Constance Naden
Constance Caroline Woodhill Naden (Edgbaston, Birmingham, 1858ko urtarrilaren 24a – Mayfair, 1889ko abenduaren 23a) idazle, poeta eta filosofo ingelesa izan zen. Filosofiari eta zientziari buruzko hitzaldiak ikasi, idatzi eta eman zituen, baita bi poesia-liburuki argitaratu ere. Bere lanaren zenbait bilduma argitaratu ziren hil ondoren, 31 urte zituela. Haren omenez, Robert Lewins doktoreak Constance Naden Domina ezarri zuen eta busto bat jarri zuen Mason Science Collegen (gaur egungo Birminghameko Unibertsitatea). William Gladstone politikari liberal britainiarrak XIX. mendeko poeta garrantzitsuenetakotzat hartu zuen.
Constance Naden | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Edgbaston (en) , 1858ko urtarrilaren 24a |
Herrialdea | Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua |
Heriotza | Mayfair, 1889ko abenduaren 23a (31 urte) |
Hobiratze lekua | Key Hill Cemetery (en) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Birminghamgo Unibertsitatea |
Jarduerak | |
Jarduerak | filosofoa, poeta eta idazlea |
Haurtzaroa
1858ko urtarrilaren 24an jaio zen, Francis 15 errepidean, Edgbastonen, Birminghamen (Ingalaterra). Bere ama, Caroline Ann Woodhill Naden, erditu eta bi aste geroago hil zen eta aita, Thomas Naden, arkitektoa, Birminghameko Arkitektura Elkarteko presidentea izan zen. Amaren aldeko aitona-amonek (Caroline eta Josiah Woodhill) hazi zuten, 12 egunetik aitona-amonen heriotzara arte.[1] Nadenen aitona-amonak irakurzaleak eta bataiatzaileak edo bautistak Pakenham Housen bizi ziren, Edgbastonen. Aita ere Woodhills-ekin bizi izan zen urte askoan. Zortzi urte zituela, tokiko eskola unitario batera bidali zuten Naden, eta han pinturarako talentua garatu zuen. Birminghameko Artista Elkarteari obra batzuk aurkeztu zizkion. Horietako bat, 'Bird’s Nest and Wild Roses' izenekoa, 1878an Udaberriko Elkartearen erakusketan onartu zuten.
Hezkuntza
Naden filosofiaz, hizkuntzez eta zientziez arduratzen hasi zen. 1879an, Birmingham eta Midland Institutura joan zen botanika eta frantsesa ikastera, eta 1881etik 1887ra Mason Science Collegen izan zen fisika, geologia, kimika, fisiologia eta zoologia ikasten. Birminghameko Historia Naturaleko Elkarteko kide izatera iritsi zen eta Mason-eko aldizkari unibertsitarioa argitaratu zuen.[2]
1870eko hamarkadaren amaieratik aurrera, Naden-ek Hylo-Idealism izeneko filosofia garatu zuen Robert Lewins doktorearekin lankidetzan. Doktore hori 1876an ezagutu zuen, eta harekin harremanetan egon zen bizitza osoan. Filosofia horren funtsezko printzipioa honako hau da: "gizakia bere Kosmosaren sortzailea da, eta haren pertzepzio guztiek, objektu solidoak, hedatuak eta kanpokoak direla ematen dutenek ere, izate subjektibo hutsa dute, izaera eta sentibera izateak moldatutako mugek mugatua".[3]
Nadenek eboluzioaren printzipioen bidez unibertsoa azaldu nahi zuen Herbert Spencerren filosofia bateratzaileari buruzko kontzeptuaz arduratu zen.[4] The Social Organism (1860) lanean, Spencerrek gizartea organismo bizi batekin konparatzen du, eta zera argudiatzen du, organismo biologikoak hautespen naturalaren bidez garatzen direla, eta gizarteak eboluzionatu egiten duela eta konplexutasun handiagoa duela antzeko prozesuen bidez.[5] Naden ados egon zen horrekin, unitatearen gaia Hylo-Idealismorako funtsezkoa baita, materialismoa eta idealismoa, poesia eta zientzia, nia eta bestea bateratu nahi baititu.
Karrera
1881ean, Nadenek Songs and Sonnets of Springtime poesiaren lehen liburukia argitaratu zuen. Bilduma anitza da eta bere soneto sekuentzia, urtaroen aldaketa deskribatzen duena, bereziki nabarmena da.[6] 1885ean Paxton saria irabazi zuen barrutiko geologiari buruzko saiakera batengatik. 1887an, A Modern Apostle, the Elixir of Life, the Story of Clarice, and other Poems poesiaren bigarren alea argitaratu zuen. Liburuki honetan, bere poema ezagunenak agertzen dira, 'Ebolional Erotics', giza harremanei buruzko ikuspegi antropologiko komikotik idatziak, Darwinek hautespen sexualari buruz duen teoria oinarri hartuta. Journal of Science, Knowledge, The Agnostic Annual eta aldizkako argitalpenetan ere idatzi zuen. Saiakera zientifiko eta filosofiko askoren egilea da, CN, CA eta Constance Arden-en sinaduren pean.
