Clara Zetkin
Clara Zetkin (1857ko uztailaren 5a - 1933ko ekainaren 20a), ezkongabetako deituraz Clara Eissner, alemaniar politikari komunista eta emakumeen eskubideen aldeko militantea izan zen. Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren, Bigarren Internazionalaren eta Hirugarren Internazionalaren bultzatzaileetako bat izan zen.[1]
Clara Zetkin | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Clara Eißner |
Jaiotza | Königshain-Wiederau, 1857ko uztailaren 5a |
Herrialdea | Alemania Weimarko Errepublika Alemaniar Inperioa Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna |
Heriotza | Arkhangelskoye (en) , 1933ko ekainaren 20a (75 urte) |
Hobiratze lekua | Kremlingo harresiko nekropolia |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Ossip Zetkin (en) Georg Friedrich Zundel (en) (1899 - 1928) |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | alemana |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria, kazetaria, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea, bakearen aldeko aktibista, sufragettea, editorea, irakaslea eta idazlea |
Lantokia(k) | Berlin |
Jasotako sariak | ikusi
|
Eragin zuen | Marxismoa, feminismoa, antimilitarismoa |
Kidetza | Rote Hilfe (en) |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Alemaniako Alderdi Komunista Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata Independentea |
Gaztaroa
Clara Zetkin Wiederauen jaio zen eta magisteritzako ikasketak burutu zituen Leipzigeko institutu pribatu batean. Bere bizitzako etapa honetan (17 urtetatik 21 urtetara) kontaktua mantentzen hasi zen ikasle eta errusiar etorkin taldeekin, haien artean Ossip Zetkin iraultzaile errusiarra egonik. Ossip Zetkinek gonbidaturik, Wilhelm Liebknecht sozialistaren (Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren sortzaileetako bat) konferentzietara joaten hasi zen. Horrela, Clara ideia sozialista eta internazionalistak bereganatzen hasi zen eta honek bere familiarengandik aldendu zuen. 1878.urtean Langileen Alderdi Sozialistan sartu zen. [2]
Kapitalismo alemaniarra garatzen ari zen aldi berean langile mugimenduaren oinarriak indartzen ari ziren. 1878.urtean Otto von Bismarcken gobernuak errepresio bortitza ezarri zuen langile mugimenduaren aurka, baino errepresioaren ondorioz alderdi sozialdemokrata eta lassaliarrak batu egin ziren, mugimendua gehiago indartuz. Honen aurrean Bismarckek sozialisten aurkako legeak jarri zituen indarrean, 12 urtez iraungo zutenak. Lege horren ondorioz langile antolakundeak desegin egin ziren, langile prentsa debekatu zen, eta buru politikoak jazarri zituzten. Hala ere, Clarak bere jarduera militantearekin jarraitu zuen.[3]
Erbesteratzea
Sozialisten aurkako legeen ondorioz Ossip Zetkin herrialdetik kanporatua izan zen 1882.urtean, beraz, Clarak ere herrialdea utzi behar izan zuen. Ossip Parisera joan zen eta Clara Linzera (Austria), bertan irakasle moduan jardun zuelarik.[2] Linzetik Zurichera joan zen eta bertan erbesteratutako sozialdemokratekin elkartu zen. Bernstein eta beste kide batzuek Sozialdemokrat erredaktatzen zuten Zurichen, alderdiaren organoa, eta Julius Mottelerrek zuzendutako antolakundeak laguntzen zuen aldizkari hau kontrabando bidez sartzen Alemanian. Clara Zetkin Mottelerren kolaboratzaile garrantzitsu bihurtu zen. [4]
1882. urtean Clara Zetkin Parisera lekualdatu eta bertan lehen aldiz ezkondu zen, Ossip Zetkinekin. Parisen pertsonaia historiko garrantzitsuak ezagutu zituen, hala nola, Eugène Pottier, Louise Michel, Marxen alaba nagusia eta Paul Lafargueren emaztea. Garai honetan egin zuen bat langile mugimenduarekin eta parte-hartze politiko handia gauzatzen zuen Parisen, bertako langileen manifestazio eta mobilizazioetan parte hartuz.[4]
Parisen egoera ekonomiko zailetik igaro ziren Clara eta Ossip. Honek Clara tuberkulosiaz gaixotzera eraman zuen, baino bere familiarekin harremana hobeturik Leipzigera eraman zuten bertan zaintzeko. Bertan bere lehen diskurtso publikoa eman zuen eta bertan emakumeen nahiz langile klase osoaren askapena langile klasearen iraultzaren bidez soilik gertatuko zela azaldu zuen.[2]
