Cnidaria

Cnidaria (grezieratik "cníde", asuna) animalia diblastiko nahiko sinpleen phylum bat dira. Ur-inguruneetan soilik bizi dira, batez ere ingurune itsastarretan. 10.000 espezie inguru biltzen ditu, marmokak, polipoak, koralak, anemonak eta hidrak barne (ur gezatan bizi diren organismo bakarrak).

Cnidaria
Ediacarar-gaur egun

Sailkapen zientifikoa
GoierreinuaEukaryota
ErreinuaAnimalia
AzpierreinuaEumetazoa
Filuma Cnidaria
Hatschek, 1888
Klaseak

Phylum-aren izenak animalia horien berezko ezaugarri diagnostiko bat aipatzen du, knidoblasto izeneko zelula urtikatzaile batzuk. Zelula horiek garroetan eta ahoko gorputz-adar guztien ahoan daude[1]. Barrunbe gisa funtzionatzen dute eta knidozitoak gordetzeaz arduratzen dira. Knidozitoak pozoia gordetzeko kapsulak dira, eta harizpi baten bidez harrapakinera jaurtitzen dira, ezten batekin harrapatuz toxinak askatu ahal izateko. Bestalde, knidarioek simetria erradiala eta zaku formako gorputz-planoa dute. Nerbio-zelulak eta zentzumen-organoak (estatozistoak, ozeloak) dituzten animaliarik sinpleenak dira.

Antzinako talde bat dira, Kanbriaurreko faunatik datozenak. Gainera, 700 bat milioi urteko historia fosil luzea dute. Hala ere, bere mitokondrioen erloju molekularraren analisi genetikoen arabera, knidarioen taldea zaharragoa da. Analisi horien arabera duela 741 milioi urte ingurukoa da, gaur egunera arte iraun duten fosilak ez badaude ere[2].

Ezaugarri orokorrak

Knidarioak metazoario diblastikoak dira, hau da, ehunik gabeko animaliak dira, eta bi enbrioi-geruza dituzte (ektodermoa eta endodermoa). Hala ere, batzuetan, jatorri ektodermikoko ehun analogo bat dago (ekomesodermoa), eta hortik ez dira inoiz barne-organo konplexuak eratortzen. Ekomesodermoaren zelulak unitate funtzional gisa (ehunak) diharduten bi geruzatan antolatzen dira, nahiz eta zelula askok oraindik nolabaiteko independentzia eta totipotentzia gordetzen duten.

Organismo horiek indibiduo bakartiak edo kolonialak eta sesilak, sedentarioak edo igerilari askeak izan daitezke. Batzuetan, fase batzuk planktonikoak izaten dira (mugikorrak, baina korronteek eramanak). Batzuk suspentsiboroak dira, batez ere espezie sesilak. Honek esan nahi du uretan suspendituta dauden partikulak jaten dituztela. Izan ere, gehienak haragijaleak[3] dira, eta horregatik ehizatu behar dute. Elikagaiak ehizatzeko, knidoblastoak[1] erabiltzen dituzte. Bertan knidozitoak daude, pozoia gordetzen duten kapsulak. Harizpi baten bidez presarantz jaurtitzen dira, eta, toxinak askatzeko, ezten bidez kateatzen dira. Knidozitoak oso sentikorrak direnez, nahikoa da animaliaren garroak marruskatzea haien eztatxoak kanporatzeko.

Zelulak jasaten duen prozesua bere knidozitoa askatzeko, kitzikatua izan den ondoren.

Knidarioen gorputz-antolaketari dagokionez, zaku-formako itxura dute; digestio-aparatuak zulo bakarra du. Zulo horrek aho- eta uzki-lana aldi berean egiten du, eta barrunbe gastrobaskularra deitzen zaio. Bertan digestioa egiten da, elikagaiak eta oxigenoa banatzen dira, eta iraitz-sistema gisa ere erabiltzen da.

