Conrad Beck
Conrad Beck (Lohn, 1901eko ekainaren 16a – Basilea, 1989ko urriaren 31a) suitzar musikagilea izan zen. Musika-ikasketak (pianoa eta teoria) Zuricheko kontserbatorioan egin zituen (1921-24), Paul Müller, Reinhold Laquai eta Volkmar Andreaerekin. 1925ean, Parisa joan zen. 1933ra bitartean han eman zuen egonaldia erabakigarria izan zen bere artista-garapenean; bertan Arthur Honegger, Nadia Boulanger eta Albert Rousselekin harremana izan zuen. Parisen bizi ziren beste hainbat musikagile atzerritarrekin Parisko Eskolan lan egin zuen. 1926an, Harizko laukotea 3. lanarekin orkestra-zuzendari nagusien arreta lortu zuen. 1932an Suitzara itzuli zen, eta Radio-Bâleko orkestrako zuzendaritza hartu zuen. Aldi berean, Basileako kontserbatorioko irakasle izan zen, eta bertan lan pedagogiko handia egin zuen.
Conrad Beck | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Lohn (SH), 1901eko ekainaren 16a |
Herrialdea | Suitza |
Heriotza | Basilea, 1989ko urriaren 31 (88 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Irakaslea(k) | Jacques Ibert Arthur Honegger |
Jarduerak | |
Jarduerak | musikagilea |
Lantokia(k) | Paris eta Basilea |
Enplegatzailea(k) | Radio Basel (en) (1933 - 1966) |
Obra
Bere obra musikalarekin gerrarteko neoklasizismoaren gainditzera jo zuen, forma esentzialetara itzuliz; bere maisu Honeggerren obraren eragin handia izan zuen. Hainbat orkestra- eta koru-lan konposatu zuen, bere maisuaren estiloan; haietako onena Der Tod zu Basel izan zen. Operaz gain, bere lana musika instrumental eta bokalean denetarik egin zuen, zazpi sinfonia, zazpi kontzertu, ganbera-musika, oratorio bat, kantata liriko bat, elegia bat eta ballet bat, Der große Bär.
Sariak
Jasotako sarien artean, Schweizerischer Tonkünstlerverein saria (1954), Brunswick hiriak emandako Ludwig Spohr saria (1956) eta Basle Arts saria (1964) dira aipagarrienak.