Sendatu ondoren Clara Parisera bueltatu zen, Ossip gaixorik zela-eta honen zaintzaz arduratzeko. Ossip ez zen sendatu eta 1889.urtean hil egin zen.[2]
II. Internazionala
1889. urtean II. Internazionala sortu zen Parisen. Bigarren Internazionalaren kongresuetan eztabaida nagusiak marxismo ortodoxoaren eta errebisionistaren artekoak izan ziren.[5]
Clara Zetkinek II. Internazionalaren sortze kongresurako prestaketa lanak burutu zituen, alemaniar prentsa sozialistan idatziz. Horrez gain, kongresuan parte hartu zuen Sozialdemokrat aldizkariko korrespontsal moduan eta Berlingo emakume sozialisten ordezkari moduan. Hau langile mugimendu internazionalaren baitan bere lehen agerpena izan zen eta bere bizitzan zehar burutuko zuen lanaren, hau da, nazioarteko emakume langileen antolakuntzaren hastapena izan zen.[4]
Kongresuan aurkeztu zuen txostenaren bidez emakumeak sozialismoaren aldeko borrokara erakartzeko beharra azaldu zuen, eta baita alderdi sozialistek emakumeen eskubide politikoen aldeko borroka gauzatzearen beharra ere.
Garai hau mugimendu sufragistaren garia zen. Mugimendu hau klase altuko emakumeek osatzen zuten eta haien aldarrikapenak marko politiko eta juridikoetan gizonarekiko berdintasuna eskuratzera mugatzen ziren. II.Internazionalak borroka honi klase izaera eman zion. Honela azaldu zuen Clara Zetkinek bozka femeninoak langile mugimenduarentzat zeukan garrantzia:[6]
« | Guretzat, sozialistentzat, emakumeen bozka eskubidea ezin da azken helburua izan, emakume burgesentzat ez bezala; baino uste dugu eskubide honen lorpena gure azken helburua lortzeko etapa garrantzitsua dela. Bozka eskubideak emakume burgesei haien formakuntzarako eta jarduerarako aukerak oztopatzen dituen mugak gainditzen laguntzen die, pribilegio maskulinoaren formapean. Emakume langileentzat, eskubide hau borrokarako tresna bat da, gizadia esplotaziotik eta klase dominaziotik askatzeko borrokarena; botere politikoa lortzeko borrokan parte hartzeko aukera gehiago ematen die, ordena kapitalista gainditu eta ordena sozialista eraikitzeko, emakumearen auziari irtenbidea emateko gai izango den ordena bakarra. | » |
1890. urtean, sozialisten aurkako legeak ezeztatu ondoren, Alemaniara bueltatu zen Clara Zetkin. 1893.urtean Zurichen burututako II. Internazionalaren hirugarren kongresuan parte hartu zuen, bertan Engels ezagutu zuelarik. Zetkin mugimendu sozialdemokrata femeninoaren antolaketa lanetan hasi zen, baino lan zaila zen, emakumeek boto eskubiderik ez izateaz gain hauen antolakundeetako parte-hartzea debekaturik baitzegoen.
Die Gleichheit
1892. urtean "Die Gleichheit" alderdi sozialdemokrataren egunkari femeninoaren erredaktatzaile bihurtu zen, baino 1917.urtean utzi behar izan zuen honek ez zuelako alderdiaren ildo politikoa jarraitzen.
Die Gleichheit egunkaria Alemaniako emakume langileak mugimendu sozialistara erakartzeko tresna politikoa izan zen. Horrela azaldu zuen Clarak 1890. urteko editorial batean:[2]
« | Die Gleichheit langile klaseko kide aurrerakoienei zuzendurik dago batik bat, irabaziak lan manualaren bidez nahiz lan intelektualaren bidez lortzen dituzten esklaboei. Hauek teorikoki hezteko asmoa dauka, gizadiaren kurtso historikoa ulertzeko aukera emateko, ez bakarrik langile klasearen askapenaren alde borrokatzeko, baizik eta klase burkideen formakuntzan laguntzeko ere. | » |
Clara Zetkinen helburu nagusia emakume langileen kontzientzia piztea zen, haiek langile klasearen interesak zein ziren ezagutu eta emakume burgesen mugimenduaren tranpaz ohartzeko. Egunkarian emakumeen lan baldintzen inguruan hitz egiten zuen eta seme-alabak genero diskriminaziotik kanpo hezten saiatzera deitzen zituen irakurleak. Hala ere, alderdiko gizonezko kide gutxik egiten zuten bat azken helburu honekin.