Gorputzaren paretak osagai hauek ditu:

  • Ektodermisa. Kanpoko geruza da. Babes-funtzioa duena.
  • Gastrodermisa. Barne-geruza da; barrunbe zabala mugatzen du, animaliaren barrunbe bakarra, barrunbe gastrobaskularra deiturikoa.
  • Mesoglea. Bi geruzen artean dago, oso fina eta azelularra izan daiteke, edo ondo garatua eta zelula-mota desberdinak izan ditzake (taldearen arabera).

Garro bat edo gehiago dituzte ahoaren inguruan. Nerbio-sistemak sare edo plexu bat eratzen du; talde askotan, polarizatu gabeko protoneuronak daude. Izan ere, posiblea da talde batzuetan neurona polarizatuak eta zelula sentsorialak  organo sentsorialen barruan taldekatzea.

Polimorfismora jotzen dute, forma kolonialetara bereziki. Ez daukate gernu-aparaturik, arnas aparaturik, ezta zirkulazio-aparaturik ere. Funtzio horiek barrunbe gastrobaskularrean edo ektodermisean egiten dira.

Kolorea ere aldakorra da, baina planktonaren forma asko gardenak dira. Beste batzuk koloreztatuak dira, eta ia kolore guztiak dituzte.

Azkenik, gutxi gorabehera 10.000 espezie ezagutzen dira. Tamaina aldakorrekoak dira, 1-2 mm-tik 1 m-ko diametrokoak zenbait marmokatan, edo 3 m-ko diametrokoak zenbait polipotan.

Morfologia

Knidarioak bi formatan agertu daitezke; forma sesila eta forma askea.

Forma sesila: Polipoa

Oro har, pareta meheak eta barrunbe gastrobaskular handia dituen animalia da. Oso gutxi garatutako mesoglea dute. Zutabe formako gorputza dute. Alde aboraletik (ikus simetria erradiala) substratuarekin erlazionatzen da. Helduak direnean, sesilak edo askeak izan daitezke, eta, era berean, bakartiak edo koloniala..

Dioikoak edo hermafroditak izan daitezke, eta sexu-ugalketa eta asexuala dute.

Tamaina-aldakortasuna dago taldeen artean:

  • Halamohydra: meiofaunarena, oso txikia
  • Mikrohydra: txikia eta garrorik gabea. Kraspedacusta marmokaren polipo fasea da. 1-2 mm-koak.
  • Brantxiocerianthus: hondo lohitsuetan, sakonera handitan. Haien tamaina 3m-tara ailegatu daiteke.
1.- Ektodermisa; 2.- Mesoglea; 3.- Gastrodermisa; 4.- Estómago; 5.- Kanal erradiala; 6.- kanal zirkularra; 7.- Tentakuloa; 8.- Beloa; 9.- Kanpoko eraztun nerbiosoa; 10.-Barruko eraztun nerviosoa; 11.- Gonada; 12.- Manubrioa; 13.- Ahoa; 14.- Exumbrela; 15.- Subumbrela.

Forma askea: Marmoka

Ondo definitutako bi gainazal ditu marmokak: ahoa duen eskualde ahurra (aldeorala) eta kontrakoa (aborala). Multzoari unbrela deritzo, eta hor bereizi egiten dira exunbrela (aborala) eta azpiunbrela (orala).

Ahoa manubrio batean luzatzen da. Manubriotik garroak atera daitezke (edo ez, taldeen arabera). Gainera, unbrela garroetan luza daiteke (tentakulu-barrunbea izan dezakete edo ez).

Ahoa barrunbe gastrobaskularrean amaitzen da, eta bertatik kanal erradialak ateratzen dira marmokaren paretetara. Unbrela-kanalak marmoka osoari ematen dio buelta. Garroak hutsak badira, kanal tentakularra ere agertzen da.

