Clement Jauregiberri
Clement[1] edo Clément Jauregiberri edo de Jauréguiberry (Ziboze 1895eko abenduaren 9a - 1965) Zuberoako Jauregiberri familia ezagunaren kidea da, bereziki Bigarren Mundu Gerran alemaniarren kontrako erresistentzian aritzeagatik ezaguna.
Clement Jauregiberri | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Ziboze, 1895eko abenduaren 9a |
Herrialdea | ![]() |
Heriotza | Tolosa Okzitania, 1965 (69/70 urte) |
Familia | |
Anai-arrebak | |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | militarra eta idazlea |
Zerbitzu militarra | |
Gradua | kapitain |
Parte hartutako gatazkak | Lehen Mundu Gerra Bigarren Mundu Gerra |
- Artikulu hau Zuberoako familia euskaltzaleko kideari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Jauregiberri».
Biografia
Jauregiberritarrak denbora luzean Zuberoan herria eta hizkuntzaren alde eragile handienetakoak izan ziren. Bederatzi seme-alabaren artean zortzigarrena zen.
Hamazortzi urterekin Lehen Mundu Gerran bere borondatez sartu zen eta amaiera arte ibili zen, kapitain gradua eta hainbeste kondekorazio lortuta; bi aldiz larri zauritu zuten, bigarrena gerraren azken egunean.
Argentinan zenbait urtez bizi izan zen. 1922an Thérèse Bardonekin (Okzitaniako Corresa aldekoa) ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten.
Bigarren Mundu Gerran erreserbako ofizial bezala berriro deitua -ordurako Bildozen bizi zen bere familiarekin-, aurrekotik zuen eskarmentuagatik gauzak bestela planteatzea pentsatu zuen; bere kezka populazio zibilak ahalik eta gutxien sufritzea zen. Zuberoako alemaniar okupatzaileen kontrako A.S. (Armée Secrète) delako maki[2] taldeko buru izendatu zuten. Lehen Arbaila eta gero Atharratze askatu zituen bere lagun taldearekin; Zuberoak bere burua askatu zuen naziengandik, ia inoren laguntzarik gabe. Jean bere semea[3] mezulari lanetan aritu zen.
Mauleko Regum lantegiko zuzendaria izan zen 1938 eta 1958 artean. Enpresa ixtean matematika irakasle lanetan aritu zen Zuberoako hiriburuko Saint-François ikastetxe katolikoan.
Tolosa Okzitaniakoan zendu zen 1965ean, gerra zaurien ondorioak luze pairatu eta gero.
Lanak
Beste neba-arreba batzuk bezala euskaltzalea eta abertzalea zen Clement. Idazlanetan bere ekarpena kantitatez handia izan ez bazen ere, hauxe azpimarra daiteke:
- Emmanuel Intxausperen Le Verbe Basque oinarria hartuta euskal aditz sistema matematikaren laguntzaz formulatu zuen; lan hau Eusko Ikaskuntzak argitaratu zuen 1954an, izenburu berarekin. Aditzen azalpenak erraztu nahian egindako ahalegin horretaz baliatu zen Madalena arreba bere idazki eta mintzaldietan.
- Euskaraz ere luma trebea zuen, zenbait artikulu edo kontakizunetan frogatu zuen gisan; batzuk oraindik argitaratu gabeak dira, Davantek bere erreferentziazko lanetan nabaritzen den Mort pour la France izenburua duena bezala.
Iturriak
- Jean-Louis Davant: Zuberoako literaturaz. Antologia laburra, Euskaltzaindia, Bilbo, 2008.
- Jean-Louis Davant: Zuberoako idazle zenduak, Elkarlanean, Donostia, 2001.
- Jean-Louis Davant: Xiberoko makia pastoralaren liburua, Sohütak 2001ean antzeztua.
Erreferentziak
Ikus, gainera
- Zuberoako idazleak
- Bigarren Mundu Gerra Euskal Herrian
- Jauregiberritarrak