Claude Gellée

Claude Gellée, frantsesez Claude Lorrain izenekin eta jaioterrian Le Lorrain ["Lorrenarra"] ezizenez ezaguna, (Chamagne, Lorrena, c.1600Erroma, 1682ko azaroaren 23a) frantziar margolaria izan zen, Italian bizi zena. Barroko garaiko klasizismo mugimenduko paisaia margoetan nabarmendu zen. Gaur egun berak egindako 51 grabatu, 1200 marrazki eta 300 margolan inguru daude.

Claude Gellée

Bizitza
JaiotzaChamagne, 1600
HerrialdeaLorrenako Dukerria
HeriotzaErroma, 1682ko azaroaren 23a (81/82 urte)
Hobiratze lekuaSan Luigi dei Francesi
Trinità dei Monti
Familia
Ezkontidea(k)ezkongabea
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Irakaslea(k)Agostino Tassi (en) Itzuli
Goffredo Wals (en) Itzuli
Claude Deruet (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, marrazkilaria eta grabatzailea
Lan nabarmenak
InfluentziakAnnibale Carracci eta Domenichino
MugimenduaKlasizismoa
Genero artistikoapaisaia margolaritza

Musicbrainz: 5f811364-dcc1-405b-a231-497fef9c3b7e Edit the value on Wikidata

Heziketa gutxi jaso arren, gai klasikoak jorratu zituen. Jatorri apal batetik hasita, arrakasta gorena lortu zuen bizi izan zen garaian lehia profesional handia egon arren; izan ere, noblezia, kardinalak, aita santuak eta erregeekin aritu izan zen. Paisaia arloan lehen mailako margolaria eta eraberritzaile aparta izan zen.

Bere laneko paisaietan iritzi berri bat islatu zuen, hots, erreferentzia klasikoetan oinarrituta, izadi ezin hobe bat, hutsik gabeko izadia islatu zuen. Adierazgarria da argia erabiltzen zuen modua; argiari lehentasuna ematen dio margoa sortzerakoan. Argiaren antolaketa alderdi plastikoa da, egitura antolatuko duen oinarria; honekin denbora eta lekua sortuko ditu, bertan arkitektura egiturak eta pertsonak gaineratuz. Bestalde, Clauderen margoetan, argia egitura estetikoa ere bada, elementu sentikorra dela nabarmenduko du, ikuslea erakarriz eta ametsezko mundu batera eramanez, lasaitasun eta baretasun giroa sortuz.

Biografia

Claude Gellée-ren hileta-monumentua, eliza, Saint-Louis des Français eliza (Erroma).

Bere bizitzaren ezagutza bere bi lehen biografo hauei esker ezagutzen dugu: alde batetik, Joachim von Sandrart (Die Deutsche Akademie, 1675) alemaniar margolaria, Erroman Clauderekin bizi izan zena eta bestetik Filippo Baldinucci (Notizie de' professori del disegno da Cimabue in qua, 1681-1728) filologo eta historiolaria.

Claude Gellée 1600. urte inguruan Chamagnen jaio zen, Lunévilletik gertu, Nancyren hegoaldean, Lorrenako dukerrian, garai hartan eskualde independentea. Jean Gellée eta Anne Pedrose izan ziren aita-ama, nekazariak biak eta zazpi seme-alabatik, hirugarrena izan zen. 1612. urteaz geroztik umezurtz, Friburgon bere anaia nagusiarekin denboraldi bat eman zuen. Anaia egur-eskultorea zen eta marrazketaren oinarriak irakatsi zizkion. 1613. urtean, Erromara jo zuen, bertan pastelgile ogibidean aritu eta Agostino Tassiren zerbitzuan jarri zen, paisaia margolaria berau; horrela bada, geroago bere ikasle izan zen.

1619 eta 1621 urte bitartean Napoli hirian bizi izan zen eta bertan Kolonia jatorrizko Gottfried Wals margolariarekin aritu izan zen. 1625. urtean  Loreto, Venezia, Tirol  eta Bavaria ingurutik bidaiatu zuen, azkenik Nancy-n bere sorterrira urte eta erdiz izan zelarik. Hemen Claude Deureten laguntzailea izan zen, duke-gorteko margolaria bera. Azkenik, 1627. urtean Erromara itzuli egin zen behin betiko han bizi izateko.

Ezkongabea izaki alaba bat izan zuen, Agnese izenekoa eta Lorrenatik etorritako bi ilobarekin batera, Jean eta Josepg Gellée, elkarrekin bizi izan ziren.

