mantentzen du bakterio horren hazkuntza [3].
Erreferentziak
- Basaran Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 167-172 orr.
- Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:313 orr.
- Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua: 782-783 orr.