Barrunbe osoa (baita ubideak ere) gastrodermisez dago estalita eta, gainerakoa, aldiz, ektodermisez estalita. Mesoglea oso garatua dago azpiunbrelan, eta exunbrela, berriz, oso gutxi garatua.

Amaitzeko, tamaina aldakorra dute knidarioek: polipo kolonialen marmoka txikiak izan daitezke (adibidez, 1-2mm-ko Obelia), baina baita 2m-ko diametroa izatera eta 220kg pisatzera irits daitezkeen marmoka handiak ere (adibidez, nomura). Marmoka erraldoiak animalia mitikoak dira.

Barne-anatomia

Ektodermisa

Ektodermisak hainbat zelula mota ditu:

  • Zelula mioepitelialak edo epiteliomuskularrak. Oinarrizko mota zelula zilindriko bat da (medusa zein polipoetan ageri da), bi zati definituta dituena. Zati bat epitelial apikala da eta bestea ukipen-basala, aktina- eta miosina-harizpiak dituena. Beraz, funtzio bikoitza dute, estaldura eta uzkurdura.
  • Zelula interstizialak edo basalak. Zelula mioepitelialen oinarrian daude, ziri moduan jarrita, eta nukleo oso handia dute. Erribosometan oso aberatsak dira, eta zelula totipotenteak dira. Beraz, beste edozein zelula-mota sor dezakete.
  • Knidozitoak edo knidoblastoak. Knidozitoak epidermis osoan barreiatuta daude, zelula mioepitelialetan txertatuta edo inbaginatuta, batez ere garroetan. Zelula-mota oso espezializatua da, eta knidarioetan bakarrik aurki daiteke. Zilio zurrun bat dute (knidozilioa), estimulu-hartzaile bat dena. Zati basalean luzapenak ditu eta horiek beste zelula batzuekin edo nerbio-sistemarekin (knidopodioak) kontaktuan jartzen dira. Zelula horren barruan bakuolo handi bat dago (knido edo nematozisto), eta horren barruan filamentu urtikatzailea dago (filamentu horiek dira medusen “ziztada” eragiten dutenak).
  • Neuronak. Nerbio-zelulak dira. Batzuk polarizatu gabeak (protoneuronak) eta beste batzuk polarizatuak, bipolarrak edo multipolarrak izan daitezke. Nerbio-sistemak epidermisaren azpian dagoen plexu bat osatzen du.
  • Zelula sentsorialak. Mutur apikala biribilduta edo zilio sentikor batez hornituta duten zelula luzexkak dira. Oinarrizko eremuan neuronekin konektatzen dituzten luzapen bat edo gehiago dute.

Ez dago argi zelula mioepitelialak benetako xafla basal baten gainean dauden, beste metazoo batzuetako benetako ehun epitelialak bezala, nahiz eta interpreta daitekeen mesoglea bera knidarioen epitelioaren oinarrizko xafla dela[4].

Mesoglea

Bi geruza epitelialak bereizten dituen substantzia gelatinotsua da. Aldakorra izan daiteke: batetik, mintz mehe edo lodia; bestetik, zelularra edota ez zelularra; eta, azkenik, amebozito alderraiekin edo gabe. Substantzia gelatinotsu honek kolageno eta aurrekolageno ugari ditu, eta eskleroblastoak bezalako zelulak ere ageri dira bertan[5].

Gastrodermisa

  • Zelula nutritibomuskularrak edo mioepitelial gastralak. Epidermiseko zelulak mioepitelialen antzekoak dira, baina altuagoak eta estuagoak. Kontrakulturaren zatia ez da hain garatua oinarrian, luzapenik gabe eta 2-5 flagelorekin barrunbe gastrobaskularreko likidoak mugitzeko erabiltzen duen alde apikalean. Zelula honen ezaugarria pinozitosia eta fagozitosia izateko aukera bikoitza da. Barrunbe gastrobaskularretik partzialki digeritutako materialak biltzen ditu eta, gainerako zeluletara pasatzen dituzte. Beste ezaugarri bat da bere kontrakultura-zatia ektodermisarenarekin perpendikularra dela.
  • Zelula jariatzaileak. Zelula jariatzaile apokrinoak dira, altuak, zenbait flagelorekin, eta barruan substantzia asko sortzen dituzte (mukopolisakaridoak, mukoproteinak, digestio-entzimak, etab.). Barrunbe gastrobaskularrean sartzen diren elikagaiak lubrikatzen eta digeritzen dituzten substantziak jariatzen dituzte.