Zetkinek auzi femeninoaren klase izaeran jarri zuen arreta eta honen ondorioz Alemaniako emakume langileen mugimendua mugimendu langilearen zati integral bezala garatu zen, sufragisten mugimenduarengandik bereizirik.[2]
1896.urtean Clarak Georg Friedrich Zundel margolari eta militante sozialdemokrata ezagutu eta harreman bat hasi ondoren 1899.urtean ezkondu egin ziren. Lehen Mundu Gerra hasi arte II. Internazionalaren kongresu guztietan parte hartu zuen, alderdi sozialdemokrataren erreformismoaren aurka eta emakumeen eskubideen alde eginez. 1895.urtean alderdiaren kontrol komitean parte hartu zuen lehen emakumea bihurtu zen. 1906.urtean Hezkuntzako Komite Zentraleko zazpi kidetako bat izendatu zuten. 1908.urtean, emakumeen parte hartze politikoa onartu zenean, Clarak alderdi barruan emakumeen mugimendu autonomo bat izateko borrokatu zuen.
Emakumeen Internazional Sozialista
Clara Zetkinek paper garrantzitsua izan zuen emakumeen eskubideen aldeko nazioarteko mugimenduan. 1900.urtetik aurrera bere lana gako izan zen bi urtetik behin antolatuko zen emakumeen konferentzietan. Clararen iniziatibarekin 1907.urteko abuztuaren 17an Nazioarteko Emakume Sozialisten lehen konferentzia burutu zen Stuttgarten (Alemania), Bigarren Internazionalaren kongresuarekin batera. Bertan Indiako, Japoniako eta Europako 58 emakumek hartu zuten parte. Jorratutako gai nagusia emakumeen bozka eskubidearen aldeko borroka izan zen.[7] Kongresu honetan Clara Zetkin Emakumearen Nazioarteko Idazkari izendatu zuten.[2]
Honakoa idatzi zuen Zetkinek Emakumeen Internazional Sozialistaren lehen kongresuaren inguruan:
«Herrialde desberdinetako emakume sozialisten artean kontaktu erregulara sortzeko lehen pausua da... emakumeen mugimenduaren borrokaren eta jardueraren arrakasta eta indarra areagotzeko» [8]
Bigarren konferentzia 1910.urtean burutu zen Copenhaguen (Danimarka) eta bertan Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzea proposatu zen, egun honetan emakumearen bozkaren eta eskubide politikoen aldeko borroka gauzatuko zelarik.[7]
Emakumeen Internazional Sozialistaren hirugarren kongresua 1914ko apirilean burutuko zen, baino bertan behera gelditu zen Lehen Mundu Gerraren hasieraren ondorioz. [8]
Gerraren aurkako borroka
Lehen Mundu Gerra lehertu ondoren Zetkinen jarduera politikoa propaganda antimilitaristan eta antiinperialistan oinarritu zen batik bat.
1912.urteko Basileako kongresuan gerraren aurkako txosten bat plazaratu zuen, langileriak gerraren aurka posizionatzeko zeukan beharra azalduta.[3]
Zetkinek oso txalotua izan zen diskurtso bat eman zuen kongresu hartan:[7]
« | Herrialde guztietako emakume sozialistak, Internazional Sozialistarekin batu eta gerraren aurka borrokatu. Gerra modernoa suntsiketa eta erailketa masiboa da. Baino gerra hau egunerokotasunean kapitalismoak garatzen duen erailketen luzapena besterik ez da. Urtez urte ehunka biktima daude lan munduan nazio kapitalista garatuetan, edozein gerratan baino biktima gehiago. Biktima hauen artean emakumeak geroz eta kopuru handiagoa dira. Gerra kapitalismoaren leherketa masiboa da. Langileen semeak dira haien artean borrokatu behar dutenak, haien artean hil behar dutenak | » |
Gerraren aurkako borrokan Rosa Luxemburgorekin elkartu zen Clara Zetkin. Beste kide batzuekin batera Liga Espartakista sortu zuten eta La Internacional aldizkaria editatu zuten. 1915.urtean Zetkinek Emakumeen Nazioarteko Gerraren Aurkako Konferentzia antolatu zuen eta herrialde desberdinetako 25 delegatuk hartu zuten parte. [8]
Azken urteetako ibilbide politikoa
1917.urteko apirilaren 6ean Clarak, beste iraultzaile marxista batzuekin batera, Gotha hirian Alderdi Sozialdemokrata Independientea sortu zuen, Alderdi Sozialdemokratarengandik bereiztu zena. Gerora, 1918.urtean, Rosa Luxemburgok Alemaniako Alderdi Komunista sortu zuen eta Zetkin honen Komite Zentraleko kide izan zen. 1920.urtetik aurrera alderdi hau ordezkatu zuen Reichtagean.[2]
Clara Zetkinek begi onez ikusi zuen 1917. urteko Errusiar Iraultza eta langile gobernuarekin laguntza lanetan aritu zen. 1921.urtean Hirugarren Internazionaleko kide eta Komite Exekutiboko kide izan zen, bere heriotzara arte bertan egonik. 1925.urtean Socorro Rojo Internacionaleko presidente izendatu zuten.