1887an Heslop urrezko domina irabazi zuen Induction and Deduction saiakeragatik. Bere amona Woodhill 1887ko ekainaren 21ean hil zen eta dirutza handia jaso zuen. Horri esker, Konstantinoplara (Istanbul), Palestinara, Indiara eta Egiptora joan zen, bere lagunarekin, Madeline Daniell pedagogoa eta goi-mailako hezkuntzarako eskubidearen defendatzailea. Indian egon zenean, gizarteaz arduratu zen, batez ere berdintasunaz eta emakumearen mailaz.
1888ko ekainean Ingalaterrara itzuli zen, eta etxe bat erosi zuen Park Streeten, Plaza Grosvenor-en, Daniellekin batera. Indiako emakumeek medikuntza ikas zezaten dirua bildu eta Indiako Elkarte Nazionaleko kide bihurtu zen. Aristotélica Elkartearekin bat egin zuen, Spencer elkartea sortzen ahalegindu zen eta ongintzazko helburuak zituen zenbait sozietatetakoa ere izan zen. 1889ko urriaren 22an Spencerreko Principles of Sociology delakoari buruzko hitzaldia eman zuen Mason Unibertsitateko soziologia-atalean. Halaber, gertaera publikoetako emakumearen boto-premiaz beharraz hitz egin zuen, Women's Penny Paper-en txostenen bidez grabatuak.[7][8]
Naden honela deskribatu zuten:
Arina eta altua, aurpegi delikatua eta begi urdin-gris argiak. Erregularra eta aktiboa zen bere ohituretan. Ahots sarkorra zuen eta jendaurrean hitz egiten ari zenean "deabrututa" ematen zuen. Eztabaidan oldarkor eta sarkastikoa izateko joera zuen, baina oso maitea zen eta lagun pertsonal eta intelektual beroak zituen.
Eritasuna eta heriotza
1889an, obulutegian kiste infektatu batzuk diagnostikatu zizkioten, eta kirurgia egin behar izan zuen. Abenduaren 5ean operatu zuen Lawson Taitek, eta hasiera batean arrakasta izan bazuen ere, abenduaren 23an infekzioagatik hil zen.[9] Naden-ek Robert Lewins-i egindako azken gutuna 1891ko Further Reliques of Constance Naden-en saiakuntza-bildumaren hasierako orrialdeetan dago inprimatuta, eta kirurgiaren inguruabarrak eta horri buruz zituen kezkak zehazten ditu.[10] Birminghameko Key Hill inkonformisten hilerrian lurperatuta dago.[11] Hilarria asko hondatu zen XX. mendean zehar, eta, 2017. urtean, kanpaina bat egin zen haren ordez monumentu egokiagoa jartzeko.[12]
Aintzatespenak
Robert Lewins medikuak Nadenen idatzi filosofikoak goraipatu zituen, eta William Ewart Gladstonek, XIX. mendeko poetisa onenen artean jarri zuenak, poesiari egindako ekarpenak, emakumeen sufragioaren kausari herri-aldizkari femeninoetan emandako babesa eta egindako "hilezkortasunaren ikuspegi panteista" .[13] Lewins-ek Constance Naden Domina sortu zuen Mason Colleg-en. Urtero ematen da, hasieran"filosofia-saiakera lehiakor onenari" eta, orain, Birminghameko Unibertsitateko Arte Fakultateko Maisu Tesi onenari.
Lewinsek Nadenen busto bat ere enkargatu zuen, eta Mason's Collegen aurkeztu zuen. Hiru liburuko zokalo baten gainean dago, eta azalak "Songs and Sonnets of Springtime and A Modern Apostle, The Elixir of Life, etab." du izena. Aurrealdean eta atzealdean "Induction and Deduction and Hylo-Idealism". Hasieran, unibertsitateko liburutegian jarri zuten. 1900ean Mason College Birminghameko Unibertsitate bihurtu zen, eta bustoa Cadbury Ikerketa Liburutegiko Irakurketa Aretoan dago.[14]
2009ko abenduaren 14an, Birminghameko Elkarte Zibilak alkateak aurkitutako oroitzapen plaka urdin bat eman zuen. Bere haurtzaroko etxean dago, Pakenham House 20 Charlotte Road. Inskripzioak honela dio: Constance C.W. Naden poeta, zientzialari eta filosofoak bere bizitzaren zatirik handiena bizi izan zuen hemen (1858-1889).[15]
Hil ondoko argitalpenak
Hiru liburu argitaratu ziren hil ondoren: Induction and deduction, and other essays (1890), Further Reliques of Constance Naden (1891) eta The Complete Poetical Works of Constance Naden (1894).[16] Herbert Spencerrek, bere lanean eragin zientifiko eta filosofiko garrantzitsua izan zuenak, honako hau esan zuen: "Ezin dut emakumeengan pentsatu, George Eliot-en izan ezik, harekin batera gaitasun filosofiko handiko lotura estentsiboa izan baitu. Zalantzarik gabe, haren adimen sotilak asko egingo zuen pentsamendu arrazionala sustatzeko; eta haren heriotzak galera larria ekarri du".