Gastrodermiseko zelulen artean, zelula sentsorialak (ektodermisean baino gutxiago) eta zelula basalak daude.

Nerbio-sistema

Talde batzuetan mota desberdinetako errezeptoreak agertzen dira (taktilak, kimikoak, grabitatorioak eta abar).

Errezeptore taktilak

Errezeptore taktilak zelula ziliatuak dira, eta luzapen tipikoak dituzte, barne-anatomian ikusi ditugunak bezalakoak.

Fotoerrezeptoreak

Sinpleenak begi-orbanak deritzenak dira, zenbait marmokatan agertzen diren orban pigmentatuak alegia. Bi motatako zelula-multzoek osatzen dituzte: sentsorial ziliatuak eta haien barruan pigmentu bat (errodoxina) metatzen duten zelulak. Pigmentua era simetrikoan edo asimetrikoan kokatzen da zilioaren oinarrian, mintzaren tolestura batean.

Ozeloak garatuago dauden egiturak dira. Epidermisean dauden zulo txiki batzuetan kokatzen dira. Bertan zelula fotorrezeptoreak erdian geratzen dira, zelula pigmentatuz inguratuta.

Bestalde, ozelo batzuek kopa-itxura konplexuago bat hartzen dute. Kopa horiek, sarrera handi bat dute, eta horien hondoan fotorrezeptoreak aurkitzen dira. Kasu honetan ere, pigmentatuz inguratuta daude.

Marmoka batzuetan zelularen zati distala askatzen da, eta urola-luzapenak sortzen dira, zirrikitua betetzen dute, "kopa", lente moduko bat osatuta.

Hargailu horiek ez diete uzten objektuak bereizten, argiak eta itzalak bakarrik. Horri enzelofalitis deritzo.

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) Fautin, Daphne Gail. (2009-12). «Structural diversity, systematics, and evolution of cnidae» Toxicon 54 (8): 1054–1064.  doi:10.1016/j.toxicon.2009.02.024. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  2. (Ingelesez) Park, Eunji; Hwang, Dae-Sik; Lee, Jae-Seong; Song, Jun-Im; Seo, Tae-Kun; Won, Yong-Jin. (2012-01). «Estimation of divergence times in cnidarian evolution based on mitochondrial protein-coding genes and the fossil record» Molecular Phylogenetics and Evolution 62 (1): 329–345.  doi:10.1016/j.ympev.2011.10.008. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  3. Lazcano Pérez, José Fernando; Salazar Campos, Zayil; González-Márquez, Humberto. (2020-03-20). «Anémonas, corales y medusas: los cnidarios y su importancia médica» Revista Digital Universitaria 21 (2)  doi:10.22201/codeic.16076079e.2020.v21n2.a4. ISSN 1607-6079. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  4. Brusca, Richard C.; Brusca, Gary J.; Haver, Nancy J.. (2003). Invertebrates. (2nd ed. argitaraldia) Sinauer assoc. publ ISBN 978-0-87893-097-5. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  5. Calvo Shadid, Annette; Breedy Shadid, Odalisca. (2002-07-01). «Glosario tetralingüe de términos aplicados a la morfología y anatomía de Octocorallia (Coelenterata: Anthozoa)» Revista de Filología y Lingüística de la Universidad de Costa Rica 28 (2): 139.  doi:10.15517/rfl.v28i2.4493. ISSN 2215-2628. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.