1920.hamarkadan bidai asko egiten zituen Sobietar Batasunera eta bertan Lenin eta Nadezhda Krupskayaren lagun egin zen. 1921 eta 1925. urteen artean Zetkinek Die Kommunistische Fraueninternationale aldizkaria zuzendu zuen.[2]
Hitler boterera heldu eta denbora gutxiren buruan Alderdi Komunista ilegalizatua izan zen eta Zetkin Sobietar Batasunera lekualdatu zen, hilabete batzuk geroago gertatuko zen bere heriotzera arte. 1933.urteko ekainaren 20ean hil zen Arkhangelsko erietxe batean 76 urte zituela. Bi egun geroago, zeremonia jendetsu batean, bere gorpuzkia Kremlineko harresian jalki ziren.[4]
Pentsamendua
Clara Zetkinek emakume langilearen emantzipazioaren alde borrokatu zuen bere bizitza osoan zehar. Alderdiaren barruan emakumeen eskubideen aldeko defentsa egin zuen eta emakumeen mugimendu autonomoaren alde egin zuen alderdian. Emakumeen independentzia ekonomikoaren eta justizia sozialaren alde egin zuen, eta baita familia barruko egoeraren hobekuntzaren eta rol aldaketaren alde ere. Seme-alaben heziketari dagokionez, hauen heziketan berdintasunaren alde egin zuen. Bere garairako mentalitate aurrerakoia izan zuen hainbat aspektutan, hala nola sexualitateari dagokionean, sexu askatasunaren alde eta abortatzeko eskubidearen alde egin baitzuen.
Emakumearen emantzipazioaren aldeko borroka klase borrokaren baitan ulertzen zuen. Horrela, ez zuen feminismoaren alde egiten, hau korronte burgesa izanik. Bozka eskubideari dagokionez, honen alde borrokatu zuen, baino emakume langilearen emantzipaziorako taktika moduan ulerturik beti ere, ez azken helburu bezala.
Zetkinek Alderdiaren barruan eta Internazionalen konferentzia desberdinetan erreformismoaren eta errebisionismoaren aurka borrokatu zuen.
Idatziak[9]
- 1889: Emakumearen askapenaren alde!
- 1896: Emakumearekin soilik garaituko du sozialismoak
- 1919: Rosa Luxemburg
- 1920: Mugimendu komunista femeninoarentzat jarraibideak
- 1922: Langileen gobernua
- 1923: Faxismoa
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Cristóbal, Olga. Clara Zetkin, una revolucionaria a través de los tiempos. (Noiz kontsultatua: 2019/04/02).
- (Gaztelaniaz) Biografía de Clara Zetkin. (Noiz kontsultatua: 2019/04/01).
- (Gaztelaniaz) Zetkin, Clara. (1976). La cuestión femenina y el reformismo. Anagrama, 1-2-3 or..
- (Gaztelaniaz) Montagut Contreras, Eduardo. La Segunda Internacional. (Noiz kontsultatua: 2019/01/03).
- (Gaztelaniaz) Zetkin, Clara. (1976). La cuestión femenina y el reformismo. Anagrama, 42-43 or..
- (Gaztelaniaz) Internacional Socialista de Mujeres. (Noiz kontsultatua: 2019/04/02).
- (Gaztelaniaz) Martínez, Josefina L.. «1. Clara Zetkin, pionera del movimiento de mujeres socialistas» ctxt.es | Contexto y Acción (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).
- (Gaztelaniaz) Clara Zetkin. (Noiz kontsultatua: 2019/04/03).
Kanpo estekak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Clara Zetkin |
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Clara Zetkin |