Kritika jasotzea
Nadenen poesiak gero eta atentzio handiagoa izan du 1980ko hamarkadaz geroztik, jendeak galdutako emakumeen ahotsak berreskuratu nahi zituen heinean. Bere bizitzari eta lanari buruzko azterlan batzuk agertu dira, arreta berezia eskainiz literaturaren eta zientziaren arteko elkarreraginari bere lanetan, freethought-arekin duen erlazioari eta bere proto-ideia feministei. Clare Stainthorpek, Nadenen inguruko idatzi kritikoen lehen hiru hamarkaden laburpena argitaratu eta etorkizuneko ikerketetarako bideak ere iradokitzen ditu.[17]
Erreferentziak
- Latchkey 4 Featured New Women. 19 de diciembre de 2013.
- Marion Thain, "Scientific Wooing": Constance Naden's Marriage of Science and Poetry' Victorian Poetry, 41.1 (2003), pp.151–169
- Constance Naden, ‘The Brain Theory of Mind and Matter’, in Induction and Deduction (London: Bickers & Son, 1890), p. 157
- Constance Naden. 2 de abril de 2015.
- Herbert Spencer. (1860). «The Social Organism» The Westminster Review. reprinted in Herbert Spencer. (1892). Essays: Scientific, Political and Speculative. .
- Clare Stainthorp, 'Songs of Spring, Summer, Autumn, and Winter', Changeful yet Changeless blog (7 Jan 2015)
- 'Women Voters for the County Council', Women's Penny Paper, 12 Jan 1889, p.2
- 'The Women's Suffrage Question in Parliament', Women's Penny Paper, 15 Feb 1890, p.194
- Constance Naden: A Memoir, ed. William R. Hughes (London: Bickers & Son, 1890), p.56
- Further Reliques of Constance Naden, (London: Bickers & Son, 1891)
- 'Famous graves of Key Hill Cemetery in the Jewellery Quarter', Birmingham Mail, 7 Nov 2014.
- Constance Naden Grave Restoration Appeal. 10 de septiembre de 2017.
- Women's Penny Paper reports, 1889–90
- «Constance Naden (1858–1889)» National Recording Project (Public Monuments & Sculpture Association (PMSA)).
- «Blue Plaque for Birmingham's Constance Naden» Birmingham Perspectives (Birmingham Civic Society newsletter): 12. Spring and Summer, 2010.
- The Complete Poetical Works of Constance Naden. The Victorian Women Writers Project (online version).
- «Constance Naden: A Critical Overview» Literature Compass 14 (8) 1 de agosto de 2017 doi: . ISSN 1741-4113..
Bibliografia
- Virginia Blain (2009/09/15). Victorian women poets: a new annotated anthology. Pearson Longman. pp. 235-236. ISBN 978-1-4082-0498-6.
- E. Cobham Brewer, LL.D.. (1891). Constance Naden and Hylo-Idealism. Bickers & Son.
- Julie S. Gilbert. (1994). «Women Students and Student Life at England’s Civic Universities Before the First World War» History of Education: 405–422..
- William Ewart Gladstone. (1890). «British Poetry of the Nineteenth Century» The Speaker (1): 34–35..
- William R. Hughes, ed. Constance Naden: A Memoir. Bickers & Son.
- George M. McCrie. (27 de junio de 2012). Further Reliques of Constance Naden: Being Essays and Tracts for Our Times (reprint). Forgotten Books.
- A.H. Miles. (1893). Poets of the century. viii, 571–578 or..
- J. Jakub Pitha. (1999). «Constance Naden» Dictionary of Literary Biography 199: Victorian Women Poets. Gale Research, 211–215 or..
- Clare Stainthorp (2017), "Constance Naden: A Critical Overview", Literature Compass 14.8
- R.K.R. Thornton, Marion Thain, ed. Poetry of the 1890s. Penguin.
Kanpo estekak
- Constance Nadenen poesia-lan osoa.
- Constance Naden: Memoir bat (1890)
- Constance Naden urtea Sonetotan.