1630. urte inguruan margolari lanetan sendotu zen, erromatar landetan oinarritutako paisaiak eginez, artzain-bukoliko kutsuzko margoak eginez. Bere lanak le lorrain ("Lorrenatarra") ezizenez izenpetu zituen, horrela bada, Claude Lorrain izenez ezaguna egin zen. Erroman Joachim von Sandrart-ekin harremanetan jarri zen baita aita santuaren egoitzan bizi ziren beste hainbat atzerritarrekin (Swanevelt, Poelenburgh, Breenbergh), paisaia-pintura arloa garatzen hasi zelarik. Nicolas Poussin ere izan zuen adiskide, Erroman bizi zen frantziarra. Horrela, pixkanaka-pixkanaka, bere egoera hobetuz joan ahala laguntzaile bat hartu zuen, Gian Domenico Desiderii, zeinekin 1658. urtera arte elkarrekin lan egin zuten.

Auguste Rodinek egindako Claude Lorrain monumentua, la Pépinière parkean, Nancy-n.

Ospea irabazi ahala, pertsonaia garrantzitsuek lanak agindu zizkioten. Bentivoglio kardinalaren eskutik Urbano VIII.a aita santua ezagutu zuen eta honek bi lan agindu zizkion:  Paisaia nekazari dantzarekin (1637) eta Portuko ikuspegia (1637). Fabio Chigi eta Giulio Rospigliosei kardinalentzako ere lan egin zuen, geroago Alexandro VII.a eta Klemente IX.a izango ziren aita santuak hain zuzen ere.

Europa osotik jaso zituen lanak egiteko aginduak, batez ere Frantzia, Espainia, Britania Handia, Flandes, Holanda eta Danimarkatik. Hain handia zen eskaria, ezen Antonio Ruffo margo erosleari arte-merkatari batek esan baitzion "ezinezkoa da Clauderen lanik eskuratzea;  bizitza oso bat ez da nahikoa izango bere bezero guztiak asetzeko"

Erroman 1682. urteko azaroaren 23an zendu  eta Trinità dei Monti elizan ehortzi zuten; garai hartako gizartearen errespetua eta miresmen osoz agurtua izan zen. 1840an bere gorpuzkiak Saint-Louis des Français elizara (Erroma) eraman zituzten eta gaur egun bertan datza.

Estiloa

  • Paisaia klasikoa

Lorrainen espezialitate nagusia paisaia izan zen, sarri askotan erlijio eta mitologia kutsuarekin nahastua. Claudek paisaiaren ametsezko ikuspegia zuen, Antzina klasikoa eta izadiarekiko mirespena nahastuz, bakea eta sosegua adieraziz.

Ubera (1644), Museo del Prado, Madrid.
Egunsentia (1646-47), Metropolitan Museum of Art, New York.
Paisaia: Apolo Admetoren behi taldea zaintzen eta Merkurio lapurtzen.(1645), Palazzo Doria-Pamphili, Erroma.
  • Argia osagai apaingarri gisa

Lorrainen lanen ezaugarri nagusienetako bat, argiaren erabilera da, ez argi lauso edo itxurazko argi modura -Italiako naturalismo modukoa (Caravaggio) edo frantziar errealismo modukoa (La Tour, Le Nain anaiak)- aitzitik, zuzeneko argi naturala, eguzkitik eratorria eta irudiaren erdialdean kokatuz. Horrela bada, egunsentiek eta ilunabarrek irudiaren bazter guztiak goxo-goxo argitzen dituzte. Zenbaitetan argi eta itzal eremuak gaineratzen ditu osagairen bat nabarmendu nahi duenean.

Claudek argia eta kolorea azpimarratzen ditu, osagaien azalpen materialari baino garrantzi handiagoa emanez, inpresionismo korrontearen ezaugarri hori aurreratuz.

Nabarmentzekoa da baita eguzkia zuzen-zuzen margotu izana; izan ere, ordura arte Albrecht Altdorferrek beste inor ez zen ausartu eguzkia aurrez aurre margolan batean adierazten.

Bere garaikidetik inor ez zen gai izan bere modura eguzkiaren argiren itxura ematen. Izan ere Rembrandt edo Ruysdaelen margoetan argiak drama itxura dute, hodeiak zulatuz edo argi izpi zehatzak nabarmenduz. Lorrainen  argia ordea, barea eta lausoagoa da eta zer edo zer nabarmendu behar izanez gero, argiaren garrantzia areagotuko du.

Erreferentzak

    Kanpo estekak

    Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Claude Gellée Aldatu lotura Wikidatan
    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.